liturgi lagungarriak

Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).

 

HOMILIA
Pazkoaldia amaiturik, urtean zeharreko igandeetara itzultzen gara. Eta gaur, bien tartean, Hirutasun guztiz Santuaren festaburua ospatzen dugu. Eta ongi dago bien tartean, zeren, alde batetik, Pazko-misterioko Jainkoa nor den jartzen baitzaigu begien aurrean, eta, bestetik, eguneroko bizitza arruntaren bizi-iturria den Jainkoa ematen baitzaigu.
Gaur ez da oso ohiko gauza Jainkoaz aritzea. Gaurko gure gizarteari ere ez zaio oso atsegin eta arrunta gertatzen Jainkoa. Oso goiko ikusten da, oso urrutiko, auskalo non omen dagoen Zerbait ahalguztidun eta interes gabea. 'Misterioa da Jainkoa' esan dugu, eta patxada ederrean gelditu gara. Misterio hitzak esan nahi balu bezala, ulertezina, ezagutezina eta alferrikakoa dugula Jainkoaren misterioa.
Gaurko irakurgiek gauza asko esan digute, baina bat behintzat ezin dezaket jaso gabe utzi. Jainkoa gertuan daukagu, hurbil. Jainkoa maitagarria da, maitasuna da. Jainkoa MAITASUNA DA! Beste guztiak, ahalguztidun izatea, dena jakitea, dena ikustea... horiek denak MAITASUNAREN zerbitzuan ageri zaizkigu Jainkoarengan.
Hori horrela dela sinestea kostatzen bazaizu ez daukazu liturgi urtea begiratu besterik, eta ez daukazu oso begirada sakona ematen ibili beharrik. Ospatu berria dugun Jesu Kristoren heriotze-piztuerak ez ote dira maitasun ikusgarri baten ospaketa izan! Jesukristok egin digun Mendekosteko Espiritu-festa zer da, biziera berriaren aukera ez bada! Bai, fededun adiskidea, MAITASUN neurtezinekoaren aurrean eta barnean gaude.
Jainkoa ez dagoela ezagutzerik?! Esaiozu hori Israel herriari eta ikusiko duzu! Bere herri-bizitzan, bere askatasun-martxan, hain gertuan, hain 'tartean' sentitu zuen! Israel herriak ongi zekien, beste herrietatik bereizten zuena horixe zela: beste inork baino gertuago zeukala Jainkoa! "Jauna, zure begietan ederra aurkitu baldin badut, ibil zaitez gure artean... eta har gaitzazu zeuretzat". Gaurko festa hau zer den esan behar banu, nik, Jainkoaren gertutasunaren festa dela esango nuke.
Jainkoa misterioa dela?! Bai, noski! Maitasun oro misterio baldin bada, zerbait ezaugarria, zerbait gordea, zerbait ulergarria, zerbait barnekoa, maitasun oro misterio baldin bada, diot, Jainkoa are eta misterioago da, are eta maitasunagoa delako. Baina, adizu, ez da misterio urruti dagoelako, hain gertu dagoelako baizik. Hain bestelako izanik, hain geure egin zaigulako! Hain haundi izanik, hain txiki bihurtu delako! Hain ahalmentsu izan eta hain ezerez egin delako! Benetan Misterioa, misteriorik baldin bada! Baina Misterio maitagarria, barnekoa, gozoa!
Begira, bestela: zer erlijiori burura ote zekiokeen Jainkoari "AITA" deitzea!  Kosta behar zaizu bilatzea! Jesu Kristoren salbamen-jardunean, Jainkoa Aita agertu eta ezagutzera eman zaigu, Aita! Eta zein ederra den bihotz-barnetik Espirituari entzutea, suabe esaten dizula: Jainkoa Aita duzu! Eta bizitzara eta lanera eta gizartera eta... joaten zara eta ez zoaz eskutik utzia, ez zoaz barne-hutsik, ez zoaz nolanahi. Barnean inork ez bezala maitatu zaituen Jainkoa daramazu! Eta gauzak zuzen edo oker atera daitezke, osasuna edo gaixoaldia letorke, ezbeharrren bat gerta daiteke... Jainkoa beti gertuan sentitzen du fededunak: beti goiko, baina beti azpitik dena pozten! Beti ahalguztidun, baina beti gure bizipozaren zerbitzari! Beti Jainko eta beti Aitan eta Ama!
Entzule, hauetaz jarduteak halako zera bat uzten du barnean: geure buruaren gainetik dauden gauzetaz ari ote garen edo... Gehiegizkoa den zerbaitetaz ari bagina bezala edo... Eta halaxe da!
A, baina kontuz! Honek guztiak zeure barnera begira jartzen bazaitu, ongi dago.  Baina, barrura bezala jarri behar zaitu kanpora begira! Jainkoaren maitasun neurrigabea ez da gure barne-gozamenerako soilik, munduaren salbamenerako baizik. Egia da, Jainkoaren misterioa zabaltzeko eman zaigu, hots egiteko, banatzeko. Eukaristiako ogia zatitu eta banatzen dugun bezala, ilusio beraz Jainkoaren misterioa banatu. Eta, esanak esan, Jainkoaren gose handia darama gizon-emakumeak barnean.
Noski, fededunok aurrena Jainkoa behar bezala ezagutu behar dugu! Jainkoaren ezaguera sakona behar dugu. Ez da aski Jainkoari buruz txikitako errezelo kolore gabeko batzuk edukitzea. Nola izango da ba nahikoa! Jainkoaren ezaguera landu egin behar dugu. Ikasi, irakurri, otoitz egin, bizi! Bestela jainko arbuiagarri eta interesgabea aurkeztuko dugu berriro ere. Munduak Jainkoa behar du, baina egiazko Jainkoa behar du!
Eta gero Jainko hori erakutsi, azaldu. Gure edertasuna eta gure askatasuna eta gure giza-zaletasuna eta gure lanerako adorea eta... nondik sortzen zaizkigun erakutsi! Esan nor den gure Jainkoa! Jainkoa maitasuna baldin bada, maitasunez erakuts dezakegu Jainkoa, ez bestela.
Goazen, fededun, Eukaristia ospatzera! Goazen Jainkoa gehien ezagutzen den tokira! Jainkoa emana! Jainkoa jangarri, horrela esan badezaket! Jainkoa barnera sartzen! Ederra benetan! Horixe da gure Jainkoa, Jainko maitale eta maitagarria! Bihotzetik Aintza Aitari! Aintza Semeari! Aintza Espiritu Santuari!

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.