liturgi lagungarriak

(Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).

 

 

 

HOMILIA

Senideok: ez al da benetan ederra Jainkoaren Hitzak aurrean margotu digun koadroa? A zer ikuskizuna! A zer aldaketa! Poesiaz eta liraintasunez jantzitako irudiz adierazi digu Isaias profetak Jainkoaren etorrerak sortuko duen salbamena! Jainkoak ez ditu gauzak lehenean uzten. Jainkoa igarotzen den tokian, dena sustraitik berritzen da!

 

Basamortua loretan pozten da. Esku ahulduak indartzen dira. Belaun kolokak erabat sendoturik sendatzen dira. Beldurra uxatzen da bihotz beldurtuetatik. Jainkoak erabat eta sakon-sakonetik aldatzen du bere herriaren zoria. Jainkoa dator eta inguruan herri berria sortzen zaio. Itsuek ikusten dute, gorrek entzuten, herrenek jauzi egiten eta mutuek hitzegiten, katigatuei askatasuna datorkie. Samina eta negarra zen oro, poz eta alaitasun bihurtzen da!

 

Seguru asko, behin eta berriz, bitan eta hirutan, irakurri behar genuke hau guztia, ea eskaintzen zaigun mundu berri hori egia izan daitekeela sinesten dugun. «Hori ezinezkoa da» esaten duzu. «Hori esatea da errazena», baina hori gaur gure artean gertatu? «Gu salbatzera, zatoz, Jauna» kantatuz, guk sinesten dugu Mesias Jaunaren Etorrerak gauzatuko digula hori dena. Horregatik, pozez entzun dugu Santiagok bigarren irakurgaian egin digun deia, esperantzarako eta pozetarako deia egin digu, «Jaunaren etorrera hurbil da eta».

 

Eta Jaunaren Etorreran, hau guztia egia bihurtzen da. Mundu berria gertatzen da. Isaiasek eman dizkigun ezaugarri horiek, mesiastasunaren eta Jainkoaren salbamenaren adierazgarri gertatzen dira. Jesusen Berri Onak argia dakar itsuentzat, garbitasuna legenardunentzat, entzumena gorrentzat, hildakoentzat piztuera, behartsuentzat notizia pozgarria. Jainkoak bidali duen Jesusengan iragarria zegoen mundu berria esnatu da eta gertatzen hasia da. Erreinua gure artera etorri da. Eta gaitzari barrutia badihoakio oinazpitik, ondartzako ondarra urak oinazpitik eramaten dizun bezala. Horixe da fededunok Abenduan eta Eguberritan ospatzen dugun askatasuna eta salbamena. Hauxe da gure festaren eta esperantzaren kantu isildu ezina.

 

Baina hau guztia ezin daiteke, inondik inora, hitz hutsetan geldi. Ezin dezakegu Jainkoaren Hitza gure sinestezinaren hedeez lotu. Ezin dezakegu Jainkoaren promesa gure arduragabekeriaz kateatuta utz. Eta, beraz, hitz honek galdera eta erremin gertatu behar du gure bihotzean. Adierazi zaigun aldaketa, hogeita batgarren honetarako da. Zer aldatuko da gaur nire bizitzan? Zer aldatuko da gure elkarteetan? Zer gure familian, gure ezkontzan, gure komentuan? Eman zaizkigun ezaugarriak barne-eraginez hornituak datoz eta ezaugarri horiek egintza, gertakizun, izan nahi lukete gaur guregan.

 

Beraz, gaur gure artean inork argi berririk begietaratzen ez badu, edo  gure artean inork salbamen-soinu berririk entzuten ez badu, inork gure artean itxaropen berririk bihotzeratzen ez badu, hori ez litzateke Abenduaren eta Eguberriren ospaketa txukuna izango. Belaun ahulduak eta bihotz beldurtuak sendotuko dituen esku suspertzailerik sortzen ez bada gure elkartean, gure gizartean Berri Ona oihukatuko duen eztarri sendorik sortzen ez bada, hori ez da Abendua eta Eguberri ospatzeko kristau modua. Mesias Jaunaren Etorrerak inolako eragin adierazgarririk ez baldin badu, zertarako ospatzen dugu Jaunaren Etorrera?

 

Adizu, jarri zaitez nirekin batera pentsatzen: gaur, garai hartan Joan Bataiatzaileak bezala, norbaitek galdetuko baligu, zuen Kristo hori al da Etortzekoa edo oraindik beste norbaiten zain egon behar dugu?, ez al litzateke ederra izango guk erantzun ahal izatea: begira, mundu berria sortzen ari da, gaixoentzat bada esperantza, katiguentzat eta kartzelatuentzat bada askatasuna, gizarteak baztertutakoentzat bada nork besarkatua, gorrotoari bakeak jaten dio barrutia, pentsamoldeak ez dira gogorkeriaz behartzen, pertsonen duintasuna gero eta errespetatuagoa da, gizon-emakumeek zein baino zein elkar zerbitzatzen ari dira, jendea Jainkoak maitatua sentitzen da, behartsuenentzat salbamenaren notizia atergabe entzuten da gure kaleetan... ez al litzateke ederra izango?

 

Hala ere, beste gauza bat esaten utzi behar didazu. Esandako honekin ez nizuke burutazio estu eta larririk sortu nahi. Ez da pazientzia galtzearen kontua. Hemen presak eta larritasunak alfer-alferrik dira. Joan Bataitzaileak gertatzekoak ziren haizkorakadak eta gertaera nabarmenak iragarri zituen. Horiek ez zirela gertatzen eta urduri jarri zen. Zertan antzematen zitzaion, orduan, mesiasen etorrerari? Jesusek, gizakiaren barruko aldaketaren ezaugarriak jarri zizkion begi-aurrean, gordean gerta daitezkeen gertaera askatzaileak: tristeak pozten dira, bihotz ilunek ikusi egiten dute, berrionik entzuten ez zutenek orain entzun egiten dute, bekatariei irtenbidea eskaintzen zaie... Pazientzia galtzea alferrik da. Jakin dezagun geure barrua eta geure ingurua onez begiratzen. Izan dezagun pazientzia geurekin eta ingurukoekin. Jaunak ari duen lana suma dezagun. Aitortza eder baten bidez, has gaitezen gure bihotzean soinu eta gauza berriak entzuten eta ikusten. Has gaitezen, nekazariaren begirada itxaropentsuz, haziari sortu zaion landarea ikusten. Jauna ari da etortzen!

 

Bai, adiskidea, Eguberri indartsu datorkigu. Badator Jauna. Jainkoak dena berritu nahi du, denak poztu, denak sendatu. Bakoitzak ahalduguntxoa egiten badugu, Erreinua atzo baino gertuago izango da gaur. Gertuago eta gertatuago. Eta esaten badizut, gure ospaketa hau dela Eguberri? Bai. Eukaristia honetan aldatzaile eta berritzaile datorkigu Jauna. Egin diezaiogun tokia bihotzean. Eta segi dezagun esperantzaren hegoetan, gizarte berri baten lana burutzen. Animo!

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.