liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Anai-arreba maiteok: Gaur Salbatzailea jaio zaigu, Mesias, gure Jauna. Beraren bakea, grazia eta maitasuna, bete-betean zuekin!

 

Belengo gau hartan aingeruek egin zuten bezala, guk ere pozik abesten dugu Jaunaren aintza. Jainkoaren aintza gaur sehaskan ikusten dugun haur hori da, Mariaren eta Joseren maitasunaz babestua. Jainkoaren aintza Jesus da, gurekin gizon eta gure haragian haragi. Jainkoaren aintza bakea da, bizia, gizadi osoarentzako esperantza. Jainkoak maitasun sakonez maite baikaitu.

(Aintza kantatua)

 

PREFAZIOA

Une nagusia une hauxe. Jaunaren neurrigabeko maitasuna gogora eta bihotzera ekartzera goaz. Bihotz betean eta aho betean, esker ona eskatzen zaigu. Erne esker onerako!

 

GURE AITA

Guztiok anaitu gaituen Egun Santu honetan, kanta dezagun anai-arrebon otoitz nagusia.

 

BAKEARENA

Jesus Jauna: Eguberri gau hartan, aingeruek zure jaiotza aldarrikatu zuten, Jainkoaren maite guztientzat  bakea hots eginez. Isur ezazu gure gainera zure bakea. Jaitsi dadila gure familietara, gure herrira, mundu osoaren gainera. Jaitsi dadila, batez ere, istilu eta tirabira gogorretan bizi diren guztien gainera. Zuri eskatzen dizugu, Bakearen Printze horri, errege bizi baitzara gizaldi eta gizaldietan.

 

HONA HEMEN

Hauxe da Jesu Kristo, Jainko gizon egina, Jainko behartsu egina, gu bezalakoa egin den Jainkoa. Zoriontsuak bere erreinuko mahaira gonbidatuok!

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOA

Utz dezagun orain Jainkoaren mezua gure bihotzetan sartzen. Fedez, pozez, esker onez entzun dezagun Eguberriko mezua. Jainkoaren maitasuna agertu zaigu gaur. Jaunak berak bisitatu du bere herria. Argia eta bizia dena, gure haragiko egin zaigu!

 

HERRI-OTOITZA

 

Senideok: gaur Jainkoaren aintza agertu zaigu, beraren maitasuna ezagutu dugu. Otoitz egin dezagun gizon-emakume guztiek maitasun hori ezagutu eta goza dezaten. Dagigun otoitz!

 

* Gure begiradak gaur mundu osoa jaso dezala. Egin dezagun otoitz lurreko herrialde guztietako gizon eta emakumeen alde.

 

* Egin dezagun otoitz era berezian, arrazoi batengatik edo besteagatik beren bizitza  saminak eta tristurak markatua daukatenen alde.

 

* Otoitz egin dezagun gerran ari diren herrien alde. Jesusek, Bakearen Printzeak, eman diezaiela indarra bakearen, errespetuaren, justiziaren eta barkazioaren bidean aurrera egiteko.

 

* Gaur mundu osoko kristau-elkarteak bildu gara Jainko gizon egina ospatzeko. Otoitz egin dezagun Eliza osoak eta kristau bakoitzak maitasunaren eta ontasunaren testigantza gardena eman dezan.

 

* Otoitz egin dezagun, azkenik, geure alde, geure familien alde, geure adiskide eta ezagunen alde…

 

Entzun, Aita ona, gure otoitza eta isuri gure eta mundu osoaren gainera zure maitasuna. Gu salbatzeko gizon egin den Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

 

HOMILIA

Senideok! A zer notiziak pitzatu duen gaurko gaua! A zer notiziak aztoratu digun fededunon gaua! A zer notiziak edertu duen gizon-emakumeon gaua! Abendu guztian zehar etortzen zetorren. Mendietan zehar, ezina zeharkatuz, gaitza deseginez, bekatuak gaindituz... bazetorren... Eta iritsi da! Gaur gauean jakin dugu notizia! "Salbatzaile bat jaio zaizue gaur Dabiden herrian!". "Bai ederrak direla mendi-gainean, bakea hotsegiten duen mezulariaren oinak!". 

 

Eguberria sortu zaio munduari. Eguzki berriaren argiak poztu du gaur Elizaren eta munduaren zeru-muga. Eguberriko erantzunak baretu du Elizaren Abendu-oihua: "Zatoz, Jesus Jauna!". Eta etorri da! Kaleak poztu dira. Herriak argitu! Familiak bildu! Bakea!, esan diogu elkarri! Zorion opa diogu bihotzetik! Eta gaur argia, poza, bakea, zoriona... denak sortu dira! Gaur Eguberri eman baitigu gure Jainkoak! Promesak, elkarri opa dizkiogunak, giza-bihotzen ametsak bete-betean bete dira. Gaur Eguberri da! Gaur Jainkoaren eguna da!

 

Gaur Jainkoak bere maitasunaren hitz betea esan dio munduari! Bere bihotzean betidanik ehotutako hitz amodiozkoa jalki dio gizakiari. Gaur Jainkoaren bihotza lehertu da. Gaur Jainkoaren bihotzeko Hitza, mundukoentzat bizia gertatu da! Gaur Jainkoaren errai errukitsuetan gordetzen zen bizia, gizon-emakumeon argi bihurtu da!  Gaur esan du Jainkoak esatekoa! Gaur maitatu du Jainkoak maite zezakeen guztia! Gaur Jainkoa hustu da! Belenen jaio da! Elizan jaio da! Munduan jaio da! Gizakion bihotzean jaio da! Eta Jainkoaren betiko Hitz haundia, bihotzetan kabitzen den Hitz eder, gozo, txiki, entzungarri bihurtu da! Eta izadi osoan kabitzen ez denak, bihotzetan egin du kabi. Gaur Eguberri da eta!

 

Gaur Eguberri da! Mendiz mendi, etxez etxe, bihotzez bihotz... notizia hori zabaldu da! Jainkoa Eguberri bihurtu zaigu! Horregatik esan dugu Isaiarekin: "Ekin kantari, guztiok batera, Jerusalengo horma zahar eroriok; poztu baitu Jainkoak bere herria. Herri guztien aurrean erakutsi du Jainkoak bere beso santuaren indarra". Eta denok poztu egin gara. Poz santuz poztu gara. Zoramenezko poz apal eta barez poztu gara. Gure bihotz tristurara ohituak ahal zuten pozik haundienaz poztu dira! Gaur Eguberri da eta! Pozaren Egun Berria!

 

Baina... gaur Eguberri ote? Gaur... entzun ote da Jainkoa den Hitz amodiozkoa? Gaur... sumatu ote da argia? Gaur... egin ote da kantu? Gaur... entzun al da pozaren isiltasun apala? "Munduak ez zuen ezagutu. Bereetara etorri zen, eta bereek ez zuten onartu". Egia da, Eguberri zauritu egin dugu. Eguberriri hegoak moztu dizkiogu. Eguberri gauzaz, diruz, gastuz, lujoz, alferrikako gehiegikeriaz tristetu eta isildu dugu. Senideok, ez zaio munduari Eguberriren notizia iritsi! Pertsonen duintasuna laidotzen eta lotsatzen den gartzela zenbaitetan itzali egin da Eguberriren argia! Pertsonen eta herrien eskubideak zanpatzen diren bazter askotan, ez zaio pozari libre izaten utzi. Abortoz akabatu diren milaka haurtxoei ez zaizkie Eguberriko erregaliak iritsi. Eguberriko notizia puskatu egin digute! Jainkoa, gizon-emakumeoi poz zitzaigun notizia paregabea, Jainkoa bera, puskatutako panpina bezala, hitzik gabe utzi dugu munduan. Gure munduak, neureak, ez dio Jainkoari Eguberri izaten utzi! Gaur ez da Eguberri askorentzat!

 

Edo...onenean, entzule, gaurko Eguberri betiko Abendu baten eragile eta arnasa ote? Onenean! Bai, Abenduan jarraituko dugu! Gaurko Eguberri betiko eta guztientzako Egun Berria bihurtu arte, Abendu langile eta zerbitzarian jarraituko dugu. Jainkoaren Hitza guztientzako Hitz bihur dadin arte, Jainkoaren argiak mundua argi dezan arte, Jainkoaren poza, bihotz guztien pozbide dadin arte, Abenduan jarrituko dugu. Ez esan zaila denik, gaur poztuak izan gara eta. Ez esan ezin dugunik, gaur Hitz ahalguztiduna eman zaigu eta. Ez esan hori amets hutsa denik, gaur Eguberri gertatu zaigu eta! Erreinua egiten, behartsuak zerbitzen, pobreenak maitaten, ezinduak salbatzen, heriotzea ezabatzen, tiroak isiltzen, umeak zaintzen, eskubideak babesten... Abenduan jarraituko dugu. Gaur Eguberri da eta! 

 

Gaur Eguberri? Bai, gizona! Bai, emakumea! Gaur Eguberri da! Zatoz, bestela, Eukaristiaren mahain honetara, eta jar zaitez erne, adi-adi, kontuz, eta ikusiko duzu, Jainkoa gurekin dago! Jainkoak maitatzen gaitu! Jainkoak hitzegiten digu! Jainkoak pozten gaitu! Begira, zure bihotzera ogi ezerez eta txuri horretan, Eguberriko MAITEA dator! Eramazu, daramagun, ematen zaigun Eguberria, Eguberririk ez dutenengana, Jainkoaren Egun Berria munduarentzat sor dadin! Ez ezazu, ez dezagun, Eguberri puskatu!

 

 

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.