Liturgi lagungarriak
A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Senideok: ospa dezagun beste behin gure festa ederra, igandekoa. Eskerrak eman diezazkiogun, elkartzen gaituen Jainkoari. Eta bera, Jaun berpiztua, bego beti zuekin!
Horrelaxe bai, elkarrekin ospatzen dugu igandeko festa oinarrizkoa. Igandekoak gara, Jesusen Pazko-misteriokoak. Gaur ere berak biltzen gaitu elkartasun gozoan. Eta gaur ere bera ospatuko dugu gure bihotzen Jaun eta poz.
Isilean sar gaitezen gure bihotzera eta, ospakizunari ekitean, aitor dezagun behartsuak garela; gure indar guztia Aitarengandik datorkigula aitortuz, gure itxaropena beraren salbazioan oinarritzen zaigula aitortuz, jo dezagun errukitara.
- Jesus Jauna, sinesmenerako Espiritua eman diguzuna. Erruki, Jauna.
- Jesus Jauna, maitasunaren ondasunetan aberastu gaituzuna. Kristo, erruki.
- Jesus Jauna, zure egunaren zain gauden bitartean pozten gaituzuna. Erruki, Jauna.
PREFAZIOA
Aitak bere salbazioa eskaintzen digu eta guk salbazio hori jaso eta eskertu egin nahi dugu. Gure bihotzak erne jar ditzagun esker onerako.
GURE AITA
«Zuen Aitaren gogoa izan da erreinua zuei ematea» esan digu Jesusek Ebanjelioan. Eska dezagun xumetasunez guztientzat Erreinu hori, Jainkoaren seme-alaben otoitza esanez.
B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1) Gure historia osoa, Jainkoak egiten digun salbamen historia dugu. Israel herriak behin askatasunezko historia bizi izan zuen Egiptotik askatua izan zenean. Ebanjelioan, Jainkoaren askatasun hori jasotzeko prest bizi behar dugula esango zaigu.
2) Gaur hasi eta lau igandez, hebertarrei egindako eskutitza irakurriko dugu. Gure fedea jator eta garbi gordetzeko deia egingo zaigu bertan.
HERRI-OTOITZA
Aurkez diezazkiogun gure eskariak zeruko Aita onari.
• Aita Santu, Gotzain eta eliz gidari guztien alde, baita eliz elkartea osatzen duten guztien alde ere (Isilunea).
• Baserritar, artzain, arrantzaleen alde. Oporrik ez duten guztien alde (Isilunea).
• Oporretan direnen alde. Turismo-bideak antolatzen dituztenen alde. Egunotan bisita egiten diguten atzerritar guztien alde (Isilunea).
• Gaixorik eta ezinean aurkitzen direnen alde. Gogorkeriak mintzen dituen guztien alde (Isilunea).
• Geure alde eta gure familien alde. Gurekin topo egingo duten guztien alde (Isilunea).
Entzun, Aita ona, gure eskari apal hauek. Eta ardura zaitez, bere beharretik dei egiten dizun herriaz. Hala eskatzen dizugu Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
HOMILIA
Kristau senideok: kristauaren munduko postura zehazterakoan entzun duzue Jainkoaren Hitzak nolako esaldia erabili duen: «Zaudete erne». Eta, egia aitortzen hasita, ez datorkigu gaizki nohizbehinka dei presatsu hori entzutea: «Zaudete erne». Izan ere, munduko bizitzak, bere berez, nola halako lozorro batean sartzen gaitu. Ez omen zaigu komenigarri gehiegi pentsatzea eta gauza handietaz gehiegi arduratzea. Horrek kezka besterik ez dizu sortuko eta... «Zaudete erne», Elizaren deiak gordin jotzen du gaur ere. Oporretan eta lasai, dena ahaztu nahirik, eta Elizak zera esaten digu: Badela ahaztu behar ez dugunik. Nola bizi dugu gure fede-bizitza?
Baina «erne egotea» betiere zerbaitengatik izaten da. Zerbaitek edota norbaitek jartzen gaitu erne. Zergatik egon behar du kristauak erne? Nork edo zerk jartzen du erne? «Eliza beste borondate batetik» bizi da. «Nagusia ezteietatik noiz etorriko zain» bizi da. Fededunak badaki, Jesu Kristoren Etorrerak zehaztuko dituela postura guztiak, betiko Erreinua datorkigunean. Eta, horregatik, hemengoa ez delako, ez du hemengo gauzetan kokatu eta etzan nahi. «Erromesa da». Eta erromesa bideari zor zaio beti.
Argigarri edo eredu bikainak jarri dizkigu gaurko Jainkoaren Hitzak. Lehenengo irakurgaian Israel herri osoa zain, kantuka, opariak eginez, elkarri lagunduz, uste sendoan oinarriturik ikusi dugu. «Zintzoen salbamenaren zain». Eta Jaunaren askatasun-orduak gauean jo zuenean ez zituen lotan aurkitu. Erne aurkitu zituen. Izan ere, «nolako zinari sinetsi zioten jakinik», beti prest eta zain baitzeuden.
Beste eredu eder askoa bigarren irakurgaiak eskaini digu: Abraham. Esaldi labur batzuen bidez, zein ederki margotu zaigun Patriarka zaharraren bizimodua: «Sinesmenaren indarrez», «bete zuen», «atera zen», «arrotz erbestean bezala», «itxaroten zuen». Abraham beti Jainkoaren deia entzuteko bihotz-zabal ikusten dugu. Jainkoaren dei horretatik bizi da. Beraren fedea, beti esperantzan eta beti prest ikusten dugu. Badaki Jainkoaren esku dagoena, eta ez diola hark berean gelditzen utziko. Benetan esperantza-kolorea du kristau fedeak. Esaldi borobil eta betea entzun dugu: «Sinesmena, itxaroten dugunaren oinarri da». Kristau-sinesmenak esperantzaren aurrera-nahiez eta atera-nahiez jantzia behar du. Sinesmenak erne bizi behar du.
Eredu hauetatik abiatuz, ez da zaila, nik uste, Jesusek eskatzen duen postura bere onean ulertzea. Nagusia zerbitzatzeko zain eta prest bizi behar dugu. «Gerrikoa gerrian eta krisailuak piztuta». Ezerk ez lioke fededunari zain bizitze hori txepeldu edo lozorrotu behar. Eta, hala ere, badakigu zenbat arrisku dituen gure fedeak munduko bizitzan: aurreko igandean ondasunei eta lasaikeriari eta buruz esandakoa ez genuke ahaztu behar. Ez ote genezake esan, munduaren bizitza fedeari bere gordintasuna moteltzeko dagoela antolatua? «Zaudete erne». Eta Jesusek bezala, Elizak ere, erne nahi gaitu. Ez dakigu nagusia noiz detorkeen, baina badakigu etorriko dela. Eta hori ez da mehatxu bat, hori erne bizitze horretan sendo nahi gaituen deia da. Eta, begira, erne bizitzeak bizitzako postura eta jokabide guztiak aldatzen ditu: bizitza non oinarritu, lagun hurkoarekiko jokabidea, ondasunen erabilera... Dena.
Honek guztiak zer esaten dizu, entzule? Mundua hor dago bere eguneroko bizi beharrarekin eta bere eguneroko eskaintzarekin. Gauzen artean bizi beharko duzu. Gaur eta beti hemen bizi behar bazenu bezala saiatu beharko duzu mundua eraikitzen. Eta, hala ere, ez duzu ahaztu behar «erromesa» zarela, «erbestean bezala» zabiItzala. Eginbehar guztien artean ezin genezake «helmuga» ahaztu. Hemen eta hemengo bezala jokatu, baina hangoa zarela jakinik. Eta hango horren esperantzan bizi behar dugu. Gauza asko dugula esperantza horretatik saihets gaitzakeena? Bai, eta gauza horiek ez ditugu bertan behera utzi behar: politika, familia, segurantza, geroa, lagunartea... Horietan guztietan, ordea, bihotza libre. Lotu gabe. Lozorrotu gabe. Bideari eutsi. Esperantza galtzen denean, geroarekiko begirada mozten zaigunean, bidea «egonleku edo etzaleku» bihurtzen dugu. Eta hori ez da erromes izatea.
Beharbada gure kristau-bizitzari gertatu zaion gauzarik kaltegarrienetakoa da, sorpresarako aukerak itxita dauzkagula. Ez dugu ezer berririk espero. Ez dugu inolako nobedaderik espero. Ez gara bizi ezeren eta inoren zain. Dena badakigu. Badakigu zer gertatuko zaigun une eta toki bakoitzean. «Erromesak» bere begiak erne daramatza, edozein une eta tokitan zerbait berria ager dakiokeelako. Bihotza ez zaio moteltzen. Ez dihoa itsu-itsu. Sorpresarako leihoak beti zabalik daramatza.
Hala ere, beste zera bat ez dugu ahaztu behar: geroari begira bizitzeak ez dio gaurkoari ezer kentzen, edo ez lioke kendu behar behintzat. Esperantzan bizitzeak kendu ez baino beste zera berezi bat eman egiten dio gaurko eginkizunari, beste barne-postura bat, alegia. Izan ere, gaur lanean ari denak badaki biharkoa ari dela eraikitzen dagoeneko. Eta eguneroko eginkizuna, gerokoaren gertutasunak indartzen eta giharretzen dio. Badaki etorri behar duena etorriko dela. Etorriko da. Eta etortzen ari da.
Horrela bizitzea zaila dela, diozu? Egia esateko, horrela bizitzea ez da oso erosoa gaurko gizartean. Hori horrela da. Baina gure herriak aurreranahizko postura libre honetan behar gaitu. Eta Elizak halaxe nahi gaitu. Horregatik goazen Eukaristiara. Eukaristiak bi alderdiak ditu berekin: alde batetik, gerokoaren aurre-dohain dugu, etortzekoa ezaugarri bidez eskuratzen baitigu. Eta, beste aldetik, Eukaristia libre izateko, «erne bizitzeko» indarra dugu.
Eukaristia ospatu aurretik, gogoan izan «sinesmena, itxaroten dugunaren oinarri dela». Berritu dezagun sinesmena, itxaropena indartuz.