liturgi lagungarriak

 Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Arreba eta anaia maiteok: Gure Artzain onaren bakea eta onginahia zuekin!

 

Jesus da gure bizia, bera gure bidea eta egia. Beraren piztuerak elkartzen gaitu biziaren larreetara. Berarekin bat eginik bizi nahi dugu. Horretara jarri ginen bataiatuak izan ginen egunean. Kanta dezagun Jaunaren artaldeko kide izatearen edertasuna. Ekin diezaiogun gure ospakizunari pozez eta goitasunez Jaunaren aintza eta garaipena kantatuz. Bat egin dezagun Elizaren kantuarekin!

(Aintza)

 

PREFAZIOA

Gure Artzain on Jesu Kristoren Hitza entzun dugu. Orain Aitarekiko esker ona berriz ospatu behar dugu, atergabe ematen baitigu, bere Semeak adierazi eta Espirituak guregan berritzen duen bere bizi ederra.

 

AITA GUREA

Jesusek urratu digu Aitarenganako bidea. Eta bide horretan garrantzi handia du otoitzak. Horregatik irakatsi digu Jesusek Aitari dei egiten.

 

HONA HEMEN

Hauxe da Jainkoaren Bildotsa, Kristo Jesus, heriotza zapaldu duena, bere burua betiko biziaren janaritzat ematen diguna. Zoriontsuak Pazko-mahai honetara gonbidatuak!

 

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONZIOAK

1) Jesu Kristo berpiztuaren izenean elbarri bat sendatu dute Pedro eta Joanek

eta, horregatik, kartzelatuak izan dira. Begira zer nolako aitormen ederra egiten

duten.

2) Zein da gure itxaropena? Gure fedearen zimentarria zein? Entzutera goazen

zati labur honi a zer argitasuna darion! Entzun!

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Jesu Kristoren ikasle eta jarraitzaile bezala, otoitz egiogun Aitari gizon-emakume guztien alde, guztiok bizia ugari izan dezagun.

 

Gure otoitz honetan Elizan artzaintza-lana ari duten eliz zerbitzariak eduki nahi ditugu gogoan, Jesus Artzain Ona izan dezaten beren eredu herria gida-tzean.

 

Gure elkarteek Ebanjelioa bizi eta zabalduko duten gizon eta emakumeak behar dituzte. Jainkoak sortu ditzala gure artean apaizgintzarako eta erlijiosobizitzarako bokazioak.

 

Munduko gizon-emakume guztien alde egiten dugu otoitz. Jainkoaren Espirituak guztiak eraman ditzan maitasunaren eta bakearen betera.

 

Ez ditugu ahaztuko sufritzen dutenak eta, batez ere, gerraren eta gorrotoaren sufritzaile diren hirugarren munduko pobreak; bizi-duintasunaren bila itsasoan hil direnak. Horien gurutzea piztuerako poz eta askatasun bihur dadin.

 

Egun hauetan Bataioa edo Lehenengo Jaunartzea edo Sendotza hartzen duten haurrak izan ditzagun gogoan. Jesusen familiako izateak pozez bete ditzan.

 

Hauek dira, Aita ona, gure eskariak. Emaguzu zure Semearen garaipenari dagokion poza eta bakea. Jesu Kristo gure Jaun beraren bitartez.

 

 

 

 

HOMILIA

Pazkoa ospatzen ari gara eta nolako ilusioz! Pazkoaldi honek ez dizkigu gertaera asko jartzen begi-aurrean, igandero-igandero gure arreta pizteko. Misterio eta gertaera bat bera da, Jesus berpiztu dela. Eta igandez igande gertaera horren barrenak miatzen eta geureganatzen ari gara. Eta gertatu dena hain da ederra, hain da aberatsa! Oparotasun hori guztia eman nahi liguke Elizak ulertzera. Horregatik jartzen dizkigu Jainkoaren Hitzean hainbeste irudi ezberdin.

 

Pedrok, Espiritu Santuaz beterik, esan du: «Jesus da giltzarria». Alegia, edozein eraikuntza sendok Kristo beharko du oinarri. «Ez dugu beste salbatzailerik; eta ez zaigu eman gizakioi eguzkipean beste izenik, gu salba gaitzakeenik». Jesus berpiztua izan denean, munduari zutabe guztiak aldatu zaizkio, egia guztiak aldatu zaizkio, abiapuntu eta helmuga guztiak aldatu zaizkio. Jainkoak nagusiki esan dio munduari, non duen bere salbazio-bidea. Eta, esanak esan, munduak Jesusengan aurki lezake salbazioaren segurantza eta Ebanjelioko gizatasunaren betea.

 

Hau ez da horrela, noski, halabeharrez aginduta dagoelako. Jesu Kristorenak garelako baizik. Beraren ardiak garelako. Berak maitatu gaituelako, inork inoiz maita ezin dezakeen bezala. Berak guregatik, ardiengatik, bizia eman duelako. Berak ezagutu gaituelako eta ezagutu esatean, zera esan nahi da: Berak gure izatearekin bat egin duela, eta barru-barrutik ezagutu gaituela. Gure gaitza bere gain hartu, eta askatu egin gaitu, artzainak bere ardiak etsaiaren beldurretik askatzen dituen bezala. Begira, entzule, nolako elkartasun berria sortu den Artzain onaren eta ardion artean: «Aitak ni ezagutzen nauen bezala eta berdin nik Aita». Egia ote gero, Aitak eta Semeak duten elkartasunean sartu garela gu? Hala da, «bizia ematen dut ardiengatik».

 

Horregatik, San Joanekin berarekin esan genezake harriturik eta bihotz-dardarrez: «Begira zenbaterainoko maitasuna agertu digun Aitak: Jainkoaren seme-alaba izena daramagu, baita izana ere». Bai, Jainkoaren seme-alaba egin gaitu Pazkoak. Semearekin izate-maila berri batera jasoak izan gara. Hau da gure Berri Ona.

 

Gaur mundu osoko kristau-elkarteek, bokazioen aldeko otoitz-eguna ospatzen dute. Jainkoak dei egiten du eta, batez ere, gazteei dei egiten die. Zertara dei? Pazkoan eman zaigun Berri On hau zerbitzatzera dei. Salbatuak izan baldin bagara, mundu guztira eraman beharko litzateke salbazioaren poz hau. Baina, noski, Jainkoaren deia entzun egin behar da. Eta dei hori entzuteko giro berezia behar da gure bihotzetan, gazteen barnean, gure familietan, gure herri eta gizartean, giro berezia mundu guztian. Horregatik zerikusi handia dugu fededunok bokazioen arazo honetan.

 

Hain beharrezko ote dira bokazioak? Jesusek esan du Ebanjelioan: «Baditut, artegi honetakoak ez diren beste ardi batzuk; haiek ere ekarri beharrak dauzkat». Baina nola Jesusen artegira erakarri gizon-emakume guztiak, Jainkoaren deia entzun eta Ebanjelioa zerbitzatzeko prest inor ez balego? Munduak ez daki nor den salbatzailea. Guk badakigu Kristo beste salbatzailerik ez dela. Baina, etsai asko du egia honek munduan: beste sasi-salbatzaile eta askatzaile asko tentetzen baita harro gure herrietan. Horregatik, gezur eta sasikeria horiek salatuko dituzten gizon-emakume berriak behar dira. Jainkoaren deia entzun eta egiazko Berri salbatzailea zabalduko duten gizon-emakumeak.

 

Gure herrietan eta familietan, zer-nolako giroa bizi dugu: Jainkoaren deia entzuteko aukera ematen duen giroa? Edo-ta, erosotasuna eta gehiago-nahia dauzkagu beste edozeren gainetik? Eliz gidariok ere, eliz artzainok, begira dezagun eta hausnartu, zer irudi ematen ari garen geure inguruan! Gure jokamolde okerrak zerikusi zuzena izan dezake bokazio berrien auzi honetan. Familiak ere zerikusi erabakiorra du dudarik gabe, bokaziodunak sortzeko eginkizun honetan.

 

Bokazioari entzunbera izatea, Jesu Kristoren jokabidea benetan hartzea da: «Artzain onak bere bizia ematen du ardiengatik». Jokalege hau onartzeko prest dagoenik gure artean ez bada, horrek esan nahi izango luke, gure herriari eta gizon-emakume guztiei salbatzailearen berri jasotzea ukatzen diegula. Eta hori erantzukizun astuna, astunegia, izango litzateke. «Uzta-jabeari otoitz egin diezaiogun, bidal ditzaka langileak bere uztara». Batez ere gazteen alde otoitz egin dezagun, beren bihotzak Jainkoaren deiari zabal diezazkioten.

 

Goazen Artzain Onaren Pazko-oparia eskaintzera. Bizia eman zuen guregatik. Jaso dezagun bizia. Ezagutu dezagun hainbat maitatu gaituen Artzain ona. Eta, beraren bidez, ezagutu dezagun artalde osoaren Aita den Jainkoa. Eta gure fedea aitortu dezagun lehenik.

 

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.