liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Jesu Kristo gure Jaunaren bakea, bizia eta maitasuna izan bitez zuekin!

 

Zergatik elkartzen gara fededunok igandero? Erantzuna, segurenik, Jainkoaren maitasunak emango liguke. Jesusen janaria behar dugu bizitzan aurrera egiteko, Ebanjelioarekin leial jokatzeko, Jainkoaren maitasunetik bizitzeko.

Hauxe da Jesusen mezu zoragarria: Jainko Aitak Jesusen bidez eta bitartez, maitasunaren ogia ematen digu. Dohainez asetzen gaitu, guk geure aldetik dena dohainez blai utzi dezagun. Biziaren ogia ugaltzen digu gure Jaun onak.

 

Aitak maite gaituela jakinik, eska dezagun barkazioa. Jo dezagun Jaunaren erruki maitalera.

 

– Jesus Jauna, zu zara bizidunen ogia. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, dohaina neurrigabe ugaltzen duzuna. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, maitasuna biziarazten diguzuna. Erruki, Jauna.

 

 

PREFAZIOA

Jesusen oroigarria egingo dugu orain: berak agindu zigun bezala, esker onezko otoitza egingo diogu zeruko Aitari, eta Eukaristiako ogia zatitu eta banatuko dugu.

 

 

GURE AITA

San Paulok esan digu bigarren irakurgaian, kristauok Jaun bat bakarra daukagula, fede bera, bataio bera, guztion Aita den Jainko bera. Hori horrela, familia bat osatu eta pozik esaten dugu.

 

 

HONA HEMEN

«Ni naiz zerutik jaitsitako ogi bizia; ogi honetatik jaten duena betiko biziko da», dio Jaunak. Zorionekoak otordu honetara gonbidatuok.

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

  1. Profetaren eskuetan ogia ugaldu egiten da, herriaren beharra konpontzeko. Jesusek ebanjeliokoan egingo duenaren ezaugarria da.
  2. Paulo preso dago eta Efesoko kristauei sinesmenean sendo irauteko esaten die, maitasunean eta bakean bizitzeko, zatiketa guztiak gaindituz.

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Fede berean elkarturik eta Espiritu berak eraginik, jaso ditzagun gizon-emakumeen kezkak eta beharrak, eta jo dezagun guztion Aitarengana.

 

Elizak Jainkoaren maitasunaren notizia hots egin dezan, Jesusek bezala bizi-ogia banatuz.

 

Munduko herrien artean solidaritatezko harremanak indartu daitezen. Herri behartsuenak izan ditzagun gogoan.

 

Era batera edo bestera, erietxeetan, kartzeletan, gure kaleetan sufritzen ari diren guztien alde: esperantzaren eta adorearen ogia ugari izan dezaten.

 

Otoitz egin dezagun jateko ogirik ez daukatenen alde eta bizitzeko zorionaren ogirik ez daukatenen alde.

 

Elkarte hau osatzen dugunok, ogiz aseak izan garenez gero, besteen beharrei begira bizitzen ikas dezagun.

 

Entzun, Aita ona, fede beroz egin dizkizugun eskariok. Ase itzazu gure beharrak. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

HOMILIA

Senideok: San Markosen Ebanjelioa alde batera utzi eta, sei igandez, San Joanenaren seigarren kapitulua irakurriko dugu. Gaur entzun dugun gertaera hauxe du kapitulu horrek abiapuntu. Jendetaldea beharrean ikusten dugu. Eta Jesusek ogia eta arrainak ugaltzen ditu, beharraren arabera eta gainezka, sobratzeraino.

 

Gertaera honen eskutik, Jesusek bere nortasuna eta bere asmoak agertuko dizkigu datozen sei igandeetan. Jesusekiko gure harremanak nolakoa izan behar duen ikusiko dugu patxadan. Baina gaur, abiatzeko, Jesusek ogia banatzean zer gertatzen den begiratu behar dugu batik bat. Zer gertatzen den? Eliseok lehen irakurgaian esandakoa gertatzen da: «Jango dute, eta hondarrak geldituko dira oraindik». Ematearen emankortasuna. Emandako gutxiak sortzen duen ugaria. Bihotz handiak gauza hutsarekin egin dezakeen mirari handia. Horixe gertatzen da Jesusekin ere Ebanjelioan.

 

Jesusen jauntasunari antzeman al diozu? Hori da Jaun izatea. Hori da edertasuna. Hori da Pazkoko Jaun berpiztuaren ahalmena. «Handik laster Pazkoa baitzen», Joanek esan digunez. Pazkoko Jaunak bere maitasunaren ogiz asetzen gaitu eta behartsuak asetzera bidaltzen gaitu. 

 

Eta, entzule horrek barkatuko didazu nire atrebentzia, baina gaurko ebanjelio-zati honen ondorioak ateratzera gonbidatzen zaitut. Izan ere, telebista medio, hilero eta egunero eta orduero jasotzen ditugu herri pobreetatik datozen irudi ikusgarri eta izugarriak. Gosea, gorrotoa, beharra... duintasunaren arrastorik ez da. Pobreek egin behar izaten dituztenak, bizitzeko! Hainbestetan ikusten dugu pertsona zakurren parera eraitsia! Gure bizigirora etorrita ere, konparazioak berak min ematen du baina, bertara etorrita, bada beharrik. Langabezian aurkitzen diren gazteak edo gurasoak ezin ahaz daitezke erraz.

 

Gaur ere Jesusek bere ikasleei esandakoa esaten digu: «Nondik erosiko dugu, guzti horiek jateko adina ogi?». Bai, guk daukagu behartsuen gosea eta beharra konpontzeko enkargua. Jendetalde ikusgarria da. Gure zibilizazioaren zutabeak kolokan jartzen dituen egoera lotsagarria da gure munduak erakusten duena. «Emaiezue jaten». Ez al du San Paulok esan Aita bera dugula eta Jaun bera eta Espiritu bera? Ez gara ba ipuiak esaten ibiliko, ala?

 

Gaurko ebanjelio-zatiak azaldu digun ogi-ugalketa benetan adirerazgarria da: alde batetik, Jainkoaren maitasuna adierazten baitu eta, bestetik eta horri loturik, giza solidaritatea. Eukaristia ez da kulto hutsa edo otoitz hutsa edo festa hutsa. Banatzea ahazten zaionean, Eukaristia hustu egiten da, sentidu gabeko hitz-jario hutsa gertatzen da.

 

Nola egiten dut nik ogi-ugalketa? Nola ematen dut nik jaten? Dudarik gabe, hitz erabakiorra, banatzea da, konpartitzea, elkarbanatzea. Ez al da beste asko bezala hitz huts eta erabilgarria gertatuko! Ez al da gure asmo onen adierazgarri ondorio-gabekoa gertatuko! Nola ugaldu dezaket dohaina behartsuentzat nire bizitzan?

 

– Nire dirua ugaltzen dut, gordetzen ez dudanean. Bankuetan edo akziotan arduraz gorde beharrik sentitu gabe ematen dakidanean, orduan ugaltzen dut nire dirua.

– Nire etxea ugaltzen da, etxekoak ez diren pertsonak hartzeko ateak irekitzen ditudanean, eta ez adiskide eta ezagunentzat bakarrik. Pobreez beteriko etxea asko ugaltzen da.

– Nire denbora ere ugaldu egiten da, entzutea besterik eskatzen ez dutenekin maitasunez alferrik galtzen dudanean. 

– Nire maitasuna ugaldu egiten da, eta zenbat ugaldu gainera!, guztiengana zabaltzen dudanean, nire kutunentzat bakarrik gorde ordez.

 

Eta era honetako adibideak zehazten egun osoan jarrai genezake, baina zertarako! Zerbait esku artean edo zeure inguruan ikusten duzunean, egiozu zeure buruari galdera hau: nola ugaldu dezaket hau? Eta zure inguruan beharrean daudenei begiratzen asmatzen baldin baduzu, zuk ere behartsuentzako ogia ugaldu ez ezik, zeure dohaina ugalduko duzu.

 

Kontua ez da geure kontzientzia lasaitzea. Zerbait eman eta geurea behintzat ondo bete dugula pentsatu ahal izatea. Ez, ez da hori. Hirugarren Mundua, langabezia, drogomenpetasuna, sida... Eukaristiari bihotzean sartutako arantza zorrotzak dira. Eta fededunaren haragi-haragian sartutako ziri pentsarazleak. 

 

«Bat bakarra da gorputza, bat bakarra Espiritua; bat bakarra itxaropena ere. Bat bakarra, elkartzen gaituen Jauna, bat bakarra guztion Aita».  Egia ote? Herri pobreetan hilzorian dauden horiek eta guk Aita bera? Gehiegi daukagukok eta beharrezkoena ez daukatenek, Aita bera? 

 

A!, eta gauza bat: ez zaitez hasi, guk ezer gutxi egin dezakegula eta horrelako pailazokeriak esaten, aditu? «Nondik erosiko dugu, guzti horiek jateko adina ogi?». Jesusek aski izan zituen bost ogi eta bi arrain. Ez da asko behar. Ez zaitez ibili egitura handiak aldatzeko amets mesianikoetan. Solidaritatezko detaile txikiak asko ugaltzen dira, neurrigabe. Jesusek gaur ez dizu asko eskatzen. Dena eskatzen dizu. Eman ere dena eman baitizu.

 

Zure inguruko pobreei, munduko pobreei, solidaritatez esan diezaiegun esertzeko eta banatu dezagun biziaren ogia. Banatu dezagun Jainkoaren maitasuna geure maitasunez. Bana dezagun Eukaristiako ogia, eguneroko ogiz. Bana dezagun Jainkoaren askatasuna, eguneroko osasuna bideratuz. Ez dezagun, solidaritate faltaz, Eukaristia baliogabetu!

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.