Liturgi lagungarriak
A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Jesu Kristo gure anaia eta gure Jaunaren grazia eta bakea, zuekin!
Bizitzen eta ospatzen ari garen Garizuma aldi honetan, berriro ere dei egiten zaigu gure begirada eta gure bizitza osoa Jainkoarengana zuzentzera. Jainko errukitsuak biziberritu eta biziarazi egin nahi gaitu, bere hitzrewn argiaz eta indarraz.
Eta Garizumako bigarren igande honek Tabor mendira eramango gaitu, han argiaren esperientzia bizitzera.
Hasi dezagun ospakizuna gurutzera doan Jesusi begira. Eska diezaiogun gure leialtasun-ezaren barkazioa.
Aitortzen diot…
PREFAZIOA
Otoitz nagusia hastera goaz. Garizumaren ataritik Pazkoari begira kokatuko gaitu otoitz honek, Jaunari eskerrak emanez.
GURE AITA
Kristo Jesusekin bat eginik, eska diezaiogun Aitari libra gaitzala tentaldi guztietatik eta gaitz guztietatik atera.
B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1 – Igandeotan, lehen irakurgaiak, Israelen historiaren urrats nagusiak errepasatzen ditugu. Gaur Abrahamen gizatasun puska gogoratuko dugu. Abrahamek, amets eta tankera oso berezian, Jainkoaren agintzariak jasotzen ditu. Guretzat dira promesa horiek.
2 – Gure bizitzaren interesa eta helburuak zeintzuk diren galdetzera behartzen gaitu bigarren irakurgaiak. Bihotz-berritzeko deia gure Garizumarako. Entzun!
HERRI-OTOITZA
Senideok, Jesu Kristorengan daukagu salbazioa, bizia eta piztuera. Sinesmenez eta konfiantzaz aurkez diezazkiogun gure eskariak. [Erantzun dezagun:
KYRIE, ELEISON!]
• Munduan sakabanaturik bizi diren elkarte eta fededun guztien alde: Pazko-argiak esperantzaz bete ditzan, maitasun-bidean aurrera egiteko.
• Fedea zalantzaz bizi dutenen alde, fedearen bila dabiltzanen alde edo fedea erabat galdu dutenen alde: Jesusi begira, beren ilunpeak argi ditzaten, eta gizatasun-lana adorez egin.
• Sufritzen ari diren guztien alde eta, batez ere, zapalduta bizi diren emakumeen alde: Pazkora begira, Jainkoaren maitasunean sinetsi eta bizi-duintasuna goza dezaten.
• Gure herriaren alde, Siriako herriaren alde: sufrimendu garaian Jaunaren argiak poza izan dezaten.
• Eukaristia ospatzera bildu garen guztion alde: gure fedea esperantzaz poztu eta senideak jator zerbitza ditzagun.
Erruki zakizkigu, Jauna. Eta Pazkora bidean jarri gaituzunez gero, indartu gaitzazu argiaz, zure asmoak zerbitza ditzagun. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
HOMILIA
Basamortuan ikusi genuen Jesus, ageriko bizitza hastean. Gaur, enbanjelioetako beste une garrantzitsuan, Tabor mendian ikusten dugu. Zesareako aitorpenarekin jira-buelta handia hartzen du Lukasen Ebanjelioak. Jerusalemera begira jartzen da Jesus bera eta hara begira jartzen ditu jarraitu nahi dioten ikasleak ere. Han gertatuko da «dena». Han, Jainkoaren erregetza. Hori bai, eraso eta gurutzearen bidez. Gaurko pasartea, Taborrekoa, bide hori argitzera dator.
Bidea ez da erraza, ez da samurra. Dei egin digun Jainkoaren agindua adituz, geuretik atera garenean, badirudi dena hankaz gora jarri zaigula. Eta badirudi bide guztiek beren norabidea aldatu dutela, gehiengoaren kontrabidetik goazela. Norberaren bizigiroaren hankapeko lurra mugitzen dela sentitzen denean, beste oinarri batzuk ez ote ditugun behar ere pentsatzen hasten gara... Jesusek ere sentitu zuen hori. Bere bideak nora zeraman ikusi zuenean, Jesusek bere Aitarekin egon nahi du: haren hitza entzun nahi du. Eta mendira dihoa, bakardadean Aitarekin maitasunezko elkarrizketa bizitzera.
Harrigarria da Tabor gaineko pasadizoa. Esperientzia baten kontakizuna da. Ez da, beraz, mirarizko espektakulo ikusgarri bat. Jesusen eta ikasleen barruan gertatzen den esperientzia sakona eta argitzailea kontatzen digu pasarte honek. Argiaren miraria da gertatzen dena, «jantziak zuri distiratsu bihurtu» baitzitzaizkion. Jesusen bidea eta ikasleen begirada argitzera datorren argia da. Hain ilun azaltzen zitzaien Jerusalemera zeraman bide hura!
Baina, nola gertatzen da argia? Moisesen eta Eliasen bidez. Israelen historia eta profeten hitza gertatzen zaizkio Jesusi argibide, hartu behar duen erabakiaren aurrean. Horien bidez, bere Aitaren borondatea ezagutuko du, eta Aitaren borondateak gidatuko du bere jarduera eta bide osoan. Ikasleek, erdi-lo, erdi-esna, ez dute ezer ulertzen, baina sentitu dute Jesusen bideak baduela argia. Eta argi horretaz fidaturik egingo dute Pazkora arteko bidea. Aitak esan die («Hauxe dut nire Semea») Jesus gurutze-bideko hau dela Mesias zinezkoa. Esperientzia sakona izanda gero, Jesus bakarrik ikusten dute berriro, eguneroko txikia; baina badakite argiaren testigu izan direla. Eta, zalantza askoren artean izanik ere, jarratu egingo diote gurutzera.
Hor daukagu guk ere esperientzia. Garizumako bide honek argitara garamatza. Baina, argi hori sumatzekotan, gure sinesmen-esperientzia Moises eta Eliasengan oinarritu behar dugu, maitasunaren historian eta Jainkoaren Hitzean. Horrek ez digu inolako segurantzarik ematen, baina barruko ziurtasuna sendotu bai. Gure bideak ere badu zalantzarik, badu gurutzerik, badu ilunperik... Baina, Jesusen mendi argitsuak erakusten digu horren guztiaren azpian gure Jainkoaren argi ederra gordetzen dela eta gure zoria ez dela ilunpetan itoko.
Pedroren erosotasun-tentazioa oso gurea da. Egoera argizko eta gozoak bilatzen ditugu. Beti errazean jardun nahi genuke. Baina gaurko Elizak eta gizarteak erakusten diguten egoerak ez digu erosotasunerako gunerik uzten. Garai latzak tokatu zaizkigu. Hainbeste giza arazo bizi dugu inguruan. Emakume erasotuak direla, gosez hiltzen ari diren herriak direla, gaitzak zauritutako gaixoak direla, beldurrak etxean lotzen dituenak direla, torturapean txikituak direla... Fededunok horien aldeko borrokatik aparte geratu behar al dugu? Mundu hau hobetzea ez al da gure eginkizuna? Ez al dugu Tabor mendiko Pazkoa eraman behar jende askoren kalbario minduetara?
Igoko al gara Taborrera, han Jainkoaren maitasuna eta Hitza jasotzera? Garizuma honetan egingo al dugu Jainkoarekin harremana bizitzearen esperientzia? Hortik bakarrik etorriko zaigu argia, barru-barruko argia, gure fedeak gaur behar duena. Tabor geure barruan gertatzen da, geure barruan baitaukagu. Ondorioz, behar dugun argia ere barrutik dator, barruko harremanetik.