liturgi lagungarriak
Litursgi lagungarriak
A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA eta SARREERA
Santu guztien festaburu eder honetan, bakea eta maitasuna eman dizkigun Jauna bego zuekin!
Senideok, garrantzi handiko jaia da gaur ospatzen duguna. Santu guztien eguna ospatzen dugu, Jainkoaren elkartasunean bizi diren garai guztietako gizon-emakumeen festa da, Jainkoarekin pozetan bizi diren haur, gazte, heldu eta zaharren festa. Beren bihotzak maitasunari zabaldu eta Jesu Kristoren eraginez jokatu dutenen festa. Orain maitasun neurrigabea gozatzen dutenen festa.
Eta santuei begira jarrita, haien senitarteko izatearen poza sentitzen dugu, eta haien bide beretik aurrera egiteko gogoa.
Une labur batez sar gaitezen geure barnera eta eska dezagun isilean errukia.
(Isil unea)
Eta orain otoitz egin dezagun elkarrekin. Mariak eta santu guztiek ere otoitz egin dezatela gure alde Jainkoaren aurrean.
Aitortzen diot...
PREFAZIOA
Santutasunaren iturri den Jainkoak bere maitasunaren dohainez bete gaitu. Oraintxe dugu esker onerako une aproposa. Bil gaitezen Elizaren otoitz nagusira poz-pozik.
GURE AITA
Fedean eta itxaropenean elkarturik, bata bestearen senide eta Aita beraren seme-alaba garenez, garai guztietako fededunekin bat egin eta kanta dezagun Jesusek irakatsi zigun otoitza.
B) IRAKURGAIEI MONIZIOA
1 - Gaur entzungo dugun Jainkoaren Hitza, pozezko eta esperantzazko hitz gozoa da. Zorion eskaintza dela esan genezake.
Aurrena, Apokalipsi liburuko poesi hizkeran Jaunaren bideen garaipena adieraziko zaigu. Gero, San Joanen zati labur eta bikain bat entzungo dugu. Eta, azkenik, Jesusek bere Erreinuko adierazpen paregabea egingo digu. Entzun dezagun arretaz.
HERRI-OTOITZA
Gure aurretik fedea bizi eta orain Jainkoaren aurrean aurkitzen diren senideekin bat eginik, egin diezazkiogun Jainko onari gure eskariak gizon-emakume guztien mesederako.
* Kristau guztion alde:
santuen bideari jarraituz, maitasun ederra bizi dezagula, elkar zerbitzatuz.
* Otoitz egin dezagun munduko gizon eta emakume guztien alde; batez ere, gerraren eta miseriaren samina sufritzen ari direnen alde:
Jesusen zoriontasunetan aurki dezaten bizitzeko poza.
* Jesu Kristorengan sinesten ez dutenen alde:
egiazko fedeak itxaropena sortzen duela ikus dezaten.
* Beharrean, gaixoaldian, tristuran edo etsipenean sufritzen duten guztien alde;
krisialdiak jotako guztien alde:
suma dezatela beren bizitzan Jainkoaren indar askatzailea eta guztion maitasuna.
* Hildako guztien alde eta, batipat, gure senide eta adiskide hildakoen alde:
Jainkoak santu guztiekin batera bere altzo argizkoan jaso ditzan.
Entzun, Aita, santu guztien jaia ospatzeko bilduta dagoen zure Elizaren otoitza. Emaguzu guri eta eman gizon-emakume guztiei zure maitasun betearen poza. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
HOMILIA
Nik ez dakit zuri zer esaten dizun gaurko festak, Santu guztien festaburuak, baina benetan maitagarria da gure senide santuen jaia! Baina maitagarriagoa eta harrigarriagoa santuen Jainkoa, santutasunaren dohaina egiten digun Jainkoa! Elizaren atal izatea askotan zailtasunez eta saminez bizi dugunontzat benetan pozgarria da, santuen Elizaren atal sentitzea! Benetan gozoa da, gure begiak Jesusen jarraitzaileengana jaso, eta haiei begira sortzen zaigun itxaropenaren indarra!
Eta, hala ere, santuak sarri asko antipatikoak gertatzen zaizkigu. Santu hitza ez zaigu gustagarria egiten. Gizon eta emakume handiak ikusi izan ditugu santuak, sekulako biziera latza bizi izan dutenak, bizi-maila harrigarriak lortu dituztenak, erraldoiak hitz batean, jiganteak. Guretzako handiegiak aukeran! Eta haien biziera ez zaigu askotan erakargarria gertatzen, geure burua ahulegi ikusten dugunoi. Ez dakit ez ote ditugun santuak mitifikatzen, haien antzeko izan beharrik ez sentitzeko.
Eta ulerkera mitiko hori ez da zuzena. Santu izatearen iturburua ez dago santuek egin dutenetan, santu izatea ematen duen Jainkoarengan baizik. Santu izatearen iturburua Jainkoak bekokian ezarri digun ezaugarri horretan datza: "Ez zigortu lurrik, ez itsasorik... harik eta gure Jaungoikoaren zerbitzariei ezaugarria bekokian ezarri arte". Jainkoak “ukitu” eta “markatu” egin gaitu. Eta begira zein den Jainkoak ezarri digun santutasun-marka ederra: "Begira zenbaterainoko maitasuna agertu digun Aitak: Jaungoikoaren seme-alaba izena daramagu, baita izana ere". Maitasunez markatuak izan gara. Maitasunaren ezaugarria ezarri zaigu. Jainkoak maitatu gaitu: horra santutasunaren oinarria. Bataioan, Eukaristian, Penitentzian, otoitzean... ezaugarri hori edo marka hori berritu besterik ez dugu egiten. Santu esan edo-ta maitatua esan, gauza bera esatea da.
Noski, maitasunak bizimodu berria eta berezia sortzen duela esango didazu. Jainkoak maitatu gaituela jakiteak, Jainko horren zerbitzari egin gaitu. Eta, San Joanek esan du, “horrexegatik munduak ez gaituela ezagutzen, Jainkoa ere ezagutu ez zuelako”. Eta hortxe hasten da santutasunaren edo santu bakoitzaren bide nabarmena. Jainkoaren maitasunaz jabetzeak, maitasunaz “markatua” izateak, Jesu Kristoren jokabide eta ibilbide bereziak josten dizkio barnean fededunari. Eta horretatik, munduak ulertu eta onartu ezin duen “zorionbidea” sortzen da. Apokalipsi liburuko hitzez hor hasten da “nekaldi handia”. Nork asma zezakeen, maitasunak nekaldia sortu behar zigunik? Eta jator pentsatuz gero ez da betere harritzekoa: Jainkoaren maitasuna ez al zen Jesu Kristoren gurutzean mamitu? Eta Jainkoaren maitasunak bide berak idazten ditu Jesu Kristorengan eta fededunarengan. Bai, jauna!
Santuak ez dira, beraz, beste planeta batetik jaitsitako izaki bereziak. Santuek santutasuna ez zuten berezkoa. Santuak ez ziren santu jaio. Santuek, maitasunaz jabeturik, Jesu Kristoren bide bera besarkatu zuten gogo onez. Zorionbide bezala, Jesu Kristoren bide bera besarkatu zuten. Eta munduaren erdian Ebanjelioko bide hori bizi izan zuten. Eta bide horren atarramendu ona gaur ikusten dute, Jainkoaren oinetan aintzaturik eta salbazioaren ederra kantatuz bizi direnean betiko. Gaur fededunok ikusten dugun ikusmira benetan bikaina da: munduak baztertutakoak, zorotzat edo jotakoak, aintzaturik, “Salbamena Jainkoarena” dela kantatuz.
Horregatik, gaurko festa honetatik argiune pozgarriak sortzen zaizkio gure fede-bizitzari. Hona batzuk:
Goazen, beraz, entzule, santuen fedea aitortuz, santutasunaren mahaira! Gaur poza dugu giro egoki. Kantuz, esker onez, bihotzaren zabalero handienaz, Jainkoak maite gaituela sinestu eta ospa dezagun. Jesu Kristo Pazkokoak bere santutasunaz marka gaitzala Eukaristian, santu izan gaitezen. Eta hori bai, entzuleok: zorion!, santu zaretelako!
Liturgi lagungarriak
A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Betiko biziaren emaile den Jauna, bego zuekin.
Igande honek gure hildakoen oroipena egitera gonbidatzen gaitu. Atzo ospatu genuen santu guztien ondoan ikusten ditugu gure hildako maiteak. Jesus bizi delako, bizia opa diegu gure senideei. Eta haiei opa diegun bizi azken gabeak esperantzara pizten gaitu gu ere. Ez gara heriotzerako eginak izan, gure Jauna bizien Jauna da. Eta bizitzea dugu gizakiok bokazio. Eukaristian gure bizi-bokazioa berrituko dugu, gure hildakoak gogoratzeaz batera.
Hasteko, Jaunaren errukiaren eskuetan uzten ditugu gure hildakoak; eta erruki horren eskuetan uzten dugu gure bizi bekataria ere.
– Jesus Jauna, gure itxaropenaren oinarri eta iturria. Erruki, Jauna.
– Jesus Jauna, gure bide, egia eta bizia zarena. Kristo, erruki.
– Jesus Jauna, bizien eta hilen poza zaituguna. Erruki, Jauna.
PREFAZIOA
Gure hildakoei bizia opa badiegu eta guk ere bizitzea baldin badaukagu, Jesus bizi delako da. Eskertu dezagun Jaunaren pazko-dohaina.
GURE AITA
Etor bedi zure erreinua, eskatzen dugu; biziaren erreinua, pozaren erreinua, seme-alabei dagokien erreinua.
B) IRAKURGIEN MONIZIOA
(Proposatzen diitugun irakurgaiak: Lam 3, 17-26; Sal 129; Erm 6, 3-9; Jn. 14, 1-6)
Igandero bezala, Jainkoaren hitza entzutera goaz orain. Konfiantzaz, esperantzaz, Jainkoak eskaintzen digun bizi berriaz ari zaizkigu entzungo ditugun irakurgaiok. Hitz hauek heriotzaren aurrean pozten gaituzten hitzak dira, eta Jesu Kristorekin bat eginik bizitzera eramaten gaituzten hitzak. Entzun ditzagun!
HERRI-OTOITZA
Senideok: eska ditzagun biziaren dohainak gizon-emakume guztientzat. Eta izan ditzagun gogoan hildako guztiak, geure gertukoenak batik bat.
• Duintasunik gabe, gosez, zapalduta hil diren guztien alde...
• Gerran edo gorrotoaren indarrez hil diren guztien alde...
• Istripuz hil direnen alde; lanean edo karreteran istripuz hil direnen alde...
• Gaixotasunaren eraginez hil direnen alde...
• Tratu txarrez erahilak izan diren emakumeen alde; terrorismoak hil dituenen alde...
• Geure etxean eta familian hil direnen alde...
Entzun, biziaren Aita, gure eskariak. Jaso itzazu zeure magalean gure hildako maiteak. Hala eskatzen dizugu Jesu Kristo gure Jaun berpiztuaren bitartez.
HOMILIA
Atzo santu guztien eguna ospatu genuen esperantza ederrean. Gure senide jatorrenengan Jainkoaren egintza aitortu eta goretsi genuen. Baina ezin gara horretan gera. Baditugu gure gertuan hildakoak, eta horiek ere, santu ez aitortu arren, Jainkoaren ondoan eta altzoan ikusi nahi ditugu, eta hala aitortu. Azken batean, gure gertuko horiek ere maite izan baititu gure Jainkoak, eta Jainkoaren maitasunak ez ditu bere maiteak sekula eta inolaz galtzen uzten.
Horregatik gaur gure hildakoak gogora eta otoitzera ekartzean, esperantzari beste bultzada ematen diogu. Izan ere, ez gara ari gure senideek egindakoak goraipatzen. Ari gara Jainkoak haiengan egindakoak gogoratzen eta goratzen. Jainkoaren maitasunean dugun konfiantzari heltzen diogu gerri-gerritik, eta konfiantza horretan salbatuak eta askatuak ikusten ditugu geure hildakoak, geure maiteak.
Otoitz ere egiten dugu. Azken batean, Jainkoarengan dugun uste horretan gertatzen baita benetako askatasuna. Eta askatasun hori ez dukagu geure esku. Dohaina da. Doakotasunez ematen zaigun dohaina. Eta hori, dohain hori, eskatu eta eskertu egiten dugu bihotzetik. Eukaristia hau, uste onezko otoitz eta uste onezko gorespen izango da.
Gaurko egunak, beste aldetik, heriotzaren errealitatea ere ekartzen digu berrien aurrera. Gure maiteak hil egin dira, ez daude hemen. Eta heriotzaren zauri handia hor dago beti geure inguruan eta geure barruan. Gure giza zoria zuztarretik mozten duen heriotzak poza kentzen digu bihotzetik, eta ezintasunaren garrasia joarazten digu indarrez. «Bakea kendu didate eta zorionaz ez naiz gogoratzen. Indarrak ahitu zaizkit eta Jaunarengan nuen itxaropena ere bai». Heriotzaren misterioa, misterio beltza da. Eta zer egin dezakegu? Buruz ikasitako esaldiak erabili?
Gaur, hildako gure senideak gogoratzean, heriotzaren errealitatea bere astunean eta bere ilunean jaso nahi dugu. Ez diogu errealitateari gure atsegin arinen hegoetan ihes egin nahi. Heriotzak sortzen duen angustia eta estuasuna bere gordinenean barneratu nahi dugu. Izan ere, heriotza, detaile txikietan bada ere, beti etortzen ari baitzaigu. Adina, gaixotasunak, mugak, etenak... Era askotara ari zaigu heriotzaren pisua gainera erortzen. Eta heriotzaren aurrean hitzik gabe geratzen gara. Errealitate handiegia eta indartsuegia da, berari aurre egiteko.
Baina, «Jaunaren errukia ez da amaitzen, beraren onberatasuna ez da ahitzen; goizero berritzen da». Horixe dugu esperantza. Heriotzaren iluntasuna argi dezakeen gauza bakarra, Jaunaren erruki eta maitasun azkenik gabea da. Jaunarengan itxaro dutenei ez die heriotzak bizi-zilborrestea ebakiko. Jaunarengan uste on duena betiko bizi da, Jaunarengan bizi baita. «Ona da Jaunaren salbazioa isilean itxarotea». Isilean, ezin dugulako ezer arrazoizkorik esan. Baina arrazoizko guztien gainetik Jaunaren maitasuna gailentzen da.
Hori horrela izanik, «ez izan kezkarik: sinetsi Jainkoarengan». Jesusek, bere pazko misterioaz, bizia irabazi digu, sekula amaitzen ez den bizia. Jesus dagoen tokian egotea dagokigu, bizi betean. Jesusek bere bizia eman digu, eta haren biziaz bizi gara eta biziko gara. Berekin eraman gaitu, maitasunak ez baititu maiteak eskutik uzten. Maitasun horren kolorez begiratzen diogu heriotzari. Maitatu gaituen Jainkoaren bihotzetik galbahetzen dugu heriotzaren esperientzia iluna. Eta ikuspuntu horretan esperientzia ilunena ere argiz pozten da. Heriotza ere bai.
Gaur, beraz, biziaren garaipena ere ospatzen dugu. Gure senide hildakoei onena opa badiegu, Jainkoa garaile delako opa diezaiekegu. Jainkoak maitatu gaituelako, maita ditzakegu azkenik gabe gure senideak. Hauek denak ideia hutsetan gera daitezkeela? Bai, noski. Baina, hauek denak bihotzarentzako poz-iturri bihurtzeko, badakigu bidea, Jesus da bidea. Eta, San Paulok bigarrenean esan digun bezala, hartu dugun bataioak kateatzen gaitu Jesusen bizi-emanarekin. Bataioan Jesusen bidea geuretu dugu, eta orain Jesusengan bizi gara.
Hona bada, senideok, gaur ematen zaigun erregalua: gure hildakoak gogoratuz bizia ospa dezakegula. Eukaristia honi esker, biziaren dohaina hartuko dugu berriro. Eta itxaropena indartu eta bizitzak dituen esperientzia guztiak poztuko ditugu, baita heriotzaren esperientzia iluna ere. Jesus bizi da eta gurekin dago. Jesusengan gure hildakoak bizi dira, eta haiek ere gurekin daude. Eta gu ere bizi gaitezke, Jesusek bere bizia ematen baitigu. Hitz hauekin poztu dezagun elkar!
Liturgi lagungarriak
A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Gure bihotzen Jauna den Jesusen bakea, zukin!
Gure eguneroko bizitza ez da giro errazean gauzatzen askotan. Gure gizarte sekularizatu honek baditu bere alde gozoak eta bere alde mikatzak. Kosta egiten zaigu munduko errealitateetan Jainkoaren presentzia sumatzea. Eta, hala ere, munduko gauza eta gertakizunetan ere Jainkoa bere maitasuna eskaintzen ari da atergabe. Gaurko Eukaristia honetan Jainkoaren presentzia sumatzen ikasi behar dugu.
Geure munduko jardueratik Jaunaren mahaira gatoz, han bizi duguna hemendik argitu eta gozatzeko. Jar gaitezen Jaunaren aurrean begirada garbiz, eta poztu dezagun bihotza.
Hasteko, eska dezagun ospakizunerako eta bizitzarako bihotz garbia.
– Jesus Jauna, Jainkoak mesias izateko igurtzia. Erruki, Jauna.
– Jesus Jauna, gure fede, itxaropen eta maitasuna. Kristo, erruki.
– Jesus Jauna, gure Jaun eta Jainkoa. Erruki, Jauna.
PREFAZIOA
Jainkoak bere maitasunez inguratzen du gure bizitza osoa, Elizakoa eta gizartekoa. Eskertu dezagun Jaunaren presentzia indartzailea.
GURE AITA
Jesusek irakatsi digun bezala eta mundu guztian Jaunaren Erreinua gauzatu dadila eskatuz, esan dezagun.
B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1 - Jainkoak edozein eratara eraman ditzake aurrera bere asmoak. Kasu honetan atzerriko Ziro erabiltzen du Jainkoak, bere herriari bere maitasuna erakusteko. Jainkoak gidatzen baitu bere herriaren bidea.
2 - Itun Berriko idazki zaharrena irakurtzeari ekiten diogu gaur. Berak sortu zuen elkarte bati idazten dio San Paulok, eta Ebanjelioa zabaltzeko eginkizunean adoretzen ditu.
HERRI-OTOITZA
Eskariak egiteko unea dugu. Ireki ditzagun gure begiak gizartera eta hango beharrak eta ezinak aurkez diezazkiogun gure Jainkoari.
– Eska dezagun Jaunaren maitasuna gizon-emakume guztientzat, Jainkoaren presentziaren poza senti dezaten eguneroko lan eta jardunean.
– Eska dezagun Jaunaren hurbiltasuna sufritzen ari diren guztientzat; batez ere, ezbehar, eraso edo injustiziaren batengatik sufritzen dutenentzat.
– Eska dezagun Berri Onaren poza beste pozik ez daukatenentzat. Gogoan izan ditzagun gure gaixoak, erietxeetan edo geure etxeetan sufritzen ari direnak.
– Eska dezagun langile eta enpresarientzat gizartea aurrera ateratzeko barru sendoa. Horien lana eta ahalegina bedeinka ditzala Jaunak onez eta pozez.
– Eska dezagun Jaunaren erreinua zerbitzatzeko adorea geuretzat eta gure elkartearentzat. Jaunak ebanjelizatzaile bihur dezala gure eguneroko lana.
Entzun, Aita ona, gure eskariak eta emaguzu beti eta nonahi zure nahia egiteko arnasa. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
HOMILIA
Betikoa izan da Jainkoa eta politika nahasteko tentazioa. Gizaldiak zehar, eta batez ere Erdiaroan, ahalegin sakon eta luzeak egin izan dira, Jainkoaren Erreinua politika-proiektu jakin batekin lotzeko.
Oraindik urte asko ez dela, askok ezagutu dugu, gertuagotik edo urrutiagotik, «nazional katolizismoa» bere jainkozko asmoekin. Eta era estaliagoan izanik ere, gaur oraindik bizirik jarraitzen du betiko tentazio teokratikoak. Alegia, Jainkoa eta Zesar elkarrekin nahastu nahi ditugula oraindik ere. Dirudienez, zenbait tokitan eta zenbait garaitan, baliozkoa gertatzen zaio zenbait alderdi politikori, Jainkoa bere alde duela esatea eta agertzea. Jainkoak oraindik ere botu bakarren bat ematen ote du?
Beste ertzeko tentazioa ere ez da batere txukuna. Politika deabrutzea. Politika deabruaren ekintza eta egintza bezala begiratzea. Politikagintza guztia gaitzetsi nahi dute bateren batzuek.
Zenbaitentzat, politikan sartzea boterearen borrokan sartzea da, eta horrek ustelkeria dakar berekin. Gure egunotan politika-giroan bizi dugun ustelkeria izugarria, politikaren berezko emaitza ikusten dute batzuek. Politikari berez darion fruitua. Horientzat ez dago politika txukunik.
Bien artean, fedea politika-militantziaren iturritzat ikusten dutenak daude. Fededun izateak, Jainkoarekiko harremana bizitzeaz gain, gizarte zuzenagoa eta bizigarriagoa egitea dela pentsatzen dute horiek.
Eta, beraz, fededunak politika egin behar duela esango dizute. Fedea ez baitute ikusten otoitz egiteko sentimen huts bezala. Fededun izateak eta Jainkoarekin harremanetan bizitzeak, Jainkoaren nahia munduratzeko ahaleginean lotzen ditu.
Badira, bai, politikan baldin badabiltza, fededun direlako dabiltzanak. Fedearen eskakizunez izan ez balitz, ez ziren sekula politika-borroka horretan sartuko.
Eta esan behar da, gai honetan ez dagoela neutrala izaterik. Askotan esaten dugu: «Ni apolitikoa naiz». Beharbada, ez naiz egongo erakunde zehatz batean afiliatua; ez naiz sindikatu baten kide izango. Baina, nahi edo ez nahi, politika egiten ari gara botua ematen dugunean edo eman nahi ez dugunean, geure iritziak azaltzen ditugunean, gure herriko gertakizunak hizketatzen ditugunean; lantegiko arazoez mintzo garenean; edo, otoitz egitean, munduko gosetuen eta baztertuen alde eskatzen dugunean, munduarentzako bakea eskatzen dugunean, politika egiten ari gara.
Jesusek «Jainkoari Jainkoarena eta Zesari Zesarena» emateko esan zigun. Jainkoa ez nahasteko gure asmo eta erakundeetan. Jainkoa geure interesetara ez tolestatzeko. Era askotako politika egin daiteke, Jainko berarengan sinetsiz. Eta ezin dezake inork Jainkoa bere alderdira makurtu. Jainkoak, nahi den politika-aukera erabil dezake bere asmoak aurrera ateratzeko. Ikusi bestela lehenengo irakurgian Ziro paganoaren buruz esandakoa.
Fededunak argi ibili behar du bere aukera egiterakoan. Bereizi egin behar du une bakoitzean. Ebanjelioko asmoak aurrera ateratzeko zein ote da politika-aukerarik egokiena? Eta zintzotasunez egin aukera.
Izan ere, badira ezaugarri batzuk fedearekin eta Ebanjelioarekin hobeto uztartzen direnak. Hala nola, behartsuen eta baztertuen aldeko politika-eskaintza askoz hobeto dator Jesusen asmoarekin, agintekeria edo intereskeria edo botere-borroka soila baino. Horrek eskatzen du, eguneroko bizitza eta gizarteko errealitatea fedetik irakurtzen ikasi eta jakitea.
Eta horretarako, fededunak bere begiak irekirik eta oso zabal irekirik eraman behar ditu. Fededuna ezin daiteke jendearen bizigiroa alde batera utzita bizi. Gizon-emakumeei gertatzen zaien orok oso gertutik erasaten dio fededunaren bizitzari.
Eta fededunak, gizon-emakumeentzat onena irizten dionari eman behar dio bere botua. Kristauak ere politika egiten du eta egin behar du!
Ezin dezakegu ahaztu Jainkoari zor gatzaizkiola, Jainkoarenak gara.
Liturgi lagungarriak
AGURRA ETA SARRERA
Maitasun handiz maite gaituen Jainkoa, zuekin!
Kristauok askotan, alferrikako gauzetan edo bigarren mailako gauzetan denbora galtzeko arriskua izan ohi dugu. Eta gauza garrantzizkoena ahaztuta utz dezakegu, geure fedeari oinarrizkoa zaiona, alegia. Eta oinarrizkoa zer den noizean behin gogoratu beharko genuke. Maitasuna da garrantzizkoa. Jainkoarekiko maitasuna eta behartsuekiko maitasuna. Maitasunik ez badugu bizi, beste guztia sentidurik gabe geratzen zaigu. Ospakizun honetan entzungo dugun Jainkoaren Hitzak maitasuna jarriko digu bistan: Jainkoa eta lagun hurkoa zerbitzatzea.
Hasteko, Jainkoaren aurrean isilik prantatu eta eska dezagun gure barruarentzat errukia.
– Jesus Jauna, zu zara Aitaren maitasun betea. Erruki, Jauna.
– Jesus Jauna, zu zara gure biderako maitasun-indarra. Kristo, erruki.
– Jesus Jauna, zu zara gizadi osoaren bizi eta poza. Erruki, Jauna.
Prefazioa
Maitasunaren Jainkoa eskertzeko unea dugu orain. Maitasunera erakarri gaituen Jainkoa eskertu dezagun bihotz-bihotzetik.
Gure aita
Jesu Kristok irakatsia gogoan dugula, maitasunaren Jainko Aitari begira, esan dezagun beldurrik gabe eta konfiantza osoz.
B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1 – Ebanjelioan Jesusek gure agindu eta lege nagusiaz hitz egingo digu. Hura entzutera prestatuko gaitu lehenengo irakurgai honek. Entzun dezagun zein den Jainkoaren nahia pobre, ahul eta zapalduei dagokienez.
2 – San Paulok, berak berritu zuen kristau-elkarteaz hitz egingo digu. Elkarte hori ematen ari den testigantza ederraz jardungo zaigu. Gure fedearentzat ereduzkoa Tesalonikako elkartea!
HERRI-OTOITZA
Aita onari aurkez diezazkiogun geure beharrak eta maite ditugun behartsuenen beharrak.
– Eliz elkarte guztien alde eta munduan sakabanaturik bizi diren kristau guztien alde…
– Munduko herri guztien alde; zailtasun bereziak bizi dituzten herri guztien alde...
– Sufritzen ari diren guztien alde; gure gaixoen alde; maitasunik gabe sufritzen dutenen alde…
– Tratu txarrak jasotzen dituzten emakumeen alde; inolako babesik ez duten zahar eta haurren alde…
– Geure alde; gure senide eta adiskideen alde; gurekin topo egingo duten guztien alde…
Errukiaren Aita, maitasun ororen iturburu eta indarra, entzun gure eskariok eta ase itzazu gure bihotzeko nahi on guztiak. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
HOMILIA
Kristau-bizitzari buruz eta kristauak egin beharrekoei buruz, asko eta luze hitz egin daiteke. Azterketa eta programazio luze-zabalak egin daitezke. Mila ñabardura eta aberasgarri gogoeman dezakegu horretaz. Baina, Jesusek ez du zeharbide asko erabiltzen gauzak garbi esateko: kristau izatearen zuztarra eta ardatza maitasuna da, eta ez dago besterik. Kristau izatea maitatzea da. Jainkoa gauza guztien gainetik maitatzea eta besteak geure burua bezala maitatzea.
Jainkoa maitatzea, aurrena. Eta hemen ere ez da teoria handirik behar. Jainkoarengan oinarritzea gure bizitza guztia. Tesalonikarrek egin dutena: sasi-jainkoak utzi eta Jainko biziarengana itzuli. Gure bihotzaren eta gure sentimenduen eta gure jarduera guztiaren erdigune Jainkoa jarri. Eta Jainkoa maitatzeak, haren hitza entzutea esan nahi du. Harekiko harremana afektibitatez bizitzea, ez baikabiltza irudi poetiko eta filosofiko batekin. Jainkoarekiko harremanak gure biziaren sustraiei eragin behar lieke, benetako maitasun izatekotan. Jainkoa norbait baita, azkeneraino eta bete-betean maite izan gaituen norbait. Jainkoa ez da zerbait lausotua. Jainkoa ez da ideia bat. Jainkoa ez da filosofia bat. Jainkoa ez da, guztiaren atzean eta azpian dagoen fondo bat.
Zertan zehazten den Jainkoarekiko maitasuna? Zertan izango da ba? Berarekiko harremana zaindu beharko dugu, aurrena. Otoitza, baina harreman bezala bizitako otoitza. Ez da errezoetan jardutea, harreman afektiboa bideratzea eta indartzea baizik. Haren nahia bilatu eta betetzea. Horrek haren hitza entzutea esan nahi du. Jainkoa bizitza eta egintzaren argitasun eta muin bihurtzea da.
Baina Jainkoarekiko maitasun-harreman honek ez gaitu engainatu behar. Bestela, hainbestetan bezala, gure kristautasuna teoriazko jarduera ihesle bihurtuko dugu. Eta hori ez da kristauarena. Hori ez da Jesusena. Jainkoarekiko harreman horrek badu epaia edo badu irizpidea: lagun hurkoarekiko maitasuna. Lagun hurkoa maitatu behar da, bestela Jainkoarekiko maitasuna ideia hutsa edo gezur hutsa izango litzateke. San Joanek beste hartan esaten duena: «Norbaitek esaten badu: “Nik Jainkoa maite dut”, baina bere senidea maite ez badu, gezurti hutsa da; ikusten duen senidea maite ez duenak ezin dezake maite ikusten ez duen Jainkoa» (1Jn 4, 20).
Jainkoarekiko maitasunak eta lagun hurkoarekiko maitasunak, beraz, elkar epaitzen dute. Jainkoarekiko maitasunak lagun hurkoa maitatzera eramaten gaitu eta lagun hurkoarekiko maitasuna bide zuzena da Jainkoarengana joateko. «Maite duena Jainkoagandik jaio da eta ezagutzen du Jainkoa» (1Jn 4, 7). Maitasuna dagoen tokian han dago Jainkoa, eta Jainkoa dagoen tokian han dago maitasuna. Maitasunaren irizpidea erabatekoa da, eta ez du inolako ihesbiderik uzten.
Horretatik ikusten da, kristauarentzat inportanteena, inportante bakarra ez bada, maitasuna dela. Beste guztiak maitasuna indartzeko balio duen neurrian balio du. Maitasuna bihurtzen zaio, beraz, kristauari beste ekintza guztien erreferentzi puntu. Maitasunik ez dagoen tokian dena hutsa eta sentidu gabea gertatzen da. Maitasunak betetzen du kristauaren eta pertsona ororen barne-bokazioa. Maitatu, denak maitatu. Maitatu eta barkatu. Inor baztertu gabe maitatu.
Baina, lagun hurkoarekiko maitasun honek badu zehaztasunik gaurko irakurgaietatik begiratuta. Denak maitatu behar dira, baina Jesusen maitasunak bazituen bere lehentasunak eta bere berezitasunak. Eta gure maitasunak ere behar ditu bere lehentasunak eta berezitasunak. Pobreak, txikiak, baztertuak, horiek dira Jesusek bereziki maite zituenak. Gaur entzun dugun lehen irakurgaiak gordintasun guztiaz hitz egin digu. Alarguna, umezurtza, behartsua, etorkina ziren orduko pobreak eta ahulak. Eta horientzako maitasun berezia eskatzen digu Jesusek.
Gaur ere gure kristau-maitasunak baditu bere zehaztasunak. Bat, etorkinekiko harremana da. Zenbat jarrera eta jokaera arrazista bazterretan. Zenbat ezbehar eta desastre bazterretan etorkinei ateak ixten dizkiegulako. Zenbat hildako geure itsasoetan. Zenbat komentario negargarri etorkinei buruz! Zenbat bereizketa iguingarri gure gizartean! Baina Jainkoaren Hitzak ez du zirrikitu handirik uzten jokaera horientzako: «Ez egin arrotzari, ez zapalketarik, ez nahigaberik, zuek ere Egiptoko lurrean arrotz izanak baitzarete». Ulertzen da, ezta? Jesusen eta Bibliaren proposamena oso argia da. Argiegia ere!
Gure herriko berradiskidetze-beharra izan daiteke beste zehaztasuna. Armak isildu ziren, egia da; baina oraindik urratu asko dago sendatzeko, samin asko goizatzeko, barkazio asko eskatu eta emateko…
Maitasunaren lege honek izan ditzake beste zehaztasun asko: gure familian, auzoan, lantegian… Bakoitzak begiratu beharko dugu geure barrura, maitasuna nola bizi dugun ikusteko. Honek guztiak ez du esan nahi, maitasunak zailtasun guztiak kentzen dituenik. Gure elkarbizitzan beti izan dira eta izango dira zailtasunak eta ezinak. Baina maitasunak badaki pertsonari begiratzen eta arazoak pertsonaren zerbitzura konpontzen. Pertsona bere duintasunean salbatzea baita garrantzizkoa.
Eukaristia ospatzeak maitasunaren mahaira gakartza. Jainkoak hemen erakutsiko digu bere maitasun neurrigabea. Hemen maitatuko dugu Jainkoa. Eta hemen hartuko dugu lagun hurkoaren maitasunerako ogi indartzailea. Ospa dezagun maitasunaren misterio handia!
Liturgi lagungarriak
A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Bere maitasunaren mahaira gonbidatzen gaituen Jainkoa izan bedi zuekin!
Denok izan nahi dugu zoriontsu. Nahi hori bihotz-barruan josi-josia daramagu denok. Ondo bizitzeko adina eduki nahi dugu, ez dugu tristurarik eta atsekaberik nahi, eroso bizitzearen gozotasuna edan nahi dugu, maitatu egin nahi dugu eta maitatuak izan nahi dugu. Ez al da horrela?
Eta geuretzat nahi dugun hori, gure ingurukoentzat ere nahi dugu. Sufritzen duten guztientzat poza nahi dugu.
Ederra badakizue zer den? Jainkoak ere zoriona nahi duela guretzat. Zorion hori opa digulako biltzen gaitu igandero bere mahaira. Erreinuko zorion betearen hasiera hementxe ematen zaigu ogi eta ardo egina. Eta zorion hori haziarazi eta gehitzea dugu eginkizun, zorion betera iritsi bitartean.
Zorionerako bihotz berria eska dezagun isilean.
– Jesus Jauna, zeure etxean bizitzera gonbidatzen gaituzuna. Erruki, Jauna.
– Jesus Jauna, eztei-otordura biltzen gaituzuna. Kristo, erruki.
– Jesus Jauna, gizaki guztiak zeure Erreinuan bildu nahi dituzuna. Erruki, Jauna.
PREFAZIOA
Jainkoak bere otordura gonbidatu gaitu, bere zorionera. Eskerrak eman behar dizkiogu, zoriontsu izatea dohaina baitugu.
GURE AITA
Jesusek irakatsi digun bezala, eta mundu guztiarentzat Erreinuaren zoriona eskatuz, esan dezagun poz handiz.
B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1 - Etorkizuneko otorduaren berri ematen digu profetak. Han iznago da janari-edarri binainik. Han goizatuko dugu. Jesusen Erreinuaren aurre-ikuspena da hau.
2 - Paulok bihotzez eskertzen dei filipotarrei egin dioten erregalua. Haien ardurak bihotzean ukitu du Paulo.
HERRI-OTOITZA
Otoitz egin diezaiogun zeruko Aita onari. Eska diezaiogun bere zorion-otordua iritsi dadila gizon-emakume guztiengana.
– Otoitz egin dezagun munduko edozein bazterretan, zorionean bizitzeko adina ez daukaten gizon edo emakumeen alde, haur eta adinekoen alde...
– Otoitz egin dezagun gure inguruan dauzkagun behartsuen alde, gure kaleetan edo etxe-zokoan maitasunik gabe eta bazterturik bizi direnen alde ...
– Otoitz egin dezagun Hirugarren Munduan zoriontsu izateko inolako aukerarik gabe bizi direnen alde. Sufritzen duten guztien alde...
– Otoitz egin dezagun, mundu hau zuzenago eta gozoagoa izan dadin lanean saiatzen diren guztien alde. Herrietako agintarien alde ...
– Otoitz egin dezagun eliztar guztion alde. Jainkoaren maitasuna erakusteko erantzukizuna daukagun guztion alde...
Entzun, Aita ona, gure otoitza, eta isur zure maitasuna mundu guztiaren gainera. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
HOMILIA
Senideok, bere Erreinuko eztei-mahaira gonbidatu gaitu gure Jainkoak. Doan gonbidatu gaitu. Guretzat ustekabeko deia izan da. Gu gauden eserlekuek ez zeukaten gure izena hasiera batean; eta, hala ere, hemen gaude, eztei-otorduaren festa eta edertasun betea gozatzen. Deituek ez baitzuten etorri nahi izan; eta haien ordez guri iritsi zaigu deia. Orain ez al zaigu gertatuko, guk ere jaso dugun deia hondatzea. Ez al zaigu gertatuko, deia debaldekoa delako, serio ez hartzea. Eta, ondorioz, ez al zaigu gertatuko, pozetan hasi den festa, frustrazio aspergarri gertatzea.
Jainkoaren deia serio hartu behar dugula esatea, ez da ezer asko esatea. Juduek, lehenengo gonbidatuek, ez zuten deia entzun nahi izan. Ez zioten Jainkoari sinetsi. Ez zioten, egiten zien dohain ikusgarria onartu. Drama ikaragarria benetan judu herriarena!: historia luze eta grinatsu baten buruan, Jainkoak betetasun-eskaintza egin zion. Jesusengan askatasun betea bidali zion. Eta ez zioten antzeman Jainkoaren eskaintzari. Ez zioten antzeman, gizaldietan zehar une honetara gidatu zituen Jainko maiteari. Eta deia galdu zuten. Gonbita baztertu zuten.
Eta judu herriaren ezetzak gure etxeko ateak ireki ditu. Jainkoak herri guztietara zabaldu zuen bere gonbita. Jainkoak herriz herri, txokoz txoko, pertsonaz pertsona, bidali zituen bere mezulariak. Eta era guztietako jendea izan gara deitua. Ez zaigu galdetu nolakoak garen. Ez zaigu nortasun-agiria eskatu. Ez zaigu galdetu zer egin dugun edo zer utzi dugun egiteke. Etortzeko esan zaigu. Eztei-jantokira sartzeko esan zaigu. Eta geure bizitza galduaren bide-ertzetik Erreinuko otordura etorri gara. Juduen galera gure zorion bihurtu zaigu! Haiek itxi duten atea guri ireki zaigu.
Eta hau ederra da, esanak esan. Jainkoaren ilusio guztia erakutsi zaigu. Eztei-otordu hau eskaintzea baitzuen Jainkoak amets. Egun honetarako egin gintuen. Era guztietako jaki eta edariak prestatu dizkigu Jainko maitaleak. Eta bere ilusio handiaren egunean dei egin digu, dei egin dit. Etortzeko eskatu dit. Heriotza, tristura, bizi-ezina, lotsa, beldurra... hori dena desegin du Jainkoak, bere eztei-egunean poza et askatasuna besterik izan ez dezagun. Gaur esan dezakegu lehenengo irakurgaiarekin: “Hara gure Jainkoa. Hau da guk salbatzaile itxaro genuen Jauna. Poztu gaitezen eta alaitu salbatu gaituelako”. Sinesten al dugu salbamen-egun ederrera izan garela deituak?
Beharbada, deituak izan garela esatea normala iruditzen zaigu, deituak izatea normala iruditzen zaigun bezala. Baina ez da normala! Ez zitzaigun eta ez zaigu tokatzen. Erregaluzko dohainaren seme-alaba gara. Hau ez da gurea! Betidanik fededun izan garenoi ulertzea gehien kostatzen zaiguna hauxe da: daukagun fedea, daukagun dohaina merezi gabea dela onartzea. Jaiotzatik gara fededun eta sekula ez dugu pentsatu zergatik garen fededun. Sekula ez dugu pentsatu, beste asko bezala federik gabe bizi gintezkeela. Beharbada sekula ez dugu pentsatu, Jainkoaren berririk gabeko jendea izan gintezkeela, horretarako Afrikan jaio beharrik gabe. Eta, hala ere, fededun gara! Hala ere, Jainkoaren maitasuna daukagu! Eta doan, debalde! Bekatari izanik, eta badaukagu!
Jakina, honek guztiak planteaketa sakona egitera ekarri behar gaituela iruditzen zait. Aurrena, enteratu al naiz nolako deia egin zaidan? Lehenengo gonbidatu haiek bezala, ni ere ez ote nabil bestelako arazoetan sakabanatua, dispertsatua. Ni ere ez ote nabil beste gauza askotxoz kezkatua, Jainkoaren deia serio hartzeko! Ez ote dauzkat aurreragoko eginbeharrak?! Lana, familia, osasuna, lagunak, bilerak, negozioak... Geure buruari galdetu beharko genioke ez ote gabiltzan bizi-ardatza galduta. Gurdi baten bi gurpilek ardatza galduko baluite bezalatsu: gurpil bakoitza alde banatatik dihoa, eta gurdia ezin ibili! Jainkoaren erreinuak zer-nolako tokia ote dauka nire bizitzan? Sakabanaturik ibiltzeak kalte handia egiten digu: zorionaren bila bai, bagabiltza, baina non eta nola? Hemen tragoxka, han tragoxka, baina sekula santan bizitzari zorion-trago sakon eta betea zurrupatu gabe. Ardatza falta denean, pertsonak bere integrazioa galtzen du, eta non dabilen ere, ba al daki ba! Errazena planteaketarik egin gabe bizitzea da, hori badakigu. Segi han eta hemen, honuntz eta haruntz, baina barrua sakabanaturik eta geu ez garela!
Bada egin beharreko beste galdera bat ere: agian lehenengo gonbita jaso eta onartu dugu, eta eztei-mahaira etorri gara. Ondo! Baina ez ote zaigu gertatuko, jantzi egokirik gabe zegoen hari gertatu zaiona, ezta? Ezteietara etorri eta nolanahi? Festa-jantzirik gabe? Eta jantzi egokiak esatean zer esan nahi da? Badakizu zer esan nahi den? Esker ona! Poza! Eta hau ere galdetu behar diogu geure kolkoari: ea eskertzen dugun jaso dugun dohaina. Ea harriturik bizi garen hainbesteko deia jaso dugulako! Izan ere, lehen esan dut, normala iruditzen baitzaigu dena! Normala fededun izatea. Normala Jainkoa aita dugula esatea! Normala pozik bizitzea! Normala otoitz egitea! Normala Eukaristia! Normala Jainkoaren hitza! Normala familia! Normala dena! Eta normal-kutsu horrek guztia baliogabetu egiten du. Dena lardaskatzen du. Maitasuna galtzeko erarik zuzenena, maitasunaren harridura eta doantasuna galtzea da! Maitasunak bere zoragarritasuna galtzen duenean, maitasuna beste gauza askoren artean normala iruditzen zaigunean, bihotza galdu dugun seinalea da! Eta orduan dena hiltzen da!
Eta betidanik fededun garenok badugu arriskua, Elizan ibili arren, zertan gabiltzan ez jakitekoa. Gauzak eta hitzak errepikatzearen poderioz, gauzen eta hitzen enbrujoa galdu egiten baitugu. Eta ba al dakizue zer bizi dugun eta zer nolako hitzak esaten eta entzuten ditugun? Gaur, eztei-mahaian eseririk, bihotzari gaztetu sakona eman behar diogu. Bihotza dohainaren ardatzera ekarri behar dugu, hartan integraturik zoriontsu bizi dadin. Bagira: gaztetan ez da integrazioaren beharrik sentitzen, gazteak helduleku asko baitu. Baina, behin berrogei urte inguruz gero, zaila da barrua integratu gabe pozik bizitzen. Barrutik integraturik eta ardatz sendo baten inguruan bizi ez dena, nekez arituko da sentiduz ezertan. Fededun, zein da, zer da, Nor da, zure ardatza, zure sentidua, zure dohaina?
Eukaristia honetan ere, eztei-mahaian aurkitzen gara. Atera ditzagun kontuak. Jantzi dezagun barrua festaz eta esker onez, Jauna datorkigunean, Erreinua goza dezagun!
Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.