Liturgi lagungarriak
A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Senideok, bihotz-berritzera dei egiten digun Jesus Jaunaren grazia eta maitasuna zuekin!
Garizumako lehen bi igandeetan, Jesusen tentaldia eta beraren antzaldatzea azaldu zaizkigu. Datozen hiru igande hauetan, barkazioaz eta bihotz-berritu beharraz hitz egingo zaigu, Jainkoaren errukiaz eta harengan izan dezakegun konfiantzaz.
Bihotz-berritu nahi horrekin, gure egoismotik Jainkoaren errukitara itzuli nahi horrekin, eska dezagun errukia eta barkazio bizi-emalea.
(Isil unea)
Aitortzen diot...
PREFAZIOA
Eskerrak eman diezazkiogun gure Jainkoari, Garizuman berekin adiskidetzeko edertasuna ematen digulako, bizi berriaren bidea eskaintzen digulako.
GURE AITA
Jesus Jaunaren irakaspenari jarraituz, konfiantzarik ederrenaz esan dezagun:
B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1. Gaurko lehen irakurgaiak aipatzen digun unea benetan garrantzizkoa izan zen. Jainkoak ez du bere seme-alaben morrontza nahi, haien askatasuna baizik. Eta Moisesen bidez, askatasun-bide hori urratuko du. Entzungo dugun historia hau, gure historia ere bada.
2. Israelen historia adibide bat baino ez da guretzat. Jainkoaren bideari leialtasunez jarraitzeko deia. Entzun dezagun San Pauloren oharra.
HERRI-OTOITZA
Jainkoaren eta gure artean bitarteko den Kristo Jesusekin bat egin dezagun gure eskariak egiteko. Kantuz erantzungo dugu: KYRIE, ELEISON!
• Frantzisko Aita Santuaren, gure Gotzainaren, apaiz eta diakonoen alde: Jainkoak eman dien misioan leialki eta maitasunez joka dezaten.
* Bataioan, Sendotza edo Eukaristia hartzeko prestatzen ari direnen alde: Jesu Kristorekin bat egiteak poztu ditzan eta bera izan dezten bizitzan bide, egia eta bizia.
* Gaixorik, bakardadean, saminez, etsita aurkitzen diren guztien alde: beren pazientziaz eta barruko bakez maitasun-fruituak eman ditzaten.
* Gazteen alde: beren bizitzan jabetu daitezen Jainkoak dien maitasunaz eta bihotz handiz erantzun diezaioten.
* Igandeko Eukaristia ospatzera bildu garenon alde: otoitzean sendo iraun dezagun eta errukizko egintzetan sutsu.
Jainko errukior eta onginahizko, entzun gure eskariok eta isur iezazkiguzu zure ontasunak bete-betean. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
HOMILIA
Adiskideok: gaurko ebanjelioak bihotz-berritzera dei egin digu indartsu. Garizuma aurrera doan neurrian, bihotz-berritzeko deia presazkoago eta larriagoa bihurtzen ari zaigu. «Bihotz-berritzen ez bazarete, guztiok galduko zarete». Baina, entzule, bihotz-berritzea ez da halamoduz egin daitekeen zerbait: barau egitea, haragia uztea, limosna ematea..., ez da hori. Horiek ondo edo hobeto egiteak ez digu bihotz berria emango. Eta bihotz berririk ez lortzekotan...
Nola iritsi bihotz berria, ordea? Gaurko lehenengo irakurgaiak nabarmen asko eman digu horretarako bidea. Moisesek Jainkoa aurkitu du, Jainkoarekin topo egin du, Jainkoa ezagutu du. Eta Jainkoa ezagutzean, bizitza guztia aldatu zaio. Eta bizitza-aldatze guztien oinarritan, bizi-aldatzea aurkituko duzu. Moises artzaina baldin bazen, Jainkoa ezagutzeak aurreragoko eginkizuna eman dio. Eta dena utzi eta eginkizuna betetzera joango da. Egia da, bai: Jainkoa ezagutzea da bihoz-berritzearen lehen pausoa. Noiz edo noiz denoi agertzen baitzaigu Jainko ezberdina, berria. Gure barruak astintzen dituen Jainkoa. Ez gure sentimenduen neurrikoa, ez gure beharren gerri-bueltakoa... Jainko diferentea; ezagutzen duzunean, esperientzia ustekabekoa gertatzen zaizuna. Jainko den Jainkoa.
Jainkoa ezagutu, esan eta esan ari naiz. Baina Jainkoa ezagutu ote genezake? Moisesek ere kezka hori zuen: «Eta haiek galdetzen badidate 'nola du izena' nik zer erantzungo diet?». Nor da? «Naizena naiz Ni». Jainkoa ez da guk uste duguna. Jainkoa «den hura» da. Beste era batera esanda: Jainkoa nor den, beraren egintzetan ikus genezake. Jainkoak egintzetan agertu du «nor» eta «nolakoa» den.
Nolakoa da, ba? «Ikusi ditut Egipton dagoen nire herriaren nekeak, entzun ditut haien marmarrak, ezagutu ditut haien oinazeak. Beraz, jaitsi egin behar dut egiptoarren eskutik nire herria ateratzeko». Jainko askatzailea da. Gizadiari ondoratu zaion Jainkoa. Gizadiaren zori gaiztoa bizi nahi duen Jainkoa. Egia da: Jainkoaren aurrean Moisesek oinetakoak kendu behar izan zituen, Santuaren aurrean zegoelako, baina Jainkoak bere santutasuna ez du agertzen urrutian geratuz, Israel herriaren historiara beheratuz baizik.
Eta guri ezagutzera eman zaigun Jainkoa, izen berria duen Jainkoa da: Jesu Kristoren Jainkoa. Alegia, sinesten dugun Jainkoaren izena, Jesu Kristorengan eman zaigu ezagutzera. Jesu Kristoren Pazko-misterioak agertu digu Jainkoa. Gurutzeraino maitatu gaituen Jainkoa da. Ebanjelioko pikondoaren parabolak, Jainkoaren bihotza nolakoa den erakutsi digu: eraman handiko Jainkoa da, ez du giza-presarik, ez da gizon-emakumeak desegiten dituen Jainkoa, ez da fruitu eske gainean daukagun Jainko estua. Bihotz handikoa da. Giza herria fruitu ederrez ornitua ikusi nahi duen Jainkoa. «Erruki hutsa dugu Jauna, errukia ta maitasuna» kantatu dugu.
Eta, entzule adiskide, era honetako Jainkoa ezagutuz, bihotz-berritzea badakizu zer den? Jainko honi begira bizitzen hastea. Gure buruak asmatutako Jainkoa zerbitzatzea ez dakit mereziko zukeen, baina askatzen eta maitatzen duen Jainkoa zerbitzatzea gizatasun-sortzaile eta edertzaile da benetan! Eta hari begira bizitzea merezi du. Bere salbazio-egintzaz askatu gaituen Jainkoaren eskutik bizitzea mereziko ez du, ba! Eta horixe da bihotz-berritzea!
Jainkoak Moises aukeratu duenean, aukera hori herri mindu baten onerako aukeratu du. Jainkoa historian agertzen denean, atsekabetuen alde agertzen da. Jainkoak aukeratzen gaituenean, atsekabetuei laguntzeko aukeratzen gaitu. Jainkoaren bihotz onak ezin baitu onez jasan pobreek bizi duten egoera. Jainkoa maitasuna da, baina ez txoko batean gustura edukitzen gaituen maitasuna; baizik eguneroko Egipto zapaltzaile askotara bidaltzen gaituen maitasuna. Denok ebanjelizatzaile gara. Baina, ebanjelizazioa pobreekiko hurbiltasunaz egiten ez badugu, gure hitzak eta gure mezuak ez du indarrik eta edertasunik izango.
Goazen Eukaristiara. Behin Moisesek bezala, bihotz-berritzera dei egiten digun Jainkoarekin topo egingo dugu. Semea guregatik eman duen Jainkoa dugu gurekin. Bere berri emango digu Jainkoak.