liturgi lagungarriak
A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA HASIERA
Jesu Kristo gure Jaunaren grazia, eta Jainko Aitaren maitasuna, eta Espiritu Santuaren batasuna, izan bedi zuekin.
Apostoluen gainera Espiritu Santua etortzearekin burutu eta bukatu genuen joan zen igandean Pazkoaldia. Gaur, urtean zeharreko igandeen ibil-martxari ekitean, Hirutasun guztiz Santuari begiratzen diogu: maite gaituen Aitari, gurekin bidean doan Semeari, eta betetasunean bizitzera eragiten digun Espirituari.
Erlijioso/erlijiosa kontenplarien egun honetan, beraien alde otoitz egiteaz batera, jar gaitezen kontenplazio-senez eta goza dezagun, daukagun Jainkoa edukitzea eta berarekin bat egitea.
Hasteko jar dezagun geure burua gure Jainkoaren eskuetan eta sinets dezagun Haren maitasuna. Aitor diezaiogun bekatari garela (Isil-unea).
– Jesus Jauna, Aitaren maitasuna erakutsi diguzuna, erruki, Jauna.
– Jesus Jauna, gure bidean gure anaia zaituguna, Kristo, erruki.
– Jesus Jauna, Elizari Espirituaren arnasa txertatzen diozuna, erruki, Jauna.
SINESTEN DUT
Aitor dezagun gure sinesmena, Aitarengan, Semearengan eta Espiritu Santuarengan dugun sinesmena.
PREFAZIOA
Hastera goazen Eukaristi otoitz nagusia esker onezko otoitza da, Aitari, Jesu Kristoren bitartez, Espirituak eraginda egiten diogun esker onezko otoitza. Jainkoarekin elkartzen gaituen mesterioan gaude.
GURE AITA
Espirituak, Jesu Kristorekin bat eginda, Aitari otoitz egiten dio gure barnetik. Horregatik ausartzen gara esaten: ...
B) IRAKURGAIEN MONIZIOA
1 - Egiptotik irtetean osatu zen Israel herria, eta hantxe antzeman zion Jaunaren esku laguntzaileari. Hala ere, zenbat kostatzen zitzaion Jainkoarekin leial izatea. Jauna beti segika zuen Israelek, beti maitale, beti askatzaile. Postura hau gero, artean ederrago agertuko zaigu Jesusengan.
2 - Hitz gutxiko irakurgaia, baina a zer mamia! Gure kristau-bizitzaren ardatza demaigu Paulok.
HERRI-OTOITZA
Senideok: Jainkoak bere seme-alaba egin gaituela jakinik, inolako beldurrik gabe beraz, usterik onenaz otoitz berean bat egin dezagun.
* Munduko alde guztietan zabaldurik bizi den Eliza osoaren alde; kristau-elkarte guztien alde, zahar edo berri, handi edo txiki…
* Egun hauetan lehenengo aldiz jaunartzen duten haurren alde; sendotza hartzen duten gazteen alde; ezkontzen diren bikoteen alde; gaixoen igurtzia hartzen duten gaixoen alde...
* Kontenplazioan bizi diren monastegien alde; eta otoitzean, lanean eta Jainkoaren gorespenetan bizi diren monja eta monjeen alde…
* Kontenplazio-sena bizi duten gazteen eta taldeen alde; Jainkoari sekula otoitz egiten ez diotenen alde…
* Mundu honetako beren aita edo ama galdu duten guztien alde; zeruko Aita ezagutu gabe bizi direnen alde…
Entzun, Aita, hainbeste maite duzun herriaren otoitzak. Emaiozu, zure seme-alaba bezala bizitzeko behar duen guztia. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
HOMILIA
Pazkoaldia amaiturik, urtean zeharreko igandeetara itzultzen gara. Eta gaur, bien tartean, Hirutasun guztiz Santuaren festaburua ospatzen dugu. Eta ongi dago bien tartean, zeren, alde batetik, Pazko-misterioko Jainkoa nor den jartzen baitzaigu begien aurrean, eta, bestetik, eguneroko bizitza arruntaren bizi-iturria den Jainkoa ematen baitzaigu.
Gaur ez da oso ohiko gauza Jainkoaz aritzea. Gaurko gure gizarteari ere ez zaio oso atsegin eta arrunta gertatzen Jainkoa. Oso goiko ikusten da, oso urrutiko, auskalo non omen dagoen Zerbait ahalguztidun eta interes gabea. 'Misterioa da Jainkoa' esan dugu, eta patxada ederrean gelditu gara. Misterio hitzak esan nahi balu bezala, ulertezina, ezagutezina eta alferrikakoa dugula Jainkoaren misterioa.
Gaurko irakurgiek gauza asko esan digute, baina bat behintzat ezin dezaket jaso gabe utzi. Jainkoa gertuan daukagu, hurbil. Jainkoa maitagarria da, maitasuna da. Jainkoa MAITASUNA DA! Beste guztiak, ahalguztidun izatea, dena jakitea, dena ikustea... horiek denak MAITASUNAREN zerbitzuan ageri zaizkigu Jainkoarengan.
Hori horrela dela sinestea kostatzen bazaizu ez daukazu liturgi urtea begiratu besterik, eta ez daukazu oso begirada sakona ematen ibili beharrik. Ospatu berria dugun Jesu Kristoren heriotze-piztuerak ez ote dira maitasun ikusgarri baten ospaketa izan! Jesukristok egin digun Mendekosteko Espiritu-festa zer da, biziera berriaren aukera ez bada! Bai, fededun adiskidea, MAITASUN neurtezinekoaren aurrean eta barnean gaude.
Jainkoa ez dagoela ezagutzerik?! Esaiozu hori Israel herriari eta ikusiko duzu! Bere herri-bizitzan, bere askatasun-martxan, hain gertuan, hain 'tartean' sentitu zuen! Israel herriak ongi zekien, beste herrietatik bereizten zuena horixe zela: beste inork baino gertuago zeukala Jainkoa! "Jauna, zure begietan ederra aurkitu baldin badut, ibil zaitez gure artean... eta har gaitzazu zeuretzat". Gaurko festa hau zer den esan behar banu, nik, Jainkoaren gertutasunaren festa dela esango nuke.
Jainkoa misterioa dela?! Bai, noski! Maitasun oro misterio baldin bada, zerbait ezaugarria, zerbait gordea, zerbait ulergarria, zerbait barnekoa, maitasun oro misterio baldin bada, diot, Jainkoa are eta misterioago da, are eta maitasunagoa delako. Baina, adizu, ez da misterio urruti dagoelako, hain gertu dagoelako baizik. Hain bestelako izanik, hain geure egin zaigulako! Hain haundi izanik, hain txiki bihurtu delako! Hain ahalmentsu izan eta hain ezerez egin delako! Benetan Misterioa, misteriorik baldin bada! Baina Misterio maitagarria, barnekoa, gozoa!
Begira, bestela: zer erlijiori burura ote zekiokeen Jainkoari "AITA" deitzea! Kosta behar zaizu bilatzea! Jesu Kristoren salbamen-jardunean, Jainkoa Aita agertu eta ezagutzera eman zaigu, Aita! Eta zein ederra den bihotz-barnetik Espirituari entzutea, suabe esaten dizula: Jainkoa Aita duzu! Eta bizitzara eta lanera eta gizartera eta... joaten zara eta ez zoaz eskutik utzia, ez zoaz barne-hutsik, ez zoaz nolanahi. Barnean inork ez bezala maitatu zaituen Jainkoa daramazu! Eta gauzak zuzen edo oker atera daitezke, osasuna edo gaixoaldia letorke, ezbeharrren bat gerta daiteke... Jainkoa beti gertuan sentitzen du fededunak: beti goiko, baina beti azpitik dena pozten! Beti ahalguztidun, baina beti gure bizipozaren zerbitzari! Beti Jainko eta beti Aitan eta Ama!
Entzule, hauetaz jarduteak halako zera bat uzten du barnean: geure buruaren gainetik dauden gauzetaz ari ote garen edo... Gehiegizkoa den zerbaitetaz ari bagina bezala edo... Eta halaxe da!
A, baina kontuz! Honek guztiak zeure barnera begira jartzen bazaitu, ongi dago. Baina, barrura bezala jarri behar zaitu kanpora begira! Jainkoaren maitasun neurrigabea ez da gure barne-gozamenerako soilik, munduaren salbamenerako baizik. Egia da, Jainkoaren misterioa zabaltzeko eman zaigu, hots egiteko, banatzeko. Eukaristiako ogia zatitu eta banatzen dugun bezala, ilusio beraz Jainkoaren misterioa banatu. Eta, esanak esan, Jainkoaren gose handia darama gizon-emakumeak barnean.
Noski, fededunok aurrena Jainkoa behar bezala ezagutu behar dugu! Jainkoaren ezaguera sakona behar dugu. Ez da aski Jainkoari buruz txikitako errezelo kolore gabeko batzuk edukitzea. Nola izango da ba nahikoa! Jainkoaren ezaguera landu egin behar dugu. Ikasi, irakurri, otoitz egin, bizi! Bestela jainko arbuiagarri eta interesgabea aurkeztuko dugu berriro ere. Munduak Jainkoa behar du, baina egiazko Jainkoa behar du!
Eta gero Jainko hori erakutsi, azaldu. Gure edertasuna eta gure askatasuna eta gure giza-zaletasuna eta gure lanerako adorea eta... nondik sortzen zaizkigun erakutsi! Esan nor den gure Jainkoa! Jainkoa maitasuna baldin bada, maitasunez erakuts dezakegu Jainkoa, ez bestela.
Goazen, fededun, Eukaristia ospatzera! Goazen Jainkoa gehien ezagutzen den tokira! Jainkoa emana! Jainkoa jangarri, horrela esan badezaket! Jainkoa barnera sartzen! Ederra benetan! Horixe da gure Jainkoa, Jainko maitale eta maitagarria! Bihotzetik Aintza Aitari! Aintza Semeari! Aintza Espiritu Santuari!
A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Anai-arreba maiteok: Pazkoa burutzen duen Pentekosteko festaburuan, Espiritu Santuak gure fedea edertzen duen egun honetan, hauxe dut zuentzako agurra: Jainkoaren Espiritu biziemaileak bete zaitzatela itxaropenez eta iraun dezala beti zuekin!
Etorri zaigu Pazkoa bere gailurrera. Gaurkoa ere Pazkoan gertatu zen. Eta gaurkoa, Jesusen Pazkoaren emaitzarik ederrena da. Jesus gurekin geratu da. Guregan ari da. Maitasunaren egintzaz Erreinua hazten ari da. Horregatik orain hemen, poza eta barruko begirada behar ditugu. Kanta dezagun barru-barrutik, Espirituaren uretan eman zaigun bizi berria.
(Urez zirtatzea)
Eta kanta dezagun denok batera eman zaigunaren poza eta edertasun betea. Kanta dezagun Pazkoan Jainkoak erakutsi duen aintza!
(Aintza abestua)
PREFAZIOA
Jainkoaren maitasunean sinesten dugulako, bera Espirituaren bidez gure artean tarteko eta bizirik dagoela dakigulako... eskerrak eman diezazkiogun pozez beterik.
GURE AITA
Guregan dagoen Jesusen Espiritua da otoitzera eragiten duguna, seme-alaben otoitza esanaraziz:
HONA HEMEN
Hona Jainkoaren Bildotsa, Kristo Jesus, heriotza zapaldu eta Espiritua ematen diguna. Zorionekoak Espirituzko mahaira gonbidatuok!
B) IRAKURGAIEN MONIZIOA
Espiritu Santuak, Jaunaren Espirituak, elkartzen gaitu igandero hitza entzun eta Eukaristia ospatzera. Gaur ere, Pazkoko azken igande honetan, Espirituaren dohaina era berezian nabarmentzen dugun honetan ere, Jainkoaren Hitza entzun behar dugu. Berak berritu eta biziaraziko gaitu. Entzun ditzagun patxadan hiru irakurgaiak, tartean Salmoa kantatuz.
HERRI-OTOITZA
Eska dezagun orain Espiritua gizon-emakume guztientzat, gure bizi-lurra erabat berri dezan.
• Munduko gizon-emakume guztien alde:
Espirituak Ebanjelioaren egiarekin topo egitera eraman ditzan.
• Munduan zabaldua bizi den Elizaren alde:
Espiritu Santuaren eraginari barrua ireki eta bere biziera atergabe berri dezan.
• Gizon eta emakume behartsuenen alde:
Espirituak eragiten duen solidaritatea jaso dezaten beren beharrean.
• Gerran ari diren herrien alde; gure Euskal Herriaren alde:
Espirituaren eraginez mundua bakera etor dadin.
• Ospakizun honetan elkartuta gaudenon alde, gure gaixoen alde:
Espirituak egia bihur dezan gure bihotzetan, Eukaristian ospatzen duguna.
Aita ona, Jesusen bideari jarraitu nahi diogu. Bete gaitzazu Espiritu Santuaz, zure Erreinua guregan eta munduan hazi dadin. Jesu Kristo gure Jaun berpiztuaren bitartez.
HOMILIA
Adiskideok: Pazkoaren betetasuna ospatzen ari gara Espirituaren ekintza askatzailean. Berrogeita hamar egunen buruan esan dezakegu Misterioaren edertasun betea eman zaigula. Esan dezakegu Jainkoak bete-betean maitatu gaituela. Esan dezakegu dena berria dela Espirituaren begirada berrian. Eta pozik ari gara ospakizunean. Pozik gaude.
Espiritua, esaten dugu. Espirituak ez dauka «aurpegirik», baina berak ematen die aurpegia errealitate guztiei. Espirituak «aurpegia» ipintzen dio Jainko Aitari, lehen maitasunaren aurpegia, errukizko eta harrera onezko aurpegia, «mundua hainbat maite izan duen» aurpegia. Espirituak Jainkoaren esperientzia itsasten digu bihotzetan. Gaur, zorionez, Jainkoa ezagutzen dugu.
Espirituak ematen dio «aurpegia» Jesus berpiztuari. Espirituak sumarazten digu Jesusen jarduera askatzailea. Espirituak itsasten digu bihotzean «Zoriontasunen» ibilbidea. Espirituak ematen digu Jesusen maitasuna, pobreak askatzeko, baztertuak jasotzeko, tristeak pozteko, gaixoak sendatzeko, bakarrik daudenak maitatzeko. Espirituak egiten gaitu Jesusen segizioan leial. Espirituaren eraginak Jesusen proiektua mamitzera garamatza.
Espirituak ez baitauka «aurpegirik», sinboloaren erabilpena ugaltzen da gaurko irakurgaietan. Mihiak, sua, hizkuntzak, ulermen berria. Dohainen ugaritasuna, aniztasunean batasuna, batasunean aniztasuna, gorputz bat atal asko, ekintza asko guztien on bakarra, izaera asko Espiritu bakarra. Sinbolo hauetako bakoitzak Espirituaren alderdi bat argitzen digu. Irudiek bilatzen dutena ez da Espiritua zer den adieraztea, Espirituak zer egiten duen eta nola jokatzen duen adieraztea baino.
Sinbologiak, ordea, dena azal hutsean bil dezake. Hori da arriskua. Azal hutsean ez geratzeko, behar dena «esperientzia» da, Espirituaren eragina barnean bizitzea. Esperientzia hori ezin daiteke beste ezerekin ordezkatu. Espirituaren eragina barruan bizi ez duenak, ez du sinetsiko Espiritua badenik eta ezer egiten duenik.
Nolanahi ere, eta esperientzia pertsonalaren beharraz jabeturik, gaurko festaburuak misioaz hitz egiten du batik bat. Pazko eguneko mezu berak mundura bidaltzen gaitu ikasle guztiok. Bakea eman eta gure kokalekua mundua dela adierazten digu. «Aitak ni bidali nauen bezala, hala bidaltzen zaituztet zuek». Eta bidaltze hori Espirituaren dohainetan gertatzen da: «Hartzazue Espiritu Santua».
Misioa, jakin bai baitakigu gure bizia dagoeneko ez dela gurea. Gure bizia Jainkoaren eskuetan utzi dugu eta gizaki bakoitzaren bidera ateratzen gara, ez hari ezer ezartzeko, baizik Jainkoaren egintzari lekua egiteko. Misioa, Ebanjelioak barrutik erre egiten gaituelako; baina ez da dena erretzeko sua, zerbitzurako grina baizik. Misioa, eguneroko eginkizun txikienak Aitarekiko menpetasun libre bihurtuz. Ez daukagu gauza handiak egin beharrik, ezta gauzak espiritualizatu beharrik ere. Baizik, kontua da egiten dugun txikienari sakontasuna eta kalitatea ematea. Misioa, maitasuna geldiarazi ezin den indarra delako eta mundua aldatzera garamatzan indarra delako. Misioa, nahiz lana egin nahiz otoitz egin; inportantea ez baita zer egiten den, baizik Espirituaren eskuetan bizitzea.
Gauza handiak, benetan! Baina desioaren hego hutsaletan amets egin gabe. Eta gure bizitza txikiaren araberako asperduran lo hartu gabe. Kontua da «misioan bizitzea». Gure bizitza osoa, errealismoz, misio bihurtzea. Espirituaren eskuetan gaudela sinestea.
Gaur burutzen dugu Pazkoa. Zer aldatu da gure bizitzan Garizuman sartu ginenetik eta hona iritsi garen bitartean? Pazko-ospakizunak izan ahal du presentziarik gure bizitzan? Utzi dezagun Espirituaren eraginaren eskuetan gure guztia.
A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Arreba eta anaiok, ongi etorri Pazko-ospaketa honetara. Jesu Kristo berpiztu duen biziaren Aitak hautsi ditzala heriotzaren kateak. Jauna zuekin!
Jesus Jauna guregan bizi da, eta betiko bizi da. Beraren Espirituak, maitasunezko Espiritu indartsuak, eragiten digu guri ere. Horregatik, Jesu Kristoren piztuera ospatzea, Espirituarengan ematen zaigun bizia ospatzea da. Elkarte honetan dago Jesus gurekin. Eta, batez ere, gaixoekin dago, gure gaixo maiteekin. Gaixoek ez duzue esperantzaren adorea galdu behar.
Gure ospaketa pozgarriaren hasieran, gure bihotzak tirabiran jar ditzagun. Aintzaka eta bataioko askatasun-kantuz esnatu behar ditugu ospatzen dugun misteriora. Kanta dezagun Pazkoko argiaren edertasuna!
(Aintza)
PREFAZIOA
Ospa dezagun pozez, Jesusek lortu digun askatasuna! Igandeko pozaren une nagusi honetan, jaso ditzagun gure bihotzak, Jainkoak guregan egiten dituen harrigarriak esker onez goresteko.
GURE AITA
Espirituak, Jainkoa Aita dugula esaten digu. Horregatik esan ditzagun elkarrekin Jesusek irakatsi zizkigun hitzak.
HONA HEMEN
Hau da Jainkoaren Bildotsa, Kristo Jesus, heriotza zapaldu duena, betiko biziaren janaria. Zorionekoak Pazko-mahaira gonbidatuok!
B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1) Apostoluen Eginetatik irakurtzen dugu gaurko zatia ere. Gaurko mezua, Jesu Kristoren piztueraren iragarpena da, Espirituak gizartean ari duen lanaren adierazpena.
2) San Pedroren eskutitzari entzun diezaiogun beste zati bat. Gure kristau-bizitza berritzeko deia egiten zaigu, beti ere gogorkeriarik gabe jokatuz.
HERRI-OTOITZA
Aitaren aurrean bitarteko Jesus berpiztua dugularik, eta Espiritua gure alde otoitzean ari dela jakinik, eska dezagun gizakien premien alde. Erantzungo dugu:
ENTZUN, JAUNA, GURE ESKARIAK.
• Eliza gizon-emakume guztientzako sukalde izan dadin, guztiei Jainkoaren maitasuna ezagutarazteko.
• Munduko herrien alde eta, bereziki, gerraren samina sufritzen ari direnen alde: Pazkoaldia bakebide gerta dakien.
• Garai honetan lehenengo jaunartzea egiten duten neska-mutikoak, fede-bidean aurrera egin eta hazi daitezen.
• Gaixoek Jesus berpiztuaren hurbiltasuna senti dezaten eta, beren ingurukoen solidaritatez eta laguntzaz, esperantzari indarrean euts diezaioten.
• Eukaristia hau ospatzen dugun guztiok beti gertuan senti dezagun Espirituaren indarra eta adorea.
Aita ona, entzun gure otoitza. Gure anaia eta gure Jauna den Jesu Kristoren izenean aska gaitzazu gaitzetik, Jaun eta Errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan.
HOMILIA
Pazkoak, akordatzerako, oso aurrera egin digu. Gaur dugu azken igandea, Pazkoa burutzen duten bi festaburu handiak alde batera uzten baditugu, Igokundea eta Mendekoste. Eta Pazkoak aurrera egin ahala, giro berezi bat nabari zaio liturgiari. Lehenengo igandeetako poz nabarmen hark, beste giro apalago eta bareago bati egin dio leku. Ez poza galdu dugulako, horixe behar genuke! Baizik, Jesusen Aitarengana joateak giro berezi hori dakarrelako berekin.
Eta giro hori zehazteko, hauxe ikusten dut lehenengo: Jesus badihoa eta ikasleek triste bezala sentitzen dute beren burua. Orain artean beren maisuarekin ongi ibili dira. Orain, Maisua badihoakie, eta zer egin dezakete, pentsatzen jarrita? Jesusek, giro honetan, Espiritu Santuaren promesa bikaina egiten die. Fededunak ez dira munduan bakarrik geratzen. Fededunak ez dira umezurtz eta irtenbiderik gabe gelditzen. Jesus beraiekin geldituko da, Espiritu Santuaren bidez. "Egiaren Espirituak" argituko ditu Berri Onaren ezaupide betean eta munduan bete behar duten egitekoan. Pazkoak ez die Jesus galarazi ikasleei. Baina bai beste era batera tartean jarri.
Espiritu horrek Jesusen eta Jainkoaren presentzia gorpuztuko du fededunen artean. Espirituarengan Jesus ikusten du fededunak. «Ikusiko nauzue eta biziko zerate, Ni bizi bainaiz». Munduak antzematen ez badio ere, fededunak badu entzumen berezia, Espirituaren presentzia gozo horri arrastoa hartzeko.
Bi zeratan antzematen zaio Espirituaren eraginari:
Pazko esaten dugu. Eta egia da, Pazkoak poza du bere ondoriorik nabarmenena eta argiena. Poza. Gaur Liturgiari baimena eskatuta, poz honi buruz hitz egin nahi dizuet zuei, gaixo eta oinazetan aurkitzen zaretenoi. Izan ere gaur gaixoen eguna dugu. Eta nik galdetzen dut: zuentzat ere Pazkoa poza ote? Gaixoentzat ere Pazko? Hala ote?
Zuentzat ere poza. Eta zuentzat, batez ere, poza. Eta hori esanez, ez nuke inoren mina edo negarra atximurkatu nahi, min hori areagotzeko. Ez horixe! Baina, aizu, adiskide jator, zuretzat da poz Pazkoa. Ez poz, gaixo zaudelako, gaixo egotea inork ez baitugu nahi. Baina poz, gaixo egonda ere. Jesus berpiztuari, gaitzari baino askoz ere indar eta ahalmen gehiago aitortzen baitiogu. Eta horregatik diot nik, Pazkoa denontzat dela poz. Eta guk, egia esateko, inori pozik opa badiogu, zuei, gaixo zaudetenoi, opa dizuegu. Hain zarete gureak, eta hain zarete Pazkokoak.
San Pedrok ederki asko esan digu: «Gora ezazue Jauna, Kristo, zuen bihotzetan». Beti ere horixe dugu gure eginkizun nagusi: Jesu Kristo goratu gure bizitza osoan, gure zailtasunetan, gure gaixoaldian, gure ezinean, gure suerte txarrean, gure eguneroko une guztietan. Eta Jesu Kristo goratu, batik-bat, pozaren testigantzaz. Begira: pozik bizi denak beti sortzen du inguruan galdera hau: Zergatik bizi da hori pozik? Eta poz hori gaixo dagoenen batengan ikusten denean galdera hau sortzen da: zergatik dago hori pozik, gaixo egonda ere? Eta orduan, Pedrok esan diguna: «Prest egon beti zuen itxaropenaren arrazoibidea emateko, eskatzen dizueten guztiei». Eta orduan gure poza, aukera paregabe bihurtzen da Jesu Kristoren Pazkoko argiaz eta salbazioaz hitz egiteko.
Entzule fededun, gaixo maite, benetan esango dizut: zu, zeure sufrimenduz, zeu zara Piztueraren aitorlerik onena. Zuk baitaukazu, pozik bizi bazara, Piztueraren argumenturik eta arrazoirik ukaezinena. Pozik eramaten den sufrimenduak kezka edo galdera handia sortzen du bere inguruan.
Pazkoa eta poza. Pazkoa eta Espiritua. Espiritua eta poza. Jainkoaren argitan bizitzetik datorkigun bizimaila berri eta ordainduezina. Jainkoak maite gaitu. Jesusek maite gaitu. Guk elkar maite dugu. Eta maitasun horrek elkarrekin pozik bizitzera garamatza. Jesus Berpiztua gurekin baitago Espirituaren eraginean. Eta Jesus presente dugularik ez diogu ezeri eta inori beldurrik. Presentzia horren poza ez digu ezerk kenduko bihotzetik.
Goazen Eukaristiara. Pazkoko dohaina hartu behar dugu hortxe. Jesus gurekin dago Espiritu-emale. Espiritu horren eraginez aitor dezagun gure kristau fedea.
Elizarengan sinesten dugula kanta dezagun pozik!
A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Aitaren eskuinaldean aintzatua izan den Jesu Kristo gure Jaunaren grazia eta bakea zuekin.
Pazko-igande honetan Jaunaren Igokundeak bi alderdi oroitarazten dizkigu: Jesusen aintzaldia, batetik; eta, bide batez, Jainkoaren salbamen-asmo sendoa. Izan ere, Jesusengan dakusgun aintza guztiontzat nahi du Jainkoak.
Otoitzean halaxe esango dugu: «Zure Seme Jesu Kristoren zerura igotzea garaipen gertatu da guretzat». Esperantza eder honek poztu diezagula gure ospaketa eta eman diezagula Jesusekin lan egiteko adorea. Bera gurekin dago eta.
Ospaketa eder honi hasiera emateko, Aitaren eskuinaldean eserita dagoen Jesu Kristori kanta diezaiogun poz betean.
PREFAZIOA
Jesu Kristo bizi delako eta Aitaren eskuinaldean ikusten dugulako pozik, eskerrak damaizkiogun zeruko Aitari. Jainkoak maite gaitu eta helmuga berbera opa digu. Badugu esker onerako arrazoirik.
GURE AITA
Jaunaren zain gauden bitartean, eska diezaiogun bere nahia egiteko bihotza.
HONA HEMEN
Hona hemen Jainkoaren Bildotsa, «munduaren azkeneraino gurekin» dagoena. Zoriontsuak mahai honetara deituak.
B) IRAKURGAIEI MONIZIOA
Gaur entzungo ditugun irakurgai guztiek gai bat bera dute mintzagai: Jaun berpiztuaren Igokundea. Zabal ditzagun gure bihotzak hitz bizi honek bere indarrez estali eta berritu gaitzan.
HERRI-OTOITZA
Aitaren aurrean bitarteko dugun Jesusekin bat eginik, otoitz egin dezagun gizadi osoaren, Elizaren eta gutako bakoitzaren alde.
• Elizaren alde, Aita Santu eta Gotzainen alde, kristau bakoitzaren alde. (Isilunea)
• Kristauen batasunaren alde, Jesu Kristo ezagutzen ez dutenen alde eta beragandik aldegin dutenen alde. (...)
• Munduko bakearen alde, herrien arteko harreman zuzenen alde, munduko behartsu guztien alde. (...)
• Prentsan, irratian eta telebistan lan egiten dutenen alde, komunikabideetan erantzukizunen bat daukatenen alde. (...)
• Jaun berpiztuaren inguruan bildu garenon alde, gure senide eta adiskideen alde, gure gaixoen alde. (...)
Entzun, Aita, gure eskariak. Entzun, gure haragiko den eta zure eskuinaldean betiko bizi den Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
HOMILIA
Hona, fededun alai, Pazkoaren gailurra erakusten duen festaburu mardula. Jesus heriotzetik berpiztu eta Aitarengana igo da. Eta Piztueraren poza sentitu eta ospatu genuenok, poz bera sentitzen eta ospatzen dugu gaur. Gure fedeak, nolabait esateko, bapo egiten du Pazkoaren mahai oparotik atergabe janda. Ederra izan da Pazkoa, eta ederra Pazkoa bere edertasun betean azaltzen digun gaurko ospaketa. Ederra!
Horrelako festak gozatu eta kantatzeko izan ohi dira, argitasun luzeak emateko baino, eta horregatik utz iezadazu labur-labur bi edo hiru gauzatxo azpimarratzen zure poza sustatu eta areagotu asmoz.
Gaurko festaburuak misioa nabarmentzen du. Ikasleak bidaliak dira. Nagusi eta indartsu entzuten da Jesusen hitza: «Zoazte, eta egin ikasleak mundu guztian». Hori da Elizari eman zaion egitekoa. Mundura joan eta han Pazko-poza biziz, Berri Ona hots egin. Ez egia batzuk irakatsi, ez. Berri Ona hots egin, bizitzeko modu eta maila berriaren notizia eman. Bizitzeko beste arrazoia azaldu. Bizitzaren beste alderdi beti ederragoa ezagutzera eman. Hori dugu Berri Onaren enkargu bikain bezain larria.
Eliz elkarteak ezin du sekula santan bere misio-eginkizuna ahaztu. Baina, misioa ezingo du inolaz bete, baldin eta bere barnean Pazkoaren esperientzia bizi ez badu. Nola Bizi esperientzia hori? Barruko bizikizun pertsonala eta kanporako misioa fedearen orekan bizi behar dira. «Bataia itzazue eta erakutsi nik agindutakoa betetzen». Sinesmenean bataiatu! Ez dago beste biderik. Eta sinesmenari misio-grina ez ito! Alegia, ez eduki sinesmena hesi estu batzuen mugetan lotua. Sinesmenari irteten utzi. «Zertan zaudete hor, zerura begira?». Sinesmenak barrura ez, kanpora hazi behar du. Baina, noski, barrura hazten ez bada, ez da kanpora ere haziko. Bai, baina, kanpora irteteko mina falta baldin bazaio, ez da barrura ere haziko.
Sinestea, oraintxe hasi behar dugun lana dugu. Eta, aurrena, gaur bertan, sinesteak poza eskatzen digu. Festa egiteko kapazitatea eskatzen zaio bere burua azaldu nahi duen fedeari. Pozteko eta kantatzeko argitasuna!
Baina, pentsatzen ariko zara agian, gaurko munduan zaila dela hori guztia! Nik zer esatea nahi duzu? Entzun itzazu Ebanjelioko hitzak, onenean argigarri izan ditzakezu eta: «Ni zuekin izango nauzue munduaren azken egunera arte». Hori Jesusek esandakoa da. Eta atsedena sortzeko hitzak dira, zalantzarik gabe.
Goazen, fededun, Eukaristia ospatzera. Goazen festa egitera. Igokundea ulertu nahi baduzu, begira iezaiozu Eukaristia honetan Gorputz-Odol eginik ematen zaigunari. Eta begira iezaiezu zeure fedelagun dituzun fededun alaiei. Jauna gurekin eta guregan dago. Poztu gaitezen!
A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Arreba eta anaiok, gure erdian daukagun Jesus berpiztuak agurtzen zaituzte: Bakea zuekin!
Gaur, ebanjelioan hala esango digu Jesusek: «Ez izan bihotz-larririk». Eta Jesusen hitza entzunik, elkarrekin biltzen gara; eguneroko eginkizunen artean baretasuna eta bakea aurkitu nahi ditugu. Horretarako zer hoberik, Jesus Berpiztuaren inguruan biltzea baino?
Bera dugu bidea, egia eta bizia. Eta Jesusen izate berpiztu horrekin bat egin nahi dugu elkartasun estuan. Beraren biziarekin elkartasuna sortu nahi dugu.
Goazen, bada, pozik eta esker onez Jaunaren dohaina ospatzera. Kanta diezaiogun Jesusengan dena berritu duen Jaunari. Kanta dezagun Jaunaren egintzaren aintza gure eginahala guztian.
(Aintza)
PREFAZIOA
Gaur gure esker onezko otoitzean, lehen baigarren irakurgaian entzundako hitzak berak esango ditugu: «jatorri hautatua zarete, errege-apaizgo, enda santu, Jainkoak aukeratutako herri». Oihuka dezagun gure esker ona.
GURE AITA
Jesusek erakutsi digu nola hurbildu behar dugun gure Aitarengana. Haren Espirituak eragin da dei dagiogun bihotzez.
HONA HEMEN
Hona hemen Jainkoaren Bildotsa, Jesus Berpiztua, guregatik hil zena eta betirako bizi dena. Zoriontsuak...
B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1) Apostoluen Eginetatik irakurtzen dugun zatian, arazoak aurkitzen ditugu lehen elkartean. Eta behartsuak behar bezala zaintzeko antolaketa sortzen da. Pazkoak behartsuekiko axolari eragiten baitio.
2) Berri Ona entzutea maite dugu fededunok. Horrexegatik dugu gogoko Pedroren epistola hau: berak esaten digu nortzuk garen eta nondik datorren gure fedea eta zergatik gauden hemen; gure sustraiak ez ditugu galdu behar!
HERRI-OTOITZA
Senideok: Jesu Kristok bere elkarte bezala bildu gaitu eta bere Espiritua eman digu. Espiritu horrek eraginda, begira dezagun mundura eta aurkez diezazkiogun Aitari gizon-emakumeen beharrak.
• Eliza osoaren alde egin dezagun otoitz. Leialatasunez eta begi argiz Espirituaren egintza zerbitza eta indartu dezan. Eska diezaiogun Jaunari.
• Otoitz egin dezagun munduko herri zaurituen alde. Jesusen Pazkoan aurki dezatela gizatasunezko bidean aurrera egiteko adorea eta aukera.
• Egigun otoitz gaur hauteskundeak dituen gure herri honen alde. Herri-eraikuntzan dugun ardura gogo onez eta buru argiz bete dezagun.
* Bakardadean, bazterturik, gaixo, kartzelan edo erbestean sufritzen duten guztien alde ere egigun otoitz. Jesus Berpiztuaren presentziak poztu ditzan.
• Gure otoitza amaitzeko, egigun otoitz geure alde eta gure ingurukoen alde. Jesus Jauna izan dadin gure bidea, egia eta bizia.
Entzun, Aita, gure eskari hauek. Zure errukia etor dadila gure gainera, eta poztu gaitzala. Jesu Kristo gure Jaun berpiztuaren bitartez.
HOMILIA
Senideok, Pazkoak aurrera egiten digun erritmoan, Jesus berpiztuaren indar eta presentzia kreatzailea ari gara sumatzen. Artzain on bezala, ardien ziurtasun eta izanbidea bera da, aurreko igandean ikusten genuenez. Eta, berpizturik, bera da Elizaren arnasa, bihotza. Bera da Elizaren izanbidea. Eliza Pazkoan sortu zen, eta Jesus berpiztuarengan hazten da. Jesus berpiztua Elizan bizi baita. Eta Eliza Jesusengan bizi da.
Eta Pazkoan Elizaren presentzia hain indartsu sumatzeak ez gintuzke dagoeneko gehiegi harritu behar. Eliza, pazko-sakramentua baita. Eta, horrexegatik, igandeotan Elizaren lehen egunetako argazkiak ari gara ikusten, Apostoluen Eginetako liburua irakurriz. Eta gaur gainera, hiru irakurgaiek Elizaren misterioa jartzen digute begi aurrean, Elizaren hasiera Pazkoa dela erakutsi nahi baligute bezala eta Elizaren helmuga Pazkoa dela azaldu nahi baligute bezala.
Eta halaxe da, Elizaren egitura pazko-egitura da. Eta nolakoa da Pazkoan sortu den Eliza? Eta eliztarron izatea eta eginkizuna zein da Pazkotik begiratuz? San Pedrok definizio edo zehaztasun eder askoak eman dizkigu. Oinarria Kristo bera da. «Etxegileek baztertu» bazuten ere, eraikuntza guztiaren oinarri bera izan da ezarria. Eta ez dago erdibiderik, sinesten duenak oinarri izango du, sinesten ez duenak oztopagarri, erorbide. Harri erabakiorra baita, bai onerako bai txarrerako. Ez dago beste oinarririk. Hil eta piztua izan zena da oinarri bakarra.
Eta oinarri horren gainean, apaizgo santu eginak izan gara, apaiz eginak. Zertarako apaiz? San Pedrok berak esan du: «Jainkoari Jesu Kristoren bidez espiritu-opariak eskaintzeko», hau da, Jainkoari atsegin emateko gure bizitzan eta jardunean. Jainkoari atsegin ematea dugu eginkizun gure bizitzan, lanean, otoitzean, sufrimenduan. Izan ere, beretzat aukeratu gaituen «jatorri hautatua» baikara, «Jainkoak aukeratutako herri». Eta aukeratu gaituenari atsegin eman diezaiogun, «ilunpetatik atera eta argi zoragarrira deituak» izan gara. Eta «Jainkoaren egintza harrigarriak oihukatuz» betetzen dugu gure eginkizun ederra.
Eta Pazkoko Elizaren sorburua horrelakoa baldin bada, bere helmuga Pazkoaren betea du. «Erreinuko sakramentua» da Eliza. Ebanjelio-zatian Erreinuko betetasunari usaina aditzen zaio. Jesusek, Pazkotik, Aitaren etxeko osotasuna eskaintzen digu. «Erakuts iezaguzu Aita». Eta Elizaren azken mugan Aita eta beraren Erreinua argi betean ikustea izango dugu betiko poz eta betiko edertasun. Gure betiko azken zoria, Jainkoarekin neurrigabeko adiskidetasuna bizi eta gozatzea izango dugu. Betiko Pazkoa, hitz batean. Eliza Pazkoan jaio baitzen eta Pazkora hazten doa.
Hasierako eta azkeneko edertasun bete honek ez gaitu, ordea, engainatu behar. Honek guztiak, hasiera eta azken onak alegia, ez du esan nahi, tartean arazorik izango ez dugunik. Elizak, bere munduko jardunean, izan du, badu eta izango du zailtasunik. Pazkoak ez gaitu aingeru bihurtzen. Eta testigu, hortxe daukagu gaurko lehenengo irakurgaia. Eliza elkarte salbatua baldin bada ere, horrek ez dizkigu gure harremanetan arazoak aurrezten. Baina hori bai, arazoak sor daitezkeenean, aski dugu gure oinarrira, gure sorburura edo gure azken helmugara begiratzea, arazoek zer konponbide duten jakiteko. Eta konponbidea beti Pazkoak berak emana datorkigu. Konponbidea, azkenerainoko zerbitzua da. Eliza, zerbitzurako sakramentua da. Eta zerbitzurako eginahala moteltzen zaion neurrian, Pazkoan berritu behar ditu bere oinarriak, beti zerbitzura itzultzeko.
Gaur ere, entzule adiskide, gaur ere arazoak baditu Elizak, eta arazoak baditugu fededun bakoitzak. Era askotako arazoak bizi ditu Elizak. Hori ez da gaiztoa berez. Gaiztoa da, Pazkoko sintonia galtzea. Eta horixe da sekula galdu behar ez duguna. Zuk oraintxe bertan entzuten ari zaren irratiko botoiari ematen badiozu, irratiaren sintonia galduko zenuke. Eta Arantzazuko Mezaren ordez beste zerbait entzungo zenuke. Pazkoko sintonia galtzen baduzu, beste gauza batzuk entzungo dituzu. Eta galdetzen dut: Euskal Herriko Eliza Pazkoko sintonian ote dabil? Fededun bakoitza, oraintxe bertan elkarrekin ari garenok, Pazkoko sintonian ote gabiltza? Zer erantzuten duzu? Zer erantzuten dugu?
Pazkoa bizi dugunean, arazoak beste zera batez argitzen dira. Arazoak arazo, beti bihotza bare gorde ahal izango dugu Pazkoko oinarritan. «Ez izan bihotz-larririk» esan digu Jesusek. Pazkoa baitugu gure bake eta gure zori on! «Ez izan bihotz-larririk» entzun nahi dugu Eukaristia honetan ere. Eukaristia hau Pazkoa da. Gure oinarritan eta gure helmugan jartzen gaitu ospaketa honek. Berritu dezagun geure itxaropena eta geure bizipoza. Pazkoko Elizarengan sinesten dugula kanta dezagun pozik!
Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.