liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN MONIZIOAK


AGURRA ETA SARRERA
Bihotz-berritzera dei egiten digun Jesu Kristoren grazia eta maitasuna, zuekin!

Garizumako laugarren igandea dugu gaurko hau. «Pozasren igandea» deitu izan zaio. Garizumaren erdian aurkitzern gara eta ez dugu etsi behar konbertsio-bidean, Pazkoaren poz betea ez baitugu urruti.
Pozaren arrazoia bakarra da, Jainkoaren barkazioa eta maitasuna zain ditugula dauzkagula beti. Eta badakigu, gainera, edonori eskaintzen zaiola maitasun  hori, baita urrutiratuenari ere.

Isilik, makurtu gaitezen Jainkoaren aurrean, bekatariak garela aitortuz eta berritzeko gogoa azalduz. Eska dezagun grazia berritzailea.

(Isil unea)

«Jesus gure Jaun maite» kantatu edo «Aitortzen diot» esan.


PREFAZIOA
Eskerrak eman diezazkiogun gure Jainkoari, bere maitasunaren besarkada ederrean onartzen gaituelako. Jainkoa ona da.
(Baketzeko lehen Eukaristi otoitza egin daiteke gaur).


GURE AITA
Pazkorako bidean, Jesu Kristorekin bat egin, eta ausardiaz esan dezagun:




B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1) Itun Zaharreko irakurgaiek, Garizuman behintzat, Jainkoak Israel herriarentzat egindako egintzen historia ematen digute. Gaurko irakurgai laburrak, israeldarrek lur berrian ospatutako lehen pazkoa aipatzen digute.

2) San Paulok, gaur ere, hartu dugun grazia gogorarazten digu, eta bihotz-berritzeko deia egiten. Pazkoa hurbil dugun honetan, ez al dugu dei hori alferrik galtzen utziko.



HERRI-OTOITZA
Aitaren maitasunak ematen digun uste onenaz, aurkez ditzagun gure eskariak; pobreenen aldekoak, batez ere. (Kantuz erantzungo dugu:

KYRIE, ELEISON!)


*    Eliza osoaren alde: Garizuma aldi hau konbertsio sakonaren desioz bizi dezan, Jesu Kristorekin estuago elkartzeko.

*    Sarbide-sakramentuak hartzeko prestatzen ari direnen alde: Jesusekin topo egitearen erregalu handia pozez jaso dezaten.

*    Gerran eta erruki gabeko borroka beltzean ari diren herri eta pertsonen alde: Jainkoaren erruki neurrigabeak maitasunaren jokalegera erakar ditzan.

*    Bakardadean, gaixorik, irtenbiderik gabe sufritzen ari direnen alde. Emakumeen alde: Jesusek eman digun pazko-poza guztiengana oparotasunez iritsi dadin.

*    Geure alde: Eukaristia honek indar gaitzala konfiantzan eta sendo gaitzala bihotz-berrritze bidean.

Erruki zakizkigu, bai, gure Jaun ona. Babestu eta salba gaitzazu zeure ontasunean. Jainko eta errege bizi baitzara gizaldi eta gizaldietan.



HOMILIA
Adiskideok: Garizuman gora edo Garizumaren barrura daramagun bide honetan, gaurko irakurgiek Jainkoari begira jarri gaituzte; Jainko onaren bihotzera garamatzate zuzen-zuzenean. Eta benetan alaitzekoa eta askatzailea da Jainko onarekin topo egitea. Bide baten buruan, bakoitzak bizi dugun esperientziaren buruan, Jainkoa daukagu besoak zabalik gu besarkatzeko. Eta besarkada hori da bilatzen dugun pazkoa.

Lehenengo irakurgaian, Israel herria bide luze baten buruan ikusi dugu. Amaitu zaio martxa eta orain askatasunaren pazkoa ospatzen du, esker onean eta lurraren fruitu ederretan. Morrontzaren eta zapalketaren lotsaria kendu zaio bizkarretik, eta Jainkoaren ontasunak askatasunaren erregalua egin dio. Bidea luzea eta zaila izan baldin bada, jaso duen saria ederra gertatu zaio.

Ebanjelioko seme gaztea ere bidean ikusten dugu. Bere autonomiaren bidea egin nahi izan du. Lotura guztiak eten eta abiatu da Aitarenetik, bere proiektua burutu nahirik. Umetako zilbor-hestea eten eta «bere bizitza» bizi nahi duela erabaki du. Eta bizi duen esperientzia, askatasunaren eta izan-nahiaren borroka azkengabea besterik ez da. Saiakera horretan erre ditu bere indarrak eta bere ondasunak. Bere bizitza osoaren apustua egin du, eta ez zaio ondo atera. Ustez askatasun-irudi ziren errealitateak kate gertatu zaizkio. Gosea, ezina, galbidea, bakardadea... Zilbor-hestea eten bazuen, era guztietako kateek lotu dute orain.

Baina, historia hori guztia ez da izan alferrik. Esperientzia ilun horrek benetako askatasunaren iturrira eramango du. Aurrena, barruan hausnartzen dituen burutazioak izango dira, gero sendotzen doakion erabakia da, eta azkenean etxerako bidean jartzea. Konturatu da, lehen lotura bezala sentitu zuen Aitarekiko harremana, harreman hura izan dakiokeela benetako askatasun-iturri. Lehen lotzen zuen Aitaren begirada, bihur dakiokeela askatzen duen besarkada eder. Konturatu da libre izateko ez dagoela inora ihes egin beharrik, maitasunaren kontzientzia sakona landu baizik. Aitarenetik ihes egin zuena berriro Aitarenera bidean ikusten dugu, zarpail, makur, gizarajo.

Eta aita azaltzen da. Besoak zabalik dauzka. Maitasunaren presatan bizi da. Aitaren jarrera hartzaileak barregarri uzten ditu semearen hitzak eta burutazioak. Aitak ez ditu semearen pentsamenduak jakin nahi. Aitari ez zaio inporta nondik eta nola ibili den. Aitak ez dio ondasun galduen konturik eskatzen. Aitak ez dauka galderarik. Aitak berreskuratu du bere semea. Aitak inportanteena salbatu du, bere semea. Eta berehala festa antolatzen du, seme etxeratuaren festa, maitasunaren festa, benetako aurkikuntzaren festa. Aita horrelakoa da. Aitak horrela begiratzen ditu gauzak. Aita kezkatzen duena ez da arazo morala, semearen portaera alegia; semearen duintasuna baino.

Parabola honen argitan, badaukagu Jainkoaren irudia bere onera ekartzen lana. Jainkoa ona da. Jainkoak autonomiaren bide zailetara bidaltzen gaitu, hazi gaitezen. Jainkoak ez gaitu nahi ume edo gaztetxo, autonomiaren bide zailduetan helduak nahi gaitu. Baina gure ibilbide guztiaren oinarrian Jainkoaren maitasuna dago, berriro bere maitasunaren askatasunera erakartzen. Eta gure bizitzak bueltakoan ezagutzen du benetako Jainko Aita.

Bi semeen jokaera desberdinean ikus daiteke gauzak nola diren. Batek joan-etorria egin du, eta maitasunaren alderdi onena ezagutzeko aukera izan du. Bestea ez da sekula etxetik urrundu. Betiko lotura mantendu du. Baina, aitaren alderdirik onena ezin izan du ezagutu. Batek aita ezagutu du era sakonenean, eta besteak aita bere portaeraren ispilu bihurtzen du. Batek aita ikusten du eta besteak bere irudia, irudi zintzoa hori bai!, bere irudia ikusten du aitarengan.

Zenbat aldiz bihurtu izan dugun Jainkoa gure zintzotasuna neurtzeko termometro! Eta geure zintzotasunaren poz motzarekin gelditu izan gara beti. Jainkoa ezagutu beharrean, geure burua ispilatu dugu harengan. Gure zintzotasuna inporta izan zaigu eta ez Jainkoa ezagutzea. Aitaren besarkada askatzailea ezagutu ordez, «antxume» baten ametsetan bizi izan gara. Jainkoa geure amets laburren neurrira mugatu dugu!

Maitasuna dago ibilbide honen guztiaren oinarrian, adiskideok. Maitasunak eragiten digu zilbor-hestea eteteko, eta maitasunak eragiten digu etxerako buelta egiteko. Joanean aita utzi dugu, baina bueltakoan aita hobeto ezagutzeko. Eta gure izatearen gorabehera ez dago gure portaera zintzo edo gaiztoan; aita ezagutzean baizik. Eta seme gazteak, bere prozesuaren buruan, aitaren onena ezagutu du.

Adiskideok, eta bilatzaile adiskideok bereziki, Jainkoa zain dago, besoak zabalik, gure autonomia besarkatzeko. Jainkoak bere maitasunaren lokarri librez oretzen du gure ibilbide askatasun-zalea. Jainkoa dugu, bere maitasun errespetatzailean, gure askatasun ederrenaren iturri agortezina.

Gaur ere, Eukaristia ospatzera goaz. Jainkoak bere maitasunean antolatzen digun festa ederra da, maitasunaren festa, Aita onaren festa.

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.