liturgi lagungarriak

hgdgfhdh

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Arreba eta anaiok, Jesu Kristo gure Artzain ona, bizirako gure atea, gure artean dago. Jauna zuekin!

 

Artzain ona: horra gaurko hitzaren oparotasuna biltzen duen esaldia. Jesu Kristo berpiztua dugu gure Artzain on. Aurretik dihoakigu bizirako bidean. Maite gaitu. Banan-banan maite gaitu. Eta maitasun horrexek elkartu gaitu hemen, (irratiaren inguruan) osatzen dugun elkarte zabalean.

Gaur zorionaren atetik igaro behar dugu. Bizira daraman atea igaro behar dugu. Ospaketa honetan Aitarenganako atea ireki baitzaigu.

Maitasunak ematen duen pozez ekin behar diogu ospaketari. Garbituak izan gara Pazkoan, argituak. Askatasunaren Bataio-urak Jainkoaren kantari egin gaitu. Kanta dezagun bada Pazko-argia biztu duen Jainkoaren aintza!

(Aintza abestua, ahal bada)

 

 

PREFAZIOA

Entzun dugu Jesu Kristo Artzain onaren hitza. Orain kanta diezaiogun gure Aitari esker ona eta aintza. Zergatik esker ona? Bizia ematen digulako. Semearengan eta Espirituarengan, bizidunen taldean askatzen gaituelako.

 

 

GURE AITA

Artzain onak irakatsi digu otoitz egiten. Esan dezagun bada usterik onenaz askatuen otoitza.

 

 

HONA HEMEN

Hona Jainkoaren Bildotsa, Kristo Jesus, heriotza zapaldu duena, betiko bizirako janaritzen gaituena. Zoriontsuak Pazko-mahaira gonbidatuok!

 

 

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

 

Gizadiaren bizi eta esperantza dugun Jesus berpiztuari egin diezaiogun otoitz, bihotz guztiaz (kantatuz):

 

ENTZUN, JAUNA, GURE ESKARIAK!

 

• Gure otoitzune honetan, Elizan artzain direnak izan nahi ditugu batez ere gogoan: Aita Santua, Gotzainak, apaizak eta diakonoak (tartetxoa).

 

• Gure elkarteek, artzainak eta Ebanjelio-hitza emango dieten gizon eta emakumeak behar dituzte. Bokazioen eguna ospatzen dugun honetan, eska ditzagun apaiz- eta erlijioso-bokazioak.

 

• Munduko herri guztien gidari direnak ere izan ditzagun gogoan. Etenak eta borrokak gainditu eta denok, Berpiztuaren inguruan, artalde zoriontsua osa dezagun.

 

• Gogoan izan ditzagun, egun hauetan lehenengo Jaunartzea edo Sendotza sakramentua hartzen duten haur eta gazteak. Artzain onaren jarraitzaile zintzo eta alai izan daitezen.

 

• Egigun otoitz geure eta geureen alde... Gure artean gehien sufritzen ari direnen alde... Munduko herri guztietan sufrtzen ari direnen alde… Gure gaixoen alde.

 

Entzun, Jaun berpiztua, zure Elizaren otoitza eta zaude beti gurekin. Jainko eta Errege bizi baitzara, Berpizturik, gizaldi eta gizaldietan.

 

 

 

 

 

HOMILIA

 

Senideok, hutsa adinako hitza entzun dugu! Hutsa adinako larreetan bazkatu eta janarituak izan gara! Hutsa adinako segurantza eta gozotasuna eman zaizkigu! Hutsa adinako edertasun eta argitan murgilduak izan gara! Konfiantzaren eta baretasunaren oinarriak ukitu ditugula sentitzen dugu. Ez al da horrela? Igualekoxe bizitzen da Arzain onaren itzalean! Igualekoxe!

 

Artzain ona. Ardiak. Artegiko atea. Artzainaren ahotsa. Jarraitu. Bizia izan. Sartu eta atera. Benetako artzaina, artzain arrotza. Horrelakoxe irudiak erabili ditu Jesusek, Pazkoko bizi berria adierazteko. Eta, aizu!, zergatik ez ditugu irudi honen barruak mihatzen, Pazkoa ulertzeko?

 

Judutar artzantzan, gauetan, artzainen batzuk beren ardiak bildu eta denak toki batean gordetzen zituzten, goarda baten ardurapean. Goizean, artzain bakoitza joaten zen ardiak zeuden tokira eta bakoitzak bere ardiak eramaten zituen larrera. Ardi bakoitzak ezagutzen zuen bere artzainaren ahotsa eta deia. Artzainak ere ezagutzen zituen bere ardiak. Ardiek ez zioten edozein artzaini segituko. Ardiek ongi bereizten dute beren artzaina. Badakite norenak diren.

 

Entzule adiskidea, jarri gaitezen ardien tokian. Guk, gizakiok, artalde handi eta zabala osatzen dugu. Gu ere dei askoren entzule gara. Goizero-goizero, artzain asko eta era askotakoak datozkigu deika, haienak garela esanez. Eta, jakina, bakoitzak hauta dezake bere pertenentzia. Ni norena naiz? Nori jarraitu nahi diot. Egunero-egunero zein artzainen atzetik ateratzen naiz? Zeini edo zeri jarraitu nahi diot? Zeinen ahotsa nahi dut aditu? Zeinen artaldekide nahi dut izan? Hemen independiente ustetan ibiltzea alperrik ote den! Batena edo besterena izan beharra dago! Bakoitzak neurtu behar ditu bere pertenentziak! Eta, gainera, pertenentzia guztiak dira errespetagarriak.

 

Jesusen artaldeko kide ohartu garenok, lasai sentitzen dugu geure barrua, egunero Artzain onaren deia entzuten dugunean. Haren ahotsa entzuteak geure onera ekartzen digu barrua. Badakigu zenbat maitatu gaituen. Badakigu banan-banan aukeratu gaituela. Badakigu izugarri zori ona izan dugula artalde honen kide egin gaituenean. Eta goizero-goizero zeure izenez deitzen zaituenean, zer nahi duzu?, bakea eta alaitasuna sentitzen ditugu. Jesus ez baita asmo esanezineko batzuren morrontzan lotzen gaituen bizi-lapurra. Gure pertenentzia pozten duen ate askatu eta askatzailea da. Ederra da maitatu gaituenaren itzalean sentitzea.

 

Eta gero, haren bideetan abiatzen zara. Bera aurretik, bidea zabaltzen, Pazko bideetan aurrera. Ez ditu ardiak bidali aurretik, nora ezean, bide bila. Berak urratu du bizirako bidea. Eta, zeure zalantza eta beldur eta guzti, badakizu bizi-bideetan zoazela. Badakizu bidea egina dagoela. Badakizu Bera artaldean tarteko dihoala beti. Badakizu nora zoazen. Eta badakizu norekin zoazen. Badakizu, bideak honelakoak eta halakoak izan, erabakiorra ez dela nolakoak diren, baizik zu norena zaren.

 

Horregatik, eguneroko galdera sakona ez da «nora goazen», baizik «norenak garen». Ni noren atzetik edota noren ahotsera ateratzen  naiz artegitik. Zein ahotsek esnatzen gaitu jarraipidera? Zein ahotsek deituta noa mundura eta bizitzara? Lehen esan dizut, hemen independiente-ametsak alferrikakoak dira. Beti gara norbaitenak edo zerbaitenak. Ni norena naiz? Zu norena zara? Baina eguneroko bizitzan! Zein atetatik ateratzen gara?

 

Eta pozgarria da, pozgarririk baldin bada, gure atea eta gure ahotsa Jesusena dela aitortzea. Ez al da kuriosoa? Zoriona beti ate-atzean sentitzen dugu, atea igarota. Denok gaude ate askoren aurrean. Daukagunarekin ez konformatu nahi, eta beti ateren bat ireki nahi izaten dugu: hortxe dago zoriona! Gaur esan zaigu Jesus dela egiazko zoriona gordetzen duen atea. Eta ate hori Pazkoan ireki egin zaigu, zabal-zabal. Beste ateak irekitzea ez du merezi. Ireki bai, baina ate-atzean frustrazioa! Jesusen ateak zorionerako igaropidea eskaintzen dizu. Jesusek ematen dizkigun larreak, larre onak dira, poz eta zorion-larreak. Jesus «bizia izan dezagun eta ugari izan dezagun» etorri da. Eta hori ederra da, alajaina!

 

Nola ireki ate hori, zorionera daraman Jesusen ate hori? Batzuek uste dute dirua dela giltza, edo agintea, edo ez sufritzea, edo indarra, edo edertasuna. Horrek guztiak, ona izanik ere, ez digu Jesusen atea irekitzen. Jesusen gurutzea da Aitarenganako bidea irekitzen digun Pazko-giltza.

 

Sar zaitez zeure barrura, adiskidea, eta galde ezazu: Ni norena naiz? Noren ahotsa entzuten dut? Noren deira nabil? Zer edo nor zerbitzatzen dut? Eta seguru asko zeure bizitzaren zalantza eta beldur eta ezin eta tristura askoren erantzuna aurkituko duzu. Edo, onenean, bizi duzun poz sakonaren iturria aurkituko duzu. Azkenean geuk egiten dugun aukeraren seme-alaba baikara bizitzan. Eta esan dut, aukera guztiak dira errespetagarriak, baina aukera guztiak ez dira biziemaleak. Hortxe dago koxka. Eta gure aukera, Artzain onaren aukera, benetan aukera bizigarria suertatu zaigu. Pazkoa gertatu zaigu!

 

Goazen, gaur ere, goiz honetan ere, ahotsaren atzetik, biziaren larreetara eta bizi gaitezen, eta oparotasunez bizi! Eseri gaitezen artzain onaren zorion-mahaian. Eta bizia sor dezagun gure inguruan!

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Biziaren Jainkoa, "heriotzaren lokarriak etenez" Jesu Kristo berpiztu duena, bego zuekin!

 

Pazkoko hirugarren igande honen mezua josten duen haria hauxe dugu: Jesus bizi da; ez da, beraz, hila dagoen norbait. Bizi da eta bere bizia guregan bizi du.

Bera bidera ateratzen zaigu. Bere hitzaz gure barrena sutzen digu eta bere dohainez berritu egiten gaitu. Eta, horrela, geure bidean aurrera egin dezakegu.

 

Ospaketaren atarian Jaunaren ospe dirdaitsua kantatu behar dugu. Berak, berpizturik, erruki izango digu. Kanta dezagun pozik pazko-gorespena.

(Aintza)

 

 

PREFAZIOA

Emausko hartan bezalaxe, gaur ere Jauna ogia zatitzean ezagutzen dugu. Eskerrak ematerakoan, eska diezaiogun Berarekin topo egiteko grazia, bai Eukaristia honetan bai gure bizitza guztian.

 

 

GURE AITA

Jesusek irakatsi zigun bezala, eska dezagun eguneroko ogia, gure biderako behar dugun ogia,  besteekin banatu behar dugun ogia.

 

 

HONA HEMEN

Hona Jesu Kristo berpiztua, guregatik hil zena eta betirako bizi dena. Zoriontsuak honen mahaira gonbidatuok!

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1) Lehen kristau elkartearen historia entzuten ari gara igandeotan. Pedroren hitzak lehen predikazioaren ardatza zein zen esango digu: Nazareteko Jesusen notizia hain justu, Berpiztuaren mezua.

 

2) Pedrok, gure fedeari eta gure esperantzari dagokion eran bizitzera dei egiten digu gaur ere.

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

 

Emausko ikasle haiek bezala, eska diezaiogun Jaun berpiztuari geldi dadila gurekin: geldi dadila Elizan, geldi dadila gure munduan.

 

• Otoitz egin dezagun Jaunaren bila ibili bai, baina aurkitzen ez dutenen alde: Jesu Kristoren Ebanjelioan bizitzarako bidea  aurki dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.

 

• Otoitz egin dezagun gizon eta emakume behartsuenen alde: behar duten laguntza eta solidaritatea aurki ditzaten.

 

• Gogoan izan ditzagun pazko garaian lehenengo aldiz Eukaristia ospatuko duten haurrak: gure bizilegez, Jesu Kristorengan beren ibilbiderako gidaria topa dezaten.

 

• Otoitz egin dezagun gaixotasunak tristetzen dituenen alde, etsi dutenen alde: beren bide latzera Jesus berpiztua ager dakien, bihotzean beroa sentiaraziz.

 

• Otoitz egigun gure elkarte honen alde eta ospaketa honetan gauden guztion alde: gure eguneroko bizitzan Jesu Kristo bidelagun senti dezagun.

 

Jauna, zaude gurekin eta argi gaitzazu Euskaristia honetan eta gure eguneroko bizitzan zure presentzia suma dezagun. Jesu Kristo gure Jaun berpiztuaren bitartez.

 

 

 

 

 

HOMILIA

Bizitza bidea da. Kristau-bizitza ere bidea da. Jesus Jerusalena bidean ikusten dugu beti Ebanjelioan. Jerusalenen burutu behar duen Pazkora bidean. Gaurko Ebanjelioan ikusi ditugun bi ikasleak, berriz, Jerusalendik kanpora bidean dihoaz. Kontrako bidea egiten ari dira. Pazkora hurbilarazi behar zituen bideak, urrutiratu egiten ditu. Inolako zalantzarik gabe, ikasle hauen bidean frustrazio handi bat sumatzen dugu, eta etsi egin dutela ematen du.  "Gertakizun guztietaz elkarrekin hizketan zihoazen".

 

Frustrazio edo etsipen horren adierazgarri ederra hortxe daukagu, Jesusi buruz esaten dutenean: "Guk Israel askatuko zuena bera zela uste genuen; baina hirugarren eguna da hori gertatu zela". "Bera zela... uste genuen... hirugarren eguna da...". Ikasle hauen bihotzek etsi egin dute. Eta beren artean dakarten elkarrizketa horretan tristura eta hutsune handiegia sumatzen dugu. Lehen Jesusekin Jerusalenerako bidea egin zuten ikasleok, berriz bueltan datoz. Ilusiotik bueltan. Beren itxaropen guztiak, beren espektatiba guztiak hutsean geratu dira. Ez dago zer eginik.

 

Eta beren etsipenari begira baitoaz, beren barrura bilduta baitoaz, ezin dute Jesus ezagutu. Lehen Jerusalenerako bidean bidelagun izan zutena, oraingo beren etsipen-bidean ere lagun dute, bidelagun. Gertatu denaren haria ezin dute ikusi. Beren barrena erabat ilundua, erabat itsua, daukate. Baina Jesus ondoan jarri zaie. Eta Jesusek pixkanaka bi ikasleen bihotza argituko du. Liburu santuetan esana zegoena gogora ekarriz, Jainkoaren asmoaren norabideak zehaztuz eta, batez ere, ogia zatituz, haien bihotzetan sua sortuko da, dena berritzen duen sua, etsipena erretzen duen sua. Berriro ere, Jerusalena bidean jarriko dituen sua.

 

Entzule fededun, ikasle hauei gertatua, nolahala guztiongan ere gertatzen da. Fedeak, bere hazkuntzan eta hezkuntzan, frustrazioak sufritu beharra dauka. Ikasle haiek bezala, guk ere Jesusen irudia geure neurrira egokitzen dugu. Jesusengan berarengan sinestu ordez, harengandik espero ditugun gauzetan sinesten dugu. Jesusekiko geure sinesten dugu, berarengan sinetsi ordez. Eta horrek erori beharra dauka. Eta guk geuk Jesusi buruz eratutako ilusioak erortzen zaizkigunean, nolabaiteko etsipena sor daiteke: Jesusek ez digu ematen beragandik espero genuena, fedeak ez du erantzuten, Jesusen jarraitzaile izateak ez du ezer ematen... Uste genuen...  Hirugarren eguna da...

 

Eta espektatibak erorita, biluzik geratzen garenean, dena bukatu dela uste dugunean, aurrera-pauso ikusgarria emateko aukera sortzen da: Jesusekin topo egin dezakegu. Harengandik espero ditugunak hutsean geratzen zaizkigunean, berarekin egin topo, bera ezagutu. Eta berriro ere Jerusalena begira jarri, baina argitasun berriaz. Berriro ere Jerusalena bidean, baina ez handik ezer espero dugulako, baizik han hil eta piztu zenarekin elkartasunean bizi nahi dugulako. Eta hor fedearen martxak, fedearen prozesuak, beste sakontasun bat hartzen du. Bizitzako bideak beste sentidu bat hartzen du.

 

Ikasle haientzat bezalaxe, guretzat ere inportantea da Jainkoaren hitza, Liburu santua. Eta inportantea da ogiaren zatitzea. Jesusen presentziaren bi adierazgarri garrantzizkoak. Eta inportantea da fededunen elkartea. Hiru gauza hauek falta badira, oso da zaila fedean aurrera egitea. Jainkoaren hitza sarri hausnartuz, Eukaristia ospatuz, elkartearen fedezko testigantza entzunez... horrela bakarrik gainditu ditzakegu gure fedeak sufritzen dituen frustrazio eta erorialdiak. Aurrera ematen den pausoak zerbait uzten du beti atzean. Geldirik dagoenak ez du ezer uzten atzean. Baina Jainkoaren hitzaz argiturik, jakin beharko genuke  Jesus berpiztua gurekin doala antzematen. Eta harekiko elkartasunean hazi egin beharko genuke.

 

Gaur ere elkarrekin gaude ospaketa honetan. Agian aste honetan ere, gure lanean edo gure gaixoaldian edo gure sufrimenduan, gure fedeak igoal etsi egingo zuen. Agian Jerusalemerako bidea utzi eta atzera egiteko tentaldia sentituko genuen. Eta igoal ez genuen Jesus gure bidelagun sentituko. Baina, entzule fededun, Jainkoaren Hitz honek ez al ditu argitzen zure etsipenak? Zatitzera goazen ogi honek ez al dizu Jesus bera ezagutzera ematen? Ez al duzu Pazkoaren sua sentitzen? Berriro ere, Jerusalena bidean jarri behar dugu. Berriro ere elkartera itzuli behar dugu. Berriro ere, barnean sentitzen dugun suak eraginda, eguneroko eginkizunera, eman zaigun misiora itzuli behar dugu.  Horixe da Pazkoa. Horixe da Jesusekin elkartasunean bizitzea.

 

Hauxe dugu gure poza, entzule adiskide! Gure fedea aitortu eta ogia zatitu behar dugu. Jaun berpiztuak argi diezazkigula gure barrenak gure fedearen bideak argitzeko. Bizitza bidea baita. Kristau-bizitza ere bidea baita.

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Adiskideok, anaia eta arreba maiteok: Jauna piztu da egiaz! Beraren bakea, beraren maitasun handia, beraren bizi berria, izan bitez gaur, Pazko goiz honetan, zuekin!

 

Hona Pazkora iritsita! Pazko hiruurrenaren gailurrean, Pazkoa!. Gure egun handian aurkitzen gara. Argiak poztu gaitu gaur gauean. Eta orain, elkarturik, eman zaigun Pazko-dohain bikaina ospatu nahi dugu. Handia gertatu zaigu. Eta gertatu zaigunaren festa egin nahi dugu.

Bai, Jesus piztu da! Biziaren presentziak biziaren poza eman digu. Eta orain badakigu zer garen eta nora goazen. Orain badakigu nola bizi.

 

Kanta dezagun, bada, hasteko, gure bizia, gure poza eta gure argia den Jainkoaren aintza. Eta gorets dezagun hilen artetik berpiztu den Santua!

 

(Aintza kantatua)

 

 

PREFAZIOA

Orain Pazkoko gertakizunaren oroigarria egitera goaz. Esker onez beterik, bihotza beteko pozez, goza dezagun gertaera.

 

 

GURE AITA

Jesu Kristo berpiztu zuen Espiritu bera daukagu orain gure artean, eta guregan otoitzean ari da. Horregatik errespetu eta duintasun handiz kantatzen dugu:

 

 

HONA HEMEN

Hona Kristo, Pazko bildotsa, guregatik entregatua. Egin dezagun Pazko festa biziaren ogia janez. Zoriontsuak gaur Pazko-mahai honetara gonbidatuok!

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOA

Orain entzungo dugun hitz honetan Jesus Jauna presente egiten zaigu, bere ondoan izan ziren bi ikasleren ahotik, haren piztueraren indarra sentitu zuten bi testiguren ahotik. Entzun ditzagun pozez beterik Pedroren eta Pauloren testigantza ederrak!

 

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

 

Jesus berpiztuari, gizadi osoarentzako bizia denari, otoitz egin diezaiogun kantuz:

 

ENTZUN, JAUNA, GURE ESKARIAK!

 

* Eska diezaiogun Jesu Kristo berpiztuari, begira diezaiela maitasunez munduko herri guztiei, munduko gizon eta emakume bakoitzari.

 

* Eska diezaiogun Jesu Kristo berpiztuari begira diezaiela maitasunez, irtenbiderik eta erosotasunik gabe, pobrezian eta lagunduko dienik gabe bizi diren guztiei.

 

* Eska diezaiogun Jesu Kristo berpiztuari begira diezaiela maitasunez bere Elizari eta Eliza maite duten guztiei.

 

* Eska diezaiogun Jesu Kristo berpiztuari begira diezaiela maitasunez, era batera edo bestera sufritzen ari direnei, gure gaixoei bereziki.

 

* Eska diezaiogun Jesu Kristo berpiztuari begira diezaiela maitasunez gure hildako senide eta adiskideei eta eman diezaiela betiko bizia eta piztuera.

 

Jesus berpiztua, begira iezaguzu maitasunez eta entzun gure eskariak. Zu, gure anaia, errege bizi baitzara berpizturik gizaldi eta gizaldietan.

 

 

 

 

 

 

HOMILIA

 

(Laburra, Aste Santutik gatozela kontuan izanik)

 

«Ikusi eta sinetsi zuten». Lehen igandearen bihotzean aurkitzen gara. Kristau-historiaren lehen igandean. Eta ustegabe edo sorpresa baten aurrean: hilobia hutsik dago. Eta ikasleek, asko ulertzen ez badute ere, Jainkoaren Hitzaren eskutik ulertu nahi dute zer esan nahi duen hilobi hutsak. Ez baita nahikoa datoak edukitzea edo Jesusen historia ezagutzea; beharrezkoa da bihotzeko begiak argituko dizkigun fedea. Fedearen argitan bakarrik ulertzen da zer izan zen Mesiasen heriotza eta orduan sumatzen da hilobi hutsa ez dela hutsunea, Jesusen presentziaren ezaugarria baizik. Fede honek, noski, bere ibilbidea behar du. «Ikusi eta sinetsi zuten» haiengandik gatoz sinesmenera. Eta sinesmen horixe du gure fedeak bere harkaitz, bere oinarri sendo.

 

Eta erregalatu zaigun testigantzak eta eman zaigun sinesmenak esaten digute Jesus piztu dela, eta harengan dena berria izaten hasi dela. Arantzazu ingurua bart elur-estalki sendoak zuritu duen bezala, Jesusen argiak horrelaxe estali du bart lurbira osoa, gizon-emakume guztien bihotza. Eta bizia heriotzari nagusitu zaio.

 

Hemendik, Pazkoko argitik, ikusten da errealitatearen egia. Argi honetatik ezagutzen dugu Jainkoa, biziaren Jainkoa. Argi honetatik ulertzen dugu zer izan den ostiral santuko heriotza, maitasunaren neurrigabeko dohaina. Argi honetatik ulertzen da zer den Eliza, Pazko-pozaren adierazlea. Argi honetatik ulertzen da mundua zer den, zer diren gizon-emakumeak. Guztia Jainkoaren argiaren maitasunezko kreazioa da. Eta guztia argiz edertua izan da. Argi honetatik ulertzen du bakoitzak bere historia, Jainkoaren maitasuna bizitzeko eginak izan garela alegia. Orain badakigu gaitzak ez duela azken hitza esango ez gizartean, ez Elizan, ez guregan. Bizi gara!

 

Pazko argitan, jakina!, hobeki ikusten da giza izaeraren miseria ere. Zenbat injustizia sortu dezakegun! Zenbat zapalketa gertarazten dugun bazterretan! Pazkoa arren, ez da erraza itxaropena izatea! Baina, gaur, eginkizun hau jarri zaigu eskuartean: eraman diezaiegula Pazkoa sufriten duten guztiei; poztu ditzagula tristeak; egin dezagula pobreentzako mundu zuzenago eta atseginagoa. Ospatzen ari garen Pazkoa zoko guztietara eramatea dugu enkargu.

 

Apostoluen sinesmenari gerri-gerritik heldu eta poztu gaitezen. Poztu, eta sor dezagun inguruan poza. Ingurua poztu eta pobreak jaso ditzagun duintasunera.

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Arreba eta anaia maiteok: Jesus Jaunak bakeaz agurtzen zituen bere ikasleak, berpizturik agertzen zitzaienean. Pazko-ospakizun honi hasiera ematean, utz iezadazue Jaunaren izenean agur berbera egiten: Jainkoaren bakea bego zuekin!

 

Pazkoako bigarren igande honekin burutzen dugu Pazko-zortziurrena. Ederra izan da. Jesu Kristo berpiztuaren argia, beraren ur garbitzailea, Piztueraren garrasia bizirik izan ditugu aste honetan gure elkarteetan. Gaur ere Pazkoa dugu. Gaur ere Jesu Kristo berpiztua hemen dugu bizirik, tarteko, guretar, biziemale. Eta horregatik gure ospaketari poza dario nonahitik. Bizi da eta bizi gara! Eta kantua dugu bihotz eta bokazio.

 

Kanta diezaiogun Pazko-poza egin eta eman digun Jainkoari. Kanta diezaiogun munduko argiaren Jaunari!

(Aintza kantatua)

 

PREFAZIOA

Lehenengo ikasleak bezala poztu gaitezen Jaun berpiztua gurekin dagoelako, bere bizia guri emanez.

 

GURE AITA

Jesus Espirituak eraginik, fedez, konfiantzaz, maitasunez, kanta dezagun Aitarengana garamatzan otoitza:

 

HONA HEMEN

Hauxe da Jainkoaren Bildotsa, Kristo Jesus, heriotza zapaldu duena, bere burua betiko biziaren janaritzat ematen diguna. Zoriontsuak Pazko-mahai honetara gonbidatuak!

 

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1) Pazko igandeotan, lehenengo irakurgaia ez dugu entzungo Itun Zaharretik, Berritik baizik, Apostoluen Eginetatik hain zuzen. Elizaren sorrera eta garapena adieraziko dizkigu San Lukasek. Ikus dezakegu nola bizi den Jesu Kristo berpiztua munduan presente.

 

2) San Pedroren eskutitza entzungo dugu Pazko garaian. Berak adieraziko digu nola bizi behar dugun  bataiatuok, Jesu Kristoren bizi berria hartu dugunok.

 

 

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZASenideok: Jesus berpiztua, gizadiaren bizi eta itxaropena, bitarteko dugula, eska ditzagun Pazkoko ondasunak guztiontzat.

 

• Igandero, Jesusekin bat eginik, elkartean bat egiteko poza sakondu eta bikain goza dezagun.

 

• Munduko herri guztiek eta bereziki gerran ari diren lurraldeek Pazkoaren eragina suma dezaten, gerrak gelditu eta bake-bideak urratuz.

 

• Bataioa edo lehen jaunartzea jaso edo jasoko duten haurrek har dezaten helduen eskutik, fedean eta maitasunean hazteko behar duten laguntza eta testigantza.

 

• Gure gaixoek eta sufritzen duten guztiek, Pazkoko osasun-iturrietan aurki dezaten behar duten bizi-sentidua, eta kristauongan, behar duten laguntza.

 

• Euskal Herriko Elizak arretaz har dezan gure gizartearen zerbitzua eta gizartean barkazioaren sena landu dezan.

 

Entzun, Jauna, egin dizugun otoitza. Zure argiak emankor egin diezagula gure ibilbidea. Poztu itzazu gizon-emakume guztiak. Jesu Kristo gure Jaun berpiztuaren bitartez.

 

 

 

 

 

HOMILIA

Pazkoan gaude, adiskidea. Pazkoan, Jesus berpiztuaren festa eder eta azkengabekoan, alegia. Ederra da Pazkoa ospatzea. Ederra da, elkartu eta gure izatearen oinarriarekin topo egitea. "Kristo berpiztuaren presentzia presente bizi dugu. Aleluia!". Ederra da, Pazkoaren argitan, elkarri esperantzaren eskua ematea. Ederra da, bizi garen mundua Pazkoaren argiaz eta testigantzaz edertzea. Ederra!

 

Astearen lehenengo eguna dugu gure kristau izatearen oinarri, ikasleentzat izan zen bezalaxe bestalde. Izan ere, gure kristau izateak, Jesusen presentzia du oinarri eta sorburu. Eta guk presentzia hori ospatzen dugu elkarturik. Astean zehar, bakoitza geure lanetan eta eginkizunetan ibili gara. Eta igandeak elkarrengana inguratu gaitu. Eta gure elkartzea bera Berpiztuaren presentzia bihurtu zaigu. Pazkoak sortu du igandea. Pazkoak sortu du elkartea. Pazkoak ugaltzen du gure elkartea. Hark erakarririk baikaude pozik elkarrekin. Elkarrekin eta Jaunarekin! Igandero-igandero berriztatzen dugun misterio honek poza eta sentidua ematen dio gure kristau bizitza osoari.

 

Pentsatzen jarrita, handia da elkarri Meza barruan askotan egiten diogun agurra: Jauna zuekin! Eta zure espirituarekin! Handia da Jaunak guri bere hitza esatea. Handia, Jesus Eukaristiako ogian presente egin eta gure bihotzetara sartzea, gure janari egitea. Handia da igandero ospatzen dugun Pazko-misterioa. Horregatik, fededunontzat igandea ez da bete beharreko lege huts bat. Kristori eskaintzen diogun eguna da. Edo, nahiago baduzu: Kristo gure erdian presente egiten zaigun eguna, gure artean bizi dela erakusten digun eguna. Gure beldurraren hormak puskatzen dituen eguna. Eta presente eginez, bere Espiritua, bere indarra eta bere poza ematen dizkigu. Eta berriro mundura bidaltzen gaitu, han maitasunaren poza eta bakearen gozoa bizi ditzagun geure senideekin.

 

Pazkoa da. Igande bakoitza Pazkoa da. Eta Pazkotik elkarte berria sortzen da. Lehenengo irakurgaian ikusi dugun giza-talde berezi hura Pazkotik bizi da. Pazkotik eta Pazkoan. Pazkoak giza-talde berezia eratzen baitu beti:

- senide bezala bizi den elkartea. Guztiak bat ziren. Inork ez zeuzkan bere gauzak beretzat, denentzat baizik, behartsuekin banatuz. Pazkoak adierazten eta egiten duen bizimodu berria. Hitzek baino gehiago balio duen bizimodua.

- Bedeinkazio baten girotan bizi den elkartea. Sufrimenduak onartzen dakien elkartea. Eguneroko bizitzaren gogorrean, Jaunaren presentzia bizi duen elkartea. Sinesmenean sendotua, Pedrok esan digun bezala.

- Eta misioa bizi duen elkartea. “Aitak ni bidali nauen bezala...”. Bere beldurretatik atera eta munduan bere aitorpena bizi duen elkartea. Pazkoa, bere muinean, munduarentzako mezu askatzailea baita. Eta hori ezin ahaz dezake fededunak.

 

Gure igandeko batzar honek izango ote du indar hori? Guk ere, Tomasek ez ezik, behar dugu geure fedean astinaldi eder bat. Tomas bezalaxe, gu ere geure minaren eta geure ezinen nostalgian babestuta geratzen baikara. Gauza gogorregiak gertatu zitzaizkion Tomasi, gauzak errazegi sinesteko. Eta min hura ez zuen azkarregi eta samurregi utzi nahi. Guk ere sufritu egiten dugu. Guretzat ere bizimodua gogorra da. Eta Jesus berpiztuak poza eman dezakeela... eta egiazko sentidu berria eman diezaiokeela sufrimenduari... eta benetako askatasuna eman diezagukeela... eta... ez dugu errazegi sinetsi nahi. Eta geure babesetan ondo gordeta gelditzea maite dugu. Geure tristurek tristetu egiten gaituzte, baina gureak dira eta ez ditugu berehala batean uzten. “Zatoz, Tomas...”. Hustu ezazu zure bihotzeko samin erre eta gazi-gozo hori. Errenditu zaitez, gizona! Aska ezazu zure barru hori! Ekatzu zure beldurra, zure zalantza, zure negarra... Ai, sinestsiko bagenu! Ai, gure ezinak Jaunari entregatuko bagenizkio! Biziera berri baten barne-ahalmen eragilea sentituko genuke. Ahulak izan arren, ez genuke atzera egingo. Berpiztuaren presentziak horrelakoxe indarra ematen baitigu! Pazko-indarra!

 

Tomas berriro jaio zen bere barrua ireki zuenean. Bere loturak etenak ikusi zituen. Zerk lotzen nau ni, ez sinesteko? Zeri heltzen diot? Zergatik begiratzen diot beldurrez Jesusekiko topaketari? Zerk eramaten nau, ikasleak bezalaxe, ateak itxita edukitzera? Pazkoko askatasunaren esperientzia askatzailea bizi behar dugu. Barrua libratu eta misiora irten behar dugu. Anaia sufritu asko daukagu inguruan Pazkoko Berri Onaren zain. Jesusek bere Espiritua eman digu gure ingurukoen samina goza dezagun. Horrek sufrimendua erakarriko digu San Pedrok esan digun bezala. Sufritzen dutenen sufrimendua da, pobreen sufrimendua, gaixoen gaixotasuna, zokoratuen bakardadea. Eta misioa horixe da, Pazkoak gorputza har dezala sufritzen duten horiek guztiengan. Sufritzen dutenen sufrimendua poztuko bagenu, «esan ezin halako poz handiz» alaituko ginateke eta gure «sinesmenaren helburua iritsiko» genuke, geure burua Pazko-pozez askatua ikustea!

 

Eukaristia honetan ere, Pazko da. Jesusen gorputz berpiztuan sartuko ditugu gure bizitzak. Eta biziko gara. Eta sinetsiko dugu. Eta Jesusek goitik behera berrituko gaitu, buila eta arrakasta gehiegirik gabe bada ere. Eta orduan konturatuko gara igandea dugula bizi dugunaren bihotz eta poz-indar!

 

Ospa dezagun Eukaristia, Pazko-sakramentua. Eta bizi gaitezen!

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Gure bizia maitasunez zaintzen duen Jaunaren bakea, zuekin.

 

Igandeari dagokion ilusioz bildu gara gaur ere Eukaristiaren mahaira. Hemen indartu nahi dugu gure itxaropen zauritua. Ardura eta kezka asko du gure bizitzak. Era askotako ardura eta kezkak. Eta horiek gure bizitza askotan babesik gabe bezala sentiarazten digute. Baina, Jauna gurekin dago. Eta Eukaristian erakutsiko digu Jaunak gurekin dagoela. Bihotza ireki diezaiogun Jaunaren maitasun arduratsu eta neurrigabeari.

 

Gure bekatuak uste ona eta konfiantza kendu digu bihotzetik. Bekatu hori aitortu eta errukia eskatzetik abiatu behhar dugu.

 

– Jesus Jauna, huts egiten ez duen Aita eman diguzuna. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, zeure segiziora oso-osorik deitu gaituzuna. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, Erreinuaren langile saiatu egiten gaituzuna. Erruki, Jauna.

 

 

PREFAZIOA

Jesusen Pazkoak eusten dio gure sinesmenari eta gure itxaropenari. Konfiantzaz esan dezagun eukaristi otoitz nagusia eta berri ditzagun gure bizitzaren oinarriak.

 

 

GURE AITA

«Bila ezazue Jainkoaren Erreinua eta beste guztia gehigarri emango dizue Jaunak». Uste onez eska dezagun Jainkoaren Erreinuaren etorrera askatzailea.

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

 

Senideok: Jainkoaren Hitzak ematen digun konfiantzaz eta adorez, jo dezagun zaintzen gaituen Aita onarengana eta eska diezaiogun babesik gabe sentitzen diren guztien alde.

 

- Elizaren alde:

maitasunaren ospakizuna eginez, konfiantzaz bizi eta konfiantza zabal dezan gizartean.

 

- Munduko herri guztien alde; demokraziaren aldeko ahaleginean ari direnen alde; Siria, Venezuela eta larri dabiltzan herrien alde:

gizakiaren ontasunean uste on izan dezaten, duintasunaren bila etsi gabe saiatzeko.

 

- Gure gaixo eta nahigabetuen alde, lanik gabe geratu diren pertsona eta familien alde:

mundu zuzenago baten ilusioak eta gure solidaritateak eutsi diezaien justiziaren aldeko lanean.

 

- Babesik gabe sentitzen diren guztien alde; etorkinen alde:

Jauna ondoan dutela esango dien esku maitale eta laguntzailea gertuan senti dezaten beti.

 

- Eukaristia ospatzera bildu garenon alde:

gure sinesmena indartu eta maitasun handiz Jainkoaren Erreinua eraiki dezagun gizartean.

 

Entzun, Aita ona, egin dizkizugun eskariak. Maitatzen eta zaintzen gaituzunez gero, eraman gaitzazu beti eskutik. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

 

HOMILIA

 

Bizitzak kezka asko du, gehiegi. Eta hainbeste kezkaren artean geure bizitzaren norabide egokiak galtzen ditugu askotan. Eginbeharrak eta lortu-nahiak, bata bestearen atzetik ez, bata bestearen gainean datozkigu. Ez dugu denetarako astirik. Eta ez dugu denetarako adorerik. Kezkak asko nekatzen baitu.

Baina, noski, kezken bereizketa ere egin beharko dugu noizbait. Ezingo dugu bizitza kezka artean galdu. Ezingo dugu bizitza alferrik desegin hainbeste ardura eta estuasunen artean.

Eta bereizketa egiteko, galdera xume bat: kezkek zer ematen digute? Hainbeste kezkaren morrontzan, zer lortzen dugu?, zer irabazten? Sarritan zerbait lortu nahiaren kezkaz, lortzen al dugu lortu nahi genuena? Ez al zaigu geratzen halako hutsune sakon eta nekagarri bat barruan: «Hau dena zertarako?»

Bihotza lasaitu beharra daukagu, bestela ez dugu oinarrizko bakerik izango. Bihotza eta beraren grinak neurri onetara ekarri beharko ditugu, bestela ez dugu inolako atarramentu onik izango. Bizitzari beharrezko zaizkion kezkak eta alferrikako zaizkionak bereizten ikasi beharko dugu.

 

Bestela, sakonean Sioni gertatu zitzaiona gertatuko zaigu: «Baztertu egin nau Jaunak, ahaztu nire jabeak». Bakardade ilunaren sentsazio sakonak tristetuko digu bizitza. Gure kezka eta jardunbehar guztiek ez baitigute bizia ematen, nekatu eta kendu baizik. Eta nekatuta gabiltza, bidea erakusten eta zutik eusten zigun eskua galdu izango bagenu bezala.

Jesusek argi zeuzkan gauzak. Jesus ez da kezka itogarrietan kateatzen. Bera Aitaren nahia egitera etorria zen, eta hartan ematen ditu indarrik onenak ez ezik indar guztiak ere. Benetan hunkigarria da Jesus otoitzean ikustea, jende guztia bila dabilkion bitartean.

 

Gaurko ebanjelio-atalean ederki zehaztu zaigu bihotza baretzen duen kezka: Jainkoaren Erreinuarena. Horren ondoan beste kezka guztiak, premiazkoenak ere (janztea, jatea...), bigarren mailakoak dira, eta alferrikako nekea sortzen dute.

Ebanjelioko Aita onak badaki zer behar dugun, eta berak zaintzen gaitu gure behar guztietan, Erreinuaren behar nagusian eman ditzagun gure ahaleginak eta ardurak. Eta Erreinuari ematen diogunean gure ardura, gure denbora, gure ahalegina, orduan Aitak babesten gaitu bestelako behar guztietatik. Beharrezkoa bakarra izan!

 

Eta zer esan, aipatzen ditugun behar horiek artifizialki sortuak direnean? Gaurko gizarteak hainbeste behar azaleko sortzen digu. Gezurra dirudi, baina gure eguneroko bizitzan sentitzen ditugun behar gehienak, gezurrez sortuaz izateaz gain, alferrikako beharrak dira.

Eta behar horien kezkatan gabiltza: lan egin, irabazi, gastatu, ondo jan, dotore jantzi, azaldu, itxura erakutsi, neurriak eman, maila azaldu, kotxea, etxea... Eta zertarako? Pozik bizitzeko? Zoriona gozatzeko? Gustura bizitzeko? Harremanak hobetzeko?

Sikira gizatasunari zerbait hobea ematea lortuko bagenu! Eta etzazu pentsa gauzen eta ondasunen kontra ari naizenik. Ez. Gezurrezko kezken kontra ari naiz. Izan ere, gertatu zaigun txarrena da azaleko kezkak jarri zaizkigula nagusi, eta beharrezkoak estaltzea besterik ez dugula lortzen.

 

Mila gauzaz arduratu beharra daukagu, badakit hori. Baina, gure bihotzaren zutabea non daukagun, hori da galdera. Izan ere, eguneroko bizitzak dituen ardurak era askotara bizi daitezke: dena geure indarrez egin nahiaren larritasunez edo gauza guztiak erlatiboak direla jakitearen baretasunez.

Bada esaldi bat, ez dakit norena den baina, gutxi gorabehera aipatzen dudana: «Gauzak egin behar dira, dena gure esku edukitzearen ahaleginez eta dena Jainkoaren esku dagoela sinestearen konfiantzaz».

Azken batean, gure bizitzaren norabidea bihotzeko konfiantza-jarreran jokatzen ari gara.

 

Gaur irakurtzen dugun ebanjelio-zatiak ez du galtzekorik ezer. Jesusek a zer nolako konfiantza sakon eta gozoa erakusten duen! Dena bere Aitaren esku utzita dauka. Badaki bere kezka bakarra Erreinua adieraztea duela. Eta dena Aitaren mezu horren zerbitzura jarri behar duela.

Pena da gure jarrera eta jokamoldea. Hainbeste kezka, hainbeste sufrimendu, hainbeste ahalegin, hainbeste estuasun, hainbeste desditxa, hainbeste irabazi-behar, hainbeste erosi-behar, hainbeste azaldu-behar, hainbeste ezin eta samin, hainbeste itolarri, hainbeste kezka...

Eta... zertarako?! «Bila ezazue lehenengo Jainkoaren Erreinua eta beraren justizia, eta beste guztia gehigarri emango zaizue». Izan dezagun uste on!

FaLang translation system by Faboba