Liturgi lagungarriak
A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Jesu Kristoren bakea eta maitasuna beude zuekin!
Jesu Kristok deitu gaitu berriro ere, denok batera beraren heriotza eta piztuera ospa ditzagun, Eukaristia bakoitzean egin ohi dugunez. Nahi dugu Jesu Kristok bete gaitzala bere graziaz eta bere Espirituaz ospakizun honen indarrez.
Gaur, gainera, Kristauen batasunaren aldeko otoitz-astearen barruan aurkitzen gara. Eska dezagun zatiketen azkena eta batasun ederraren poza, Jesu Kristo artzain bakarraren ondoan.
Isilean, sar gaitezen geure barrura eta barruenetik eska dezagun erruki berritzailea.
– Jesus Jauna, galduta zegoenaren bila etorri zarena. Erruki, Jauna.
– Jesus Jauna, guztion salbamenerako bizia entregatu duzuna. Kristo, erruki.
– Jesus Jauna, seme-alaba sakabanatuak bateratzen dituzuna. Erruki, Jauna.
PREFAZIOA
Jaso dezagun gure bihotza Aitarengana esker onez beterik. Gorputz bat egin gaitu, elkarte bat, bere seme-alaba garenez. Berak eman digu Jesu Kristo, fede berean elkartzen gaituena.
GURE AITA
Mundu zabaleko kristau eta fededun guztiekin bat egin, eta dei egiogun ausardiaz guztion Aita onari.
B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1) Erbestean igarotako garai luzearen ostean, herriak berriro ere bere sustraiak berritzen ditu. Jainkoaren borondatea –Liburu santuan azaldua– izango da herriaren oinarria.
2) Eliz elkartearen batasuna zertan datzan adierazten du San Paulok, gorputzaren irudiaz baliatuz. Zatiketakl ez luke inolako sentidurik izango. Kristauen batasuna eskatzeko astea burutzen dugun honetan, eskuerara datorkigu irakurgai hau.
HERRI-OTOITZA
Aurkez diezazkiogun guztion Aitari gure eskariak. Gogoan izan ditzagun premia larrienak.
• Otoitz egin dezagun Jesu Kristorengan sinesten dugun guztion alde: Aitaren errukiaren testigu argi izan gaitezela, munduko gizon-emakume guztien aurrean.
• Otoitz egin dezagun kristau-sineste guztietako fededunen alde: denok batasunaren alde saia gaitezen jatortasunez.
• Otoitz egigun gaixoen eta baztertu guztien alde: Jesusek horientzat ekarri duen bizia eta askatasuna, bete-betean jaso ditzaten, pozik bizitzeko.
• Etorkin eta errefuxiatuen alde, kristau erasotuen alde: Jaunak Espirituaren indarrez gantzutu ditzan, duintasunean bizi eta Berri Onaren testigu leial izateko.
• Geure alde eta gure elkarte honen alde: Jainkoak eman dizkigun dohain ederrak elkartearen zerbitzura erabil ditzagun.
Entzun, Aita ona, gure eskariak eta isur ezazu zure maitasun gozoa mundu guztiaren gainera. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
HOMILIA
Adiskideok: berriro ere, igandero bezala, Jainkoaren Hitza entzun dugu. Eta, gainera, Hitz hori zer den eta Nor den esan zaigu gaur. Hitza bera izan da entzun dugunaren ardatz eta gai nagusia. Hitza. Jainkoarena. Uste dut badugula zer aztertua eta zer pentsatua, zer gozatua eta zer geuretua.
Ardo onena edan genuen joan zen igandean, guregana etorri den erreinuaren adierazgarri. Mundu berrikoak gara. Jesusengan etorri zaigu mundu berria, bera da mundu berria. Ez gabiltza ideiekin, burutazioekin, teologiekin; maitasunezko historia beregan bildu duen Nazareteko Jesusekin gabiltza. Nazareteko Jesusen pertsona da gure fedearen oinarri sendoa, bera da gure sinesmenari zorua ematen diona. Historia baten seme-alaba gara.
Jesus honengana tolestatzen dira profetak eta Itun Zaharreko historia. Nazareteko sinagogan gertatzen dena helmuga da, une berri baten hasiera den bezalaxe. «Gaur betetzen da» orain arte Jainkoak Israel herriari esandakoa. Eta orain hasten da agindutakoaren betetasun osoa. «Bidali nau».
Eta Jesusek bere eginbidea adierazten duen unean, bere Jainkoa nolakoa den erakusten digu. Behartsuentzako Berri Ona da Jainkoa. Lotuentzako askatasuna da. Itsuentzako ikusmena da. Eta guztiontzako graziazko unea eta gunea da. Denboraldi berria estreinatu da Jesusengan eta orain Jainkoa maitasunaren historia gertarazten ikusten dugu. Jainkoa etorri zaigu eta betetasunaren hartzaile doanezko egin gaitu.
«Ordu» libre horren garaikide gara. «Gaur» bete horren garaikide. Ez da harritzekoa nazaretarrak denak begira-begira gelditzea Jesusen aurrean. Zerbait handiaren testigu sentitzen dira. Beren arteko mutil gazte harengan garai berria abiatzen ari zela sentitzen zuten. Haren hitzetan eta ahotsean, ordura arte entzun gabeko tonua sumatzen zuten. Han eta harengan Jainkoa bera ari zela sentitzen zuten.
Jesus da Hitz berria. Orain arte irakurri duen liburua, Itun Zaharrekoa, itxi dezake. Ez da gehiago liburu horren beharrik izango. Orain Jesus da liburua, Jesusengan idatziko du Jainkoak bere maitasun-historia. Itun Zahar osoa «gaur» berezi honen ataria izan da, promesa. «Gaur» dena aldatzen da. «Gaur» dena betetzen da.
Bakoitzak ezagutzen ditugu (bai, ezta?) geure beharrak, geure loturak, geure itsutasunak edo itsukeriak. Bakoitzak dakigu zapaltzen gaituzten botereen berri. Orain, nahi izatera, jakin dezakegu baita ere, zein den ondasuna, zein askatasuna, zein argia. Baina ez teorian, gaur aurrera datorkidan dohain bete horretan baizik. Jesusek askatu egin du giza historia, Jesusek jainkozko bihurtu du dena, orain arte giza mailakoa zena.
Bai, Jainkoa gizakia askatzera dator, gizakiari duintasunezko bere bokazioa berritzera, hede lotzaile guztiak etetera, izanbide berria eskaintzera. Jainkoa maitasuna da, errukia da, ontasun betea da. Eta Jainko horren adierazle den Jesusek profetaren freskotasuna eta jauntasuna erakusten ditu. Jesus da profeta berria, hitz berriaren poza dakarrena. Gizakiaren bihotzean oihartzun gozoenak esnatzen dituena. Gizakiok badugu salbamena, badugu geure ezinetik askatzeko deia, badugu Jainkoaren maitasuna gozatzeko aukera graziazkoa. Ebanjelioa hasi da.
Israel herriak erbestetik itzultzean egin zuen gauza bera egin beharko genuke guk gaur: Jainkoaren Hitza bihotzean entronizatu. Eta Hitaren festa egin. Hitzaren oinarritara itzuli eta bera gure legetzat hartu, Jainkoaren nahia egitea baitugu geure lege.
Goazen Eukaristia ospatzera! Goazen Hitza janari bihurtzen den festa egitera! Eta aurretik eman dezagun gure "amena", gure "sinesten dut" sutsua! Fede bat berak eutsi diezagula gure eguneroko herrigintzan!