liturgi lagungarriak

Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).

HOMILIA

Gaurko ebanjelio-zatiak zedarrian kokatzen gaitu. Gaurko ebanjelio-zatiak garrantzi handia baitu Mateoren ebanjelioan. Pedrok egin duen mesiastasun-aitorpen honek, Nekaldiko bidean jarriko du Jesus, argi eta garbi. Eta nekaldiko bide honek sustrai-sustraitik aterako ditu mesiastasun politiko baten uste sasikoak. Gainera, gerora eliz tradizioan garrantzi handia izan duen Jesusen deklarazioaren aurrean gaude: «Harria zara zu».

Jesusek dakarren askatasun salbatzaileak baditu bere bitartekoak. Eta ez goitik behera zerutar euriz etorritako bitartekoak, hain justu. Pedro da bitarteko horietako bat. Jainkoak horrela nahi izan du. Jainkoak giza bideetan ez ezik giza erara ere jokatzen baitu. Hitza gizaki egin denetik, gizakia bitarteko egina izan da. Erabat gizatar bihurtu da Jainkoaren dohaina. Jainkoak, hain zuzen, Pedroren sendotasun-gainean eraiki nahi izan du Eliza. Pedrok sendotasuna demaio fedeari. Eta sendotasun horrek eragin berezia du. Askotan, kritikaren begirada estuak oso ikuspegi estura eramaten gaitu bitartekoak epaitzerakoan. Igande hau aproposa izan daiteke, behin baikere Pedroren ondorengoaren egitekoa, Aita Santuaren  egitekoa, begiratu eta maitatzeko.

Hala ere, Pedro ez dago dagoen tokian, bera zintzoa delako, bera argitasun bereziko gizona delako. Pedroren egitekoa ez da Pedroren zintzotasunean oinarritzen, ez, bere fede-aitorpenean baizik. «Nor naizela diozue?». «Zu Mesias zara, Jaungoiko biziaren Semea». Pedrok, noski, formula bat baino askoz gehiago esan du esaldi horretan. Esaldi horrek, Elizaren historia oinarritzen eta luzatzen duen jarrera gordetzen du bere barnean: Zu zara gure bizia, Zu zara gure garrantzizkoena, Zu zara gure itxaropen betea, Zuregan aurkitzen dugu gure giza betetasuna. Pedroren aitorpena handia izan da. Eta hori ez da Pedro berarengandik sortu. Aitorpen honen giharrea Jainkoaren dohaina da. Jainkoak argitu du Pedro federako.

Eta fede hori erreferentzi puntu bihurtua geratu da Elizaren historia guztirako. Hemendik aurrera bere fedea neurtu eta argitu nahi duenak, aski du Pedroren aitorpen honetan neurtzea. Aitorpen horrek elkartzen du Eliza. Pedro izango da, beraz, eliz elkartearen batasun lokarri. Pedrok eutsiko dio indarrean Elizaren komunioari, elkartasunari. Eta horrek esan nahi du apostoluen fedean oinarritzen dela betidanik gure eliz izatea. Eta Pedro da apostoluen buru.

Honek guztiak halako errezeloa sor dezake: administrazioa sortzen ari ote den Jesus, Pedrori gauza hauek esatean! Elizaren burokrazia! Eta ez da hori, noski. Jesusen misterioak irabazi digun askatasuna eskaintzen digu giza zerbitzu honetan. Eskura jartzen digu Jesusek bere salbamena. Ez daukagu ez dakit non eta ez dakit nola ibili beharrik salbamen hori nondik jasoko! Ez, gure mailan eman zaigu.

Horregatik, Paulok jo duen oihua. «Bai handia Jaungoikoaren eskuzabala, jakinduria eta ezaguera!». Misterio handia era gizatiarregian eman zaigula? Handiegia dela, horrenbeste gerturatzeko? «Ezin aztertuak haren erabakiak». Eta zenbaitetan oztopo-harri gertatzen bazaigu ere, Elizaren errealitateak bertatik bertara jartzen digu misterioa. Eta Elizaren giza maila ikusi eta bestea ez ikustea, ez litzateke ez zintzoa ez jatorra izango! Galde daiteke: Berri Onaren zerbitzuan horrenbeste miseria? Edo beste hau galde daiteke: horrenbeste miseriaren erdian, horrenbeste askatasun? Ea zerk harritzen zaituen gehiago, miseriak ala dohainak!

Gaur, inoiz egitekotan, otoitz egin behar genuke gure Aita Santuaren alde, gure Gotzainen alde. Eta eliz zerbitzuan sarritan bizi ditugun eskandaluak bere onean ikusten eta onartzen jakin behar genuke. Gauza handiak jarri zaizkigu gertura. Handiegiak gertuegira aukeran. Urrutian gelditu izan balira Jainkoaren dohain horiek, ez genituen zikinduko, baina urrutian geldituko ziren, eta ezin gozatu. Gure eskura jartzeak horrenbesteraino zikintzen du misterioa, baina gutxienez misterioa gertuan daukagu. Bakoitzak misterioaren neurria emango bagenu gure bizitzan! Bakoitzak geure fedea sendotzen dugun adinean, Elizak berak txukunago beteko du bere bitartekotza. «Zuk nor naizela diozu?». Erantzun nahi baduzu, aukera ederra daukazu eskura.

Ez genuke gauza bat ahaztu behar: Jainkoarengana ez gaituela hurbiltzen gure perfekzioak, gure akatsik-ezak. Jainkoarengana Jainkoaren dohainak berak hurbiltzen gaitu. Eta hori guk merezi ezin dezakegun zerbait da. Ez dugu, beraz, eliz zerbitzarien akatsez harritu behar, eman zaigun dohain ederraz baizik. Zer dute harrigarria gure akatsek? Baina bai dela harrigarri, horrenbeste akatsen artean ematen zaigun maitasunezko dohain ederra!

Jesusen bideetan elkar zerbitzen ikas dezagun. Gizon-emakumeen zoriona baita azkenean garrantzizkoa. Ez dezagun ahaztu denok garela Jainkoaren dohainaren zerbitzari gure ingurukoen aurrean. Guztioi gure fedearen aitorpena eskatu zaigu eta guztiok izan gara dohainaren zabaltzaile eginak! Ez genuke ahaztu behar! Dohain handiegia jarri zaigu eskura, eta dohaina gordetzeko era bakarra maitasunez zabaltzea da.

Eukaristia ospatzen dihardugu. Eta igandean, Eliz elkartasuna ospatzen eta gaurkotzen dugun asteroko Pazkoan aurkitzen gara. Komunioa lokarri sendoagoz lotzeko dohaina ematen zaigu. Alai eta esker onez ospa dezagun Jesusek eman digun elkartasun hori.

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.