liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Jaunaren indarra izan bedi zuekin.

 

Gaurko Jainkoaren Hitzak tente bizitzera gonbidatzen gaitu, elkarrekin biziaren ogia banatzeko. Jainkoaren bidea elkarrekin egin behar dugu. Eta bide horretan denetarikoak gerta daitezke, baina beti Jaunaren laguntza gertuan daukagu. Laguntza hori eskainiko digu Jesusek gaur. Horrela, tente eta bidari, Jesu Kristo gure artean daukagula ospatuko dugu.

 

Hasteko, jabetu gaitezen zenbat kostatzen zaigun eguneroko bidean Jesusengan sinestea, beraren ebanjelio-bidetik iziltzea. Horregatik, bekatariok, barkaziozko errukia eskatzen dugu.

 

– Jesus Jauna, zu zara guretzako bizi-ogia. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, zu zara gure erromesaldirako janari indartzailea. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, gure ogi zatitu eta erdibanatua. Erruki, Jauna.

 

PREFAZIOA

Eskertu dezagun Aita Jainkoa, pozik eskertu ere. Bizitzako gorabeheretan behar dugun ogi bizia gure esku utzi digu-eta Jesu Kristorengan eta elkarri diogun maitasunean.

 

GURE AITA

Jesus berak irakatsi zigun bezala eta batere beldurrik gabe, eska dezagun Aitaren aurrean eguneroko ogia geuretzat eta gizon-emakume guztientzat.

 

HONA HEMEN

Begira! Hauxe da Jesus, biziaren ogia, munduari bizia ematen diona. Zoriontsuak bere mahaitik jatera deituok!

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1 – Elias profetak sutsuki defenditzen du Jaunarekiko Ituna. Ez horrela Jezabel erreginak. Bestelako jainkoak nahi ditu, eta Elias harrapatu eta hil egin nahi du. Basamortura ihesi, Elias akituta dago. Jauna laguntzera datorkio.

 

2 – Paulok kristau bizitza  jator bati dagozkion aholkuak luzatzen dizkigu. Jasotzekoak dira benetan!

 

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Senideok, Jainkoaren Hitza  entzun ondoren, egin dezagun otoitz gizon-emakume guztientzat Jainkoaren bizi-dohaina eskatuz.

 

•  Eliza osoaren alde: betiko bizitzaren helmuga aurrean duela, etsi gabe aurrera egin dezan ebanjelizatze-lanean.

 

•  Herrietako agintarien alde: herrien arteko harremanak pozez eta bakez girotzen eginahalaz saia daitezen.

 

•  Esperantza galdu eta bizitzeko eta lan egiteko gogorik gabe bizi diren gazteen alde:  gure gizarte honek berriro ere horiei ilusioa pizteko  bideak sor ditzan. 

 

•  Sufritzen duten guztien alde, beren sinesmena sufrimendu artean bizi dutenen alde: biziaren ogiak bizi-indarra eman diezaien ondokoak zerbitzatzen jarraitzeko. 

 

•  Ospaketa bizi-emaile honetan elkartu garenon alde: elkarrentzat onak eta errukitsuak izan gaitezen, elkarri barka diezaiogun eta Jainkoaren antzekoak izan gaitezen. 

 

Eskerrak, Jauna, eman diguzun biziaren dohainagatik. Dohain horrek indartu gaitzala zure erreinuaren lana burutu dezagun. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

 

 

HOMILIA

Jesusek ogien ugalketa egin eta mendira ihes egin zuen. Jendeak, ordea, errege izendatu nahi. Nork emango die, bada, Jesusek ematen diena? Berarengan dakuste inolako zalantzarik gabe beren esperantza guztiak beteko dituen Mesias askatzailea.

 

Jesusek, ordea, jarraitzaile berotu haiek guztiak, beste maila batera nahi lituzke eraman. «Ni naiz biziaren ogia» esaten du. Alegia, ogien ugalketa bide bat, aitzakia hutsa,izan da: Berak beste ogia eman nahi die aditzera. Eta ogi hori «sinesmenez» jaten da, Jesus bera baita. Benetako jokabidea ez da Jesus errege egin nahia, Jesus Aitak bidalitakoa bezala onartzea baizik. Jesusekin aurrez-aurre topo egin behar dute. Eta Jesusen aurrean fedezko postura erabakiorra hartu. Jesus onartzea da gizon-emakumeoi ematen zaigun betetasun borobila. Horretatik kanpo ez dago betetasunik.

 

Hori, baina, onartezina gertatzen zaie jateko arrunta espero zutenei. «Ni naiz» horri marmarrez erantzuten diote. Argi erakusten dute «marmar" horrekin, haiek Jesusek ematen zuenaren bila zebiltzala, ez beraren bila. Izan ere gauza harrigarriak, ideiak, doktrinak... horiek onar daitezke, baina Jesus betetasun bezala onartu? Ezagutuko ez balute bezala! Aita Jainkoak emandako dohaina ez litzateke hain ezaguna eta hain «haragizkoa» izango. Bai zera!

 

Baina Jesusek betirako bizia ematen du. Jesus da betiko biziaren emailea. Betiko bizi hori han daukagu helmugan, Eliasek harrapatu nahi duen «Jaungoikoaren mendian». Baina Eliasi bezala, guri ere harako bidea latza eta zaila gertatzen zaigu. Nekatu eta etzan egiten gara. Basamortuak aukera gogorrak ditu denak. Eliasi, orduan, jatekoa ematen zaio. Eta janariaren indarrez helmugarainoko bide luzea egin ahal izango du. Ez bestela! 

 

Gure fede-bizitza ere ez al da basamortuko ibilbidea? Gure bideak ere, Eliasenak bezalaxe, badu bere helmuga. Zenbait esalditan zehaztu zaigu helmuga hori: «Niregana etorri», «Nik piztuko dut hura azken egunean», «betirako bizia»... Helmuga hau ere bidearen azkenean dago, ez da bat-batean lortzen den zerbait. Eta fede-bizitza hori zaila da oso. Beste bide eta postura asko dauzka aurrean kontrara jarriak. Eta guk ere, Eliasen arrisku bera dugu: nekatuta esertzekoa. Dena utzi eta kitto! Zertarako hainbeste nahasketa eta alfer-neke. Zertarako hainbeste sufrimendu?

 

San Paulok zehaztu digu ederki asko bide hori, hainbat sufrimendu sortzen digun bide hori: «onak» izan behar dugu, «errukitsuak, barkatzen jakin behar, maitatu egin behar»... «Izan zaitezte Jaungoikoaren antzekoak» esan digu. Eta hori ez ote da gehiegizkoa guretzat? Igo ezin dugun aldapa ez ote da hori?!

 

Baina hortxe janaritzen eta indartzen gaitu Jesusek. Bera da biderako indartzen gaituen dohaina. Eta orain bide-indar duguna, gero helmugako poz gertatuko zaigu betiko. «Hartzazue eta jan guztiok honetatik». Zer eskatzen zaio gaur nere fedeari? Zer zailtasun bizi eta topatzen ditut nere fede-ibilbidean? Zerk nekatzen eta indargabetzen dit fedea? 

 

Eta, agian, hari horretatik, aurreragoko galderak ere egin beharko genituzke: bidean al gabiltza? Bide bat ba al daramagu gure fede-mailan? Fedezko prozesu bat, fedezko ibilbide bat ba al daukagu? Edo gure fede-bizitza ez al daukagu nolabaiteko zoriaren esku?  Nik  gaur  nire  fede-bizitzaren  beharrak  ezagutzen  al ditut,  nondik nora joan nahi dudan badakidalako? Ezagutzen al ditut nire ahultasunak? Edo geldirik al nago, etzanda?! Giza-mailan hazitzen eta garatzen naizen neurrian hazten eta garatzen al naiz fede-mailan? Edo, hainbestetan egin behar genukeen galdera, giza-mailan gizon edo emakume egin, eta fede-mailan ume gelditu?

 

Eukaristia ospatzera goaz. Eta une honetan ezin ahaztu, aipatzen ari garen dohaina, Jesus bera, Eukaristian ematen zaigula. Eukaristia bizi-bultzada dugu. Eta esker onez hartu behar dugu. Betiko biziaren misterioa ospatzera goaz. Janari honek indartu gaitzala gure fede-bizitzan eta elkarte bezala bizi dugun erromes-aldi latzerako.

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.