liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Anai-arreba maiteok, ongi etorriak denok. Betiko biziaren hitzak dauzkan Jesus Jauna dago zuekin.

 

«Jauna, norengana joango gara? Zuk dauzkazu betiko biziaren hitzak». Horixe entzungo dugu gaurko ebanjelioan, Pedroren ahotik. Zenbateko konfiantza eta borondatea jarri ote zituen Pedrok orduan! 

Guk ere fedezko aitorpen bera egin nahi dugu, benetan eta apaltasunez. Horretarako bildu gara hemen. Jainkoaren hitza entzunez, eskerrak eman nahi dizkiogu Jaunari, bere dohainez janaritzen gaituelako.

 

Bekatari garela aitortuz abiatuko gara, beti ere Jaunaren maitasun azkengabeari begira.

 

– Jesus Jauna, maitasunerako askatzen gaituzuna. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, kristau-elkartearen elkartasun-iturri zarena. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, bidean goazenen indar eta eragile zaituguna. Erruki, Jauna.

 

 

PREFAZIOA

Jaunaren Erreinurantz goazen kristauok, Jesu Kristoren mahai-inguruan batuta, berri dezagun esker onezko otoitz nagusia. Jaunaren Espirituak fedez bete ditzala gure ahoko hitzak.

 

GURE AITA

Hementxe gure artean dugu Jesu Kristo Jauna. Berarekin bat garela, eta gure artean ere ondo elkarturik, esan ditzagun berari ikasitako hitzak.

 

HONA HEMEN

"Ni naiz biziaren ogia. Niregana datorrena, ez da gosetuko; Niregan sinesten duena, ez da behinere egarrituko", dio Jaunak. «Norengana joango gara?». Zorionekoak Jaunaren mahaira deituak.

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1.  Israel herriak Jaunaren aldeko aukera egiten du. Ikusi du nola eraman dituen Jaunak askatasun-lurrera eta berari esaneko izanez bizi nahi du. Gero ebanjeliokoan gertatuko denaren atarikoa da.

 

2. Ezkontzako harremanak hartzen ditu Paulok Jesusen maitasuna adierazteko bide eta irudi bezala. Eta maitasun horretan argitzen ditu kristau-harremanak.

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Pedrok eta ikasleek bezala, guk ere jar dezagun gure ustea Jaunarengan, eta aurkez ditzagun gizon-emakumeen beharrak.

 

Elizaren alde: Iganderoko Eukaristian Jainkoaren maitasuna ospatu eta beregana dezan.

 

Munduko herrien alde; Siriaren alde; gure herriaren alde: bakezko eta juztiziazko harremanak bila ditzagun.

 

Oporrak amaiturik, lanera itzultzen diren guztien alde: beren lanez, giza harremanak poztu eta mundu hobea egiten saia daitezen.

 

Baztertu guztien alde, etorkinen alde: Eukaristian agertzen zaigun Jainkoaren maitasunak barrutik adorez jantzi ditzan.

 

Geure alde, gure senide eta adiskideen alde, gure gaixoen alde: gure fedeak Jaunaren segizioan bere betetasuna lor dezan.

 

Hau guztia zure seme-alabek egiten dizuten deia da. Beharrean daudenez gero, lagun iezaiezu zureak izaten. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

HOMILIA

Igandez igande, azkeneko denboraldian zer gauza eder eta berriak entzun dizkiogun Jesusi. A zer nolako mamia atera diogun, ogi biziaz ari zaigun Joanen Ebanjelioko 6. atalari. 6. kapitulu honek, halako pedagogia zorrotzez, azken erabakira ekarri gaitu. «Zuek ere alde egin nahi al duzue?». Pixkanaka, ogitik abiatuz, Jesusen pertsonaren misterioa agertu digu. Berekin bat egiteko deia egin digu: haragia janez egiten den zinezko bat egitea da. Pixkanaka-pixkanaka, gure barruari galdera sakona bota dio: eskandalu handiegia ote da? Ihes egin behar ote diot? Eta aukera honetan, Elkargoaren, Aliantzaren bihotzean gaude. Jainkoak maitatu gaitu. Eta ez denok orokorrean bakarrik. Ni maitatu nau. Bai, ni... Nirea egin zait Jauna. Pertenentziaren barne-lotura paregabea. Eta egia honen aurrean, maitasunezko elkartze honen aurrean, sentimendu kontrajarriak sortzen zaizkit: sinestu ezina, zorabioa, dardara, nahia... Beharbada, Jainkoarekin bizi dugun harremana oso afektiboa ez izanik, Elkargoaren gai hau oso ulerkaitza gertatzen zaigu. Hori ote?

 

Lehenengo irakurgaia argigarria da oso. Israelgo hamabi leinuak lur berrira iritsi dira. Josuek hamabiak biltzen ditu, Jaunarekiko leialtasun-ituna egiteko. Basamortuan egindako bide luzea ez dute ahaztu behar. Burura iritsi direnean, une erabakiorra dute: aukeratu egin behar! Honantza ekarri dituen Jainkoa (Jainko askatzailea) ala antzina gurtu zituzten jainkoak edota inguruko herrien jainko berriak. Aukera pertsonala ez digu inork aurrezten. 

 

Behin honetara ezkero, ikusia ikusita, azken igandeetan entzundakoak entzunda, hona etorri gara gu ere:

– Erabakia hartu behar aurrena. Ezin gaitezke fededun izan beti hala izan omen garelako. Erabakia ez da erraza, baina bai beharrezkoa. Jesusi jarraitzea egunero berritzen den bizi-erabakia da. Beti fededun izan, sekula planteatu gabe eta inolako inplikaziorik gabe, ez da bidezkoa! Erabaki pertsonala eskatzen zaigu. «Nahi al duzue?».

– Bigarrenik, erabaki horrek barne-esperientzia sakona eskatzen du. Hemen teoriak ez du balio. Jaunaren elkartasunean bizi izandako esperientziak balio du. Harekin bizi izandako askatasunak. Israeldarrek esan dutena esan ahal izatea: «Guk ere Jauna zerbituko dugu... Bera da Egiptoko morrontzatik atera gintuena». Edo Pedrorena: «Zuk dauzkazu betiko biziaren hitzak». Gure fededun izatea, benetako esperientzia askatzailean oinarritzen ote da!?

– Eta hirugarrenik, elkarteak ere badu zerikusirik erabaki honetan. Israel herri osoak hartzen du erabakia. Norberaren erabakia ezin daiteke indibidualismo huts bihurtu. Erabaki honetan elkarte osoa dago jokoan. Ez gara kristau bakarka, elkartean baizik. Eukaristiak elkartearen sentidua bera jartzen du jokoan.

 

Zergatik egiten dugu zalantza era horretako erabaki baten aurrean? Jainkoaren maitasun gertuko eta «eroak» beldurtzen gaitu eta horrexek sortzen digu izu-dardara. Heriotzaraino emana izan denaren maitasuna da. Neurririk ez duen ezaugarri onartezina! Horregatik, zaila ez da, ikusi ezin ditugun errealitate batzuk onartzea. Onartzen zaila da Jainkoa hain gertuan sentitzea. Hain gorpuzdun ikustea. Hain bertako ikustea. Hainbesteko maitasun neurrigabea sinestu eta onartzea da zaila. Eukaristian eman zaigun Jainkoa gertuegikoa ez ote, gureegia ez ote!?

 

Hala ere, gure fede-bizitzak beti erabakia hartzen bizi behar du. Egunero aurkitzen baita probatua gure fedea. Egunero eskaintzen zaigu beste jainko asko, gurtzeko. Eta, horrexegatik, egunero itzuli behar izaten du gure fedeak bere oinarrizko aitorpenetara, bere oinarrizko maitasunetara. Hain okerrerraza daukagu bihotza. Hain ahula da gajoa. Jakin badakigu, Jaunaren aukera egiteak ematen digula, sakonetik oinarritzen gaituen zoriona eta esperantza. Jakin badakigu, dagoeneko beste ezerk ez gaituela behar bezala asetzen. Eta, hala ere, erabakiak izutu egiten gaitu!

 

Gaur zuri, Jainkoaren aldeko erabakia hartzeak, zer eskatzen dizu? Zertara behartzen zaitu? Jauna zerbitzatuko duzula esateak, zer esan nahi du gaurko zure bizitzan? Zure biziaren hitzak, Jesusenak ote dira? Norengana joan nahi duzu? Inolako inplikaziorik sortzen al dizu, gaur Jesusen hitza onartzen duzula aitortzeak?

 

Beharbada askotan gauzak konplikatu egin ditugu, ezta? Jesusen irudia gauza askorekin nahastu dugu. Eta sinestea, esanak esan, norbait biziarekin topo egitea da. Ez da asko jakitea, ez da katekesia luzeen kontua, ez da programazio nahasien emaitza. Fedea, sakonean, ezuste baten sorpresa da. Eta Jesus, bizirik eta dei egile, jartzen zaizu aurrean, sinple, garbi, maitale... eta zure erabakia pizten dizu bihotzean. Eta gauza sinpleen indarra erakutsiz, bihotza erakarri egiten dizu. Horixe da kontua! Bihotza liluratu egiten dizu horrenbesteko edertasunak. Fededuna lilura baten emaitza da. Ez ote zaigu sarri gertatzen, gauza asko dakigula buruaz, baina esperientzia liluragarria falta zaigula!?

 

Azkenean badakizu zer? Kristauak ez daki zergatik sinesten duen! Pedro bezala, konfiantza handitan errenditzen da, horixe. «Norengana joango gara?». Sinestearen arrazoiak ez baitira teoriazkoak. Eta esperientziak ez du arrazoi argi eta zehatzik. Hala ere, esperientzia eder honek badu bere prozesua eta badu bere pedagogia. Joanen 6. atalean agertu zaiguna bera. 

 

Guk ere, gaurko Eukaristian, fedezko aitorpena egin dezagun: ez dakit zergatik sinesten dudan! Ez dut ulertzen, baina fio naiz! Maite zaitut! Bakar-bakarrik hauxe dakit: Zu zarela nire bizi-iturri. Zu gabe, ezerk ez daukala sentidurik! «Norengana joango gara ba?».

 

Zein beharrezkoa den igandero Ituna berritzea! Maitasunezko ekintza pertsonal hori burutzea! Eukaristia aukera paregabea eta propioa horretarako!

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.