liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN MONIZIOAK


AGURRA ETA SARRERA
Gure Maisu eta gure Jauna den Jesu Kristo, beti zuekin!

Joan zen igandean Nazareteko Sinagogan ikusten genuen Jesus, ageriko bere bizitzari hasiera ematen. Han entzun ahal izan genuen zein zuen bere programa. Jesusen programaz txundituta geratu arren, arruntegia ikusten dute Jesus, eta ezin dute haren irakaspena onartu. Jesusen azalpenak min ematen die. Guretzat ere gerta daiteke Jesusen irakaspen ederra era xumeegian etortzea.

Garbi dezagun gure bihotza Jaunaren errukitan, berari harrera on egiteko.
– Jesus Jauna, zu zara gure sinesmenaren oinarria. Erruki, Jauna.
– Jesus Jauna, zu zara gure itxaropenaren indarra. Kristo, erruki.
– Jesus Jauna, zu zara gure maitasunaren janaria. Erruki, Jauna.


PREFAZIOA
«Maitasuna ez da sekula hiltzen» esan digu San Paulok. Maitasun horren iturrian eta oinarrian, gurekin dago beti Jesus. Horregatik da gure esker ona.

GURE AITA
Jesusek irakatsi zigun, munduaren egile eta Jauna den Jainkoa, Aita dela guretzat. Begirunez eta konfiantza handiz dei egiogun guztion Aitari.




B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1 – Igandeotan, San Lukasen ebanjeliotik, Jesusen hasierako predikazioa gogoratzen dugu. Nazareteko Sinagogako haren bigarren partea entzungo dugu gaur. Jesusi ateak ixten dizkio Nazareteko herriak. Ebanjelioko horren prestaera bezala ikus dezagun Jeremias, Jainkoak deitua eta lagundua bere profeta-eginkizunean.

2 – Joan zen igandean San Paulok kristau elkarteari batasunerako deia egiten zion, Jainkoaren dohainak batak bestearen zerbitzura jarriz. Gaur, fededunaren biderik bikainena erakutsiko digu.




HERRI-OTOITZA
Badakigu Jainkoa Aita dugula. Horrek ematen digun konfiantzaz otoitz egin diezaiogun munduko senide guztien alde, behartsuenen alde batik bat.
•    Eliz elkartea osatzen dugun guztion alde. Jesusek eman digun maitasun-agindua zerbitzuz bete dezagun.
•    Herrien zerbitzuan saiatzen diren agintari eta gidari guztien alde; herri behartsuei laguntzen ari diren guztien alde: beren zerbitzuaren sari bizipoza izan dezaten.
•    Bakardadean sufritzen duten guztien alde; gure erietxe eta familietako gaixoen alde: Jaunaren hurbiltasuna eta gure laguntza izan ditzaten, aurrera egiteko.
•    Gure gazteen alde: Jaunak egiten dien deia ez dezaten zapuztu, baizik hura aditu eta jarraitzeko ausardia izan dezaten.
•    Eukaristia honetan elkartu garen guztion alde: sinesmenean, itxaropenean eta maitasunean hazi gaitezen.
Entzun, Aita, zure seme-alaben otoitzak. Eta emaguzu zure zerbitzuan bizitzeko adorea eta indarra. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.




HOMILIA
Jesusen eta profeten bokazioa eta misioa aipatzen dizkigute gaurko irakurgaiek. Baita misio horrek sortzen duen kontrajartzea ere. Gaurko kristauontzat ere balio du esaten zaigun hitzak, kristau bakoitza deitua eta bidalia baita gizartera. Aurreko garaietan bezala gaurkoan ere, Jainkoaren dohaina esku arrunt eta xumeetan ikusteak eskandalua sortzen du eta kontrajartzea bideratzen. «Profetarik ez baita ongi ikusia bere herrian».

Lehenengo irakugaiak Jeremias profetaren bokazio-esperientzia azaltzen digu. Esperientzia hori konfiantzazko senez agertzen da: «Ez iezaiezu beldurrik izan». Jainkoaren deia ahalmen berri baten segurantzian ikusten du Jeremiasek. Garai zailak tokatu zaizkio, etsai asko izango du; baina berak badaki nork aukeratu eta deitu duen, eta bere misioa betetzeko sua sentitzen du barruan. Jainkoaren esana herriari adieraztea izango du herri guztiaren aurrean bete beharreko eginkizun.

Jesusek ere bere bokazio-esperientzia kontrajartze gogorrean bizi beharko du. Jesus deitua sentitzen da. Jainkoak bidali du, joan zen igandean ikusi genuen bezala. Juduek hain maite zuten Hitza onartezina gertatzen zaie bere gaurkotasun gordinean. Eta, batez ere, Nazareteko mutil gazte batengan Hitzaren misterioa ikustea ezin dute onartu. Teorian eta abstraktoan maite dute Hitza, baina Hitz hori gizatasunez janzten denean, hori apalegia ikusten dute Jainkoaren arrastoa sumatzeko.

Jeremiasek eta Jesusek ondo dakite, beren misioa betetzea ez dutela batere erraza izango. Badakite Jainkoaren bideak onargaitzak gertatuko zaizkiela beren garaikideei. Eta, hala ere, beti Jainkoaren nahia dago betekizun eta misio. Badakite herriaren bihotzean kontzientzia kritikoa izatea tokatzen zaiela, baina Jainkoaren bideak horrela dira.

Nazaretarrentzat Jesusen hitza garaikidea zen bezala, guretzat ere hala gertatzen da. Eta Jeremiasen eta Jesus profeta-lana gaur guri tokatzen zaigu aurrera eramatea. Eta orduko kontraesan eta zailtasun berberak izango ditu gaur gure misioak. Orduan eskandalua sortu zuten bideek gaur ere eskandalua sortuko dute. Profeta-bokazioak beti markatzen baitu jarrera kritiko eta salatzailea.

- Alde batetik, Jainkoak bitartekotzat aukeratu dituenak arruntegiak dira, xumeegiak, horiengan Jainkoaren eragina sumatzeko. Eta geuk ere galdetu beharko genuke behin baino gehiagotan: gu nor gara Jainkoaren Hitza inori hots egiteko? Nola ausartzen gara eginkizun hau geure gain hartzen? Ez al da geure ahalmenen gainetik dagoen eginkizuna, eman zaigun hau? Ez da asko harritzekoa jendearen eskandalua.

- Eta, beste aldetik, hitz horrek gehiegiz asaldatzen eta aztoratzen ditu jendearen jarrera eginak. Oso finkatuak gaude eta geure habi beroak eginda dauzkagu. Eta orain Jainkoaren Hitzak gure jarleku epelak dantzatzea ez dugu gustuko. Nahi duguna da, utz gaitzatela geure erosokerian bakean. Horretatik ere kontrako asko datorkio profetak hots egiten duen hitzari.

Bigarren irakurgaiko mezua geure misioari lotzen badiogu, bistan da zein den profeta-eginkizuna betetzeko indar nagusia: maitasuna! Maitasunak azaltzen du bere gordintasun guztian Jainkoaren nahia gure gizarte honetan. San Paulok miatasunari egozten dizkion baliabide guztiak oso gaurkoak dira.

Hori guztia gogoan izanik, galdera batzuk egin beharko genizkioke geure kristau-bizitzari: gure kristau-izateak ba al du profeta-kutsurik? Gure presentziak sortzen al du inolako ondoezik gure gizartean? Gure presentziak ba al du kontzientziak altxatzeko barne-indarrik? Gu geu ere erosokerian etzanda gelditu ote gara?

Gaurko Elizak bere eginkizuna bete nahi baldin badu gure gizartean, kontua ez da denak haserre jartzea. Kontua da pobreen aldeko Jainkoaren mezua hots egin eta adieraztea. Horrek batzuk haserretu egiten dituela? Gure eginkizunari trabak jartzen dizkiotela? Ez dio inporta, esku artean daramagun dohaina eta ahoan daramagun hitza, Jainkoarena dela jakinik.

Gaurko Elizak gaurkotu behar duela, gizartearen ibilmartxara egokitu behar duela, egia da; baina horrek ez du esan nahi haren bizimoldera tolestatu behar duenik. Justu kontrakoa: gure gizarteak bere bizieraz zokoratu dituenen aldeko apustua egin behar du, hori ongi ulertua izan ala gaizki ulertua izan.

Goazen Eukaristiara. Jainkoak hementxe berritzen digu egindako deia. Hementxe aukeratzen gaitu maitasunaren indarrez. Hementxe ematen digu Hitzaren indarra. Hementxe berri dezakegu sustraitik gure profeta-eginkizuna. Eta, batez ere, hementxe har dezakegu geure eginkizun berezi horretarako behar dugun indarra.

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.