liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Bidea, egia eta bizia den Jesus, gure Jauna, izan bedi zuekin!

 

Gaur Jesusen Bataioaren jaia ospatzen dugu. Joan zen asteazkenean, Epifania egunean, urrutiko jakintsuei azaltzen ikusi genuen Jesus. Gaurkoan, gizon heldu egina, Jordan hibaian ikusten dugu eta Aitaren ahotsa entzuten, bera Jainkoaren Seme dela adierazten, eta berari jarritzera dei egiten.

Gure bataio egunean hasi ginen Jesusen jarraitzaile izaten. Gaur gure bataioa gogoratuko dugu, noski. Aukera ederra daukagu, bataioa berrituz, Jesusen segizioa berritzeko.

 

Jo dezagun errrukizko uretara barkazio eske.

(Urez zipriztindu edo:)

– Jesus Jauna, ur bizien iturria. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, zeure herriaren kontsolamendua. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, Aitaren bihotz ona erakutsi diguzuna. Erruki, Jauna.

 

Jainko ahalguztidunak garbi gaitzala gure bekatuetatik eta, ospakizun honen indarrez, eraman gaitzala bere erreinuko mahaira.

 

Prefazioa

Berri dezagun, anai-arrebok, Jainkoaren Seme maitearen oroigarria. Beraren urak biziberri gaitzala; beraren odolak argi egin diezagula gure bidean.

 

Gureaita

Jesu Kristorengan Jainkoaren seme-alaba gara; horregatik, Espirituak eraginik, Aitari dei egiten diogu kantuz:

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

OHARRA: Urte txanda honetan hemen proposatzen ditugun bi irakurgaiak erabil daitezke edo, bestela, Is 42, 1-4. 6-7 eta Ap Eg 10, 34-38.

  1. 1) (Is 40, 1-5.9-11) Lehenengo irakurgai honetan Isaias profetak berri ona adierazten du: Jainkoa agertu egingo zaio herriari eta poza, maitasuna, barkazioa eta zoriona emango dizkio. Jesusek beteko du osorik agintzari hau.
  2. 2) (Tit 2, 11-14; 3, 4-7) San Paulo ere Jainkoaren maitasunaz ari zaigu, Jesu Kristorengan agertu den maitasunaz, eta Jainkoaren agerpenak dakartzan ondorioak aipatzen ditu.

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Jesusekin bat egin dezagun, bera baitugu gizakion egia, bidea eta bizia, eta otoitz egiogun zeruko Aitari.

 

Kristauok senti dezagun beti, gure onerako gizon egin zen Jesusen jarraitzaile izatearen poza.

 

Munduko herri guztietan eta gure herrian, pertsona errespetatua eta bere duintasunean zerbitzatua izan dadin.

 

Ilunpetan, bakardadean, kartzelan, erietxean, itxaropenik gabe bizi direnek, bidean aurrera egiteko behar duten argia aurki dezaten.

 

Beren bataioa ahaztuta edo albora utzita daukaten kristauek, beren izaeraren handitasuna berraurki dezaten.

 

Eska dezagun gu guztiok kristau-bidea era garbiago eta argiagoan bizi dezagula gizartean.

 

Entzun, Aita ona, gure otoitza, eta bete ezazu argiz eta biziz gizon-emakume guztien bizitza. Jesu Kristo zure Seme eta gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

HOMILIA

Senide maiteok, bere xumean, benetan txokagarria da gaurko koadroa: Jesus bataiatua. Gizakion bekatuen ur zikinetan sartu eta Jesusek ur garbien garrasia jotzen du: askatasunezko uren eskaintza jarri digu eskuerara. Eta uretan fedea jaso duenak eskerrak eman diezazkioke zeruko Aitari, horrek garaipena ere jaso baitu. 

 

Eguberriko ospakizuna burutzen duen Jesusen bataioak gure eskemak apurtzen ditu benetan. Gogoan al ditugu Jesus honi Eguberri garaian aitortu dizkiogun guztiak? Espero genuen Mesias dela, bake betea dela, herriei piztu zaien argi ederra dela, bilatzaileen izarra dela... Egia da, Nazareteko familia pobrearen kide eginik ikusteak nolabaiteko susmoak sor ziezazkigukeen. Baina, hainbesteraino izan zitekeenik, nork pentsa? Bataiatua!

 

Bai, gaurkoan bataiatua ikusten dugu. «Jesus ere bataiatu egin zen». «Ere» horrek beste zenbaiten tarteko egiten du. Besteen artean Jesus «ere» bai. Beraz, arruntasun xumeenean, normaltasun gorrienean. Mesias eta salbatzailea omen zena! Gerora ere Jesus ez da handikerietan sakabanatuko eta xumetasun-bokazio hori hasieratik bertatik erakusten du. Bere burua emanez, gure uretan bataiatuz, horrela izango da guztion askatzailea.

 

Eta betikoa!: txiki eta xume hori Jainkoak bere egintzaren esku bihurtzen du. Txikian eta xumean jokatzen du Jainkoak. «Zu zara nire Semea, nire maitea, nire aukeratua». Aitaren aitorpen hau behar genuen, bestela ez baikenuen eszena hau ulertuko. Nekaldiko arrastoak markatzen du Jesusen bizitza osoa. Bataio honek zuzenean Jesusen gurutzeko maitasun betera baikaramatza. Bataioko odoletan gertatzen da Pazkoa.

 

Gu ere baitaiatuak gara –asko behintzat–. Eliza osoa bataiatuen elkartea da. Beraz, bataiatuok eta Eliza osoa Jesusen bataioko espirituak gidatzen gaitu. Jesus gure uretan sartu eta gure zoriaz elkartu den bezala, gu ere pobreen uretara eramaten gaitu, haiekin bat izan gaitezen, haien zoria erdibana dezagun. Beraz, gure bataioaren errealitatea ez da pontean gertatzen, kaleko pobreen errealitatean baizik.

 

Gutako bakoitzari begira esaten duguna –eta bakoitzak serio hartu behar duguna–, Eliza osoari buruz ere esan behar dugu. Elizak bere egia pobreen uretan erakutsi behar du. Jesusen segizioa ez da mamitzen Elizaren une argitsu eta distiratsuetan, pobreen aldeko jarduera xume eta txikian baino. Gure agerraldi ospetsu eta distiratsuetan baino gehiago, Caritasek antolatuta dauzkan aterpe miserableetan. Bataioaren printzipioak dira, benetako eliz jarrera betiko zizelkatzen duten printzipioak.

 

Jesus otoitzean azaldu digu gaurko pasarteak eta Aitaren ahotsa otoitzean ari dela entzuten da. Gure bataioko espiritua ere atergabeko otoitzean janarituko dugu. Jainkoarekiko harreman berrituan izan ezik, ez dugu bide honen jarduera sinetsi eta barneratuko. Bataioak hasieran eman zigun harremana, gerora janaritu eta garatu egin behar da, hilda geldi ez dadin. Bestela nekez sinetsiko dugu gure bide kaskarrenak Jainkoaren bide izan daitezkeenik. Nekez, oso nekez, onartuko dugu pobreen zoria, haiengan Jainkoa bere ahotsa esaten ari dela sinetsiz. Bataiatuok gure bataioko bokazioa atsedenik gabe indartu behar dugu. Eta Jainkoa ikusiko dugu!

 

«Begira, horra zuen Jainkoa, ahalmenez dator, agintari dator». Hala esan digu Isaias profetak. Eta dena aldatzen du, basamortuko apaltasunez datorren askatzaileak, basamortuan bertan edertasunezko emaitzak sortuz. Benetan esan dezakegu Paulorekin «azaldu dela Jainkoaren grazia, gizaki guztiontzat salbazioa dakarrena!».

 

Eguberriko misterioa burutzen duen Eukaristia ospatzera goaz. Gaur bukatzen da Eguberri! Eta eman zaigun notizia ez da edonolakoa! Jainkoak maite zaitu, maite nau! Nire bizitza sendatu dit barru-barrutik. Ez daukazu urruti edertasuna! Oraintxe ospatzera goazen Eukaristiak ere gure Bataioaren sustraietara garamatza. Maitasunaren uretara! Onar dezagun Jainkoak egiten digun zerbitzua eta poztu gaitezen geure bataioaz.

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.