liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Gure bekatuak barkatu eta bere mahaira biltzen gaituen Jesus Jauna, zuekin!

 

Gaur ez dugu festa berezirik ospagai, igandea bera izan ezik. Eta igandean, gure kristau-bizitza osoari eragiten dion misterioa ospatzen dugu, Jainkoaren Hitza entzunez eta maitasunaren ogia janez. Jaunak berak deituta gaude gaur hemen.

Esker onez eta bihotzeko pozez ekin diezaiogun ospakizunari.

 

Hasteko, barrua isildu eta utzi dezagun bizitza errukiaren besoetan.

 

– Jesus Jauna, bihotz hautsiak sendatzeko etorria. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, bekatariak poztera etorria. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, Aitaren eskuin aldetik zaintzen gaituzuna. Erruki, Jauna.

 

PREFAZIOA

Jainkoak bere maitasunean sendatzen gaitu. Eskertu dezagun gizaki berri egiten gaituen Jainkoaren maitasuna.

 

GURE AITA

Jesu Kristok irakatsi zigun bezala, jaunartu aurretik, bat egin dezagun Aita beraren babesean, eta dei egin diezaiogun uste onenaz.

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1) Dabid errege handiak bekatu egin zuen Urias hil eta haren emaztearen jabe eginez. Jainkoak Natan profeta bidaltzen dio Dabidi, bere bekatua aitortu eta damutu dadin. Entzun dezagun!

 

2) Paulok esango digu mundu hau salbatua izan dela, ez gizon-emakumeok bete beharreko legeak bete ditugulako, baizik Jainkoak gurutzean guregatik bizia eman nahi izan duelako. Maitasunaren zorakeria itxuragabea!

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Senideok: bere onginahia erakutsi digun zeruko Aitari egiogun otoitz gizon-emakume guztien alde. Eska ditzagun guztientzat errukiaren dohainak.  

 

* Elizaren alde eta, bereziki, eliz artzainen alde: beren jarrera eta jokaeraz, Jainkoaren maitasuna eta bihotz handia adieraz ditzaten gizon-emakume guztien aurrean. 

 

* Munduko herri guztien alde (Siria, Irak, Afrika,…): gorrotoak eta zatiketak alde batera utziz, bakea eta adiskidetasuna nagusi daitezen, gizon-emakume guztiok senitarte bat osatzearen poza goza dezagun. 

 

* Jainkoaren irudi gogorra dutelako eliz bizieratik urrutiratu direnen alde: egiazko Jainko errukitsua ezagutuz, berarekin topo egiteko esperientzia bizi dezaten. 

 

* Gaixoaldian, bakardadean, kartzelan, erasopean, era batera edo bestera sufritzen ari direnen alde: fededunen laguntzak eta Jainkoaren onginahiak esperantzaz eta ilusioz bete ditzan. 

 

* Eukaristia honetan elkarrekin biltzeko poza izan dugunon alde: gure bekatuak aitortuz, Jaunaren errukia jaso eta erruki horren berri emaile izan gaitezen eguneroko bizitzan. 

 

Jainko errukior eta barkatzailea, ager zaitez errukior zuregana jotzen duen herri honekin. Erakuts iezaiozu beste behin zure bihotz handi eta gozoa. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

HOMILIA

Argi dago Lukasek zer nolako irudia eman nahi digun Jesu Kristori buruz. Gaixoalditik askatzen du, heriotzetik askatzen du eta bekatutik askatzen du. Kristo salbatzaile da, eta bere salbazioaz giza-izatearen alderdi guztiak harrapatzen ditu. Gorputzeko gaitza kentzen badu, arimakoa ere, barnekoa ere, uxatzen du. Eta hori guztia, beraren errukian eta barkazioan oinarritzen da, Aitaren maitasunaren ezaugarri bezala etorri baitzaigu gureganaino. Lukasek sakon eta ugari azpimarratzen du Aitaren errukia bere ebanjelioan (hamaika parabola badu horretaz emana).

 

Hortxe dauzkagu, bada, bi errealitateak aurrez-aurre: gure aldetik, bekatua; Jainkoaren aldetik, barkazioa. Gizon-emakumeok beti geure bekatuzko eta ahuldadezko esperientzia atergabeko horrekin. Jainkoaren erantzuna, berriz, Kristorengan azaldu zaiguna: maitasuna eta barkamena gailentzen zaizkio gure bekatuari. Badirudi ez dugula aspaldian geure bekatuaz, ezta Jaunaren errukiaz ere hitz egin nahi. Nahiko gustuz kontrakoak gertatzen zaizkigu biak. Eta, hala ere, esan behar da, Ebanjelioaren muin-muinekoak  direla biak. Bekatuaren eta errukiaren kontzientzia galdu duen elkarteak nekez jasoko du Berri Ona.

 

Hor daukagu Dabiden bekatua. Badirudi, gaizki egindakoa baino gehiago dela bekatu egindako horretan agertu duen esker txarra. «Gantzutu zintudan, Saulen eskutik atera, etxea eman, emazteak altzoan ipini...». «Zergatik gutxietsi duzu?». Hurkoari egin dion kalteaz gain, Jainkoaren beraren kontrako bekatua egin du. Hor dago ebanjelioko emakume bekataria ere. Denek dakite bekataria dela. Dabidek eta emakume bekatariak, biek jarrera berdina hartzen dute: «Bekatu egin dut» dio Dabidek. Eta emakumeak ere Jesusen oinetan bere jarrera makurtua erakusten du. Ez da bere burua zuritzen aitzakiatan hasten. Oinetara makurtze horretan damu sakona ikusten da.

 

Jainkoak bihotz barkatzailea du. Jainkoak barkatu egiten du. «Barkatu dizu Jaunak». Ebanjelioan, berriz, fariseuaren jarrera eta Jesusena elkarren kontrakoak dira. Jainkoak ez ditu gauzak eta, batez ere, pertsonak, lege hotz eta soiletik neurtzen, farisearrek egiten duten bezala. «Barkatuak dituzu bekatuak». Jainkoak bere salbatu-nahiari zintzo eta leial eusten dio. Ez du gizon-emakumeon bekatuaren aurrean ere atzera egingo. Gizakiok eta Jainkoak bihotz oso ezberdina daukagu: ikusi, bestela, bigarren irakurgaia. Guk legetik jokatu eta neurtu nahi izaten ditugu gauzak. Jainkoak, ordea, maitasunetik. «Bere bizia niretzat emateraino maitatu nau».

 

Aukera aproposa izan daiteke gaurkoa Jainkoaren errukizko irudia azpimarratzeko. Askotan askok esan izan duenaren arabera, oraindik ere jendeak Jainkoaren irudi gogor eta estua dauka. Eta horren errua, gurea da, oso legezale eta estuak izan baikara. Ez da lasaikeria eta zabarkeria tontolo batean erortzearen kontua. Jainkoaren egiazko irudia azaldu behar dugu: errukizkoa, maitasunezkoa, barkaziozkoa, bihozberatasunezko irudi salbatzaile eta askatzailea. Jainkoak, zorionez, ez du guk bezala jokatzen.

 

Honek guztiak erakusten dituen ondorioak asko eta handiak dira:

-  Aurrena, bekatu-kontzientzia. Eta, ondorioz, apaltasuna. Bai bakarka eta bai elkarte bezala ere, bekatariak gara. Jesu Kristoren jarrerak eta jokalegeak ez ditugu onartu eta geureganatu.

- Gainera, Jainkoaren errukiaren kontzientzia barneratu behar dugu. Jesu Kristoren garaipenean errukia eman zaigu bete-betean.

- Erruki hori barkazioaren sakramentuan ematen zaigu batipat; Elizan. Eliza dugu barkazioaren emaile. Gaurko Elizak eta eliz elkarte bakoitzak ahalegin handi bezain serioa burutu beharko genuke aitortza sakramentua bere onenean berreskuratzeko.

- Horren ondorioz, guk ere barkatzen ikasi behar dugu. Fariseuen bihotz kaxkarraren ordez, Jesusen bihotz handiaz jantzi behar dugu. Gure herriak ere barkatzen ikasi behar du. Une honetan, beste behin, gure herrian beldurra eta mehatxua gailendu zaizkigu. Berriro ere gorrotoa eta gogorkeria nagusitzen ari zaizkigu. Fededunok eraman beharko genuke gizartera barkazioaren eta harreman adiskidetuaren mezu berria.

- Eta azkenik beste puntu bat azpimarratzekoa: emakumearen duintasuna. Gaurko ebanjelioaren azkenean, emakumeak Jesusen ikasle eta jarraitzaile eginak ikusten ditugu, ohikoa zenaren kontra. Jesusek mezu berria eman zuen emakumearekiko harremanean ere. Gaurko gizarteak, eta gehiago gaurko Elkizak, badute emakumearekiko harremanean zer aldatua eta zer egina. Ez genuke puntu hau balio gutxikotzat hartu behar. Noiz lortuko du emakumeak zor zaion duintasuna eta erabakiak hartzeko lekua?

 

Goazen Eukaristia ospatzera. Ebanjelioko emakumeak bezala, Jesusen mahaian apaldurik jaso dezagun jainkoaren maitasun-dohain betea.

FaLang translation system by Faboba