Liturgi lagungarriak
A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Senideok, Kristo, gure itxaropenaren oinarria eta poza, zuekin!
Adiskideok, ongi etorri. Igandeko ospaketa honi hasiera eman diezaiogun, erabat maitatuak eta onartuak garela sentituz. Jesu Kristok maitatzen eta onartzen gaitu. Berak dei egiten digu bere mahaira, eta besteak gure mahaira biltzen irakasten digu.
Eska diezaiogun orain gure Jainkoari, hainbeste eratara aurkezten zaigun Jainko horri, ireki ditzala gure bihotzak eta berri gaitzala sakonetik.
– Jesus Jauna, gure etxeko egin zarena. Erruki, Jauna.
– Jesus Jauna, gure biziera partekatu nahi izan duzuna. Kristo, erruki.
– Jesus Jauna, zeure hitza atergabe esaten diguzuna. Erruki, Jauna.
PREFAZIOA
Jainkoaren hitza entzun ondoren, berak bere mahaian ematen digu ostatu. Jesu Kristorekin batera goraki ospa dezagun esker ona, beraren Gorputz-Odolak banatuz, betiko bizia izan dezagun.
GURE AITA
Atea irekitzeak, bestearen esku jartzea esan nahi du. Besteak behar gaitu eta entzuna izan nahi du. Eska diezaiogun Aitari, egin dadila beraren nahia.
HONA HEMEN
Hona hemen Jesus! Gure etxean gelditzera dator. Zoriontsuak atea ireki eta berarekin bizitzeko poza dutenak!
B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1) Testamentu Zaharreko zati bat entzungo dugu orain; eta bertan Abrahamen espiritu hartzaile eta ostatu-emailea aipatuko zaigu. Bidez doazen hiru gizoni ostatu emanez, Jainkoari berari ematen dio ostatu.
2) San Paulok, Ebanjelioaren zerbitzuan bizi duen poza adierazten digu. Eginkizun zaila eta saminezkoa den arren, balio handikoa da.
HERRI-OTOITZA
Senideok: Jainkoak bere bihotzean ostatu eman digu maitasunez. Guk ere orain gure otoitzean toki egin diezaiegun gizon-emakume guztiei.
• Elizaren alde: kristau-elkarteak harrera onekoak eta bihotz-zabalak izan daitezen gizon-emakume guztientzat eta, batez ere, gizarteak baztertzen dituenentzat.
• Gure Euskal Herriarentzat: herri ostatu-emaile izan dadin, onartzen duen bakoitzarengan Jesus bera onartzen duela kontuan izanez.
• Sufritzen duten guztien alde; gogorkeriaz edo ezbeharrez kaltetuak izan diren guztien alde: fededunengan eta gizon-emakume guztiengan harrera ona eta bihotz zabala aurki ditzaten eta beraiek ere gozo joka dezaten.
• Familia guztien alde: giza-harreman baketsu eta gozoen eskola izan daitezen eta behartsuenentzat ateak zabalik eduki ditzaten.
• Hemen elkartu garen guztion alde: Eukaristian ospatzen dugun elkartasuna, gero gizartean bizi eta erakutsi dezagun elkar maitasunean.
Entzun, Aita ona, zure seme-alaben eskariak. Betorkigu zure bakezko erreinua, gure mundu hau zuk nahi bezalako anaiartea izan dadin. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
H OMILIA
Jesusen Jerusalemerako bidea, fededun guztiok egin beharreko bidea da, baldin eta Jesusen jarraitzaile zintzo izan nahi badugu. Eta bide horrek bere baldintza edo jokamolde zehatzak ditu: errukia erabiltzea eskatzen zitzaigun aurreko igandean, samariar onak izatea. Eta bide horrek, otoitza eskatzen du, gaur eta hurrengo igandean ikus dezakegunez. Hamaseigarren igande honek, Jainkoari adi entzutea aipatzen du eta goresten. Hitza entzun eta Hitza bihotz betean onartu. Ostatu-ematea eta «oinetan eseririk, haren hitza entzutea» emango zaizkigu jokabide bezala. Bihotz-zabal eta bihotz-adi bizitzea behar-beharrezkoa dugu gure Jainkoarekiko eta lagun hurkoarekiko harremanak fede-mailan bizi nahi baditugu.
Gaurko irakurgaietan bi maila bezala nabari dira, baina biak elkar lotuak, biak elkar osatuz: lehen maila, ostatu ematearena; eta Mariaren entzun beharra, bestea. Lehenengoari dagokionez, Abrahamek ostatu ematen die hiru gizonei eta Martak eta Mariak ostatu ematen diote Jesusi. Eta ostatu emanzalea izan behar du fededunak. Gaurko munduak, hala dirudi, gizon-emakume itsiak sortzen ditu. Bata bestearekiko harremanak gogortu eta hoztu egin zaizkigu. Gizarte gogorra eta gogortua bizi dugu. Baina Jainkoaren hitzak aurrean jarri digun jokaera, bestelakoa da: elkarrentzat zabalik eraman behar dugu bihotza. Mundu onartzailea, gizarte biguna eratu eta eraiki behar dugu. Lagun hurkoa ez baita etsaia. Ez daukagu zertan bizirik defentsiban. Bata bestea baino handiagoak izan nahiak ekarri gaitu gure egoera zelebre honetara.
Gainera, elkarrentzat ostatu-emanzale izate honi beste ikuspuntua erantsi behar diogu, fedearena. Izan ere, fede-mailatik begiratuz gero, gauza jakina da, fededunak lagun hurko bakoitzarengan, Jesus berbera ikusi behar duela. Lagun hurko bakoitza, Jainkoaren bisitaldia bezala hartu. Lagun hurkoa, datorrena datorkigula, "teo-fania" da, Jainkoaren agerraldia. Eta fedea sekula ez da esker txarrekoa. Ematen dena baino gehiago jasotzen da beti maila honetan. Ahalduntxoa eman, eta Jainkoaren dohain betea jaso. «Txiki hauetako bati egiten diozuena, neuri egiten didazue». Gure euskal gizarteak zoritxarrez hainbeste gizon-emakume markatuta dauzka. Halako onartzen dugu, hala pentsatzen duelako. Beste hau, berriz, baztertzen dut, honelako eginkizuna edo daukalako. Ez dugu ahaztu behar gure eliz elkarteetan honako jokalege hau: Elizak harrera oneko sukalde izan behar duela. Egiazko indar erakartzailea erakutsi nahi baldin badu, Elizak egia handiak baino lehen, bihotz handia azaldu behar du. Bestela, jendeak ez du Jainkoaren bihotz onartzailea ezagutuko.
Baina san Lukasek gaurko ebanjelio-zatian piska bat aurrerago joan nahi du: «Mariak alderdirik onena aukeratu du». Eta Mariaren jarrera entzulea txalotzen du Jesusek. Kontua ez da, noski, egintza eta kontenplazioa elkarren kontra jartzea. Hori gauzak gehiegiz sinplifikatzea da. Ez, «egitea» eta «kontenplazioa» ez daude elkarren kontra. Jesusek ez du Martaren jarduera gaitzesten, kondenatzen. Gogoan izan aurreko igandeko ebanjeliokoa: samariar onak egin zuena txalotzen zen. Hari, bere barrenak lagun hurkoaren alde egitea eskatzen zion. Apaizak eta lebitarrak, berriz, tenpluko kontuen aitzakiatan, ihes egin zuten, ez zuten egin beharrekoa egin. Martaren eta Mariaren arteko zera honetan nabarmendu nahi dena, zera da: Jesusengana fedezko entzumen argiz hurbildu behar dela. Maisuaren hitzaren ikasle bihurtu behar dugula. Horixe da aukerarik onena. Martaren atsekabe estuak ez du atarramentu onik. Bizitza kontrolatu nahi balu bezala dabil, estu eta larri. Denetara iritsi nahi du. Eta beharbada inportanteena ahaztu du, maitasuna. Mariak, berriz, bizitzaren bihotza aurkitu du. Badaki Jesusekin dena daukala, eta ez dabil ito-larri. Zertarako du bizitza maitasunaren oinetan bizitzeko ez bada?
Ostatu-emateak zer hausnarturik ematen badu, hitza entzutearen puntu honek ere ematen du ba zer hausnartua gaur egun. Zenbaterainoko garrantzia ematen diogu gure fede-bizitzan «hitza entzuteari»? Sarri askotan presa eta itobehar larrian gabiltza, beti berehalakoak egin nahiz. Eta akaso eginbeharreko garrantzizkoenak, beharrezkoenak, ahaztuta dauzkagu. Egiteak entzutearen sustraia falta baldin badu, zer? Hitza entzutearen faltan ez al gara askotan erretzen? Adi-adi entzuten denbora galtzea, behar-beharrezkoa dugu gaurko gizartearen bideak Jainkoaren argitan irakurtzeko. Uka ezinezkoa ematen du: gaur jende asko dabil «ekintzaz erreta» eta «entzuteko bake-bila». Ez, noski, egitea gaiztoa delako. Egiteak entzutearen lurra behar duelako azpian baizik, bestela gure egintzari fedezko argia falta dakioke. Kontzilio ondoren, Jainkoaren Hitzari sekulako garrantzia ematen zitzaion bolada eder askoa izan zen. Gaur ez al da bolada hura zertxobait indargabetu? Penagarria izango litzateke hori. Pentsatzekoa!
Ostatu-ematea eta entzutea: horra fededunari gaurko ebanjelioak eskatzen dion postura bikoitza. Baina biak elkartu daitezke. Begira: ondoan dugun lagun hurko bakoitzarengan, eta batik bat pobre eta txikienengan, Jainkoa datorkigu eta Jainkoak hitz egiten digu. Batez ere, sufritzen dutenengan. Jainkoari txikiengan ostatu ematen badiogu, txikien bidez Jainkoaren hitz ederra jasoko dugu sari. Abrahamek hiru gizon ikusi zituen, baina hiru gizonengan Jainko berberaren bisita jaso zuen. Hori bera da, hitzez hitz, guri ere gertatzen zaiguna. Eta, egia esate aldera, zera esan behar dugu: gure gizartean txiki eta pobre eta sufritzaile asko daukagu, asko.
Eukaristian Jainkoari ostatu ematen diogu bihotzean, elkartearen eta bakoitzaren bihotzean. Eta Jainkoak bere dohain aberatsez erantzuten digu. Eukaristia bilduma ederra dugu gaurko Jainkoaren Hitza bere onean ulertzeko.