liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Anai-arreba maiteok: Jaungoiko gure Aitaren grazia eta maitasuna, eta Jesu Kristoren Espiritu elkartzailea, izan bitez zuekin! 

Igandero biltzen gara Jesu Kristoren ondoan, beraren Hitza jasotzeko eta beraren Gorputz-Odolen bazkaz azkartzeko. Horrela gure biziak, aste bakoitzean, berritu on bat hartzen du.

Gaurko festaburu eder hau, Ostegun Santuaren oihartzun ozen bat dela esan genezake. Han, Jesus gure Jauna zerbitzuz isuria ikusten genuen, bere Gorputz-Odolak gure esku uzterainoxe. Gaur, beraren presentzia sakon eta betikoari erreparatzen diogu bereziki, sakramentu santuan luzatu eta finkatu nahi izan duen presentziari. 

 

Jesu Kristorekin begiz-begi pranta gaitezen, eta beraren maitasun neurrigabearen aurrean, eska diezaiogun errukia. (Isilunea)

 

- Jesus Jauna, Aitaren amodioa erakutsiz maite gaituzuna, ERRUKI, JAUNA.

- Jesus Jauna, gure fedearen ogi bizia zarena, KRISTO, ERRUKI.

- Jesus Jauna, mundua askatzeko zeure Odola isuri duzuna, ERRUKI, JAUNA.

 

 

PREFAZIOA

Jesu Kristoren heriotz-piztueren oroipen-ospakizuna egitera goaz oraintxe. Haren Gorputz-Odolak ditugu gure bizitzako janari eta euskarri. Koka gaitezen esker onean eta piztu dezagun komunio-gosea.

 

 

GURE AITA

Eguneroko ogia eskatzen erakutsi zigun Jesusek. Eska diezaiogun Aitari bere Semearen bazka bizi emailea.

 

 

HONA HEMEN

Hona hemen Jaungoikoaren Bildotsa, bere mahaira deitzen gaituena. Zorionekoak gu, Haren erreinuko mahaikide garenok!

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1) Melkisedek apaizak eskainitako ogi-ardo horiek, Elizarentzat Eukaristiaren seinale argi dira. Aspaldiko pasarte hori entzun eta bere muina jaso dezagun arretaz.

 

2) Ostegun santuan irakurri genuen pasarte bera da gaurko hau. Paulok azken afarikoa ekartzen digu gogora: Jesusek bere oroigarri egiteko gomendatu ziguna juxtu.

 

 

 

 

JAINKO-HERRIAREN OTOITZA

Jesus Jaunak bere bizia eman zuen guregatik, guztiongatik. Maitasun berean elkartu gaitu. Egigun otoitz munduko gure senideen alde.

 

Mundu guztian zabaldurik bizi den Jesu Kristoren Eliza, Jaunarekiko elkartasunean hazi dadin, gizaki guztiak maitasunez zerbitzatuz.

 

Gaur ospatzen dugun maitasun handia, lagun hurkoarekiko maitasun bihur dezagun, batez ere behartsuekiko maitasun. Jaunak bedeinka ditzan Caritas erakundean lanean ari diren guztiak.

 

Sufritzen ari diren guztien alde eta, batik bat, inolako irtenbiderik gabe sufritzen duten Hirugarren munduko pobreenen alde:

Bide zuzenak egin eta gure laguntza eta solidaritatea izan dezaten.

 

Gaur lehenengo Jaunartzea egiten duten haurrek, Eukaristiaren maitasun-mezua jaso dezaten eta egiazko maitasunera hazi daitezen giro eder batean.

 

Geure alde: 

Eukaristia ospatzeko zoriona daukagunok, Jesus entregatuaren maitasun-bideak ikas ditzagun.

 

Onar, Jauna, gure eskari hauek. Maitasunean bat eginda bizi gaitezela zurekin eta gizon-emakumeekin. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

HOMILIA

Jaunaren Gorputz-Odolen festaburua ospatzen ari gara. Jesus Eukaristiari begira jarrita, jai egiten dugu. Gorpuzti festaburuak gure Jainkoaren dohainik ederrena ospatzera ekarri gaitu. Eta Jainkoaren Hitza entzunez, poza du gure bihotzak.

 

Fededunok igandero-igandero biltzen gara Meza santua ospatzera, Eukaristia ospatzera. Iganderoko ohitura eder bihurtu zaigu ekintza hau! Eta igandero egiten dugun hau ohitura huts bihur ez dakigun, urtean behin sakon eta luze begiratu nahi izaten diogu igandero ematen zaigun poz horri. Eta urtean behineko hori Gorpuzti eguna izaten da. 

Eukaristia! Jesusen Pazkoko bihotzera garamatzan misterio ederra! Izan ere, Eukaristia hain aberatsa izaki, alderdi asko azter daiteke. San Paulok, bigarren irakurgaian, Pazkoko Jesusen Gorputz-Odoletara ekarri gaitu. «Hau nire Gorputza da», «Kaliza hau itun berria da nire odoletan». Pentsatzen jarrita, ikusgarria da: Melkisedek apaizak Abahami eman zion bedeinkapen ederra, guri Jesusen Odoletan ematen zaigu. Eta bedeinkazio hori, Pazko-misterio betearen dohain atergabeko bihurtzen da guretzat.

 

Itun Berriaren bihotzean gaude, bete-betean: Jesusek bere odola ematen digu edaten. Eta odol horretan Pazko-gertaera dago bildua, Pazko-maitasuna. Jainkoak odoletaraino maitatu gaitu. Horrenbesteraino irrikatu du gurekiko elkartasuna. Jainkoarekin sakon eta estu lotuak gaude, odolaren korapiloz. Maitasun-hitz paregabea esan du Jainkoak bere Semearen odoletan. Eta gizon-emakumeok edan egin dugu, eta Jainkoarekin batasunean gertatu gara. Komunioaren misterioa gertatu zaigu.

Eta horrek gure bizitzari beste izanbideak urratu dizkio. Fededun garen aldetik, gu ere, ebanjelioko jende-taldea bezala, Jesusen segizioan goaz. Eta segizio horrek leku bakarti eta baztertuetara eramaten gaitu, gizartearen aldetik begiratuta. Eta hori gogorra gertatzen zaigu sarri. Baina, bide batez, Jesusek Eukaristian ematen digun dohaina dastatzeko aukera gertatzen zaigu. Jesusek dohain ugaldua ematen digu. Segizio-biderako janari indartzailea. Eta orain badakigu egin dezakegula eguneroko bidea. Segizioan ematen duguna asko irudituko zaigu; baina jasotzen duguna askoz gehiago da. Eukaristia dohain betea da!

 

Horregatik eta bidezkoa denez, igandero-igandero ospatzen dugun misterio ikusgarri hau, gaur festaz eta harriturik begiratzen dugu. Gauzak zenbat balio duten ikusteko, batzuetan ona izaten da, gauza hori faltatuko balitzaigu zer gertatuko litzaigukeen pentsatzea. Zer izango litzateke gure bizitza Eukaristiarik gabe? Mundura joan, lanera joan, eguneroko borrokan buru-belarri sartu, gizarteko joera eta ibilbide guztien erdian munduko gizon-emakume... eta nola bizi esperantzan?, nola bizi maitasunean?, nola poztu gure erorialdiak?, nola bizi batak besteari lagunduz, intereskeriarik gabe?, nola bizi, dena begi txikiez begiratu gabe?, nola barkatu?, nola pertsonaren duintasuna eta balioa aitortu?, nola…?

 

Eskerrak Eukaristia daukagun! Eskerrak, gure bihotza askotan Eukaristiako maitasun horretara eraman dezakegun! Eskerrak Eukaristian Jainkoaren barkazioa hartzen dugun! Eskerrak Eukaristian Jainkoaren bidea egiteko indarra ematen zaigun! Bestela, auskalo! Hain gara ahulak, hain erraz makurtzen gara bide hutsaletara, hain bizkor tristetzen gara, hain ustekabean galtzen ditugu gizatasunaren bideak! Eukaristia daukagu! Eskerrak Jainkoak horrenbesteraino maitatu gaituen! Ez genuke asmatuko ezaugarri hori gabe bizitzen!

 

Esan dugun hau guztia ondo dago eta hori horrela da! Baina, pixka bat aurrerago ere begiratu behar dugu. Izan ere, Jainko Semearen Odola eman zaigunetik, odolak asko balio du! Eta ez da batere txokatzekoa gaur Caritasen eguna ospatzea, Karidadearen eguna. Gizon-emakume bakoitzaren odolak asko balio du. Pobreen odolak asko balio du. Gure lagun hurkoaren duintasunak asko balio du! Eta ezin ulertua da, Eukaristian Odola edan eta gero giza odola zikintzea. Eukaristian sinetsi eta gero gizon-emakumeen balioa ez aitortzea. Eukaristiako odolagatik errespeta dezagun lagun hurkoen odola! Zaindu ditzagun pobreak! Maita ditzagun gizartearen aukerak bazterrera bota dituenak! Onar ditzagun beharrean aurkitzen diren guztiak. Eukaristiak besoak zabaltzen erakutsi digu. Odoletan maitatuak izan garenok, bizi dezagun odolaren elkartasuna!

 

Hau guztia horrela izanik, Eukaristia estimatzen ikasi behar dugu. Ez dugu ohiturakerian erori behar. Ohiturakerian ez dugu erori behar, ez Eukaristia ospatzean, ez eta ere Eukaristiaren erara bizitzean. Eukaristiari ez diogu kendu behar bere festa eta alaitasuna, eta ez diogu kendu behar pobreen aldeko bere garrasia. Eukaristiari ez diogu kendu behar odola! Jainkoak gurekin odoletan ituna egin duenez gero, bizi dezagun itunaren elkartasuna Jainkoarekin eta senideekin! Eta esan dezagun kalean, fabrikan, nonahi eta noiznahi, ez dela baliogabean zapaldu behar inoren odolik! Odola baliotsua baita!

 

Ospa dezagun Jainkoaren maitasuna, Eukaristia honetako ogi eta ardotan, Jesusen Odoletan!

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.