Liturgi lagungarriak
A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Senideok: azaroaren lehen egunean, pozez beterik ospatzen dugu santu guztien festaburua. Festaburu honen pozetan, bakearen eta maitasunaren Jainkoa bego zuekin!
Senideok, hainbat toki eta izaera ezberdinetatik, Jainkoak beregana bildu dituen senide salbatuak gogoan ditugula ospatzen dugu gaurko Eukaristia. Haien bihotzak garbitu zituen erruki bera eskatzen dugu ospaketaren hasieran. Jainkoak eman diezagula bihotz santua.
Une labur batez sar gaitezen geure barnera eta eska dezagun isilean errukia.
(Isil unea)
Eta orain otoitz egin dezagun elkarrekin. Mariak eta santu guztiek ere otoitz egin dezatela gure alde Jainkoaren aurrean.
Aitortzen diot...
PREFAZIOA
Santutasunaren iturri den Jainkoak bere maitasunaren dohainez bete gaitu. Oraintxe dugu esker onaren une garrantzitsua. Bil gaitezen Elizaren otoitz nagusira poz-pozik.
GURE AITA
Fedean eta itxaropenean elkarturik, bata bestearen anaia eta Aita beraren seme-alaba bezala, kanta dezagun Jesusek irakatsi zigun otoitza.
B) IRAKURGAIEI MONIZIOA
Gaur entzungo dugun Jainkoaren Hitza, pozezko eta esperantzazko hitz gozoa da. Zorion eskaintza dela esan genezake.
Aurrena, Apokalipsi liburuko poesi hizkeran Jaunaren bideen garaipena adieraziko zaigu. Gero, San Joanen zati labur eta bikain bat entzungo dugu. Eta, azkenik, Jesusek bere Erreinuko adierazpen paregabea egingo digu. Entzun dezagun arretaz.
HERRI-OTOITZA
Fedean aurrelari izan ditugun anai-arreba guztiekin elkartasunean, aurkez diezazkiogun gure Aitari gure otoitzak eta eskariak.
* Otoitz egin dezagun, Eliza izan dadin onginahian, maitasunean eta zerbitzuan oinarritutako elkartea.
* Otoitz egin dezagun, kristu bakoitzak jarrai dezagun zoriontasun-bide askatzailea.
* Otoitz egin dezagun, gerran erta bizi ezinean aurkitzen diren herrialde guztietan bakea, senidetasuna eta elkartasuna nagusi daitezen.
* Otoitz egin dezagun, gure senide hildakoek eta, batez ere, hurbiletik ezagutu ditugunek, Jainkoaren bizia goza dezaten.
* Otoitz egin dezagun, Santu guztien festaburua ospatzen dugun guztiok eta, batez ere, gaixo eta ezinduek, santuen laguntasuna eta babesa suma ditzagun.
Entzun, Aita ona, santu guztiekin batean egiten dizkizugun eskari hauek. Eraman gaitzazu guztiok zure argi eta maitasunera. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
HOMILIA
Benetan maitagarria dugu gaurko festa: gure senide santuen jaia! Benetan harrigarria santuen Jainkoa, santutasunaren dohaina egin digun Jainkoa! Benetan pozgarria, bestalde, santuen Elizaren zati izatea! Zinez lasaigarria da gero, santuak kristau-esperantzan senide ditugula jakitea! Hitz batean, entzule, zera esango nizuke: santuen jaia ospatzean geure jaia ospatzea dugula.
Galdera bat badut, ordea, egiteko: zer da santu izatea? Zer gordetzen du bere barruan "santu" hitzak? Zintzotasuna eta leialtasuna? Santu izatea, akatsik eta errurik gabe bizitzea ote da? Santu izatea, barne-bizitzan maila gorengoak lortzea ote da? Santu izatea, geure ahaleginez lortzeko zerbait ote da?
Entzun dugun lehenengo irakurgaian esan zaigun esaldi bat gogora ekarriko dizut santu izatea zer den garbi ikusteko: "Ez zigortu lurrik, ez itsasorik... harik eta gure Jaungoikoaren zerbitzariei ezaugarria bekokian ezarri arte". Ezaugarria ezarri, horra santutasunaren dohain paregabea. Santu izatearen iturria, ezarri zaigun ezaugarri edo marka horretan daukazu. Jainkoak “ukitu” eta “markatu” egin gaitu. Zer da ezaugarri edo marka hori? Zer esan nahi da hitz horrekin? Entzun bigarren irakurgaiko hau: "Begira zenbaterainoko maitasuna agertu digun Aitak: Jaungoikoaren seme-alaba izena daramagu, baita izana ere". Maitasunez markatuak izan gara. Maitasunaren ezaugarria ezarri zaigu. Jainkoak maitatu gaitu: horra santutasunaren oinarria. Bataioan, Eukaristian, Penitentzian, otoitzean... ezaugarri hori edo marka hori berritu besterik ez dugu egiten. Santu esan edo-ta maitatua esan, bietara berdin esan duzu.
Noski, maitasunak bizimodu berria eta berezia sortzen du. Jainkoak maitatu gaituela jakiteak, Jainko horren zerbitzari egin gaitu. Eta, San Joanek esan du, “horretxegatik munduak ez gaituela ezagutzen, Jainkoa ere ezagutu ez zuelako”. Eta hortxe hasten da santutasunaren edo santu bakoitzaren bide nabarmena. Santua eta mundua ezin lotu ahal izango dituzu uztarri berean. Jainkoaren maitasunaz jabetzeak, maitasunaz “markatua” izateak, Jesu Kristoren jokabide eta ibilbide bereziak josten dizkio barnean. Eta horretatik, munduak ulertu eta onartu ezin duen “zorionbidea” sortzen da. Apokalipsis liburuko hitzez hor hasten da “nekaldi haundia”. Nork asmatu maitasunak nekaldia sortu behar zigunik? Eta jator pentsatu ezkero ez da betere harritzekoa: Jainkoaren maitasuna ez al zen Jesu Kristoren gurutzean mamitu? Eta Jainkoaren maitasunak bide berak idazten ditu Jesu Kristorengan eta fededunarengan. Bai, jauna!
Santuak ez dira, beraz, beste planeta batetik jaitsitako izaki bereziak. Santuek santutasuna ez zuten berezkoa. Santuak ez ziren santu jaio. Santuek, maitasunaz jabeturik, Jesu Kristoren bide bera besarkatu zuten. Zorionbide bezala, Jesu Kristoren bide bera besarkatu zuten. Eta munduan sarri nagusitzen den bizieraren kontra Ebanjelioko bide hori bizi izan zuten. Eta bide horren arrazoia gaur ikusten dute, Jainkoaren oinetan aintzaturik eta salbazioaren ederra kantatuz bizi direnean betirako. Gaur fededunok ikusten dugun ikusmira benetan bikaina da: munduak baztertutakoak, zorotzat edo jotakoak, aintzaturik, “Salbamena Jainkoarena” dela kantatuz.
Horregatik, gaurko festa honetatik argiune pozgarriak sortzen zaizkio gure fede-bizitzari. Hona batzuk:
- Lehenen-lehenengo, gaurko festaburuak indartu egiten gaitu gure fedean. Nork ez ditu zalantzak, edota balantzak ere zenbaitetan? Bide onetik ote goaz? Gehienak beste bidetik eta gu ez ote gaude deskuidatuak? Eta fede-bidetik gu baino lehen joan direnek fedea indartu egiten digute: Jesusen zorion bidetik goazen bitartean, aurrera! Oraindik ez dugu bide horren aintza ikusten, baina bide onetik goaz.
- Bigarrenik, gaurko jaiak esperantza ematen dio gure kristau-bizitzari. Izan ere, gaur bada dena berehala neurtzeko joera: eta, egia esan, fedea ez da berehala batean neurtzen. Fedeak luze eta urruti begiratzen du. Fedea ez da oraingo labur batean asetzen. Eta, begira zer esaten digun gaurko jaiak: animo, badator maite dugun eguna eta aintza. Animo, badator nekaldia amaiturik aintzatuak izango garen festa betikoa. Gaur gauzak ongi ez bazaizkigu bideratzen, lasai, laster dator bizibide guztien arrazoia. Eta ez didazu ukatuko horrek esperantza eta aurreranahia ematen duenik.
- Hirugarrenik, gaurko festak Eliza izatearen poza ematen du: askotan (gehiegitan ez?), Eliza zikina edo narratsa ikusten dugu. Erakunde zahartua eta zatartua. Eta gaur esan genezake geure kolkorako: Eliza ederra da, santuak ere tartean ditugu eta! Eliza ederra da, salbatuak ere Elizaren seme-alaba baitira. Eta, nola ez gero!, Eliza izatea maite dugula hotsegiten dugu gaurkoan, erronka haundiegirik gabe, baina zihurtasun guztiz! Pozik gaude Elizan!
Goazen, beraz, entzule adiskide, santuen fedea aitortuz, santutasunaren mahaira! Gaur poza dugu giro egoki. Kantuz, esker onez, bihotzaren zabalero haundienaz, Jainkoak maite gaituela sinistu eta ospatu dezagun. Jesu Kristo Pazkoakoak bere santutasun~z uki gaitzala Eukaristian, santu izan gaitezen. Eta hori bai, entzuleok: zorionak, santuak zeratelako!