liturgi lagungarriak

hgdgfhdh

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Esperantzaren Jainkoa, Espiritu Santuaren egitez pozez eta bakez edertzen gaituena, bego beti zuekin!

 

Jainkoak deituta bildu gara hemen, Espirituak erakarrita, igandeko Eukariatia ospatzeko. Jainkoak beti agertzen baitie gizon-emakumeei bere maitasuna, eta maitasunaren bidera erakarri nahi baititu. Aitaren mahastiko langile izateko enkargua daukagu. Igande hau, Errosarioko igandea dugu. Arantzazuko etxe honek Mariaren presentzia berezia bizi du eta berak lagunduko gaitu ospakizunean. Esker onaren kantu ederra burutu behar dugu denon artean.

 

Eta aurrena, gure bihotzak ireki ditzagun zabal-zabal Jainkoaren errukitara, gure bekatua aitortruz.

 

– Jesus Jauna, Aitaren mahastira ekarri gaituzuna. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, zure arduraren babesez zaintzen gaituzuna. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, zeure gorpuzkide egin gaituzuna. Erruki, Jauna.

 

 

PREFAZIOA

Gaurko ebanjelioak ederki asko gogorarazi digu, nola salbatzen gaituen Jainkoak atergabe. Batez ere, bere Semearen bidez eman digun askatasun ederra gogorarazi digu. Hona eskerrak emateko une aproposa. Eskertu dezagun Jainkoak eskaintzen digun askatasun bikaina.

 

 

GURE AITA

Gu gara Aitak aldatu duen mahastia. Mahatsondo beraren aihenak bezala elkartzen gaituen otoitza esan dezagun.

 

 

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1 - Gaurko lehen irakurgaia poema ederra da benetan: maitasunezko poema, maitasun atsekabetu eta minduaren poema. Gero ebanjelioan Jesusek poema honen hitzak erabiliko ditu bere mezua eskaintzeko.

 

2 - Igande hauetan Paulok Filipotarrei idatzitako epistola irakurtzen dugu. Filipos hiria izan zen Europan lehenengoa Ebanjelioaren aldarrikapena jasotzen.

 

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Senideok, «beti eta beti zuen esker onezko otoitz eta eskarietan agertu zuen eskabideak Jainkoari» esan digu San Paulok. Usterik onenaz jo dezagun Jainko Aitarengana.

 

Jainkoaren mahasti den Elizaren alde:

maitasunezko fruituez aberasturik, gizartean ager dezan Jainkoaren maitasun guztientzakoa.

 

Gizarteko eta Elizako gidarien alde:

Jainkoaren seme-alabaz osaturiko mahasti aukeratua arduraz zaindu dezaten.

 

Sufritzen duten guztien alde, gaixoen alde:

borondate oneko gizaki guztien solidaritatez, Jainkoaren maitasuna goza dezaten.

 

Gure herriko bakearen alde:

bake-bideari benetako izanbidea urratzeko, gure harremanak justiziazkoak eta askatasunezkoak izan daitezen.

 

Meza honetan elkartu garenon alde:

maitasunerako aukeratuak izan garela jakinik, barne-pozez eta askatasunez bizi gaitezen.

 

Entzun, Aita ona, gure eskariok eta eraskuts iezaiezu gizon-emakumeei zure maitasun ederra. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

 

 

HOMILIA

Liburu Santuetan askotan erabiltzen da mahastiaren irudia, Jainkoak gizakiarekiko duen maitasuna eta ardura azkengabea adierazteko. Eta zenbaitetan era hunkigarri eta kuttunean adierazten zaizkigu maitasun eta ardura hori. Gaurko kasua, dudarik gabe, hunkigarria eta kuttuna da.

 

Egia da, mahastia irudia dela, eta irudi guztiek bezala, azalaren azpian ikusi beharreko mamia eman nahi digu. Eta mami hori, Jainkoak egin duen salbamen-historia da. Bai Itun Zaharrean bai Berrian, Jainkoak burutu digun askatasunezko eta maitasunezko historia saiatua. Jainkoaren ahaleginaren seme-alaba gara. Eta zuk badakizu, gauza batean ahalegin handia egiten denean, zure amets guztia jartzen duzunean, erantzuna espero duzu, fruituak espero dituzu. Eta zenbat eta handiagoa izan den ametsa, orduan eta handiagoa da fruitu-faltak sortzen duen mina eta atsekabea.

 

Badakit asko kostatzen zaigula, Jainkoa gure askatasunaz kezkatzen eta ahalegin sendoz saiatzen den Jainko bezala ikustea. Jainkoa, ideia baten edo filosofia baten sehaskan utzia daukagu. Jainkoa pentsamolde bat izan daiteke, portaera jakin baten arrazoia, erlijio baten estatua, batzuentzat oso inportantea den babesa... Baina, fededunoi ere asko kostatzen zaigu sinestea, Jainkoak nolako ahalegina eta nolako ardura jarri duen gu askatzen, gu pozten, gu maitatzen. Pertsonalki maitatu gaitu. Ezinaren alor minduetan aurkitu eta bere maitasunaren mahasti aukeratura ekarri gaitu. Berak aukeratu nau ni. Entzule adiskdie, sinesten al duzu Jainkoaren maitasunaren maiteena zarela? Mahastiaren historia horietan, nahiz lehenengo irakurgaian nahiz ebanjelioan, zeure burua ikusi al duzu? Hori, onenean, jende berezi baten historia izan zitekeen. Baina, nirea? Bai zera!

 

Zenbaterainoko ahalegina egin duen Jainkoak? Jesu Kristo da ahalegin horren neurria, aizu! Esango banizu, Jesu Kristo zuregatik eta zuretzat izan dela entregatua, zu bere mahastirako nahi baitzintuen Jainkoak, zer pentsatuko zenuke? Zu aukeratu zaitu Jainkoak, zu pertsonalki. Eta bere bihotzeko asmo gordeenaren seme edo alaba zara. Giro honetan irakurri beharko genuke lehenengo irakurgaia. Zuretzat esan dira honako hauek: «Bazuen mahasti bat nire adiskideak. Haitzurtu, zaindu eta landare aukeratua sartu zuen. Mahats ona itxaro zuen». Jainkoaren ametsa zara, adiskidea! Jainkoak ezin hobeto zaindutako mahastia!

 

Eta hementxe kokatzen da Jainkoaren mina. Hainbeste ahalegin jarri duenak, hainbesteko mina hartzen du, mahastiak erantzuten ez badio. Eta hortxe daukagu Israel herriaren historia. Jainkoaren asmoari ez zion jaramonik egin. Jainkoaren ametsa frustratu zuen. Eta ez da batere harritzekoa, Jainkoaren barnemina halako hitz mindu eta saminduz agertzea! Jainkoak min hartu du. Eta Israel herriak bilatu duena jasoko du. Jainkoaren ardura axolaz hartu nahi ez duenez gero, Jainkoaren ametsa beste herri batetara zuzenduko da. Israel herriaren esker gaiztoak maitasunezko historia lehertu du. Eta maitasuna derrigorrez ezarri ez daitekeenez, maitasunak beste historia sortzen du, gure historia. 

 

Israel herriaren historia honek eskarmentu handia darama bere barnean. Izan ere, ohituak gaude aukeraren seme-alaba izaten. Baina, gu fededun izatea, gu Jainkoak maitatzea, ez da normala, ez da horretara ohitzekoa. Jainkoak gehiegi egin du guregatik, eta gure mahastiak fruitua eman behar du. Esker onaren fruitua da bereziki. Maitasunari min emateko biderik onena, esker txarra izaten da. Eta esker txar hori, era askotara azaldu daiteke. Zenbateraino eskertzen dugu eta estimatzen Jainkoak aukeratuak izatea? Zenbaterainoko sakontasunez bizi dugu Jainkoaren maitasunaren barne-poza? Zenbateraino maite dut zure eliztar izatea?

 

Galdera serioak dira horiek. Eta ez dira nolabaiteko beldurra sortzeko galderak. Ez, ez. Gehiago esango nizuke: bakoitzak zehaztu behar ditugu galdera horiek. Nik zertan zapuzten dut Jainkoaren ametsa? Zertan eta zerekin ematen diot Jainkoari min? Pobreak duintasunez jantzi. Gizartea baketu. Bakardadeak maitasunez gozatu. Eskasiak solidaritzaz sendatu. Loturen zauriak askatasunez edertu. Gorrotoaren eztenak besarkada bihurtu. Eta horiek denak gure herrian dauzkagun egoerak dira. Kartzelatuak duintasunez tratatu beharra dago, Jainkoak maite dituelako. Injustiziak eta zapalketak ezabatu beharra daukagu, maitasunezko historia bideratzeko.

 

Hori dena maila sozialean. Baina berdin-berdin da maila pertsonalean ere. Zure bizitzan bizi al duzu Jainkoaren mahasti izatearen poza? Bi eredu bikain dauzkagu gaur eskura: Errosarioko misterioak bizi izan zituen Ama Maria eta Asisko San Frantzisko, atzo bere eguna ospatuko geniona. Elizaren mahastiko landare eta fruitu bikainak biak. Jainkoaren maitasun aukeratzailea kantatu zuten biek. Bizipoza gainezka azaldu zuten biek. Jainkoa beren bizitzako ondasun handi zutelako, behartsu izatea aukeratu zuten. Jainkoak asetzen zielako bihotza, xumetasuna erakutsi zuten biek. Eta, beren bizitzarren etorkizuna Jainkoaren eskuetan utzirik, gizarteari Berri Ona bete-betean eman zioten. Jainkoaren maitasunean sinesturik, dena berritu zuten beren inguruan. Hortxe dauzkagu biak ispilu eder!

 

Igandean berritzen ditugun edertasunak dira hauek. Igandeak aukera honen sekretua berritzen baitigu. Ospa dezagun  Jainkoaren maitasuna. ospa dezagun Jainkoaren dohaina. Eta eman dezagun pozaren fruitu askatua.

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Gure bihotzetan maitasuna itsasten digun Jauna bego zuekin!

 

Jesusek dei egin digu gaur ere, igandero bazalaxe, Eukaristia ospatzera. Eta guk deia onartu egin dugu eta, beste gauza asko utzita, mahai honen ingurura bildu gara. Agian gogo handirik gabe, baina Eukaristia beharrezkoa dugula ikusiz, hemen gaude!

Hemen egitera goazen ospakizun honek, hala ere, gero bizitzan erakutsi behar du bere indarra. Astean zehar, eguneroko bizitzaren ibilbidean, mamitu behar dugu hemen elkarrekin ospatzen duguna. 

 

Gure bihotzak zabal-zabal jar ditzagun ospakizun honen barne-indarra jasotzeko. Eska dezagun Jaunaren errukia.

 

– Jesus Jauna, gurekin zuzena eta bihotz handikoa zarena. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, bekataria maite duzuna eta bihotz-berritzea nahi duzuna. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, gizaki guztiokin errukiorra eta guztiz bihozbera zarena. Erruki, Jauna.

 

 

PREFAZIOA

Orain elkarrekin eskerrak emango dizkiogu Aitari, Jesu Kristo gure antzeko egin baitu gauza guztietan, eta gure salbatzaile egin baitu. Ager dezagun gure esker ona!

 

 

GURE AITA

Jesu Kristok irakatsitakoa zintzo betez, dei egiogun maitasunera gonbidatu gaituen Aitari, denok batera esanez.

 

 

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1) Jauna zintzoa da. Ezekiel profetaren liburutik hartzen dugun zati honek, gero entzungo dugun Ebanjelioaren ezkaratzera garamatza. Entzun dezagun arretaz eta gogoz.

 

2) Filipotarrei egindako epistolan, Paulok batasuna eskatzen du. Batasun horren iturri, Kristo bera. Eta batasun horren neurri, Kristo beraren zerbitzu-jokamoldea.

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Gure fedea aitortu ostean, ager diezazkiogun Aitari gure eskariak uste onez. 

 

Eliza osoaren alde,

Jesu Kristori zintzotasunez jarraitu nahi diotenen alde (...)

 

Gizon-emakume guztien alde,

batez ere ondasunak gaizki banatuta daudelako gehien sufritzen dutenen alde (...)

 

Inmigranteen alde,

beren herritik urrun eta arazo askoren artean arrotz sentitzen direnen alde (...)

 

Zahar, gaixo eta ezinduen alde,

bakardade ilunean sufritzen duten guztien alde (...)

 

Hemen bilduta gauden guztion alde,

eguneroko lana maitasunez burutzen dutenen alde (...)

 

Entzun, Aita ona, gure otoitza. Gero eta gehiago eskertu eta bizi dezagula zure maitasuna, zure Semearen bidea eginez. Jesu Kristo gure Jaun beraren bitartez.

 

 

 

 

 

HOMILIA

Senideok: gizon-emakumeon norabideak ez dira hitzez egiten, egintzaz baizik. Hitz handiak izan dira munduan, zertan esan ezetz! Baina, hitzik handienak ere, egintzaren azpimarka eta indarra ez badarama beregan, hitz hori hutsaren haize-boladak eramango dizu. Jainkoaren Erreinuan ere halatsu! Jaunarekin leial jokatu nahi genuke. Gure bizitzan zintzoak izan nahi genuke. Baina ondo asko dakigu zein utziak garen, zein nagiak garen. Eta nagikeriaren kontua besterik ez balitz! Sentimenduz, gogoz, baietz esan nahi genioke Jaunari, geure barruko onenari; baina egintzekin, bizitzarekin, ezetz esaten diogu. Zergatik gara horrelakoak? Zergatik bizi dugu era horretako kontraesana bizitzan? Horixe dugu galdera sarri asko.

 

Galdera horri erantzutean, badakigu batzuetan gure barruak ez duela obedientziaren baietza eman nahi. Jainkoaren nahia geure erara manejatu nahi genuke, Jainkoa geure jokamoldera tolestatu nahi genuke. Eta horretarako argibide asko eman dezakegu edo aitzakia asko atera. Jainkoari aurre egiten diogu eta aurre egin, nahita gainera.  Beste batzuetan, ordea, ez da Jainkoaren borondatea geure kapritxora erabili nahia, ez; ohartzen gara arazoa sakonagoa dela: gure jarrerari, Jainkoarekiko jarrerari, maitasun handia falta zaiola. Jainkoaren nahia onartzeko maitasun betea falta dugu. Bihotza falta zaio gure fede-bizitzari. Ez al da horrela?

 

Gure jokalege honen aurrean, zer nolako postura hartzen dugu? Arinkeriaz arazoa ukatzea ez da bidezkoa. Jainkoaren nahia benetan hartu ezin hau azaletik edo jolasean hartzea ez da ona. Gaurko lehenengo irakurgaian ikusi dugun jarrera ere ez da ona: alegia, gure gaizki eginen errua Jainkoari botatzea. Geure bekatua eta nahi-eza aitortu ordez, Jainkoak horrela egin gaituela esan eta lasai gelditu? Hori ez da zuzena. Egin behar genukeena ederki asko erakutsi digu Salmoak: geure bekatu-historia onartu. Jainkoaren errukiaren aurrean jarri otoitzean, eta aitortu bekatariak garela. Aitortu, gure obeditu ezina geure erantzukizun dugula. Aitortu zenbat kostatzen zaigun Jainkoari erabateko baietza ematea. Aitortu bihotz ahula daukagula. Aitortu maitasun handirako bihotzik ez daukagula. 

 

Begira ezazu Ebanjelioko parabolatik. Jainkoaren aurrean ez da erabakiorra hasierako baietza edo ezetza. Erabakiorra, geroko jarrera da. Baietz esan, eta gero egintzekin eta bizitzako jarrerekin ezetz esateak ez garamatza inora. Baina, nahiz eta hasieran ezetz esan, gero gure ezetzak aitortu eta Jaunarengana itzultzen bagara, Jainkoari egintzekin baietz esaten badiogu, horrek balio du Jainkoaren aurrean. Hemen galdera gordina dago guretzat, hasiera-hasieratik baietza esanda abiatu ginenontzat. Jaio orduko, Bataioa hartuz, baietz esan genion Jainkoari, Jesusen bideak jarraituko genituela, bihotz osoz Jainkoaren nahia bilatuko genuela, behartsuen zoria maitasunez zainduko genuela, gure bizitzak bihotz handia erakutsiko zuela. Eta? Hasieran agindutako maitasun handi hura zertan geratu da? Hasieran agindutako fede hark zer buelo dauka gaur nire bizitzan? Hasierako baietz hura, zenbat ezetzetan puskatu eta puskatzen dut?

 

Ba, begira: galdera hauei serio heldu beharra daukagula esango nuke. Hasierako hark ezer gutxitarako balioko liguke, Jainkoaren aurrean eguneroko jarrerak berritzen eta gaztetzen ez baditugu. Hasierako baietz hark hazi eta heldu egin behar du gure bihotzetan. Hasierako maitasun hark gero eta handiagoa, gero eta sakonagoa bihurtu behar du. Ezin gaitezke konforma kanpoko itxura batekin. Ezin gaitezke konforma, jendeak espero duen gezurrezko irudia azaltzen dugula eta. Ez du balio gizarteak guregandik espero duen neurria emanda. Gezurti alaenok, askotan fededun asko jendearen aurreko figura hutsa ematearekin aski dugula pentsatzen dugu. Baina, barrutik ez gara maitatzeko kapaz. Itxura azaldu eta barrutik erreta gabiltza. Elizara joan bai, baina ez gara lagun hurkoari errespetuz begiratzeko kapaz. Hitz egitean kurioso hitz egin bai, baina gero ez gara besteei agintzeko geure mailak jaisteko kapaz.

 

Eta triste. Ez baitu giza bihotzak hitzen poza bizi, egintzen tristura baizik. Eta horixe da penagarria, sentidurik gabe, maitasunaren ederrik gabe bizitzea. Kanpotik dotore, barrutik erorita. Askozaz hobe da kontrakoa: geure ezina aitortu, maitasun beteari diogun beldurra aitortu, maitatu nahia aitortu, erorialdiak ere aitortu, bizitzan ezetz asko esan dugula aitortu... eta Jaunarengana apaltasunezko baietz txikiak emanez etorri. Eta Jaunaren mahastiko lana onartuz, pozik bizi! Barruko maitasunak ematen duen pozez. Ez dakigula farisearrei gertatua gerta: legea bete itxuraz eta ondo, besteen maixu azaldu, eta barrutik hutsik!

 

Honek guztiak, noski, ez du Jesusen garaiko haientzat bakarrik balio, ez genuke besterik behar! Baina, adizu!, inportantea ez da orain asmo handiak hartzea, planteamentu neurriz kanpokoak egitea. Orain arte ahulak izan baldin bagara, gerora ere ahulak izango gara. Kontua da, geure buruak aztertzea. Zergatik kostatzen zait maitatzea? Zergatik bizi naiz barrutik lotuta bezala, zerbaitek maitatzen utziko ez balit bezala?  Utz diezaiogun Jainkoaren hitzari geure barruan galdera bihurtzen:gure jokabidea hitz hutsa da edota egintzaz baiezten ote dugu esaten duguna? Bataioan baietz esan genuen, gure otoitzetan baietz esaten dugu, baina gure bataioko eta doktrinako hitza eta baietza, gure bizitzaren gihar bihurtzen al dugu? Elizan esaten ditugunek ba al dute eguneroko jardunean indarrik eta pulamenturik? Ni bataiatua naiz, elizkizunetara joaten naiz, errezoak eta egiten ditut, ez dut bekatu nabarmenik egiten, euskaldun fededun betikoetakoa naiz... Baina, berriro diot, gure fededun izate horrek ematen al dio bizitzari kolorerik? Bizi al dut inolako koherentziarik?

 

Zergatik ote gara horrelakoak, ezta? Ba horrelakoak gara, eta kitto! Jaunarengana etorri behar dugu, hasierako ezetz guztiak eskuetan hartu eta gatozen orain baietz esatera. Zergalari eta emagalduekin batera hurbil gaitezen Jaunarengana, eta saia gaitezen maitasunezko baietza esaten. Salmoan kantatu duguna errepika dezagun: «Erakuts niri, Jauna, zure bideak, adierazi zure bidexkak. Eraman nazazu zure egi bidetik, eta argitu». Eukaristia eskola ederra da. Eta, bide batez, Eukaristia, ikasitakoa egia bihurtzeko indarra da. Eukaristian erakusten dugun fedea, Eukaristiak berak sartuko digu eguneroko bizitzaren hezurretaraino. Eukaristia maitasuna baita. Eta maitasuna da fedearen egia eta giharra. Eta falta duguna prexixo, maitasun handia da, bihotz handia.

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Jaungoiko gure Aitaren eta Jesu Kristo gure Jaunaren grazia eta bakea zuekin.

 

Igande honetan, igandeetako ibilbidetik atera eta gaur, irailaren 14an, Jesusen Gurutzearen goralpena ospatzen dugu. Laugarren gizaldian Jerusalemen hasi ziren festa hau ospatzen, kristauek Golgotako eta Hilobi Santuko elizak eraiki zituztenean, eta Jesus hil zen Gurutzea kristauen gurtzarako aurkeztu zutenean.

Jesusek maitasunaren ezaugarri egin zuen gurutzea, berez tortura eta heriotzaren ezaugarri zena. Azkenerainoko maitasunaren ezaugarri da guretzat. Gaur, gurutzea goraltzean, maitasuna ospatzen dugu, Jainkoaren azkengabeko maitasuna.

 

Gaurko ospakizunak, beraz, gurutzearen aurrean jartzen gaitu. Begira diezaiogun gurutziltzatuari eta eska dezagun errukia.

– Jesus Jauna, gurutzeraino maitatu gaituzuna. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, gurutzeko maitasunez mundua askatu duzuna. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, gurutzean azkengabeko bizia ematen diguzuna. Erruki, Jauna.

 

PREFAZIOA

Eukaristi otoitza esatera goaz. Esker onezko otoitza da. Gurutzeko maitasunetik eman zaigun izaera berria eta askatasuna eskertu behar ditugu bihotz-bihotzetik.

 

GURE AITA

Eukaristi ogia hartu aurretik, dei egin diezaiogun gurutze-gaineko maitasunean aitatzat eman zaigun Jainko onari.

 

BAKEA EMATEA

Jesusen gurutzean elkarren senide eginak izan gara. Eman diezaiogun elkarri gurutzeko senidetasunezko bakea.

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1) Lehenengo irakurgaian entzuten dugun pasadizoa aspaldikoa da, Egiptotik irten eta Israel basamortuan zehar lur berrirantz zihoanekoa. Pasadizo honetan tupikizko suge bat agertzen zaigu, gaitz guztiak sendatzen zituena. Gero, Ebanjelioan, Jesus agertuko zaigu guztiontzako bizi-iturri.

 

2) Bigarren irakurgaia, lehenengo kristauek Kristori abesten zioten gorazarre bat da. Heriotzarainoko zintzotasuna erakusten du Jesu Kristok.

 

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Gurutze Santuaren jaia ospatzean, otoitz egin dezagun maitasunaren fruituak gizon-emakume guztiengana irits daitezela eskatuz. Gehien sufritzen dutenak izan ditzagun gogoan.

 

•   Eliza osoaren alde: gizon-emakume guztiei adieraz diezaien Jesusen gurutzeko maitasun gizaegilea.

 

  Eska dezagun Lur Santuetarako bakea: Jesusek bere bakea eman zigun lurraldea benetako bakearen bidean sar dadin, eta elkartasunean bizitzeko bideak egin ditzan.

 

  Gaixoen alde, eta sufritzen ari diren guztien alde: Jesusen gurutzean parte hartuz, beraren aintzaren osasun berria senti dezaten.

 

  Mendietan Jesusen gurutzea josi duen gure herri honen alde: bere beharretan eta, bereziki, bere bakegintzan, Jesusen gurutzera begiratu eta elkartasuna sor dezan.

 

  Geure alde, gure senide eta adiskideen alde: Jesusen gurutzearen begirada berria bizi eta goza dezagun.

 

Entzun, Aita ona, gure eskariak eta Semearengan azkeneraino maitatu gaituzunez gero, emaguzu maitasun horretan bizitzea. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

 

 

HOMILIA

Adiskideok: gaurko igandeak Jesusen gurutzeari begira jarri gaitu. Askotan esan izan da, kristau-bizitzak gehiegiz azpimarratu eta nabarmendu duela gurutzea, eta gurutzearen ikuspegitik, ilundu egin duela gizon-emakumeon eta kristauon bizitza. Izan daiteke egia, gurutzea gaizki begiratu eta ulertu izan dugula. Izan daiteke egia, gurutzearen espiritu-bidea loturaren eta suifrikarioaren bidetzat hartu izan dugula. Baina, gaur Elizak proposatzen digun jaia, batez ere bere irakurgaietan, ez da tristurarako eta sufrikariorako jaia, maitasunerako eta aintzatarako baino.

 

«Hain maite izan du Jainkoak mundua», hauxe da gaurko festaren muina. Jainkoak ez du gozatu, sufrimendua goralduz. Edo eta ez digu jarri sufrimendua gure gaizki eginen zigor. Jainkoak ez gaitu gurutzean lotu, beti menpetasunaren loturan bizitzeko. Alderantziz dela esaten digu gaurko jaiak: gurutzea maitasunik handienaren neurri eman zaigu. Eta maitasunak askatu egiten du eta festa sortzen du.

 

Jainkoa guregana etorri zen, eta gure zoria bere gain hartu zuen. San Paulok bigarren irakurgaian esan digun bezala, guretako bat egin zen. Bere jainkotasunaren neurri betea, gizatasunaren mugetan eman zuen. Eta gizatasunaren izaera ez zuen azaletik hartu, geure sakonenetik baizik. Eta hala, gure zoriaren partaide eginik, Jainkoak guk bizi genuen lotura zapaltzailea bereganatu zuen, eta hil egin zen, gurutzean hil zen. Baina heriotza horretan, hain zuzen, hortxe kendu zion gurutzeari heriotza, eta bizi-bide bihurtu zigun, lehen heriotza zena pozbide eginez. Gorrotoak hil zuen Jesus gurutzean eta, gurutzean hilez, Jesusek gorrotoa kendu zion gurutzeari.

 

Eta orain dena aldatu da. Gurutzea ez da ordutik inola ere zapalketaren seinale, maitasunaren seinale baizik. Jesusek gizatasunaren aldeko apustua erakutsi baitigu gurutzean. Eta orain gure zoria ez da sufritzea eta menpetzea eta lotzea eta tristura eta burua makurtzea. Orain gure zoria, barru-barrutik askatzen gaituen maitasun handia da. Maitasunerako eginak izanik, maitasunerako askatu gaitu Jesusek gurutzean.

 

Eta orain dena gurutzeko maitasunetik irakur dezakegu. Bizi-une eta bizi-trantze guztiak, heriotzaren ezaugarri izan ordez, maitasunaren eta bizinahiaren ezaugarri egin zaizkigu. Gurutzea gertatu denetik, ez da ezer gure bizitzari poza ken diezaiokeenik, baldin eta bizitza gurutzeko maitasunetik irakurtzen baldin badakigu. Maitasunak argitzen du dena gizakion bizitzan, eta gurutzetik dena argitzen duen maitasuna eman zaigu. Horregatik ospatzen dugu gaur gurutzea, bertatik askatasuna eman zaigulako.

 

Egia da, gurutzeak baduela gure sufrimenduarekin zer ikusia. Sufritu egiten dugu, eta asko gainera. Gurutzeko askatasuna gertatzeak ez digu sufrimendua kentzen edo aurrezten. Giza bizitzak berekin du sufrimenduaren zauria. Gauza batengatik ez bada besteagatik, baina beti sufritzen dugu. Askotan geuk sortutako sufrimendua da, gaitzaren ondorioa; zenbaitetan, gure bizitzak berekin dakarren sufrimendua: gaixoaldia, adinaren ajeak, ezbeharrak... Baina asko edo gutxi beti sufritzen. Eta galdera sortzen zaigu: zergatik sufritzen dugu? Jainkoak ez al zezakeen sufrimendua ken betiko?

 

Galdera horri bi erantzun eman dizkio Jainkoak Jesusen gurutzean:

- Aurrena: Jainkoak ezin du sufrimendua ken. Jainkoak gure esku utzi du bizitza gizatasunez janztea eta sufrimendua gutxitzea eta injustiziari barrutia jatea. Guk sortzen dugun sufrimenduari, hala ere, Jainkoak bere presentzia eskaini dio. Sufritzen dugunean, Jainkoak ez gaitu urrutitik begiratzen, gure sufrimenduarekin zer ikusirik izango ez balu bezala. Jainkoa gertutik zauritzen du gure minak. Eta bera gurekin dago, sufritzen dutenekin dago. Jainkoa gure sufrimenduaren ondora jaitsi da, eta gurekin sufritzen du betiko.

 

- Eta bigarren erantzuna: sufrimendua maitasun bihurtzen ikasi behar dugu. Gaitz egiteagatik eta injustizia egiteagatik sufritzea ez du merezi. Sufritzeagatik sufritzea ez da ona. Sufritzekotan, maitatzeagatik sufritu behar dugu. Horrek bakarrik eman diezaioke giza sufrimenduari duintasuna, maitasunak. Eta sufrimendua argitzeko, beraz, sufrimendua maitasunetik irakurtzen ikasi behar dugu. Esate baterako, sekula ez dugu ulertuko zergatik sufritu behar duten Irakeko haur gaixo errugabeek. Injustizia horrek ez dauka inolako sentidurik. Baina, Irakeko ama horrek besoetan hilzorian daraman semetxoagatik sufritzea beti hunkigarri gertatuko zaigu. Maitasunaren sufrimendua gizatasunaren unerik ederrena eta nagusiena da. Sufrimenduak sentidurik izatekotan, maitasunean bakarrik izan dezake.

 

Gaurko festa ederraren aurrean, zer? Sufritzen bazaude, adiskide, begiratu Jesusen gurutzeari; ez, noski, sufrimenduaren azpian etsitzeko, sufrimendua maitasunean irakurtzeko baino. Eta sufrimenduaren bakardade horretan, hau da gurutzeak dakarkizun mezua: Jainkoa zurekin ari dela zure sufrimendua sufritzen. Jainkoak inork ez bezala eta inoiz ez bezala maite zaituela sufrimenduaren azpian aurkitzen zarenean. Horrek ez dizu mina kenduko; baina bai bihotza baretuko. Sufrimendua gaitzez lotsagarria da. Sufrimendua maitasunez duintasuna da.

 

Eukaristia ospaztera goaz. Hementxe erakusten digu Jainkoak bere maitasun neurrigabea. Ospa dezagun gurutzeraino maitatu gaituen Jainkoaren maitasuna.

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

Senideok, gure bihotzak berritzen dizkigun Jauna, zuekin!

 

Jaunaren bidera gatoz. Berarekin topo egin nahi dugu. Aste guztian hainbeste gorabehera bizi izan dugu geure bizitza, lan eta jardunean. Eta bizi izan dugun horrekin guztiarekin gatoz igandeko topaketara. Jar gaitezen prest, Jaunaren sorpresari bihotzak zabal ireki diezazkiogun. Utz diezaiogun gure asmoak eta bideak aldatzen. Sar gaitezen gero eta sakonago beraren asmo eta bideetan.

 

Ospaketari hasiera emateko, ager ditzagun geure buruak bekatari. Ez baitugu Jaunaren maitasuna onartu. Jo dezagun errukitara!

 

Jesus Jauna, gure bekatuak bihotz onez barkatzen dituzuna. Erruki, Jauna.

Jesus Jauna, behartsuen deiak entzuten dituzuna. Kristo, erruki.

Jesus Jauna, gure ezina zeure ahalmenez pozten duzuna. Erruki, Jauna.

 

 

 

PREFAZIOA 

Jainkoaren Hitzak garbi utzi du, gizon-emakume guztiak harrapatzen dituela Jaunaren bihotz zabalak. Eta dena debaldean, gure irabazirik gabe. Eskertu dezagun Jaunaren bihotz handia, Jesu Kristo bitarteko dugula.

 

 

GURE AITA

Jesu Kristok irakatsi zigun bezala, otoitz egin diezaiogun, guztiokin bihotz zabalez jokatzen duen Aitari.

 

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1 – Profetak bihotz-berritzea eskatzen du Jainkoaren izenean. Jainkoa beti hurbil eta bihotz handiko agertu zaio herriari. Salbamen, maitasun eta leialtasunezko Jainkoa da bera. Eta horrek biziera berritua eskatzen dio herriari. Guri ere bai.

 

2 – Paulok kartzelatik idazten du, gaur hasi eta igande batzuetan irakurriko dugun gutuna. Paulok bere barru-barruko sentimentuak agertzen dizkigu. Zerk ematen dio sentidua Pauloren bizitzari? Gogoeta ederra denontzat.

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Senideok, egigun otoitz geure premientzat eta gizaki guztienentzat. Eska ditzagun Jaunaren onberatasunaren dohainak guztiontzat, baina batez ere behartsu eta zokoratuentzat.

 

Eliza osoarentzat eta, batik bat, euskal Elizbarrutientzat: 

  denok batera aurrera egin dezagun Jesusekiko leialtasunean, Jesusen bideak geuretuz.

 

 Gure Parrokientzat: 

  pastoral urte berriaren aurrean, kristau-bizitza sakondu eta bideratzeko indarrak izan ditzagun.

 

Gure herriaren alde: 

 bake bideak aurki ditzagun eta, guztion ahaleginez, herri honen aurrebidea landu dezagun.

 

Gure haur eta gazteen alde: 

   buruz eskolatzen diren bezala, bihotzez ere hazi daitezen.

 

Eukaristia ospatzera bildu garenon alde: 

  Jainkoak gurekin ordainik eskatu gabe jokatzen duen bezala, guk ere doan ematen ikas dezagun.

 

Onar itzazu, Aita bihozbera, zuzendu dizkizugun eskariok; gure beharrak ezagutzen dituzunez gero, emaguzu zure Espirituaren indarra. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

 

 

HOMILIA

Senideok, oraintxe entzun dugun ebanjelio zatia ez da erraz uletzen den horietakoa. Eskerrak, lehenengo irakurgaiak prestatu gaituen: «Nire asmoak ez dira zuen asmo; zuen bideak ez dira nire bide». Zinez, Jainkoaren asmoak asmo bereziak dira. Jainkoaren ilusioa ez da gure ilusioen berdina. Eta, hala ere, gaurko ebanjelioko jokaera ulertzea, ezinbestekoa da Ebanjelioa bera ulertzeko. Langileekiko nagusiaren jokabide horrekin gustura sentitu denak, ulertu du Ebanjelioa.

 

Izan ere, fededun adiskide, kontua ez da lan asko edo gutxi egitea. Kontua ez da asko edo gutxi kobratzea. Gaurko ebanjelioak ez digu adierazi nahi zerk balio duen eta zerk ez, Jainkoaren aurrean. Nagusiaren jokaera ez dihoa giza justiziaren bidetik. Zer esan nahi digu orduan gaurko ebanjelio-zati honek? Jainkoaren argazkia eman nahi digu beste ezeren gainetik. Jainkoa nolakoa den esan nahi digu. Jainkoak zer ilusio eta amets dauzkan adierazi nahi digu. Eta, azken batean, Jesusek juduen artera ekarri zuen ikuspegi-aldaketa izugarria erakusten digu. Jesusek Jainkoaren bihotza nolakoa den erakutsi baitzigun. 

 

Garai hartako juduentzat, eta erlijio-buruentzat batik bat, eskandalu gehiegizkoa gertatu zen. Haiek Berri Ona, jokabide bati ematen zaion sari bezala ulertzen zuten. Joanen Bataioa hartu, bihotzak garbitu, legea bete, merituak irabazi.... eta, orduan bai, emango zitzaizun Berri Ona. Juduen ikuspegitik begiratuz, Jesusek zuzen-zuzen joan behar zuen farisearrengana, legea zintzo asko betetzen zutenengana, herriko jende zuzenarengana... Haiek lehenengo orduan joan baitziren mahastira lanera. Eta edozein zuzenbide normalek agintzen zuen, haiei Ebanjelioa ematea, beren jokaeraz irabazitako merituen ordain. «Odolkiak ordain» beste behin. San Mateok zati hau idatzi zuenean ere, baziren berdintsu pentsatzen zutenak: alegia, betidanik judu izandakoekin ezin zitezkeela konparatu, azkeneko momentuan federa iritsitako jentil pagano haiek. Ez zegoen horretarako eskubiderik.

 

Baina, Jainkoak ez du horrela jokatzen. Eta hori da Ebanjelioak ematen duen oinarrizko sustoa. Jainkoaren neurriak oso dira bestelakoak. Jainkoak ez du meriturik eta aurreko irabazirik begiratzen. Jainkoak gizon-emakume guztiak bere erreinura biltzeko ilusioa dauka. Batzuk lehenago, besteak geroago, beste batzuk azken orduan... horrek ez dio inporta. Inporta diona zera da: Jainkoak denoi bere mahastira dei egiten digula, eta dei egin, bere bihotz onaren handiagatik egiten digula dei, ez beste ezergatik. Eta hark eskatzen diguna zera da, deitutako orduan jarri gaitezela erreinuko lanera, deiaren pozez eta esker onez. 

 

Baina, oinarrira etorriz, zer erakutsi nahi du Jainkoak? Jainkoak doakotasuna maite du, «debaldetasuna». Dena dohain eta erregali bezala eman nahi digu. Hark ez du nahi ordaintzerik, eskertzea baizik. Eta galdera bat egingo nizuke, entzule fededun: Esker onerako ona ote da ordaintzea? Ordaindu ezin duenak ez ote du gehiago eskertzen? Lana bukatzean langileei eman zitzaien txanpon hura jasota, nork eskertu zuen gehiago, lehenengo ordukoek ala azkenekoek? Ba, begira, nahi baduzu esan ez dela zuzena, baina Jainkoak azkeneko ordukoen esker ona sortu nahi du guztiongan. Esker onaren poza. Honako esaldi hau sortu nahi du Jainkoak gure bihotzetan: «Merezi baino gehiago eman zait». Merezi baino maitatuagoa sentitzen naiz. 

 

Horretatik pentsa dezakezu hemen daukagun meritu bakarra esker ona eta poza dela. Jainkoaren Erreinuaren alde lan egitea ere, ez dela gero zerbait ordain jasotzeko. Lan hori bera dela gure poz eta zorion. Jainkoak bere deiaz «liluratu» egin gaituela. Eta deia bera gertatzen dela gehiegizko ordain. Zer gehiago behar duzu? Zuri ematen zaizuna ikusita, ez al zaitu pozten besteei ere sari bera emateak? Zergatik emango zenieke besteei gutxiago? «Nik izan ere hainbeste ordu sartzen ditut eliz lanetan eta beste horiek berriz askoz gutxiago egiten dute». «Ni betidanik naiz kristau, eta beste horiek berriz ez». «Nik honela edo hala jokatzen dut, eta begira nola dabiltzan beste horiek».

 

Zergatik daukagu bihotz kaskarra? Zergatik ez digu ilusioa sortzen bihotzean, azken orduan bada ere denak Erreinuko mahai berean ikusteak? Zergatik ez dugu bizi Jainkoaren ilusio bera? Aizu, entzun: Ebanjelioko nagusiaren jokamoldeak pozten ez bazaitu, zer esan nahi du horrek? Jainkoaren aurrean eskubideren batzuk badauzkazula irabazita? Ai gizarajoa! Ez duzu poz asko bizi zeure bizitzan. Oraindik ez diozu Jainkoari ulertzen. Ez duzu Ebanjelioaren poza entenitzen. Eta hori ez ulertzekotan, zertarako dituzu zure meritu guztiak? Merituz benetako kapitalista izan zaitezke, baina poza kikara batean kabitzen zaizu.

 

Bai, eskerrak Jainkoa horrelakoa den! Eskerrak bekatarioi ere bere deia egin zigun! Eskerrak Jainkoak merezi gabe eta merezi baino gehiago maite gaituen! Gero ezer emango ez baligu ere, nahikoa eman digu dagoeneko! A! eta eskerrak igandea daukagun gauza hauek ikasteko. Izan ere, astegunean gizarteko justizi molde estuetan sartuta baikabiltza. Dena ordaintzea gustatzen zaigu. Eta ordainaren arabera neurtzen dugu dena. Igandean, elkarrengana etorri eta Jainkoaren bihotz handia ezagutzen dugu. Justizi molde berria ikasten dugu. Eta gero gizartean eman dezakegu kobratu gabe. Izan gaitezke bihotz oneko merezi ez duenarekin ere. Barka dezakegu. Bihotz zabalez joka dezakegu.

 

Eukaristia ospatzera goaz oraintxe bertan. Merezi gabeko mahaira bildu gaitu Jainkoak. Esker onez, harriturik, pozez ospa dezagun azken ordukoen bankete ederra.

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

 

Itxaropenaren Jainkoa, Espiritu Santuaren eraginez bere pozez eta bakez asetzen gaituen Jainkoa, bego beti zuekin!

 

Igandeko Eukaristiak elkarrenagan bildu ohi gaitu, zahar eta gazte, behartsu eta aberts, inolako bereizkuntzarik egin gabe. Gorputz berean batzen gaitu, nahiz eta asko eta oso ezberdinak izan.

Gure ezberdintasunek ez ligukete galarazi behar Jaunarengan bat izatea. Horregatik, Jaunak barkaziorako deia egiten digu, gure ezberdintasuna elkarbanatzeko deia egiten digu, batak bestea aberasteko deia.

 

Gaur, Jesu Kristoren garaipena ospatzen hasi aurretik, eska dezagun Aitaren errukia geuretzat eta gizon-emakume guztientzat.

 

– Jesus Jauna, graziaz eta maitez asetzen gaituzuna. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, heriotzaren zulotik askatzen gaituzuna. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, gure bekatuak barkatzen dizkiguzuna. Erruki, Jauna.

 

 

PREFAZIOA

Eukaristi otoitzarekin bihotzez eskertu behar dugu Jainkoak egin digun barkaziozko harrera. Jaunaren erruki gozoa barru-barrutik eskertu dezagun.

 

 

GURE AITA

Senideari behar adina aldiz barkatu behar diogula esan digu Jesusek. Eska dezagun gure zorraren barkazioa, besteena barkatzen jakin dezagun.

 

 

 

 

  1. B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1) Itun Zaharreko jakintsu baten gogoeta entzun behar dugu lehenengo irakurgaian. Besteek egiten diguten gaizkiaren aurrean nola jokatzen dugu? Begira dezagun Jainkoak nola jokatzen duen. Gero, Ebanjeliokoan, Jainkoaren jokaera jarriko zaigu eredu.

 

2) Indartsuen eta ahulen arteko iskanbila sortzen denean, San Paulok esaten du ez dugula bakoitzak bere kasa ibili behar; elkarrekin egin behar dugula bidea.

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Denok ahots bakarrez jo dezagun Aitaren erruki berritzailera, gizon-emakume guztien alde otoitz egiteko.

 

Munduan banaturik bizi den Elizaren alde:

eliz barruko maitasun-bizieraz, maitasuna  sorraraz dezan gizartean ere.

 

Gerran bizi diren herrien alde:

elkarri barkatu eta, elkarrizketaren bidez, adiskidetzera hel daitezen.

 

Etsai bezala eta gorrotoz bizi direnen alde:

maitasunaren eta askatasunaren testigantzak bihotz-barrua goza diezaien.

 

Maisu-maistra eta irakaskuntzan ari diren guztien alde; ikasleen alde:

Jainkoaren maitasunaren testigantza eman eta jaso dezaten beren gizatasun-bidean.

 

Jainkoaren hitza entzun dugun guztion alde:

haren maitasunak barrua berritu eta poztu deizagun maitasunez.

 

Entzun, Aita ona, eskabide hauek. Hala eskatzen dizugu Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

 

HOMILIA

Adiskideok: azken igande hauetan, kristau-elkartean bizitzeko  beharrezko diren jarrerak azpimarratzen ari zaigu Jesus. Joan zen igandean, senideen arteko zentzaketa, elkar zentzatzea, batak bestea bide onera ekartzea, azpimarratu zigun. Eta gaur, barkazioa eskatu digu. Elkarteko harremanek, barkazioaren ukendu gozo eta gozatzailez sendatu behar ditugu egunero eta unero. Anaiari edo arrebari barkatzen jakitea, ezinbestekoa dugu geure elkarbizitzarako. 

 

Egia da, hala ere, asko kostatzen zaigula batak besteari barkatzea. Barkazioaren hau, ez da gure gizartean gehiegi aipatzen den balorea. Justizia maiteago dugu agidanez. Esan ere esaten da, justizia balego, ez litzatekeela barkaziorik beharko. Ez gara konturatzen, justiziaz hitz eginez, justizia eskatuz, mundu gogorra ari garela egiten. Ez gara konturatzen, barkatzen ez dakien justiziari bihotza falta zaiola. Eta bihotzik ez daukan justiziak ez ditu pertsonak beren balioan errespetatzen. Eta justizi eske hasi dena, barkazioaren faltan, injustizia bihurtzen zaigu gauetik goizera.

 

Berriro diot, asko kostatzen zaigu barkatzea. Bai famili bizitzan bai gizarte-bizitzan, kostata ahazten ditugu gure suminak, inbidiak, egoismoak, mendekuak. Kosta ahala kosta, beti barkatzeko eskatu digu Jesusek gaurko Ebanjelioan. Beti barkatu behar dugu. Beti? Beti barkatu? Dena? Den-dena barkatu? “Ez diot sekula barkatuko” esan ohi dugu. “Egin didan hau ez diot sekula ahaztuko” errepikatzen dugu askotan. Jainkoak bai, Jainkoak dena eta beti barkatzen digu. Jainkoak ez ditu bere bihotz-muinean gordetzen guk egindakoak. Jainkoak oroimen oso eskasa dauka gure egintzak gogoan gordetzeko. Jainkoak beti barkatzen du.

 

Eta barkatzen ikasteko, oinarrizko esperientzia da Jainkoak barkatzen digula ikustea. Fededunok jakin bageneki Jainkoak zenbat barkatu digun, ez genuke hainbeste eragozpen eta zailtasun izango geure lagun hurkoari barkatzeko. Barkatzen ikasteko erarik zuzenena, horixe da, Jainkoak zenbat barkatu digun beti gogoan izatea. Gaur entzun dugun ebanjelioko parabolan, zor handiena barkatzen duen hori, inolako eragozpenik gabe barkatzen duen hori, Jainkoa bera da. Zergatik barkatu du? Barkatzeko eskatu zaiolako. Ez du baldintzarik jarri. Ez du eperik markatu. Barkatzeko eskatu zaio, eta barkatu egin du. Zeruko Aitaren argazki dotorea egin digu parabolak.

 

Eta horrenbeste barkatu zaionean, zergatik heldu behar dio gero bere hurkoari lepotik? Zergatik ito behar du, zorra ordaindu diezaiola eskatuz? Ez da bidezkoa, ez da zuzena. Zorra barkatu zaio eta berak ez daki barkatzen, bihotz gaiztoaren argazkia da hori. Horrelakoak ez izateko esan digu Jesusek. Barkatzeko esan digu, askotan barkatzeko, beti barkatzeko. “Zazpi aldiz zazpitan hamar”; hau da, beti! Behin barkatzeak ere ematen digu lanik franko, bitan eta hirutan eta barkatzeko! Behingoa artean! Baina barkatzea, egindakoa ahaztea baldin bada, beti lehenengo aldiz barkatzen da, aurrekoa ahaztua baituzu. Jainkoak beti lehenengo aldiz barkatzen digu, gure zorrak ahaztu egin baititu.

 

Eta barkazioaren esperientzia ederra da alajaina! Barkatzearena ederra da eta barkatua izatearena ere bai! Giza bihotzak bizi duen bizikizunik inportanteenetakoa dela ere esango nuke. Barkazioak, ezkorra dena, negatiboa dena, baikor eta positibo bihurtzen baitigu. Barkazioak mundua berritzen du, harremanak berritzen ditu, bihotza berritzen du. Gure gizartea nolakoa izango ote litzateke elkarri barkatuko bagenio! Nolako gozotasuna biziko ote genuke gure kristau-elkarteetan, elkarri barkatuko bagenio. Gure akatsak, nahigabe egindakoak, ustekabean emandako minak, nola edo hala egindako irainak... barkatu egin behar ditugu. Bestela, gure elkarte-bizitza azkenerako jasanezina egiten da, sufrikaitza bihurtzen da. Barkaziorik ez dagoen tokian, batak bestearengandik ihes eginez bukatzen dugu.

 

Gure gizartea ere barkazioaz gozatu behar dugu. Egindako kalteak eta minak hor daude; baina horiek barkatzeko kapaz izan ezean, artean kalte eta min handiagoa egiten baitiogu elkarri. Lehendik dauzkagun zauriak gaiztotu besterik ez dugu egiten zaurientzako justizia eskatuz. Eta badira, badira bai, justiziaz konpondu ezingo diren kalteak. Nahi al duzu adibide bat jartzea? Pertsona bat gogorkeriaz hil denean, hori konponduko duen justiziarik ez dago, pertsona hura hila baitago, eta justiziak ez du hura piztuko. Barkazioak, ordea, hori ere konpondu egiten du, harremana sakonenetik berritzen baitu, kaltea ahaztu egiten baitu. Barkazioak, justiziak ez bezala, dena konpontzen du. Zorionez!

 

Barkatu nori? Aurrena, zeure buruari, entzule! Geure barruari barkatzea ez da askotan errazena. Zergatik ibili ohi gara geure gaizkieginei bueltak eta bueltak ematen? Jainkoak barkatu zizun. Zergatik ez diozu zeure barruari barkatzen? Zergatik estutu behar duzu zeure burua? Barkatu zeure gertuen dauzkazunei: emazteari edo senarrari, edo seme-alabei edo gurasoei. Hainbeste detaile mingarri sortzen da familietan ere, ez da? Barkatu kalean, gizartean. Zenbat zauri daramagun bizi-bizirik gordea, kinka egokia datorrenean, ordainarazteko. “Entzun beharko du, ordaindu beharko du” esaten dugu, eta zauria gogoan ongi gordea eramaten dugu, bere garaian tapa! botatzeko.  Konturatuko ote gara, barkatzen ez duzunean, kalterik handiena ez diozula egiten barkatu ez diozunari, zeure buruari baino, barkatu ez duzulako!? 

 

Eukaristian behin baino gehiagotan eskatzen dugu barkazioa. Hastean, barkazioa eskatuz hasi gara. Laister Gure Aita esango dugu, eta han barkatzeko eskatuko diogu Aitari, guk jada barkatu dugulako. Erantzukizun handiko esaldia da hori. Zure barkazioa jartzen baituzu aurretik Jainkoak barka diezazun. Eta gero, gure Meza honetan elkarrengandik urruti gaudenez ez dugu egiten baina, gero elkarri bakea eskainiko diogu. Batak bestearengana barkazioz hurbildu nahi dugula esateko da hori. Jauna hartu aurretik, elkar hartu nahi dugula adierazten du ezaugarri horrek.

 

Ospa dezagun bai, barkazioaren iturri den Jesus entregatuaren maitasuna. Eta ikas dezagun barkazioa! Ederra data!

FaLang translation system by Faboba