Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).
HOMILIA
Fededun bezala dagokigun eginkizuna, eman zaigun misioa, alde batera utzi ohi dugu inoiz, ez dugulako ikusten egiten dugunaren fruiturik edo emaitza egokirik. Iruditzen zaigu, lortzen dugun fruituak ez duela hainbeste ahalegin merezi. Fruitua ez da kontrola daitekeen zerbait eta hortik etorri ohi zaizkigu arazoak. Kontrolatzea gustatzen zaigu inondik ere. Asko kostatzen zaigu Jainkoaren egintzan sinestea. Geure kontrolean sinesten dugu edo geure idealetan sinesten dugu, baina Jainkoaren egintzan nahiko lan! Errealistak baldin bagara, geure kontrolean sinesten dugu, fruitua kontrolatu ahal izatean. Eta idealistak baldin bagara, berriz, geure idealetan. Baina, Jainkoaren egintza eragin handikoa dela, bere fruitua beti ematen duela? Hori ezin dugu sinetsi! Erreinuko parabolak irakurtzen hasi gara gaur. Erreinuak beti du bere eragintasuna, gure moldekoa ez bada ere. Jainkoak ari du bere lana eta ematen du bere fruitua, guk nahi eta uste bezala ez bada ere.
Erreinua etorri zen Jesusekin, eta etortzen ari da Jesusen jarraitzaileekin. Baina, etorrera hori Jesusen erara gertatzen da, ez gure erara. Nola jokatzen du Jainkoak? Erein egiten du Erreinuaren hazia, eta zain geratzen da. Ez zaio inori inolaz ezartzen Erreinua. Erreinua eskaini egiten zaigu. Eta lurrak bere harrera ona egiten dion neurrian, Erreinuak bere fruitua ematen du. Erreinua giza askatasunarekin estu lotua dago. Gizakiak nahi ez badu, Jainkoak ez du indarrez inor derrigortzen. Askotan iruditzen zaigu Erreinua gehiegiz lotua dagoela giza askatasunarekin. Eta era horretan bere eragintasuna galdu egiten duela. Eta halaxe da, askatasuna errespetatuz jokatzen du Jainkoak, baita Jesusek ere.
Itxurak bestelakoak badira ere, Erreinua hazten ari da. Baina hori ikusteko, sinetsi egin behar da. Jainkoaren misio horretan sinesten duenak, badaki pazientzia izaten, badaki itxoiten, badaki gauzak bere horretan onartzen. Misioan sinesten ez duenak egoerak eta gauzak behartu egiten ditu, dena bere eskemetara tolestatu nahi izaten du. Baina, Ebanjelioaren misioan dabilenak giza bihotzarekin eta giza bihotzaren erreakzioekin kontatu behar du, eta beronen ahuldade eta gorabeherekin. Nor bakoitzak ongi daki bihotzean daukan Erreinua ez zaiola merezita eman, doan baizik. Eta, hori begiratuz, doakotasuna ikasten du besteekiko bere jokaeretan ere. Ondo ezagutzen dugu giza bihotzaren ahultasuna eta ezina. Eta Erreinua hortxe gertatzen da.
Baina, Jainkoaren Erreinua hazten ari dela esateak ez du esan nahi, haziak automatikoki jokatzen duenik, ez. Erreinuaren haziak lur ona eskatzen du. Eta hemen zerikusi handia dute gure barruko jarrerek. Jainkoak beti errespetatzen baitu gure jarrera. Gaurko Ebanjelioak jarrera batzuk aipatu dizkigu:
1) Ulertzen ez dutenen jarrera: ez daukate ezer aldatzeko interesik eta ez dute Ebanjelioaren eskakizunik berentzako hartzen. Gauzak ongi egiten dituzte, zintzoak dira eta ez dute ulertzen barruko jarreren aldaketa eskatzen zaiela. Erreinua ez baita gure zintzotasunean gertaten, bihotz berrituan baizik.
2) Bigarrenik, sendotasunik ez dutenak: badakite Erreinua zer den eta Erreinuaren alde daude eta ilusioz, baina beren bizitzari arazoak sortzen zaizkiola ikustean atzera egiten dute; ez dute beren bizitza konplikatu nahi, ez dute arazorik nahi. Ez daude Erreinuaren sufrimentua beren gain hartzeko prest.
3) Hirugarrenik, ondasunen atzaparretan harrapatuta daudenak: aberatsak, alde batetik; eta, bestetik, dena hobeto bizitzeko ahaleginetan biltzen dutenak. Ez dakite ezer sakrifikatzen Erreinuarengatik. Gauza hau eta bestea eta bestea... oso dira inportanteak. Eta munduko gauza bakoitzari inportantzia handia emanez, Erreinuari inportantzia kendu egiten diote. Erreinua, gehienez ere, beste gauza askoren artean gauza bat da!
Hiru lur hauetan ez du haziak atarramentu onik!
Jarrera horiekin identifikatuak sentitzen gara neurri handi batean, ez al da egia? Eta, hala ere, Erreinua aurrera doa. Jainkoak ez du huts egiten. Euriak lurra bustitzen duen bezala, Jainkoaren dohainak ere bere tokia aurkitzen du beti. Guk ez dugu geuretik kontrolatuko, ez dugu ikusiko. Baina, Jainkoak ongi daki zertan ari den. Erreinuaren haziera oso gordea da askotan, baina egiazkoa. Oso neurkaitza, baina nabarmena.
Gure bizitzara begira dezakegu, Erreinuaren haziera eta gure lanaren fruitua askotan gordea dela ohartzeko: seme-alaben heziera begira dezagun, esate baterako. Ez dugu emaitzarik ikusten. Ereilearen jakituria behar da: erein eta itxoiten jakin, bere orduan bere fruitua eman dezan. “Bere” orduan eta “bere” fruitua. Ez “gure” orduan eta “gure” fruitua. Bere ahalegin guztia jartzen du ereileak, baina askatasunaren misterio lotuezina errespetatu behar du. Landareak ez dira gehiago hazten hostoetatik tiraka. Haurrak hezitzeko, eguneroko ahalegin itxaropentsua behar da, ez egun bateko saio ezartzailea. Gaixoen zainketan, katekesian, elkarte baten arduran, pastoraltzan, taldeetako lanean..., denetan pazientzia behar da. Eta pazientzia edukitzeko, haziaren barne-indarrean sinestu behar!
Zergatik galtzen dugu hain erraz gure adorea? Ebanjelioko eragintasuna nola ulertzen dugu? Gure asmoen frakasoa integratuta al daukagu? Erreta al gabiltza? Gure fruitu-ametsak ez al du makurtu nahi barruko aldaketa sakonen esperoan? Egunero jarraitu behar dugu hazia ereiten. Sinesmen berriz, ilusio saiatuz, eskuartean daukagun misioan sinestuz, aurrerantzean ere hazia ereingo dugu! Jainkoak ongi daki zertan ari den!
Eta beste gauza bat: haziak beti ematen du fruitua, tokirik zailenean ere! Sekula ez al duzu ikusi, landare txiki bat harri artetik sortzen? Baldintzak zailak izaki, larri dator, ezinez. Baina hantxe sortzen da. Giza bihotzetan ere, sinesten ez dutenengan ere, gaiztotzat jotzen direnengan ere... sortuko da! Sortzen da! Gutxien uste dugun tokian ere sortzen da landaretxoa. Erreinuak indar handia baitu beregan!
Eukaristia ospa dezagun. Jainkoak bere Erreinuaren hazia ereiten du orain ere gure bihotzetan, eta gizon-emakume guztien bihotzetan. Utz diezaiogun Erreinuari hazten.