liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN MONIZIOAK


AGURRA ETA SARRERA
Beregana hurbiltzen zaizkion bekatariak pozten dituen Jauna bego zuekin!

Irailean aurrera goaz. Ikasturte berria hasita edo hasten. Arantzazuko Amaren Bederatziurrena eta festaburua ere burutu ditugu. Badirudi dena bere normalera itzuli zaigula. Eta gu, igandero bezala, elkarrekin gara Eukaristia ospatzeko asmo ederrez. Jaunak bere hitzez eta bere maitasun-dohainez aseko gaitu ospakizun honetan.

Ospakizun honen hasieran ona izango genuke gure ahuldade eta bekatua aitortzea. Eta aitorpen horretatik gure barrua Jaunaren salbaziora irekitzea. Utz diezaiogun Aitaren erruki askatzaileari barru-barrutik berri gaitzan.

– Jesus Jauna, beti gizaki galduaren bila zabiltzana. Erruki, Jauna.
– Jesus Jauna, errukiaren besoetan salbatzen gaituzuna. Kristo, erruki.
– Jesus Jauna, gure salbazio beteak pozten zaituena. Erruki, Jauna


PREFAZIOA
Jainkoaren barkazio errukitsuak poza sortzen du zeruan. Eta une honetan, zeruko poz horretara gonbidatuak izan gara. Esker on sakonez sar gaitezen hainbesteko dohain ederraren pozetara.


GURE AITA
Jainkoaren barkazioa onartuz eta gure senideei barkatzeko prest, esan dezagun beldurrik gabe.




B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1 – Azkar asko ahaztu zuen Jainkoaren herriak askatasun-bidean erakutsi zitzaion bidea. Jainkoak zigortu egin nahi du herri hori, onbideratzeko. Baina, Jainkoak atzera egingo du bere mehatxuan. Entzun dezagun!
2 – Datozen igande batzuetan, Timoteori egindako eskutitzetik irakurriko dugu. Timoteo San Pauloren ikaslea zen eta Efesoko Elizaren arduraduna. Lehen kristau belaunaldien sentipenak eta fedea gertu-gertutik ikusiko ditugu.



HERRI-OTOITZA
Seme-alaben uste onez, otoitz egin diezaiogun, maite gaituen Aita Jainkoari. Eska dezagun behartsuentzat errukia.

•    Elizak bihotz onez onar ditzan beregana datozkion guztiak. Elizan denok senti gaitezela elkarren senide, denok barkatuak izan garenez.

•    Errukiaren sakramentua ematen duten apaizen alde.
    Beren harreraz eta gozotasunez Jesusen bihotz ona erakuts dezaten.

•    Azken aldian ezbeharrez, uholdez, istripuz, atentatuz, hil edo zauritu diren guztien alde. Siriako herriaren alde.
    Jaunak indartu eta poztu ditzan eta errukiaren gozoz babes ditzan.

•    Ikasturte berria hasi duten haur, gaztetxo eta gazteen alde:
    bakean eta elkartasunean bizitzen ikas dezaten, horretarako heziketa egokia jasoz.

•    Eukaristia hau ospatzen ari garen guztion alde:
    debalde eman zaigun barkamen-dohaina debalde bana dezagun geure inguruan.

Aita guztiz ona, entzun zuregan usteona jarri duen herri honen otoitza. Emaguzu denoi zure bedeinkapen oparoa. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.



HOMILIA
Senide maiteok: gure kristau-bizierak egia pozgarri eta askatzailerik baldin badu, Jainkoaren errukiaren egia du pozgarri eta askatzailea. Jainkoak azkengabeko errukia duela. Jainkoak barkatzea maite duela. Jainkoak ezin duela gure galera onez sufritu. Jainkoa gure itzulerak pozten duela. Bihotza bere zabalera guztian garatzen duen egia da. Baina, zergatik ote da Jainkoaren errukia, ulertzea gehien kostatzen zaigun egia? Inoiz, gainera, zergatik sortzen ote digu kezka barruan Jainkoaren errukiak?

Gaurko irakurgaiek Jainkoaren errukiarekiko sintonian jarri gaituzte. Israel herriaren eta Jainkoaren arteko harremana beti izan zen gatazkatsua, tentsioduna. Herriaren bekatua eta Jainkoaren errukia beti aritu ziren tirabiran. Eta gaurko lehen irakurgaiak benetan Jainko harrigarria erakutsi digu: damutzen den Jainkoa da! Herriak bekatu egin du. Itun Zaharrean hainbestetan ohi denez, Jainkoak ezin du bekatu hori onartu. Herriak, bere bekatuaren neurriko zigorra sufrituko du. Baina, Moisesen erregura, Jainkoak bere barruari buelta ematen dio. Jainkoa damutu egiten da. Jainkoari bere barruko sentimendu ona gailentzen zaio. Guk egin dugun Jainkoa, dena dakien Jainkoa da, damutu ezin daitekeen Jainkoa, gaitza zigortzen duen Jainkoa, behin erabaki bat hartuz gero, atzera egiten ez dakien Jainkoa. Harrizko Jainkoa egin dugu. Eta Liburu Santuek erakusten diguten Jainkoa ez da horrelakoa. Ontasunak eta errukiak bihotza itzularazten diote Jainkoari.

Eta gero hau dena areagotu egiten da Testamentu Berrian. Israel herriaren Jainkoa beste era batera agertzen zaigu Jesusengan. Ez da bakarrik bekatua barkatzen duena. Ez da errukitsua bakarrik. Beste inoren gainetik bekatariak maite dituen Jainkoa da. Bekatariengana bihotza okertzen zaion Jainkoa da. Etxea hankaz gora jartzen du, galdu zaion bekataria bilatzeko. Mendiz mendi dabil, artaldetik joan zaion ardi galduaren bila. Bihotzean negar egiten duen Jainkoa da, etxetik semea joan zaiolako. Eta semearen itzulera sumatzen duenean, presaka bidera atera eta bidegaldua besarkatzen duen Jainkoa da. Ebanjelioak esan dizkigun hitzak ez genituzke sekula santan ahaztu behar: «Poz handiagoa izango da zeruan, bihotz-berritzen den bekatari bakar batengatik, bihotz-berritu beharrik ez duten laurogeita hemeretzi zintzoengatik baino».

Hau guk asmatu izan bagenu, ikaragarria izango zen, ez genuen onartuko. Baina ez dugu guk asmatu, Jesusek esan du. Baina guk zergatik ezin dugu errukizko izaera hau onartu Jainkoarengan? Zuzenkontrakoa iruditzen zaigulako! Ez zaigu zuzena iruditzen, bide okerra aukeratu duen ardi galduarengatik beste laurogeita hemeretziak uztea. Ez zaigu zuzena iruditzen seme galduari etxeko zekor gizena eskaintzen zaion bitartean, seme zintzoari antxume bat bera ere ez ematea. Bide okerra gehiago saritzen da, bide zuzena baino. Eta gu hain justiziazaleak izanik, ez zaigu barruan kabitzen Jainkoaren jokabide hori! Guk justizia eskatzen dugu.

Eta ez ulertze hori badakizu zergatik den? Geure burua zintzoa ikuten dugulako. Geure burua irabaziz jantzia ikusten dugulako Jainkoaren aurrean. Ba al dakizu zenbat meritu dauzkagun irabaziak gure jokaera txukunarekin? Eta Jainkoak guri bere errukia zor digu, ondo irabazia daukagulako! Eta justiziazkoa iruditzen zaigu Jainkoak guri bere bihotz ona erakustea! Ez dugu ezertxo ere ulertzen, Jainkoaren errukia ulertzen ez dugun bitartean. Jainkoaren errukia ulertu ez duenak ez du ezer ulertu. Gaurko parabolak ez dabiltza justiziazko gora-beheratan. Jainkoaren zuzentasuna beraren erruki azkengabean oinarritzen da. Jainkoak maite duena da, merezi ez duenari ematea. Jainkoak bere dohaina bekatariei ematea maite du, esker ona sortu nahi duelako. Begira: zuri gauza bat zor dizutenean eta ematen badizute, ez daukazu eskertu beharrik. Zor zizuten! Baina, zerbait erregalatzen badizute, inolako zorrik gabe, eskertu egiten duzu. Eta Jainkoak esker ona sortu nahi du. Horregatik ematen dio bere dohaina bekatariari!

Eta hau, askotan onartu ezina ikusten badugu ere, bere burua bekatari ikusten duenarentzat, pozgarria eta askatzailea da. Ba al dakizu zer nolako edertasuna sortzen dizun bihotzean Jainkoaren erruki honek? Ba al dakizu nolako esker ona sortzen dizun, merezi ez duzun besarkada jasotzen duzunean? Gure bihotza erabat zabaltzen digu Jainko onak. Benetan ona da gure Jainkoa, ustekabe ona, neurrigabe ona.

Eta honek guztiak, beste ondorio batera eraman behar gintuzke: errukitsu izatera! Mundu honetako harremanak justiziaren gainean eraiki nahi izaten ditugu. Eta ematen digunari ematen diogu, kentzen digunari kendu egiten diogu. Onari on, gaitzari gaitz! Ez gabiltza ondo. Jainkoaren bihotz onari begira, onak izaten ikasi behar genuke. Jaso gabe ematen ikasi behar genuke, gaitz egin digunari onez erantzuten, kalte egin digunari barkatzen. Jainkoak bezala errukiz jokatzen dakienak, errukiaren sari azkengabea jasoko du. Ez zor zaiolako! Jainkoak debalde ematen digulako baino.

Hasieran esan dut, eta berriro diot: Gure kristau-bizierak egia pozgarri eta askatzailerik baldin badu, Jainkoaren errukiaren egia du pozgarri eta askatzailea. Jainkoak azkengabeko errukia duela. Oraintxe bertan Eukaristian errukiaren beste agerpen zoragarri bat biziko dugu. Jainkoak maite gaitu. Jainkoak asko maite gaitu. Eta merezi gabe maite gaitu. Eskertzekoa.



   

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.