liturgi lagungarriak

hgdgfhdh

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Arreba eta anaiok, Jaungoiko gure Aitaren eta Jesu Kristo gure Jaunaren grazia eta bakea zuekin!

 

Ongi etorri Euskaristi ospakizun honetara. Era askotako jendea gara, alderdi askotatik bilduak, baina hala ere fede berean elkarturik gatoz, esperantza  gozoak loturik eta maitasunak eraginik, Jaunaren egunari dagokion festa egitera.

Astegunaren sufrimendu eta neketik, gatozen Igandearen atsedenezko pozetara. Jesusengan dugun sinesmena berritu eta maitasun gehiagoko fededunak izan nahi dugu. Otoitz egin, indarrak berritu eta berriro gizartera itzuli nahi dugu, hemen ematen zaigun dohainaren neurria emateko.

 

Hasteko, isilune sakon batean, errukitara jo dezagun geure ezinetik eta geure bekatutik.

 

- Jesus Jauna, guztiz ona eta bihozbera zarena, erruki, Jauna.

- Jesus Jauna, zeure onez bedeinkatzen gaituzuna, Kristo, erruki.

- Jesus Jauna, errukitan aberatsa zarena, erruki, Jauna.

 

 

PREFAZIOA

Jesusek bere maitasunaren hazia erein du gure bihotzetan. Maitasun horrek gure bizitza osoa berri dezake. Horregatik ospa dezagun esker onez berritu gaituen maitasuna!

 

 

AITA GUREA

Ez dakigu on zaiguna eskatzen, baina Espirituak indartzen gaitu gure ahulean. Esan dezagun denok batera.

 

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1) Beste askotan bezala, lehen irakurgaiak aspaldiko jakintsu baten esanak biltzen dizkigu; gero ebanjelioko hitzak hobeto jasotzeko da hori. Jainkoaren ahalmen handiaz ari zaigu. Ahaltsua guztiz, baina halere, gizakiarengana isuria.

 

2) Erromatarrei egindako gutunarekin goaz gaurkoan ere. Jaunaren Espirituaz mintzo zaigu Paulo. Espirituak bere eraginpean garamatza Jaungoikoarengana.

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Gure ahuldadean lagun dugun eta gure alde ari den Espirituak argiturik, egin diezaiogun otoitz guztion Aitari.

 

• Kristauok indarrean bizi ditzagun gure fedea eta gure esperantza, eta ingurukoei ager diezazkiegun.

 

• Aita Santuak eta Gotzainek, eta Elizan erantzukizunen bat daukatenek, bakez eta alaitasunez bizi dezaten beren zerbitzua.

 

• Gizon-emakume guztiek, beren bihotzetako hazi onari indarra eman diezaioten, mundu berria eginez.

 

• Sufritzen duten guztiak, eta gure gaixoak bereziki, Jaunaren argiak poztu ditzan, ingurukoen onerako lan eginez bizitzeko.

 

• Oporretan aurkitzen direnek izan dezatela behar duten atsedena eta biziberritzeko kemena.

 

Jauna, zuk badakizu gure otoitzak ez duela indarrik. Begira gure nahiak eta emaguzu zure Erreinuaren langile izateko adorea. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

HOMILIA

Senideok: Jainkoaren Erreinua aurrera doa. Fedeak ez du horren zalantzarik. Askotan Jainkoaren Erreinuaren norabideak eta jokamoldeak guk uste ez bezalakoak baldin badira ere, Jainkoaren Erreinua aurrera doa. Hauxe dugu gure poza eta gure esperantza. Eta, seguru asko, hauxe dugu gure fedeak daukan arazorik eta argitu-beharrik nabarmenena ere. Alegia, Jainkoaren Erreinua aurrera ote doa? Jokatzen ari ote da? Zergatik ez da ikusten? Zergatik ez zaio argi eta garbi antz ematen? Zergatik ez ditu Jainkoak zehatz-mehatz erabakitzen mugak: honaino Erreinua da, hemendik aurrera ez da Erreinua? Zergatik ikusten ditugu gauzak hain nahasiak eta hain ulergaitzak?

 

Jainkoak ez du, ordea, guk daukagun presa eta argitu-beharrik. Jainkoak pazientziaz eta eramanpen handiz jokatzen du. Jainkoak denbora ematen dio Erreinuari. Jakinduriaren liburuak esan digun bezala, «Zuk begirapen handiz erabiltzen gaituzu». Jainkoa barkatzailea da, eta guztien ardura du. Eta ez ditu gauzak berehala batean, abantada batean, erabakitzen eta epaitzen. Bere bihotz errukiorrak ikuspegi zabala ematen dio. Eta bere ahalmen handia, bere eramanpen horretan azaltzen du.

 

Benetan ikasgai ederra aurrean daukaguna: esparruak eta mailak erabat argituak eta sailkatuak eduki nahia, ez da ona eta onartzekoa. Jainkoaren Erreinuko soroan denentzako tokia dago. Eta epaia, galbahetze-lana, azkenean Jaunak berak egingo du. Beraz, azken epaia iritsi bitartean, bihotz handikoak izaten ikasi beharko dugu. Gure ustez gaizki eta oker jokatzen dutenekin ere bihotz handikoak izan behar dugu. «Gizon edo emakume zuzenak bihotz oneko izan behar du» esan digu lehenengo irakurgaiak. Eta ikasi behar dugun bigarren gauza zera da: besteek ere badutela guri erakustekorik. Besteengana bihotz zabalez hurbildu behar dugula, gaiztoaren eta zintzoaren arteko mugak garbiegi finkatu gabe.

 

Beste arrisku bat ere gainditu behar dugula uste dut; Erreinua portaera eta alor jakin batzuri lotzeko arriskua. Alegia, Jainkoaren Erreinuak nonahi eta noiznahi jokatzeko eskubiderik ez balu bezala. Erreinua esparru jakin batzuri lotzeko tentazioa da. Hau honelakoa da eta horrek ez dauka Erreinurik. Hura halakoa da eta hark Erreinua dauka. Jainkoa eta Erreinua libreak direla ez genuke ahaztu beharko. Eta askatasun hori errespetatu egin beharko genuke. Inork errespetatzekotan, guk. Bestela, eta galdera hutsa da, hazi ona izan ustez gabiltzanok ezin ote gintezke iraka bihurtu, hazi txarra? Erne badaezpada ere!

 

Erreinua, Erreinua,... esan bai, baina non ikusten da Erreinua? Non dago? Zertan antz ematen zaio? Ba al du indarrik eta eraginik? Eta hemen ere bada baztertu beharreko beste arrisku nabarmena: Erreinua eta indarra uztarri berean lotu nahia. Erreinuak gure ahalmen-eskemen arabera funtzionatu behar balu bezala. Jainkoaren Erreinua izaki, ahalmenez eta eragintasunez azaldu behar balu bezala. Tentaldi oso usua da. Baina, mostaza haziaren parabola hortxe daukagu. Hazi txikia da Erreinua. Txikiena. Ez da handikeriaz eta ahalmenez azaltzen den horietakoa. Txikian eta ahulean ematen ditu Erreinuaren haziak bere fruitu onenak. Txikia izanda ere, ordea, horrek ez du esan nahi hutsa denik. Ez. Giza bizitza osoaren habi izateko tokia du mostaza-hazitik sortzen den zuhaitzak. Erreinua gure gizatasunaren habi! Ederra! Kabi horretan har dezakezu zure fede-bizitzan atseden.  Fede-bizitzan eta giza bizitzan! Atseden estimagarria!

 

Beste ikasgai bat ere azpimarratu nahi dizut, gehiegi irizten ez badiozu, entzule adiskide. Legamiaren edo orantzaren ikasgai bikaina. Jainkoaren erreinua barrutik kanpora gertatzen da, ez kanpotik barrura. Ore-barnean sartu eta orea altxatzen du. Horrela jokatzen du Jainkoak, eta horrela jokatu behar dugu guk ere. Zergatik ote da, beti kanpotik espero ditugula aldaketa handiak? Erabaki handietatik, agintariengandik... Ez, ez. Barrutik. Legamiaren antzera. Zure eguneroko zerbitzu txiki hori. Inork eskertzen eta ikusten ez dizun laguntzatxo hori, zure eguneroko borondate  saiatu hori... Ore handia altxatzeko ez da legami asko behar. Baina, hori bai noski, legamiak legami izan behar du. Zergatik ez duzu pentsatzen Jainkoak ere legami puxka bat bezala bidali zaituela zure munduaren ore handi horretara. Jainkoaren erregetza aitortzen eta onartzen ez duen ore handi horretan, gure gizartean, zergatik ez sinestu legamiaren indar berritzaile horretan? Zergatik ez? Ez ezazu ahaztu legamia Jainkoaren Erreinua dela!

 

Bai, Erreinua ari da bere ezkutuko lana burutzen. Eta izadi osoa antsika eta grinaz dago Jainkoaren Erreinua noiz ezarriko era betean. Espirituaren egarriak eraginda aurrera egiten dugu gure lan apal eta zerbitzarian. Badakigu zertan ari garen. Ez dugu etsiko, Jainkoaren eraginak baikaramatza aurrera. Pazientziaz, bihotz handiaz, txikiaren indarra sumatuz eta, batez ere, eguneroko lan gordea burutuz, Jainkoaren erregetza ederra zabalduko dugu. Eta, azkenean, mundu hau, gure gizarte maite hau, Jainkoaren erregetzara errendituko da. Jainkoaren erregetza, askatasuna eta gizatasuna baita. Edertasunaren betea baita.

 

Goazen, giro honetan Eukaristia ospatzera. Jainkoaren Erreinua hortxe datorkigu. Ogi pusketa baten txikian Erreinu berritzailea. Ardo pixka batean, legamiaren eragintasuna. Ospa dezagun pozik Erreinuaren festa! Erreinua aurrera doa eta!

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Bere hitzez pozten eta indartzen gaituen Jauna, zuekin!

 

Beste behin, geure lanetik edo geure oporralditik, Jesusengana gatoz. Berari eman nahi diogu bihotzean dakargun guztia. Berari azaldu nahi dizkiogu gure senide gizon-emakumeen penak eta pozak.

Jesusengan aurkitzen baitugu atsedena, bakea, bizia. Berak eragiten digu aurrera; berak erakusten digu Aitaren begirada gozoa, beti maitasunez babesten gaituena. Berak berritzen digu gure itxaropena eta gure maitasuna.

 

Hasteko, isilunetxo bat egingo dugu, gure hutsegiteen barkazioa eskatzeko. Eska dezagun, baita ere, gure bihotza bera dezala, Hitzaren hazia egoki jasotzeko gero.

 

- Jesus Jauna, betiko biziaren hitza zarena. Erruki, Jauna.

- Jesus Jauna, gure bihotzetan ereindako hazia zarena. Kristo, erruki.

- Jesus Jauna, gure haragian mamitu zaren hitza. Erruki, Jauna.

 

PREFAZIOA

Jainko Aita eskertzera goaz. Berak emanik ditugu oparigai guztiak, bai oporretan eta bai lan-giroan. Eskertu dezagun, batez ere, nola ez, bere Seme maitearengatik.

 

GURE AITA

Jesusek irakatsiaren arabera, eska diezaiogun Aitari datorkigula, bai, beraren Erreinua.

 

JAUNARTZEKO

Hona hemen Jaungoikoaren Bildotsa, hona gure bihotzetan fruitu emateko ereindako Hitza. Zorionekoak mahai honetara gonbidatuok.

 

 

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOA

Gaur, Ebanjelioan, pasadizo oso ezagunak hasiko gara irakurtzen, erreinuko parabolen atala hain justu. Eguneroko bizitzatik hartutako errealitateak erabiliz, Erreinuko errealitateak adieraziko dizkigu Jesusek. Gaurko parabolaren esanahia jasotzeko hazia eta lurra jartzen dizkigu Jesusek. Hazia Jainkoaren hitza da eta lurra giza bihotza.

Lehenengo irakurgai honek ebanjelioa ulertzeko bidean jartzen gaitu.

 

 

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Eska diezaiogun guztion Aitari erein dezala bere Erreinuko hazia mundu guztian eta sor daitezela maitasun-fruitu berriak.

 

• Berri Ona zabaltzen ari diren guztien alde:

hazia pozik erein dezaten, eta fruituak Jainkoaren eskuetan utz ditzaten.

 

• Munduko gizon-emakume guztien alde:

beren bihotza zabal diezaioten Jainkoaren ekintzari, gizatasun berri baten fruituak emateko.

 

• Etsita eta itxita bizi direnen alde:

esperantzaz joka dezaten, inor behartu gabe eta jarrera guztiak errespetatuz.

 

• Sufritzen ari diren guztien alde:

Jainkoarengan sinetsiz, beren sufrimenduari aurrera-indarra atera diezaioten.

 

• Nekazari guztien alde:

Soroetan ereiten duten haziak, fruitu on eta mardulak eman ditzan.

 

Emaitza on guztien iturri zaren Aita ona, zabal itzazu gure bihotzak zure dohainak onartu eta eskertu ditzagun.  Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

 

HOMILIA

Fededun bezala dagokigun eginkizuna, eman zaigun misioa, alde batera utzi ohi dugu inoiz, ez dugulako ikusten egiten dugunaren fruiturik edo emaitza egokirik. Iruditzen zaigu, lortzen dugun fruituak ez duela hainbeste ahalegin merezi. Fruitua ez da kontrola daitekeen zerbait eta hortik etorri ohi zaizkigu arazoak. Kontrolatzea gustatzen zaigu inondik ere. Asko kostatzen zaigu Jainkoaren egintzan sinestea. Geure kontrolean sinesten dugu edo geure idealetan sinesten dugu, baina Jainkoaren egintzan nahiko lan! Errealistak baldin bagara, geure kontrolean sinesten dugu, fruitua kontrolatu ahal izatean. Eta idealistak baldin bagara, berriz, geure idealetan. Baina, Jainkoaren egintza eragin handikoa dela, bere fruitua beti ematen duela? Hori ezin dugu sinetsi! Erreinuko parabolak irakurtzen hasi gara gaur. Erreinuak beti du bere eragintasuna, gure moldekoa ez bada ere. Jainkoak ari du bere lana eta ematen du bere fruitua, guk nahi eta uste bezala ez bada ere.

 

Erreinua etorri zen Jesusekin, eta etortzen ari da Jesusen jarraitzaileekin. Baina, etorrera hori Jesusen erara gertatzen da, ez gure erara. Nola jokatzen du Jainkoak? Erein egiten du Erreinuaren hazia, eta zain geratzen da. Ez zaio inori inolaz ezartzen Erreinua. Erreinua eskaini egiten zaigu. Eta lurrak bere harrera ona egiten dion neurrian, Erreinuak bere fruitua ematen du. Erreinua giza askatasunarekin estu lotua dago. Gizakiak nahi ez badu, Jainkoak ez du indarrez inor derrigortzen. Askotan iruditzen zaigu Erreinua gehiegiz lotua dagoela giza askatasunarekin. Eta era horretan bere eragintasuna galdu egiten duela. Eta halaxe da, askatasuna errespetatuz jokatzen du Jainkoak, baita Jesusek ere.

 

Itxurak bestelakoak badira ere, Erreinua hazten ari da. Baina hori ikusteko, sinetsi egin behar da. Jainkoaren misio horretan sinesten duenak, badaki pazientzia izaten, badaki itxoiten, badaki gauzak bere horretan onartzen. Misioan sinesten ez duenak egoerak eta gauzak behartu egiten ditu, dena bere eskemetara tolestatu nahi izaten du. Baina, Ebanjelioaren misioan dabilenak giza bihotzarekin eta giza bihotzaren erreakzioekin kontatu behar du, eta beronen ahuldade eta gorabeherekin. Nor bakoitzak ongi daki bihotzean daukan Erreinua ez zaiola merezita eman, doan baizik. Eta, hori begiratuz, doakotasuna ikasten du besteekiko bere jokaeretan ere. Ondo ezagutzen dugu giza bihotzaren ahultasuna eta ezina. Eta Erreinua hortxe gertatzen da.

 

Baina, Jainkoaren Erreinua hazten ari dela esateak ez du esan nahi, haziak automatikoki jokatzen duenik, ez. Erreinuaren haziak lur ona eskatzen du. Eta hemen zerikusi handia dute gure barruko jarrerek. Jainkoak beti errespetatzen baitu gure jarrera. Gaurko Ebanjelioak jarrera batzuk aipatu dizkigu:

 

1) Ulertzen ez dutenen jarrera: ez daukate ezer aldatzeko interesik eta ez dute Ebanjelioaren eskakizunik berentzako hartzen. Gauzak ongi egiten dituzte, zintzoak dira eta ez dute ulertzen barruko jarreren aldaketa eskatzen zaiela. Erreinua ez baita gure zintzotasunean gertaten, bihotz berrituan baizik.

 

2) Bigarrenik, sendotasunik ez dutenak: badakite Erreinua zer den eta Erreinuaren alde daude eta ilusioz, baina beren bizitzari arazoak sortzen zaizkiola ikustean atzera egiten dute; ez dute beren bizitza konplikatu nahi, ez dute arazorik nahi. Ez daude Erreinuaren sufrimentua beren gain hartzeko prest.

 

3) Hirugarrenik, ondasunen atzaparretan harrapatuta daudenak: aberatsak, alde batetik; eta, bestetik, dena hobeto bizitzeko ahaleginetan biltzen dutenak. Ez dakite ezer sakrifikatzen Erreinuarengatik. Gauza hau eta bestea eta bestea... oso dira inportanteak. Eta munduko gauza bakoitzari inportantzia handia emanez, Erreinuari inportantzia kendu egiten diote. Erreinua, gehienez ere, beste gauza askoren artean gauza bat da!

Hiru lur hauetan ez du haziak atarramentu onik!

 

Jarrera horiekin identifikatuak sentitzen gara neurri handi batean, ez al da egia? Eta, hala ere, Erreinua aurrera doa. Jainkoak ez du huts egiten. Euriak lurra bustitzen duen bezala, Jainkoaren dohainak ere bere tokia aurkitzen du beti. Guk ez dugu geuretik kontrolatuko, ez dugu ikusiko. Baina, Jainkoak ongi daki zertan ari den. Erreinuaren haziera oso gordea da askotan, baina egiazkoa. Oso neurkaitza, baina nabarmena.

 

Gure bizitzara begira dezakegu, Erreinuaren haziera eta gure lanaren fruitua askotan gordea dela ohartzeko: seme-alaben heziera begira dezagun, esate baterako. Ez dugu emaitzarik ikusten. Ereilearen jakituria behar da: erein eta itxoiten jakin, bere orduan bere fruitua eman dezan. “Bere” orduan eta “bere” fruitua. Ez “gure” orduan eta “gure” fruitua. Bere ahalegin guztia jartzen du ereileak, baina askatasunaren misterio lotuezina errespetatu behar du. Landareak ez dira gehiago hazten hostoetatik tiraka. Haurrak hezitzeko, eguneroko ahalegin itxaropentsua behar da, ez egun bateko saio ezartzailea. Gaixoen zainketan, katekesian, elkarte baten arduran, pastoraltzan, taldeetako lanean..., denetan pazientzia behar da. Eta pazientzia edukitzeko, haziaren barne-indarrean sinestu behar!

 

Zergatik galtzen dugu hain erraz gure adorea? Ebanjelioko eragintasuna nola ulertzen dugu? Gure asmoen frakasoa integratuta al daukagu? Erreta al gabiltza? Gure fruitu-ametsak ez al du makurtu nahi barruko aldaketa sakonen esperoan? Egunero jarraitu behar dugu hazia ereiten. Sinesmen berriz, ilusio saiatuz, eskuartean daukagun misioan sinestuz, aurrerantzean ere hazia ereingo dugu! Jainkoak ongi daki zertan ari den!

 

Eta beste gauza bat: haziak beti ematen du fruitua, tokirik zailenean ere! Sekula ez al duzu ikusi, landare txiki bat harri artetik sortzen? Baldintzak zailak izaki, larri dator, ezinez. Baina hantxe sortzen da. Giza bihotzetan ere, sinesten ez dutenengan ere, gaiztotzat jotzen direnengan ere... sortuko da! Sortzen da! Gutxien uste dugun tokian ere sortzen da landaretxoa. Erreinuak indar handia baitu beregan!

 

Eukaristia ospa dezagun. Jainkoak bere Erreinuaren hazia ereiten du orain ere gure bihotzetan, eta gizon-emakume guztien bihotzetan. Utz diezaiogun Erreinuari hazten.

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Jesus Jauna, Jainko biziaren Semea, bego zuekin.

 

Igande honetan kristau-herriaren festa handietakoa ospatzen dugu: Pedro eta Paulo apostoluen festaburua. Apostoluok erreferentzi puntu beharrezkoa ditugu. Gaur gogoan dugu haien sinesmena, haien testigantza, haien segizio-ilusioa. Haien leialtasunak gure leialtasuna berritu eta berotzen du.

Haien sinesmen berarekin ospatzen dugu gaurko Eukaristia, Jaunak haiei emana eta, haien bidez, guri emana.

 

Hasteko, zabal diezaiogun bihotza Jaunari.

 

– Jesus Jauna, apostoluen bidez, Berri Ona eman diguzu. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, Jainko biziaren Semea zarena. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, gure piztuera eta gure bizia. Erruki, Jauna.

 

PREFAZIOA

Esker onean bat egin behar dugu orain. Apostoluen bidez eman zaiguna eskertu behar dugu. Haien bidez iritsi zaigun Jainkoaren maitasun handia eskertu behar dugu batez ere.

 

GURE AITA

Apostoluen sinesmenez esan dezagun Gure Aita, Jesusek erakutsi zigun bezala.

 

 

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOA

 

Gaurko irakurgaiek Pedro eta Paulo oso gertuan sentiaraziko dizkigute. Haien sinesmena, haien itxaropena, haien leialtasuna ikasiko ditugu. Lehenengoan Pedrok hitz egingo digu. Bigarrenean, berriz, Paulok bere bizitzaren oinarria zertan datzan esango digu. Ebanjelioan, gure fedea oinarritzen duen aitormen ederra jasoko dugu. Entzun dezagun adi.

 

 

 

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

 

Jesu Kristoren bitartez eta apostoluek lagundurik, aurkez ditzagun usterik onenaz gizadiaren beharrak Jaunaren aurrean.

 

•  Elizaren eta kristau bakoitzaren alde:

apostoluen bidez eman zaigun fedea gero eta era sakonagoan bizi dezagun.

 

• Pedroren ondorengo den Frantzisko Aita Santuaren alde; Gotzainen alde:

beren testigantzaz eta zerbitzuz kristau-herria poztu dezaten.

 

•  Berri Ona zabaltzeagatik erasotuak direnen alde:

Jainkoaren indarra lagun izan dezaten, leial irauteko.

 

•  Gaixoen eta sufritzen ari diren guztien alde:

beren sufrimenduan Jesu Kristoren Berri Onak poztu ditzan.

 

•    Eukaristia hau ospatzen ari garen guztion alde:

gure sinesmena indarturik, Jesusen jarraitzaile leial izan gaitezen, zerbitzuan saiatuz.

 

Jaso, zeruko Aita ona, zure Elizaren eskariak. Gaur ospatzen ditugun Pedro eta Paulo apostoluek babestu dezatela gure fedea. Hala eskatzen dizugu Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

 

HOMILIA
Igande honetan Pedro eta Paulo apostolu santuen festaburua ospatzeak aukera ederra ematen digu gure sinesmenaren oinarrietara buelta bat egiteko. Apostoluen sinemenean sustraitzen baita gure sinesmena, eta gure fede-bide apala indartzen joateko onena apostoluei begiratzea dugu.

Aurrena, gaurko festaburuak askoren barruan josita dagoen uste bat sendatu behar du: Pedro aipatzea ez da Aita Santua aipatzea, edo Paulo aipatzea ez da kristau-doktrina aipatzea. Pedrok eta Paulok, gaurko irakurgaietan ageri den testigantza ematen digute eta testigantza horren kate librean lotuta gaude, eta hala sentitu behar dugu.

 

Beraz, gaurko festaburuak erabakigarria den galderaren aurrean jartzen gaitu: «Zuek nor naizela diozue?». Ez du balio besteen informazioak; ez du balio entzun dugunak; ez du balio doktrinak; ez du balio betiko uste ganduzkoak. Galdera horrek konpromiso handian jartzen gaitu. Ez baitigu galdetzen zer pentsatzen dugun, baizik «nor den» niretzat, zuretzat. Eta erantzunak sakoneneko sentimendua eskatzen digu. Eta hor ez dute bestelakoek balio. Zer nolako tokia dauka nire bizitzan Jesusek?

Eta galdera horren erantzuna ezin dezakegu guk geure gisara asmatu. Galdera horren erantzuna Aitak berak sortzen du bihotzean. Izan ere, sinestea doan hartzen dugun dohaina baita, emana, erregalatua. Pedrok berak ukatu egin zuen Jesus; baina orain Aitak erakutsi dio barrutik Jesus onartzen eta maitatzen. Pedrok ongi zekien Jesus Mesias aitortzea ez dela ideia bat, barruko esperientzia ustegabeko eta debaldekoa baizik. Paulok ere bazekien, berez Eliza erasotzea besterik ezin izan zuela egin; orain, ordea, fedearen erregalua eman zaiola. Horrek zer erakusten digu?

Bihotz-aldaketa bat eskatzen zaigu, eta hori Jainkoaren dohaina da. Bihotza aldatzeko bakoitzak bere bidea egin behar du; baina, Jainkoak eusten duen bidea da, Jainkoak argitzen duen bidea da, Jainkoak graziaz blai jartzen duen bidea da. Eta bidearen ibilian, Jainkoari esker, uste ez zenuen eta merezi ez zenuen dohain handi batekin egiten duzu topo. Eta harriturik, harridura handiz, Pedrok egin zuen aitormena egiten duzu. Hori da sinesmena!

 

Fedearen mirariak Berri Onaren zabaltzaile egiten zaitu, Pedro eta Paulo bezala. Ez baita fedea barruan gordeta edukitzeko edo bakoitzaren bizitza gidatzeko bakarrik. Fedea misio egiten da. Fedeak gizartera ateratzen gaitu, han Jesusen berri emateko, Jesus nor den esateko, Jesusekiko atxikimendua eragiteko. Sinesmenaren dohain honek mundu guztira irekitzen gaitu. Eliza katolikoa sortzen da fedearen eraginez. Elizari bihotza zabaltzen zaio munduaren neurrietara. Mundu guztia besarkatzen du gure fedeak. Jesusen Berri Onak gizon-emakume guztiengana iristea bilatzen du.

Berri Ona zabaltzeak bere zailtasunak izango ditu, Pedrok eta Paulok izan zituzten bezalaxe. Gaurko gizartean ez da ikusten erraztasun asko Berri Ona jasotzeko. Era bateko edo besteko kontrajartzea ere sor daiteke. Baina, hauxe da nobedadea: Jaunak zaintzen eta gidatzen gaituela, zailtasun handienetan ere, Jaunak askatzen gaituela. Jaunak eteten ditu era askotara lotzen gaituzten kateak. Eta, Jaunak eutsirik, dena bideragarri egiten da.

 

Honi guztiari ondorio bat edo beste atera nahi diot:

• Aurrena, Eliza maitatzea. Askotan Elizarekiko kritikan itxita gera gaitezke. Eliza maitatzeak ez du esan nahi, erkaundearen jokaera eta erabaki guztiekin ados egon behar denik. Baina, geure sinesmenaren miraria Elizaren sabelean eman zaigu. Eta hori estimatzekoa da, asko estimatzekoa. Estimazio honek ez du esan nahi, erakundea denik gure identifikazio-txartela. Ez daukagu erakundea sakralizatu beharrik. Gure fedeak badaki zenbat zor diogun Jainkoari eta zenbat erakundeari.

 

• Bigarren ondorioa, fedea eskertzea. Mirari handia egin digu Jainkoak. Eta mirari hori, merezi gabea denez, Jainkoaren dohaina denez, ez dago ordaintzerik. Eskerrik asko handi bat izan behar du gaurko festaburuak. Fededun izatea handia da eta eskertu egin nahi dugu.

 

Goazen Eukaristia ospatzera. Gure fedeari egiten zaion erregalu handia hau ere, Eukaristia ere. Pozez eta esker onez kanta dezagun, inoiz ez bezalako esker onez, egin zaigun fede-dohaina. «Sinesten dut!».

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Senideok: Gozoa eta bihotz-apala den Jesu Kristoren dohain betea, zuekin!

 

Hementxe gaude, Jaunarengana etorrita. Hark egin digun gonbita gogo onez hartu baitugu. «Zatozte Niregana» esan digu. Eta gu etorri.

Igandez igande horrexegatik biltzen gara. Hark deiturik, beraren hitza eta dohaina jaso eta eskertu nahi ditugulako.

Eukaristia honek bihotz-berri gaitzala eta elkartu gaitzala estuago Jaunarekin eta geure artean. Sar gaitezen Jaunak eskaintzen digun atsedenean.

 

Eta, hasteko, aitor ditzagun geure bide okerrak. Jo dezagun usterik onenaz, ona den Jaunarengana, eta ospa dezagun maite gaituenaren errukia.

 

– Jesus Jauna, txiki eta xumeak maite dituzuna. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, Aita ezagutarazi diguzuna. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, nekatu eta atsekabetuak arintzen dituzuna. Erruki, Jauna.

 

 

PREFAZIOA

Bihotza Jaunarengana jaso, eta ekin diezaiogun esker onezko otoitzari. Bere ontasunaren dohain guztiak eskertu diezazkiogun.

 

 

GURE AITA

Uste onez jotzen zuen Jesusek Aitarengana. Guk ere halaxe jo behar dugu, Jesusek irakatsi zigun otoitz bera esanez. Jesusekin bat egin, eta esan dezagun:

 

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEI MONIZIOAK

1 - Nor da Jesus gure ustez? Ez da Jaun zapaltzaile, beldurgarri, tranpan noiz harrapatuko zelatan bizi dena. Gero Jesusek ederki adieraziko digu ebanjelioan; baina orain, aspaldiko profezia bat irakurriko dugu, gero Jesusek esango diguna hobeto jasotzeko.

 

2 - Bigarren irakurgai hau bere onean josotzeko, jakinaren gainean hartu behar dugu, Paulok “haragia” dioenean, Jaunaren borondatearen kontra doazken gure grina eta joerak adierazten dituela. Paulok, guregan ari den Espirituaren eraginpean jarri nahi gaitu.

 

 

 

HERRI-OTOITZA

 

Seme-alaben uste onez, jo dezagun Aitarengana, eta otoitz egin dezagun Elizaren alde eta munduko premia guztien alde.

 

• Eliza Amaren alde:

Jainkoaren gizakiekiko maitasuna adieraz dezan zintzoki eta atergabe.

 

• Borondate oneko gizon-emakume guztien alde:

Berpiztuak erakuts diezaien, Jaunarengan bakarrik dagoela nahi duten bake eta atseden betea.

 

• Kotxe-gidari guztien alde:

denok erantzukizunez joka dezagun, geure burua eta besteena errespetatuz.

 

• Oporretara joan diren guztien alde:

Egiazko atsedena eta barne-poza aurki ditzaten dauden tokian.

 

• Gu guztion alde; gure gaixoen alde:

Ospaketa honetan atseden harturik, apaltasunez behartsuei atsedena eman diezaiegun.

 

Aita, zure maitasuna erakusteko bidali duzu zeure Semea gure artera. Entzun gure eskariak eta emaguzu barne-poza. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

HOMILIASenideok: horrela da Jesus, eta horrela ikusten ditu Jesusek Ebanjelioaren bideak. Jesusek adierazten duen Aitaren presentzia, presentzia arduratsua da, jende xumeaz kezkatzen den presentzia. Jesus ez dabil handikerietan, nabarmenkerietan. Ez. Bere eginkizuna eta misioa, jende xume eta txikiaren ondoan bizi ditu, haiei gertatzen zaien guztia bere arazotzat hartuz.

 

Jesusek bere Berri Ona hots egiten duenean, Israelgo agintari eta gizon erlijiosoek ez diote onartzen bere mezua. Jesusek mundua ikusteko daukan modu hori ez diote onartzen. Beste era bateko erreinua espero baitzuten. Handiagoa, indartsuagoa, eraginkorragoa. Ez zuten ulertzen eta ez zuten onartzen Jesusek adierazten zuen Erreinua.

 

Jende xumeak, bai, ordea! Jesusek esaten die Jainkoak gizon-emakumeak askatu nahi dituela, gaitzetik eta gizakiari kaltegarri zaion guztitik libre egin nahi dituela. Eta hori adierazteko gaixoak sendatzen ditu. Esaten die legearen ibilbide nahasi eta ulertezinak ez direla Jainkoaren askatasuna jasotzeko derrigorrezko bide. Legeak jende xumea nekaturik eta ezinean uzten zuen, arnasarik gabe itota. Jesusek beste era bateko uztarria eskaintzen die: ez da lege-sorta bat, giza-kapritxora eratutako lege-sorta bat. Esijentzia eta eskakizun handikoa den arren, erantzunkizun-sortzailea den arren, uztarria alegia, sentiduz eta bizipozez beteriko uztarria da. Maitasunak giza-bihotzean sortzen duen uztarria. Giza-bizitzari izanbide berriak eskaintzen dizkion uztarria.

 

Horregatik bedeinkatzen du Jesusek bere Aita. Bera ere bere Aitarekin xumetasun eta izaera libre honetan bizi da. Aita-Semeen harreman gozoan. Jesus horrela bizi da, eta horrela ikusten ditu Erreinuko bideak. Horrela ikusten du Aitaren bihotza. Izan ere, azken batean, Jesusen jokabide honek Aitaren bihotza eta izaera agertzen baitizkigu. Aita horrelakoa da. Beste nahasketa guztiak geuk sortu eta asmatu ditugu. Auskalo zergatik!

 

Horregatik lehenengo irakurgaiari sortzen zaion esklamazioa: "Poztu zaitez, Siongo alaba! Hor datorkizu zure erregea, zintzo eta garaile; apal. Honek hots egingo die bakea atzerriei". Erreinua bide hauetatik gertatzen da. Erregea apala da, indartsua den arren. Bihotzera mintzatzen da Erreinua. Ez da armaz eta indarrez ezartzen denetakoa. Maitasunaren mezu askatzailea daukagu begibistan, fededun adiskide! Erramu-eguneko errege apal hura ez datorkizu burura? Honelakoa da Erreinuaren estiloa. Gure pozerako, honelakoa da estiloa!

 

Hemendik ederki ulertzen da San Paulok bigarren irakurgaian esan diguna ere. Jesusen uztarria onartzeak, Aitaren Erreinua jasotzeak, gizon edo emakumea barrutik aldatzen eta berritzen du. Jainkoaren Espiritua edukitzea, Jesus berarekin batera Aitaren seme-alaba izatea da. Eta Espiritua bihurtu zaigu lege. Askatasun-lege eder horrek ez gaitu eramaten arinkeriara, edozein modutan bizitzera. Eta puntu hau, inoiz baino garrantzitsuagoa ikusten dut gaur. Legearen pisu astunetik askatu ginen, baina ez erantzukizuna galtzeko. Edo, zer?: beldurrak erantzukizun gehiago sortu behar al du, maitasunak baino? Ez, noski. Fededunok, maitatuak izan garen fededunok, ondo dakigu, benetako erantzukizuna, hainbesteraino maitatuak izatetik datorkigula. Espirituaren arabera bizitzea dugu askatasun. Maitasuna dugu askatasun.

 

Ederra, ez da?! Ederra eta geure barnean behin baino gehiagotan errepikatu behar genukeen hitza, hau! Gaurko mundua zaila da, gogorra askotan. Kostosoa fededun izan eta jokatzea! Hainbeste nahasketa eta konplikazio! Alde batetik, erretzeko arriskua, zaila delako. Bestetik, harrotzeko arriskua, handizaleak garelako! Eta iluntze askotan, geure burua nekatuta eta tentazioz betea aurkitzen dugu. Nola egiten ditugu gauzak? Nolako bideak maitatu ditugu? Akaso indarra erabili dugu. Akaso etsi egin dugu. Akaso zerbitu nahi ezaren tentazioak zapaldu gaitu, harrokeriaz. Eta zeure burua erorita sentitzen duzu. «Zatozte Niregana, nekatuok, lanpetuok. Eta nik arinduko zaituztet». Jesusengana joan eta itxaropena berreskuratu. Harengan atseden hartu. Bihotza gozatu. Jesusen bide apalen molde berritzailera itzuli berriro ere. Bihotz xumea berreskuratu. Eta segi aurrera. Erori gabe, etsi gabe.

 

San Agustinek bere gutun batean idazten zuen: «Atsedena maite dugu, baina atseden hori, Jainkoa maitatzean aurkitzen ez badugu, ez dugu atsedenik aurkituko». Ospatzera goazen misterio honen sarrera ederra izan daiteke esaldi hori: «Atsedena maite dugu, baina Jainkoa maitatzean aurkitzen ez badugu, ez dugu atsedenik aurkituko».

 

Igandean aurkitzen gara. Astegunaren neke eta eginbehar gogorretik, igandearen atsedenera etorriak gara, Jaunarengana. Gozatu eder askoa ematen digu Jesusen mezu askatzaileak. Zaude igandean, luze eta gozo, isilean, Jaunaren ondoan. Berak esan dizu atseden hartzeko. Gizakion legeak eta pixuak eta aginduak eta, ahaz itzazu. Goza ezazu Jesusen erreinu librea. Zabal bihotza. Tira zure bihotzeko muga estutuei. Eta zabaldu zabal. Hartu sakonenetik igandearen arnasa. Adiskidea, poztu ezazu zeure bihotz xume hori. Aita bedeinkatuak bere maitasunaren mezua ematen dio eta! Gero, bihotza arnasaz berriturik, itzul gaitezen eguneroko errinugintzara, jakinik, atseden ematen duenak indartzen gaituela mundu berria egiteko.

 

Ospa dezagun Eukaristia. Bedeinkazioz eta pozez. Hazi gaitezen maitasunaren neurrietara. Hazi gaitezen xumetasunaren neurri txiki bezain handietara. Ospa dezagun Jesusek eskaintzen digun zorion bikain eta paregabea.

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Arreba eta anaiok: bere burua guregatik eman eta gure janari egin zaigun Jauna izan bedi zuekin!

 

Jesu Kristoren Gorputz-Odolen eguna dugu gaur. Igandero ospatzen dugun misterioa ospatzera bildu gaitu Eliza amak. Igandero-igandero Eukaristia ospatzera biltzen baikara. Jesus Jauna gurekin dagoela esan nahi du Eukaristiak, gure bizi-janari dugula. Beraren biziak bizi gaitu, beraren maitasuna dugu gure maitasun.

Gure ospakizunari hasiera ematean, jar gaitezen isilik: aurkez diezaiogun Jaunari gure pobrezia eta eska diezaiogun bere maitasunaren dohaina.

 

- Jesus Jauna, bizia ematen diguzun ogi oparoa. Erruki, Jauna.

- Jesus Jauna, itxaropena sortzen digun bidea. Kristo, erruki.

- Jesus Jauna, batasun- eta bake-iturria. Erruki, Jauna.

 

 

 

 

PREFAZIOA

Jesu Kristoren heriotzaren eta piztueraren oroipen-ospakizuna egitera goaz orain. Esker ona zor dugu. Otoitzez, piztu dezagun komunio-gosea.

 

 

GURE AITA

Eguneroko ogia eskatzen erakutsi zigun Jesusek. Eska diezaiogun Aitari bere maitasunaren ogi beroa.

 

 

HONA HEMEN

Hona hemen Jaungoikoaren Bildotsa, bere mahaira deitzen gaituena. Zorionekoak gu, haren erreinuko bazka beretik jaten dugunok.

 

 

 

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOA

Jainkoak, historian zehar, maitasunez zaindu du bere herria. Testamentu Zaharrean, hasteko, Egiptotik askatu eta askatasunerantz gidatu zuen. Eta bide horretan indarra eman zion manaz eta harkaitzeko uraz. Janari hura, gero etortzekoa zen janariaren aurreirudi zen: Jesusen Gorputz-Odolen irudi.

Entzutera goazen hitz honek esker onera eta adoraziora eraman gaitzala.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

 

Eukaristiak elkarren senide egiten gaitu. Eta horrek esan nahi du, gizon-emakume guztien beharrak geure behar bezala hartu behar ditugula. Egin dezagun otoitz guzti-guztien alde.

 

*  Gure senide behartsuenen alde egigun otoitz:

guztiek gizatasun osoan bizitzeko behar dutena izan dezaten.

 

*  Behartsuen zerbitzuan lan egiten duten pertsona eta erakundeen alde:

aspergabeko lana egin dezaten pobreen duintasuna jasotzeko.

 

*  Eukaristian lehenengo aldiz parte hartzen duten haurtxo eta gaztetxoen alde:

sakramentua egiazko maitasun-konpromiso izan dezaten beren bizitzan.

 

*  Gerran eta borrokan bizi diren herri eta pertsonen alde:

Eukaristiak adierazten duen maitasuna bizitzera hel daitezen.

 

*  Eukaristia honetan bildu garenon alde, geure senide eta adiskideen alde, gure gaixoen alde:

Eukaristiaren indarrak elkarren zerbitzurako adoretu gaitzan.

 

Entzun, onginahizko Aita, fedez eta esperantzaz egin dizkizugun eskariok. Guregatik ogi eta ardo egin den Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

HOMILIA

Pazkoan martxan jarri den herria gara. Misio eta eginkizun baterako bidean jarri gaituzte, erromes. Pazkotik bidaliak, Pazko betera bidean goaz, Pazko betea baitugu helmuga. Bakoitza, eta Eliza osoa, bidean goaz. Eukaristiak egia pozgarri hau gogorarazten digu: Jauna gurekin dihoala, benetan tarteko egina. Sarritan bidea utzi eta eseri egiten bagara ere, geure segurantziak maite ditugulako, badakigu jakin biderako segurantzia eta indar bakarra Jauna presente egiten digun ogi bizia dela. Gaur, gorespenez eta gurtzaz ospatzen dugu, Eukaristian egiten zaigun bizi-dohaina.

 

Eukaristiak, beste ezer baino lehen, Jainkoak gurekin egin duena eta Jainkoak eman diguna oroitarazten digu. Jainkoak bere herri izateko aukeratu gaituela oroitarazten digu. Beregana eramateko gertarazi duen historia bikaina ekartzen digu gogora. Eta, hari horretatik, gure eguneroko ibilbide latza, pertenentzia berri baten historia bihurtzen zaigu, betetasunaren grina edertzaile. «Ez ahaztu, Ejiptoko lurretik, morrontza-etxetik, atera zintuen Jainkoa, zure Jainkoa». Israel herriak atzera begiratu zuenean, bere historia ikusi zuen bere osoan, eta maitasunezko historia iruditu zitzaion, Jainkoak gidatutako historia eder. Basamortuko historia garratza ere, maitasunezko eta askatasunezko historia izan zuen. Han hurbiltasunaren mana jan zuen eta han obedientzia ikasi zuen. Israelek arrazoi asko dauzka historia hori ez ahazteko.

 

Egia da, bai, kristau-bidea basamortuko bidea dela. Betetasunerako gure bidea oso aldapatsua gertatzen zaigu askotan. Ebanjelioa bizitzea eta Jainkoarekiko menpetasuna bizitzea mingarria zaigu behin baino gehiagotan. Baina Jainkoak beti ematen digu bere maitasunaren mana gozoa, Berpiztuaren harkaitzeko urez indartzen gaitu. Jainkoa lagun dugu gure ibilbidean. Ez goaz inolaz ere bakarrik!

 

Gure bizitzako une latz eta mingarriak denak banan-banan kontatuak dauzkagu, ez da? Baina, bide batez, Jainkoaren presentziaren ezaugarri den zenbat detaile on eta mesedegarri ahazten dugun! Une latzak denak gogoan, eta onak izan ez bagenitu bezala? Esker gaiztokoak gara horratio! Laguntzeko luzatzen dizuten esku hori, adiskidetasun hori, adoretzen gaituen talde hori, gertuan daukazun familia hori, elkarrekin egiten dugun otoitza... Eta Eukaristia! Eukaristiak atergabe oroitaratzen baitigu Jainkoa bizirik eta gurekin dagoela beti!

 

Oroigarria izateaz gain, Eukaristia komunioa da, «Gorputz-Odolen elkartasuna». Gaurko Ebanjelioaren hizkera indartsua da, hizkera gordina. Ezkontza-hizkera da. Pertenentzi hizkera. Eukaristiak betirako konprometitzen baitu, eta oso-osorik konprometitzen du. Maitasuna, bere barnean, betirakoa da eta osoa da. Jainkoaren maitasuna betirako da eta osoa da. Horregatik Ebanjelioak «gorputza jateaz eta odola edateaz» hitz egiten digu. «Zuek niregan eta ni zuengan» bizitzeaz hitz egiten digu. «Betiko bizitzaz» eta «betirako bizitzeaz» hitz egiten du. Eukaristia ospatzen dugun bakoitzean, maitasunak markatzen gaitu eta Jaunarenak garela adierazten dugu.

 

Galde diezaiogun geure buruari: Norena naiz? Nori zor natzaio? Jesu Kristo ote da egiaz oinarritzen nauena? Eukaristia ospatu eta Jauna hartzen dudan bakoitzean, ohartzen al naiz zer esan nahi duen egintza horrek? Eukaristia ospatzeak nire bizitza osoa konprometitzen al dit?

 

Alde batetik, beraz, Eukaristia oroigarria da eta Jainkoaren presentzia gure bidean; Eukaristia, beste aldetik, elkartasun-konpromisoa da. Eta horrek ondorio handi bat sortzen dio gure bizitzari: ogi beretik jaten dugunok, gorputz bat bera osatzen dugu. Ez gara ari lege baten gora-beheran. Jesu Kristo komunioan hartzen duenak bat egiten du harekin. Maitasun bat berak lotzen du. Eta elkartasun hori esker onezko kantu bihurtzen da. Izan ere, ba al da Eukaristia ospatzeko modu hoberik, elkar maitatuz eta gorputz bat osatuz ospatzea baino? Jainkoari eskerrik asko esateko modu hoberik ba ote dago, elkar maitatzea baino? Elkartasunaz hitz egitean, ezin ahaztu gure artzainekiko elkartasuna ere. Egun hauetan halako eraso beltza jasaten ari diren gure Gotzainek beren ondoan izango gaituzte. Beraiek ardion alde gin duten lanak jasoko du ardion esker ona eta laguntza ere. Ez ditugu manipulazioaren atzaparretan bakarrik eta baesik gabe utrziko. Maite ditugu.

 

Gaur, Eukaristiako ogi-ardoak luze begiratu behar genituzke. Eta Eukaristiako ogi-ardoak begiratzean, batak besteari ere luze begiratu behar genioke. Nekez uler daiteke, aldarera maitasunez begiratzea, elkarri maitasunez begiratzen ez baldin badakigu. Ezin dakioke aldareko ogi maitagarriari gozotasunez begiratu, ondoan dauzkagunei gozotasunez begiratzen ez badakigu. Ezin baitezakegu Gorpuzti eguna prozesio bikainak egin  eta kantu ederrak jalkitzeko egun bihurtu, gure inguruan hainbeste behar eta samin negargarri inolako kezkarik gabe ikusten dugun bitartean. Hori ez da legezkoa, igandero Eukaristia ospatzen duenarentzat. Jauna prozesioan eramatea ondo dago, gure herrietako kaleetarako justizia eta berdintasun eta elkartasun gehiago eskatzekotan. Bestela, itxura hutsean geratuko litzaiguke gure ekintza.

 

Eukaristia konpromisoa da Jainkoarentzat: beti gure artean egoteko konpromisoa! Konpromisoa da guretzat ere: Jainkoarenak izan behar dugu eta lagun hurkoarenak! Ospakizun hau izan dadila benetako esker on, bere biziaz biziarazten gaituen Jainkoarentzat esker-kantu. «Eujaristós»! Eskerrik asko, Jauna!

FaLang translation system by Faboba