liturgi lagungarriak

hgdgfhdh

Liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN MONIZIOAK


AGURRA ETA SARRERA
Jesu Kristo gure Jaunaren grazia eta bakea beti zuekin!

Beste igande bat, eta Jaunak biltzen gaitu gaur ere munduko kristau guztiekin batera bere mahaiaren jiran.
Eta mahaiaren jiran, Jesusen bidea ikasi eta geuretu nahi dugu, beraren bidetik Erreinuko mahai betera iritsi nahi baitugu. Jesus bera izango dugu bidearen erakusle. Goazkion ondoren.
Jesusi utz diezaiogun gure batzarre honen buru eta gidari izaten.

Aitor dezagun gure burua barkazio-beharrean daukagula, eta eska dezagun Jaunaren erruki askatzailea gure barruarentzat.

– Jesus Jauna, gure ezinean itxaropen-hitza zaituguna. Erruki, Jauna.
– Jesus Jauna, zeure bide zuzenetik eramaten gaituzuna. Kristo, erruki.
– Jesus Jauna, erreinu zabalera sartzeko ate estua. Erruki, Jauna.

PREFAZIOA
Aurrean ditugun ogi eta ardo hauek, gari-ale askoz eta mahats-ale ugariz eginak ditugu. Halaxe gu ere: etxe askotatik bilduak hemen, Jesu Kristoren gorputz bakarra osatzen dugu denok Espirituaren indarrez. Jainko Aita denon artean alabantzaz eta esker onez gora ahal dezagula.


GURE AITA
Eukaristi otoitzaren ondoren eta jaunartu aurretik, eska dezagun gizon- emakume guztientzako biziaren ogia.




B) IRAKURGAIEN MONZIOAK
1. Israel herria Babiloniako erbestealditik herriratu zenean eta herria berreraikitzeko zailtasun ikaragarriak bizi zituelarik, Isaias profetak pozezko iragarpena egiten dio. Begiak ireki eta mugaz haruntz begiratu behar dute.
2. Hebertarrei egindako gutunak esna bizitzeko deia egiten digu, aurrera egin behar dugu,  gure fedeari lo hartzen utzi behar.


HERRI-OTOITZA
Otoitz dagiogun zeruko Aitari. Gogoan izan ditzagun geure beharrak, eta Elizarenak eta mundukoak ere bai.


•    Aita Santuaren alde eta Elizaren gidaritzan diharduten guztien alde:
    Jesusen Berri Onez fededunak adoretu ditzaten.

•    Eliza ezberdinetan banatuak gauden kristauon alde:
    Jesu Kristo Artzain onaren babesean artalde bakarra izatera irits gaitezen.

•    Gure herriaren alde; munduko herrien alde; Siria eta Egiptoren alde:
    tolerantzian eta bata bestearen errespetuan bizitzen ikas dezagun.

*    Beharraren, gaixoaldiaren edo gosearen morrontzan bizi diren herri pobreen alde; ezbeharrak eta eraso gaiztoek saminduta bizi direnen alde:
    injustizaren sustraiak atera ditzagun, guztien duintasuna bilatuz.

*    Igandeko Eukaristia ospatzen ari garen guztion alde:
    Jesus berpiztuak gure bihotzak berritu eta poztu ditzan.

Entzun, Aita, zure familiaren eskariok, eta emaguzu, fedez eskatu dizuguna. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.



HOMILIA
Bidea! Bidea da fededunaren bizia zehazten eta markatzen duena. Beste guztiek, otoitzek eta ohiturek eta, Jesusen bidea jarraitzearen faltan, ez dute fededunaren izate-maila adierazten. Eliza, daraman bideak definitzen du.

Baina, zein da bide hori? Zer bidez ari gara? Jesusen bideaz, noski. Eta Jesusen bidea zein den jakiteko, gaurko Ebanjelio-zatiaren hasierak, berriro gogorarazi digu, badaezpada ere, ahaz ez dezagun. Jesus «Jerusalema bidean» dihoa. Eta Jerusalema igotzeak, Jesusentzat Aitaren borondatea gurutzean burutzea esan nahi du. Han hil egingo dute! Gure bidea, bide horixe berbera da, Aitaren borondatea azkeneraino burutzea. Eta borondate horixe adierazi nahi izan digu Jesusek, ate estutik sartzera gonbidatu gaituenean. Izan ere, Aitaren borondatearen bidea ez baitoa errazkeriatik, ez doa erosokeriatik..., horregatik da ate estua!

Jesusek garbi utzi du, hortik aurrerakoa ez dela kontu segurua. «Guk zurekin jan eta edan izan dugu, eta zuk gure enparantzetan irakatsi izan duzu». «Ez dakit nor zareten». Hitz hauek gogorrak gerta dakizkiguke, baina gure fede-bizierak non eta zertan oinarritu behar duen ikasi besterik ez daukagu. Ordu bete hartan, Jaunaren aurrean, ez digute beste etiketa eta tituluek balioko. Jaunaren bidea jarraitu baldin badugu, bide huraxe izango dugu zorion. Ez dugu, gainera, ahaztu behar, gizon-emakume guztiak izan direla Jesusen bide hau egitera deituak. Ez bakar batzuk. Ez zintzo batzuk. Ez honako hau eta beste hori bakarrik... Denak. Jaunak, gizon-emakume guztiak deitu nahi izan ditu bere dohainaren mahai oparora. Eta dei horren baldintza, bat bakarra da, Jesusen bidea onartzea. Hortik aurrerako baldintzak geuk asmatuak dira, eta, beraz, ez dute pertsonaren jokalegea bere onean neurtzen.

Horregatik, adiskide, zein ederrak diren lehenengo irakurgaiko agintzari zabal eta bihotz-handiko horiek. A zer unibertsalismoa eta a zer zabaltasuna darien esaldi horiei. «Banatorkizue herri eta hizkuntza guztiak biltzera; etorriko dira, eta ikusiko dute nere aintza». «Atzerri guztietatik ekarriak izango dira zuen senide guztiak Jerusalengo nere mendi santura». Esaldi hauek guztiek zerikusi gutxi dute gure ikuspegi estu eta klasifikatzaileekin! Mezakide lagun: inoiz jarri al zara pentsatzen susto dezenteak hartu behar ditugula Egun Handian? Halako eta halako zera zela pentsatzen genuen eta... Beste halako honela edo hala zebilela esaten zuten eta... Bai: Beste fededun askoz gain, «sortaldetik eta sartaldetik, ifar-aldetik eta hego-aldetik etorriko dira eta Jaunaren Erreinuko mahaian jarriko». Eta guk uste genituen azkenengo asko ea lehenengo gertatzen diren!

Dena den, entzule adiskide, hemen amenazu bat sumatzea ez da aski, hori ere kontuan hartzekoa da baina! Amenazu guztien gainetik, Jainkoaren Hitzari sekulako promesa dario, eta hori da onena. Betiko biziaren promesa! Askatasunaren promesa! Jaunaren mahaian biltzeko promesa zoragarria! Eta Jaunak denok bere bihotzaren ontasunera elkartu nahi gaitu. Eta horretarako bidea, badakigu dagoeneko. Jesusekin batera Aitaren borondatearen gailurrera igo nahi dugu. Eta gailur horretan zerbitzua eta maitasuna gailentzen dira. Bizia ematerainoko zerbitzua eta maitasuna bizi izan zituen Jesusek, eta hortxe daukagu hark jarri zigun marka. Gure apaltasunean eta ezerezean, baina bide berbera dugu eginkizun!

Zaila dela? Gogorra? Ezinezkoa? Beti sufritzen bizi behar ote dugu ba?! Ez da sufritzearen kontua! Baina, Jesusen bidetik sufritzen da, bai! Hebertarrei eginiko epistolak ederki asko argitzen du fededunaren sufrimendua. Besteen zerbitzuak eta besteei laguntzeak, batez ere beste horiek pobreak eta ezinduak direnean, gogorra ematen du eta halaxe da izan ere. Baina, gero, fruitu baketsua ekartzen du. Eta horrek balio du! Hori da Aitaren borondatearen bidea. Hori da eskatzen zaiguna. Askoz erosoagoa da, zer esanik ez!, otoitz batzuk egitea, betidanik fededun garela esatea, gure ohiturak oso txukunak direla agertzea... Baina...

Adiskidea, gaurko munduak bakarkeriara edo bakoitzak berea konpontzera eraman nahi gaitu. Bakoitzak ahal duen etekin gehien atera diezaiola bizitzari eta kitto! Guk ez dugu, ordea, bizimodu eta jokamolde hori onartzen! Guk, zaila izan edo erraza gertatu, Jaunaren bidea onartu eta adierazi nahi dugu. «Zoazte mundu guztira, eta hots egin Berri Ona». Horixe dugu eginkizun, horixe jaso dugun deia!

Nik ez dakit, fededun, zure ate estuak zer itxura duen: akaso sufrimendua, akaso gaixoaldia, akaso ohea, akaso ezbeharren bat, akaso gertukoren baten heriotza, akaso bakardadea, akaso baztertua izatea, akaso zure izen ona zikindu dizute, akaso zenbait zeure kontra daukazu... Gauza bat dakit jakin! Ate estu horietan zehar, Jaunaren borondatea besarkatzen baduzu, ez zaizkizula ate horiek ate itxiak gertatuko. Izango duzula bizia. Izango duzula, Jesusek bezalaxe, piztueraren poza eta edertasuna! Askotan horma pasaezineko gertatzen zaigun gaitza, aurrera egiteko bide bihurtzea da kontua! Jesusek bezalaxe, zuk ere bihotz sendoa behar duzu, aurrera egiten dakien bihotz tinkoa!

Goazen elkarrekin Eukaristiara! Beretzat izpirik gorde gabe, erabat emana bizi den horrekin bat egin dezagun. Eta ikusiko duzu: hark Jerusalema igotzen erakutsiko dizu. Eta mundu honetan azkena izatea tokatu baldin bazaizu ere, ez zaitu gurutze-bideak azken tokian utziko. Dena eman zuenaren maitasunak, eraman gaitzala dena emanik bizitzera!

Liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN MONIZIOAK


AGURRA ETA SARRERA
Itxaropenaren Jainkoa, Espiritu Santuaren eraginez pozez eta bakez betetzen gaituena, izan beti zuekin!

Andre Mariaren zeruratzea ospatzeko asmoz eta ilusioz elkartzen gara gaur, abuztuko festaburu eder honetan. Festa honek, aspaldikoa izanik, sustrai sendoak bota ditu herriaren bihotzean. Alaitasun beroz ospatu behar dugu.
Gaur handia agertzen zaigu Jauna, Maria pazko-askatasunez betetzen duen Jauna. Mariak bete-betean parte hartzen baitu Kristoren Pazkoan. Partehartze horrek fedearen eredu egiten digu Ama Maria

Isil-une labur batean presta ditzagun gure berruak, gure bizitza Jaunaren errukitan beratuz.

•     Jesus Jauna, gizakiok aintzaz betetzen gaituzuna. Erruki, Jauna.
•     Jesus Jauna, gizon-emakume guztioi zure maitasuna eskaintzen diguzuna. Kristo, erruki.
•     Jesus Jauna, gu guztiongan harrigarriak egiten dituzuna. Erruki, Jauna.


PREFAZIOA
Esker onerako garaia dugu. Igandero ematen zaigu zer eskertua. Gaur, Jaunak Mariarengan egindako askatasun-lana eskertuko dugu.


GURE AITA
Jesusek erakutsi zigun bezala, Mariarekin bihotz berean elkartuz, guk ere esan diezaiogun Aitari.




B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1) Lehen irakurgaia, Apokalipsi liburutik prestatzen digu Eliza amak. Liburu horretan ohi denez, irudi eta sinbolo poetikoak ditugu tartean. Emakumea eta Semea agertzen zaizkigu, Maria, Eliza, kristandadea...

2) Ama Mariaren aintza ulertzeko eta jasotzeko, Kristoren Pazko misterioari begiratu behar diogu, eta hartaraxe jartzen gaitu san Paulok: handixe jasotzen baitugu denok bizi betea, betirakoa dena, aintzaz betea.



HERRI-OTOITZA
Senideok, Maria laguntzaile dugu otoitz egiterakoan. Eska dezagun, bada, munduko gizon-emakume guztien alde.  Kanta dezagun uste onez:

ENTZUN, JAUNA, GURE ESKARIA!

–     Mundu guztiaren alde eta, batez ere, gerran ari diren pertsona eta herrien alde; izan dezagun gogoan Siriako herria: Mariaren babesak bake gozo eta iraunkor batera eraman ditzan, Berri Onaren pozetan.

–    Elizaren alde: fedez eta esperantzaz Berri Ona zabal dezan, sortzen zaizkion zailtasunak adorez gaindituz.  

–    Behartsuenen alde, sufritzen dutenen alde, gaixoen alde; edonolako ezbeharrak jotakoen alde: Mariaren babesa eta Berri Onaren askatasuna goza ahal izan ditzaten beren beharrean.  

–    Gure Herriaren alde, gure herriko fededunen alde: elkartasun-bideak urratzen eta lantzen saia gaitezen, zapalduentzat eta behartsuentzat mundu gizaerakoa eginez.  

–    Geure alde, gure familien alde: gaur hemen elkarrekin pozik elkartu garen bezala, egunen batean elkartu gaitezela, Mariarekin, zeruko edertasunean.  

Entzun, Aita ona, gure otoitz apala. Mariaren otoitzez babestu gaitzazu zurekin leial joka dezagun. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez



HOMILIA
Festaburu ederra abuztuaren bihotzean ospatzen duguna. Maria zerura jasoa ikusten dugu. Festa ederra izateaz gain, gure herrian sustrai sakon eta luzeak bota dituen festaburua da. Fededunontzat itxaropen-iturri gertatzen den jaia. Pozik senti gintezke gure Ama zerura jasotakoaren ondoan Jauna goratuz.

Gaurko jai honek, noski, Jesusen Pazko-misteriora garamatza zuzen-zuzenean. Jesusen garaipena gure garaipen gertatu baitzen. Maria, gure arreba, gure arteko emakumea, Pazko-garaipenaren barnean murgildua ikusten dugu bete-betean. Gaur ere Jesu Kristoren Pazkoa ospatzen dugu. Handik eman baitzaio Mariari, gaur egozten diogun garaipena. Beste behin ere, egoki asko baiezta genezake harako hura: Maria Jesu Kristoren misterioari erabat lotua dagoela.

Maria, Jesusen misterioari lotua dagoen bezalaxe, ordea, guri ere lotua dakusgu. Maria geurea dugu, gureetakoa da. Ez da beste ez dakit nongo mundutakoa. Gure arreba da. Izan ere Maria, Elizari eta Elizaren fedeari lotua agertzen zaigu. Lehenengo irakurgaian aipatu zaigun emakume horrengan biak ikus ditzakegu, Maria eta Eliza. Eta Elizari lotua dagoela ematen badidazu, gaur Mariari aitortzen diogun guztia zeure buruari ere aitortu behar zenioke, begirada txukun batean.

Egia da Mariaren irudi aintzatuari, mito erantsien jantziak erantzi behar dizkiogula. Mariaren handitasuna ez dago distirazko handikerietan, baizik obedinetziaren jarrera apalean jainkoak eman dion misioan. Emakume judu eta pobre hura, obedientziaren zerbitzuan lotu zitzaion Jainkoaren deiari, eta Jainkoak gaur bere altzoan jasotzen du. Beti Jainkoarentzat bizi izan zena, gaur Jainkoak beretzat hartzen du betiko.

Lehenengo irakurgaian «basamortura ihes egin zuen emakume» horrek bere amatasuna orain gure artean bizi du, gure fedean. Atergabe ari da emakumea, Eliza, «herriak zuzenduko dituen» Semea sortzen. Elizaren eginahala guztia amatasun horren agerpen da: sakramentuak, apostolutza, heziketa... Gaur ere oihu bera itsatsi nahi luke Eliza Amak gizaki bakoitzaren bihotzean: «Orain etorri da salbamena». Ikuspuntu horretatik a zer nolako bueloa hartzen duen fededun bakoitzaren lanak, nahiz eta lan txikia eta eskergabea izan.

Elizaren lanak, Mariak Magnificat kantikan aipatutakoa lortu nahi du, mundu berri eta hobea eraikitzea. Pobreak eta zapalduak jasoko dituen mundu berria. Askikerian bizi direnen eta satisfetxoen nahiak betetzen utziko ez duen gizarte berritua. Gizon-emakume bakoitzarentzat egiazko askatasuna bideratuko duen mundu hobea. Pertsonari zor zaion duintasuna opa izango dion gizartea. Jainkoak egin duena guk eginkizun dugu. Horretan ari gara jotake! Ez da lan erraza. Askotan zaila ez ezik mingarria ere bai! Eta inolako zalantzarik gabe, eginkizun hori ongi bideratu nahi duenak bi begirada beharko ditu bere eginkizunean:

•     fedezko begirada, aurrena. Isabelek Mariaren fedea goresten du Ebanjeliokoan Eta Jainkoaren bideak mundu honetan ezartzen saiatu nahi duenak ere fedezko begirada beharko du. Gaur ere herensuge ugari eta era askotakoak zain dauzkagu Ebanjelioa irensteko amorruz. Fedeak bakarrik ematen du Jainkoaren egintzak sumatzeko begirada garbi hori.
•    esperantzazko begirada, bigarrena. Errazena etsitzea da. Ez dira Jainkoaren bideak ikusten. Gure eginkizun guztia hutsean urtzekotan zertarako segi? Bigarren irakurgaiak argi ederra ematen dio galdera etsi horri. Jainkoaren Erregetza ari da ezartzen gure mundu honetan. Bakoitza bere mailan, baina azken asmoa zera da: dena Kristoren bidean ezartzea, Aitari Erreinua emateko. Eta, noski, esperantzaren begiradaz ez bada, ez zaio Jainkoaren aztarrenari arrastorik hartzen.

Gaurko fededunontzat, beraz, festaburu ederra eta argi-sortzailea inondik ere. Behar genuen festa hau. Gure elizagintzan eta mundugintzan aurrera egiteko argia eta arrazoia garbi ikus daitezke festaburu honetan. Egia da, gure fedeak zailtasun gordinak bizi ditu: giroaren aldetik, ikuspuntuen aldetik, presioen aldetik... Akaso zure fedeak ere zailtasun bereziak biziko ditu: gaixo zaude, bakarrik, estimazio gehiegirik ez duzu zeure inguruan, kartzelan, aurrera-bide gehiegirik gabe... Nola izan gintezke fededun gaur eta hemen zu eta ni? Esperantza behar dugu. Mariaren festa eder hau behar dugu!

Eukaristia ospatzera goaz, Mariaren babesean. Aldare hau Mariaren sabel garbia gertatuko da. Eta hementxe sortuko zaigu herriak gidatzen dituen Jaun ahaltsua. Bizi dezagun esperantzaren poza eta edertasuna. Aitor dezagun gure fedea. Sinesten dugu Jainkoa ari dela bere askatasun-lana burutzen.

Liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN MONIZIOAK


AGURRA ETA SARRERA
Senideok: ospa dezagun beste behin gure festa ederra, igandekoa. Eskerrak eman diezazkiogun, elkartzen gaituen Jainkoari. Eta bera, Jaun berpiztua, bego beti zuekin!

Horrelaxe bai, elkarrekin ospatzen dugu igandeko festa oinarrizkoa. Igandekoak gara, Jesusen Pazko-misteriokoak. Gaur ere berak biltzen gaitu elkartasun gozoan. Eta gaur ere bera ospatuko dugu gure bihotzen Jaun eta poz.

Isilean sar gaitezen gure bihotzera eta, ospakizunari ekitean, aitor dezagun behartsuak garela; gure indar guztia Aitarengandik datorkigula aitortuz, gure itxaropena beraren salbazioan oinarritzen zaigula aitortuz, jo dezagun errukitara.

    -    Jesus Jauna, sinesmenerako Espiritua eman diguzuna. Erruki, Jauna.
    -    Jesus Jauna, maitasunaren ondasunetan aberastu gaituzuna. Kristo, erruki.
    -    Jesus Jauna, zure egunaren zain gauden bitartean pozten gaituzuna. Erruki, Jauna.


PREFAZIOA
Aitak bere salbazioa eskaintzen digu eta guk salbazio hori jaso eta eskertu egin nahi dugu. Gure bihotzak erne jar ditzagun esker onerako.


GURE AITA
«Zuen Aitaren gogoa izan da erreinua zuei ematea» esan digu Jesusek Ebanjelioan. Eska dezagun xumetasunez guztientzat Erreinu hori, Jainkoaren seme-alaben otoitza esanez.




B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1) Gure historia osoa, Jainkoak egiten digun salbamen historia dugu. Israel herriak behin askatasunezko historia bizi izan zuen Egiptotik askatua izan zenean. Ebanjelioan, Jainkoaren askatasun hori jasotzeko prest bizi behar dugula esango zaigu.
2) Gaur hasi eta lau igandez, hebertarrei egindako eskutitza irakurriko dugu. Gure fedea jator eta garbi gordetzeko deia egingo zaigu bertan.



HERRI-OTOITZA
Aurkez diezazkiogun gure eskariak zeruko Aita onari.

•    Aita Santu, Gotzain eta eliz gidari guztien alde, baita eliz elkartea osatzen duten guztien alde ere (Isilunea).

•    Baserritar, artzain, arrantzaleen alde. Oporrik ez duten guztien alde (Isilunea).

•    Oporretan direnen alde. Turismo-bideak antolatzen dituztenen alde. Egunotan bisita egiten diguten atzerritar guztien alde (Isilunea).

•    Gaixorik eta ezinean aurkitzen direnen alde. Gogorkeriak mintzen dituen guztien alde (Isilunea).

•    Geure alde eta gure familien alde. Gurekin topo egingo duten guztien alde (Isilunea).

Entzun, Aita ona, gure eskari apal hauek. Eta ardura zaitez, bere beharretik dei egiten dizun herriaz. Hala eskatzen dizugu Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.



HOMILIA
Kristau senideok: kristauaren munduko postura zehazterakoan entzun duzue Jainkoaren Hitzak nolako esaldia erabili duen: «Zaudete erne». Eta, egia aitortzen hasita, ez datorkigu gaizki nohizbehinka dei presatsu hori entzutea: «Zaudete erne». Izan ere, munduko bizitzak, bere berez, nola halako lozorro batean sartzen gaitu. Ez omen zaigu komenigarri gehiegi pentsatzea eta gauza handietaz gehiegi arduratzea. Horrek kezka besterik ez dizu sortuko eta... «Zaudete erne», Elizaren deiak gordin jotzen du gaur ere. Oporretan eta lasai, dena ahaztu nahirik, eta Elizak zera esaten digu: Badela ahaztu behar ez dugunik. Nola bizi dugu gure fede-bizitza?

Baina «erne egotea» betiere zerbaitengatik izaten da. Zerbaitek edota norbaitek jartzen gaitu erne. Zergatik egon behar du kristauak erne? Nork edo zerk jartzen du erne? «Eliza beste borondate batetik» bizi da. «Nagusia ezteietatik noiz etorriko zain» bizi da. Fededunak badaki, Jesu Kristoren Etorrerak zehaztuko dituela postura guztiak, betiko Erreinua datorkigunean. Eta, horregatik, hemengoa ez delako, ez du hemengo gauzetan kokatu eta etzan nahi. «Erromesa da». Eta erromesa bideari zor zaio beti.

Argigarri edo eredu bikainak jarri dizkigu gaurko Jainkoaren Hitzak. Lehenengo irakurgaian Israel herri osoa zain, kantuka, opariak eginez, elkarri lagunduz, uste sendoan oinarriturik ikusi dugu. «Zintzoen salbamenaren zain». Eta Jaunaren askatasun-orduak gauean jo zuenean ez zituen lotan aurkitu. Erne aurkitu zituen. Izan ere, «nolako zinari sinetsi zioten jakinik», beti prest eta zain baitzeuden.

Beste eredu eder askoa bigarren irakurgaiak eskaini digu: Abraham. Esaldi labur batzuen bidez, zein ederki margotu zaigun Patriarka zaharraren bizimodua: «Sinesmenaren indarrez», «bete zuen», «atera zen», «arrotz erbestean bezala», «itxaroten zuen». Abraham beti Jainkoaren deia entzuteko bihotz-zabal ikusten dugu. Jainkoaren dei horretatik bizi da. Beraren fedea, beti esperantzan eta beti prest ikusten dugu. Badaki Jainkoaren esku dagoena, eta ez diola hark berean gelditzen utziko. Benetan esperantza-kolorea du kristau fedeak. Esaldi borobil eta betea entzun dugu: «Sinesmena, itxaroten dugunaren oinarri da». Kristau-sinesmenak esperantzaren aurrera-nahiez eta atera-nahiez jantzia behar du. Sinesmenak erne bizi behar du.

Eredu hauetatik abiatuz, ez da zaila, nik uste, Jesusek eskatzen duen postura bere onean ulertzea. Nagusia zerbitzatzeko zain eta prest bizi behar dugu. «Gerrikoa gerrian eta krisailuak piztuta». Ezerk ez lioke fededunari zain bizitze hori txepeldu edo lozorrotu behar. Eta, hala ere, badakigu zenbat arrisku dituen gure fedeak munduko bizitzan: aurreko igandean ondasunei eta lasaikeriari eta buruz esandakoa ez genuke ahaztu behar. Ez ote genezake esan, munduaren bizitza fedeari bere gordintasuna moteltzeko dagoela antolatua? «Zaudete erne». Eta Jesusek bezala, Elizak ere, erne nahi gaitu. Ez dakigu nagusia noiz detorkeen, baina badakigu etorriko dela. Eta hori ez da mehatxu bat, hori erne bizitze horretan sendo nahi gaituen deia da. Eta, begira, erne bizitzeak bizitzako postura eta jokabide guztiak aldatzen ditu: bizitza non oinarritu, lagun hurkoarekiko jokabidea, ondasunen erabilera... Dena.

Honek guztiak zer esaten dizu, entzule? Mundua hor dago bere eguneroko bizi beharrarekin eta bere eguneroko eskaintzarekin. Gauzen artean bizi beharko duzu. Gaur eta beti hemen bizi behar bazenu bezala saiatu beharko duzu mundua eraikitzen. Eta, hala ere, ez duzu ahaztu behar «erromesa» zarela, «erbestean bezala» zabiItzala. Eginbehar guztien artean ezin genezake «helmuga» ahaztu. Hemen eta hemengo bezala jokatu, baina hangoa zarela jakinik. Eta hango horren esperantzan bizi behar dugu. Gauza asko dugula esperantza horretatik saihets gaitzakeena? Bai, eta gauza horiek ez ditugu bertan behera utzi behar: politika, familia, segurantza, geroa, lagunartea... Horietan guztietan, ordea, bihotza libre. Lotu gabe. Lozorrotu gabe. Bideari eutsi. Esperantza galtzen denean, geroarekiko begirada mozten zaigunean, bidea «egonleku edo etzaleku» bihurtzen dugu. Eta hori ez da erromes izatea.

Beharbada gure kristau-bizitzari gertatu zaion gauzarik kaltegarrienetakoa da, sorpresarako aukerak itxita dauzkagula. Ez dugu ezer berririk espero. Ez dugu inolako nobedaderik espero. Ez gara bizi ezeren eta inoren zain. Dena badakigu. Badakigu zer gertatuko zaigun une eta toki bakoitzean. «Erromesak» bere begiak erne daramatza, edozein une eta tokitan zerbait berria ager dakiokeelako. Bihotza ez zaio moteltzen. Ez dihoa itsu-itsu. Sorpresarako leihoak beti zabalik daramatza.

Hala ere, beste zera bat ez dugu ahaztu behar: geroari begira bizitzeak ez dio gaurkoari ezer kentzen, edo ez lioke kendu behar behintzat. Esperantzan bizitzeak kendu ez baino beste zera berezi bat eman egiten dio gaurko eginkizunari, beste barne-postura bat, alegia. Izan ere, gaur lanean ari denak badaki biharkoa ari dela eraikitzen dagoeneko. Eta eguneroko eginkizuna, gerokoaren gertutasunak indartzen eta giharretzen dio. Badaki etorri behar duena etorriko dela. Etorriko da. Eta etortzen ari da.

Horrela bizitzea zaila dela, diozu? Egia esateko, horrela bizitzea ez da oso erosoa gaurko gizartean. Hori horrela da. Baina gure herriak aurreranahizko postura libre honetan behar gaitu. Eta Elizak halaxe nahi gaitu. Horregatik goazen Eukaristiara. Eukaristiak bi alderdiak ditu berekin: alde batetik, gerokoaren aurre-dohain dugu, etortzekoa ezaugarri bidez eskuratzen baitigu. Eta, beste aldetik, Eukaristia libre izateko, «erne bizitzeko» indarra dugu.

Eukaristia ospatu aurretik, gogoan izan «sinesmena, itxaroten dugunaren oinarri dela». Berritu dezagun sinesmena, itxaropena indartuz.

Liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN MONIZIOAK


AGURRA ETA SARRERA
Jesu Kristo gure Jaunaren grazia eta Jainko Aitaren maitasuna eta Espiritu Santuaren batasuna, izan bitez zuekin!

Abuztuaren erdian elkarrekin biltzen gara iganderoko festara. Jesus berpiztuak bere argitara biltzen gaitu, bere hitzez eta dohainez gure sinesmena indartzeko. Jesusek proposatzen digun bidea ez baita erraza eta erosoa.
Eukaristi ospakizun hionetan elkarbanatu dezagun gure sinesmena. Lagun diezaiogun elkarri Jaunaren Hitza entzun eta Jesusen bidean aurrera egiten.

Ekin diezaiogun gure ospakizun honi. Hasteko, jar gaitezen Jainkoaren aurrean eta eska dezagun gure bizitzarentzako errukia.

-    Jesus Jauna, galdua zegoena bilatzera etorria. Erruki, Jauna.
-    Jesus Jauna, gu askatzeko bizia eman duzuna. Kristo, erruki.
-    Jesus Jauna, sakabanatuta dabiltzan seme-alabak elkartzen dituzuna. Erruki, Jauna.


PREFAZIOA
Etorri gara gure ospakizunaren une nagusira. Jainkoarengana jaso behar dugu geure bihotza esker onetan. Jaunak eman digu bizia eta berak askatu gaitu gaitzaren loturatik. Berak eman digu Jesu Kristo, guretzat janari eta Erreinurako gidari izan dadin.


GURE AITA
Jesu Kristok irakatsi digun bezala, orain, Jaunartu aurretik, esan dezagun ausardia ederrez.




B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1) Jeremias profetak, bere misioarekin leial jokatu nahi izan zuen eta Jainkoaren mezua hots egin. Horrek ekarri zizkion ondorioak entzungo ditugu orain.
2) Joan zen igandean Abrahan eta arbasoen fedezko testigantza gogorarazten zizkigun Hebertarrei egindako epistolak. Gaur gure fedea biziki eta adorez bizitzera gonbidatzen gaitu, gure aurretik fededun izan direnei jarraituz.



HERRI-OTOITZA
Aurkez diezazkiogun gure eskariak zeruko Aita onari.

•    Eliza errukizko sukalde izan dadin, sufritzen duten guztiak jaso eta gozatzeko.

•    Apaizek eta gainerako zerbitzari guztiek, kristau-elkartea maitasun handiz zerbitza dezaten, eta Jainkoak bedeinka ditzan beren lanean.

•    Gure Jaunak indartu ditzan, beren fedeagatik edo justiziaren alde lan egiteagatik erasoa nozitzen dutenak.

•    Elkar gorroto dutenak saia daitezen adiskidetzeko bideak urratzen eta errazten.

•    Eukaristia honetan parte hartzen dugun guztiok ahaleginak egin ditzagun gero eta kristau alaiagoak izaten.

Entzun, Aita ona, gure eskari apal hauek. Isur ezazu zure maitasuna munduko gizon-emakume guztien gainera. Hala eskatzen dizugu Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.



HOMILIA
Betiko historia, entzule jator, betiko kontua! Jainkoaren Hitza adierazten duen pertsona isilarazi egin nahi. Eta Jeremias gizajoa hor ikusten dugu lotua, isilarazia. Jeremias berak ere nahiagoko zuen, aukera eman izan bazitzaion, herriaren belarriak gozatzeko hitz gustagarriak esatea: dena ongi zihoala, dena ongi aterako zela, lasai bizitzeko... Baina, Profetak badu bere barnean zomorro bat, sakon-sakonetik Jainkoaren ahotsa esatera behartzen duena. Profetak, Jainkoaren Hitza esan beharra sentitzen du. Horregatik, Profetaren eginkizuna ez da "bakeak egitea" edo entzun nahi litzatekeen hitz gustagarria esatea. Profetak ez ditu ondorenak neurtzen, Profetak Jainkoak agindutakoa esaten du. Eta esaten duena, entzuleari gusta lekioke edo ez. Bakezko hitza izan daiteke edo ez. Baina, Jainkoarena esateak ematen dio profetari bere nortasun berezia.

Eta, noski, hortxe sortzen da borroka. Izan ere, munduak ez du Jainkoarena entzun nahi. Munduak bere bideak eta bizilegeak eratuak dauzka. Munduak ez du, beraz, Jainkoari kasurik egin beharrik sentitzen: bere segurantzak, bere bizipozak, bere atseginak, bere balioak... Eta horietan itsuturik, ez da jabetzen besterik badela eta baliorik nagusienak eta gizatiarrenak, Jainkoaren bidetik eskura etortzen zaizkiola. Eta, gainera, ez du nahi inork kontra egiterik, bakoitzak egin dezala nahi duena. Ez du ametitzen bere sisteman inork ziririk sar dezan.

Baina, zer nahi duzu? Jainkoak kontra egiten dio munduari. Mundua deskuidatua dabil. Munduak zorion-iturri jotzen dituen bideak, ez dira egiazkoak, engainagarriak dira. Bide horretatik, baliabide horietatik, ez da zorionik sortzen; batez ere, pobreentzat ez da zorionik sortzen. Eta profeta-hitzak gordin eta seko jipoitzen du mundutarraren postura jainkogabea. Ez kontra jartzearen gustuz, gezurra salatu beharrez baizik. «Sua jartzera etorri naiz». Jesus ez da etorri lurrean bakea jartzera. Hitz gogorrak direla? Jesus ez dago bakearen kontra. Baina ezin du berak lasai onartu munduaren bide okerra, batez ere pobreak engainatzen dituen bide gezurrezkoa.

Eta Jesusek bere bidea erakutsi du. Azken boladako igande guztiotan esan digu non dagoen gizon-emakumeon segurantza. Dirua, ondasunak, lasaikeria, atseginkeria... ez dira egiazko segurantza. Jesusen jarraibideak bakarrik sortzen du giza bihotza baketzen duen segurantza. Eta Jesusen bideak eta munduak aldarrikatzen duen bideak ez dute zer ikusirik, pentsatuko duzunez. Eta borroka, zatiketa, konpondu ezina sortzen da. Jesusen bideak, Profetaren jarrerak, munduko bideen hutsa salatzen du. «Etxe batean hiru biren aurka, aita semearen aurka, ama alabaren aurka». Horra etenaren sua. Jesusek ez du zatiketa maite, baina zatiketa hori ezinbestekoa da. Jesusen jarraitzaile izateak badu, bere barnean, munduaren postura atximurkatzen duen zerbait.

Gaur ere, gure mundu honetan ere, Jeremiasi gertatua, Jesusek esana, gertatuko zaigu kristauoi. Kristau bakoitzak Profeta-bokazio hori baitarama berekin. Profeta-punttu hori. Eta beti ere Jainkoaren bidea bizitzeak eta adierazteak, adiskideak sortu ordez, ihesa sortuko digu inguruan.

Eta hemen sortzen den giroa ez da hain samurra. Begiratzen duzu ingurura eta gehienak beste bide batetik ikusten dituzu. Gehienek ez dute Jainkoaren biderik aintzakotzat hartzen. Eta hortxe sortzen zaizkizu zalantzak: gehienak kontra, eta ez ote dute arrazoi? Bide onetik ote nabil? Merezi ote du beti kontrara ibiltzeak? Ez ote da hobe munduarekin besotik helduta joatea? Eta arriskua, lehenengo kristauena bera: etsitzea, arnasa galtzea. Izan ere, luzaroan kontrara bizitzeak badu bere nekea. Denoi maitagarriago zaigu besteekin, ingurukoekin, bat etortzea. Baina, sasikonponketa lortzeagatik, kristauak ez du Jainkoaren borondatea salduko.

Eta hau guztia ez da arazo handietarako bakarrik. Eguneroko gauza txikietarako ere bada. Gure afizio edo zaletasunak, gure denborapasak, gure gastuak, gure azaldu beharrak, ikasketak... zer irizpideren araberakoak ditugu? Gehienen itxura-bidetik al gabiltza? Merezi al du kontrara ibiltzea? Izango duzu ondoan zure jokaerak ulertuko ez dituenik. Izango da, seguru asko, oso arraroa zarela esango duenik. Teilatupe berean bizi denen batek ere ez ditu beharbada zure bideak ulertuko! Gerta daiteke eta gertatzen da!

Horretatik galdera: Nola iraun? Nola eutsi fedearen bideari? Nola segi etsi gabe? Bigarren irakurgaiak ez du galtzeko hitzik. «Honenbeste testiguren hodei-erdian gaudenez gero, utz ditzagun zama guztiak eta inguratzen gaituen bekatua; eta joan gaitezen, eraman handiz, dagokigun borrokaldira, sinismenaren iturri eta helburu den Jesus gogora erakarriz. Honek ere, izan zezakeen atseginaren ordez, gurutzea eraman zuen, lotsakizuna gutxietsirik; eta Jaungoikoaren aulkiaren eskuinaldean jarririk dago». Hor daukazu Jesusen bidea, bera aintzaren askatasunera eraman zuena, munduak onartu nahi ez duena. Eta, Jesusen azken ona ikusteak eta hausnartzeak, eutsiko dizu fedean sendo, erori gabe. «Ez etsi, ez galdu kemenik». Oraingoz Profeta-eginkizuna mingarri eta zail gertatzen bazaizu ere, badator atsedenezko garaipena. Jesus bera testigu.

Horra, entzule fededun, bidea. Mundua alde edukitzeko esperantzak galdu. Eta, gainera, ez litzateke hori oso seinale ona izango. Jesusen bideak ez dizu munduan adiskide asko sortuko. Baina, nori jarraitzen diogun kontuan izanik, ez dugu horretaz gehiegi harritu behar. Aurrera egin behar dugu. Eta aurrera egiteko indarra eta espiritua, Eukaristiak emango digu. Jan dezagun eta garaipena ospatu. Goazen gero profetaborroka sendoa egitera. Kristo garaile aitortzen dugunok, Beraren garaipena jasoko dugu.

Liturgi lagungarriak
A) APAIZAREN MONIZIOAK


AGURRA ETA SARRERA
Santuen poza eta guztion itxaropena den Jauna, zuekin!

Senideok, poz handia du berekin igande honetako festaburuak: gure senide eta herritar Ignazio Loiolakoa santutasun argitan ikusten dugu. Bihotz-berritze eder baten ibilbidean Jaunarenganaino hazi zen. Eta Jaunak bere egintza harrigarria gertarazi zuen Ignaziorengan.
Festaburu eder honetan, beraz, badugu zer eskatua eta zer eskertua. Jaunak eman digun dohaina, egiazko eskakizun bihurtzen baitzaigu. Ignazio dohaina dugu, eta deia dugu. San Ignazioren fede berean bat egin dezagun eta egigun festa. Jaso dezagun festara Ignazio zaindaritzat aitortzen duen gure herriaren bihotza ere.

Lehendabizi, meza egoki ospatu ahal izateko, eska dezagun, isilune batez, Jaunaren errukia, gero Jaunaren aintza pozik abesteko.

- Jesus Jauna, zure herria santutasun-dohainez edertzen duzuna: erruki, Jauna.
- Jesus Jauna, gu guztiontzat egia, bide eta bizi zarena: Kristo, erruki.
- Jesus Jauna, santuen bidez zure herria gidatzen duzuna: erruki, Jauna.

PREFAZIOA
Jaungoiko Aita gorestera jarri behar dugu orain. Loiolako gure Santuak une honetantxe nahi gaitu bere ikasle zintzo: Jaunaren aintza abestea baitzuen bere xedea. Goazen denok hartara.

GURE AITA
Aitaren Erreinuaren aldera jarri zuen bere bizia Jesusek, baita Ignaziok ere. Eska dezagun denok, etor dadila Aitaren Erreinua gu guztiongana.




B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1) Jainkoa maitatzeak zoriona dakar. Harengandik urruntzeak, berriz, zorigaitza eta hondamendia. Horra hor eskaintea, aukeran ematen zaiguna!
2) Bigarren irakurgaian daukagu, San Ignaziok eredutzat  hartu zuenaren iturria: dena, egiten den guztia, beti Jaunaren aintzarako egitea. Guretzat ere jokalege ederra!



HERRI-OTOITZA
Biziaren dohaina eman digun Santuen Jaunari egiogun otoitz Elizaren eta munduaren alde. Eta, batez ere gogoan izan ditzagun Euskal Herriko gizon-emakumeak.
    
•     Eliza osoko eta gure Elizbarrutietako kristauen alde: beren artzainak gidari dituztela, bataioaren eskakizunak biziz, pozaren bidean aurrera egin dezaten.

•     Gure  euskal  gizartearen alde: gure harremanak gizatu daitezen eta gure herriaren aurrera-nahia egoki bideratzen jator saia gaitezen.

•    San Ignazioren jarraitzaile diren jesuiten alde: Loiolako Santuaren bideak leialtasunez jarrai ditzaten, Elizaren eta munduaren onerako.

•     Sufritzen ari diren guztien alde, gure herriko kartzelatu, bakarti eta irtenbiderik ikusten ez dutenen alde; gogorkeriaren erasoz sufritzen dutenen alde; gure gaixoen alde:  Jainkoa gertuan senti dezaten eta esperantzaren argiak alai ditzan.
    
•      San Ignazioren festaburuan Eukaristia ospatzen ari garenon alde: guztiok santutasunerako deia entzun dezagun eta indar guztiz Jainkoaren Erreinua lantzen saia gaitezen.

Entzun, Jauna, pozik goresten zaituen herri honen eskariak. Emaiozu zu zerbitzatzeko argia eta askatasuna. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.



HOMILIA
Loiolako gure santu bikainak, Ignazio santuak, badu mezu ederrik fededun ororentzat. Eta zer esanik ez, badu mezu eder eta erakargarririk euskal fededunontzat, gure eguneroko fede-ahalegina Euskal Herriko gizartean bizi dugunontzat. Loiolako santuaren aurrean, dei berezi eta gordina gertatzen da Jainkoaren gaurko Hitza. Gure fede-bizitzarako kriterio edo irizpide argitsuak aurki ditzakegu bietan, Jainkoaren hitzean eta Ignazioren ispilu garbian.

Lehenengo irizpidea, Jesusen pertsonari atxikitzea. Fede-aitorpenak, segizioa eskatzen du. “Ni nor naizela diozue?”. Jesusen misterioa bere osoan onartzea da eman behar dugun erantzun betea. Horrek, noski, ukazio zenbait badu berekin. Kristau-biziera ez da ukaziozkoa, baina Jesusekin bat egiteak, gauza batzuk besarkatu eta besteei uko egitera zaramatza. Edukitzea, azaltzea, pilatzea, agintea... ez dira irizpide baliozkoak fede-bizitzarako. Jarraipenaren benetakotasunak ematen du fedearen kalitatea.

Bigarren irizpidea, fedearen auzia, apustu erabakigarria dela jakitea. Ez gabiltza aukerako gauzekin, nahi baduzu bai, nahi ez baduzu ez. “Bizia eta zoriona, heriotza eta zorigaitza jartzen dizkizut aurrean”. Segizioaren zintzotasunetik dago zintzilik zorionaren gora-behera. Zer da aurrena, fedea ala gizatasuna?, galdetu ohi dugu. Zenbaitek biak elkarren kontra jarri nahi lituzke. Sasi-galdera da hori. Fededunarentzat, dagoeneko, fedea bera bihurtu da gizatasunaren neurri. “Zertarako du gizakiak mundu guztia irabaztea, bizitzen ez badaki?”. Bizitzea da kontua, gizatasunari buelo ederra ematea, pertsona bezala neurri handietara haztea.

Beraz, eta hirugarren irizpide nagusia da hau, Jaunaren aukera egitea da fededunaren sustraia. “Nahiz jan, nahiz edan, nahiz edozer egin...”. Aukera hau ez da teorian edo ideia-mailan bakarrik egiten, jakina! Jan, edan... bizitzaren eguneroko maila horretan oretzen da fedearen aukera. Bestela, fedea gain-egitura alferrikakoa bihurtuko litzaiguke. Eta fedearen onena, egiazko aukera bizia egiten denean bizi eta gozatzen da. Fedearen edertasun guztia zer den, egunero fedearen prozesua bizi duenak daki. Kontua ez baita ideia argi eta handiak edukitzea. Kontua da, egunero fedearen bideak ikasi eta pausoka-paisoka bideratzea.

Loiolako Ignazio, gure senide fededuna, irizpide hauen oihulari bikaina dugu. Jesu Kristoren eraginak harrapatu zuenez geroztik, fedearen apustua egin zuen. Jesusi erabat atxiki eta harengan aurkitu zuen bere zorion betea. Eta horretara bildu ziren eta horretatik abiatu San Ignazioren pauso guztiak. Horra euskal gizona!, esan genezake beldurrik gabe. Eta, alderdi horretatik, deialdi larri eta nabarmena egiten dio santu honek gure gizarteari eta gure fededun elkarteari. Santutasunaren bideak, gizatasun-bide paregabeak gertatzen dira benetan. Bai, jauna!

Utz iezadazu galdetzen, atrebentzia eta guzti: gure fedeak zer nolako irizpideak ditu? Gizarte eduki-zale, izan-zale, aginte-zale honen erdian, Jesusekiko atxikimendua eta harremana erakusten al du gure fedeak? Edo ez ote gara, fededun izan ustez, gizartearen jokaera horietan beretan erori? Gure fedeak bestelako biziera hots egin eta aldarrikatu behar ez badu gaur egun, bere horretan antzutua geldituko zaigu. Gure fedea erabateko aukera bezala bizi ote dugu? Ez al zaigu fedea piska bat ‘gaineko’ estalki bihurtu? Igandeko jantzia alegia, baina eguneroko bizitza eta sufrimenduarekin zerikusirik ez daukana? Ona da, baina ez hain beharrezkoa... Fedea ez ote dugu planteatu behar zorionaren oinarrizko aukera bezala? Bizia eta zoriona ari garela jokatzen, alegia! Fedea ote dugu gizatasunaren neurri eta oinarri?!

Eta horretatik gure fedea ebanjelizatze-eginahalean sutu beharra daukagu. Egiten duguna egin, baina fedearen argiz. Fededunekin edo fedegabekoekin, adiskide edo etsaiekin, aukera handietan edo eguneroko txikietan... beti fedearen argi apal baina dirdaitsu horren mailan kokaturik. Handikeriak erantzi eta zerbitzuaren apaltasunez jantzi gure fedea.

Loiolako Santua gure bokazioarentzat deialdi berezia dugu. Zer egin dugu gure fedearekin!? Loiolakoa galdera eta babes dugu. Jaunak harengan egin dituen harrigarriak gutako edonorengan errepika ditzake. Ditzake, eta errepikatu nahi ditu. Fedearen poz-iturria ez da agortu. Aukera sakona egiteko behar hainbat grina geratzen al zaio gure fedeari? Gure arteko gizon bat santu egina ikusteak, gure fede-bideak akuilatu eta sustatu behar ditu. Gure gizarteak asko eskatzen dio gure fede-bizitzari.

Galdera hauei erantzun zuzena ematen dion biziera bizi nahi badugu, oinarrizko puntu bat ez dugu ahaztu behar, otoitzarena. Otoitzean Jainkoarekiko harremana berritu beharra daukagu, benetako kristautasun-maila ederra ematekotan. Baita giza maila jatorra burutzekotan ere. Jainkoarekiko harremana du iturburu eta oinarri kristauak, Loiolako Santuak esaten digun bezala, Jainkoa iturburu eta oinarri. Eta otoitzak eramaten gaitu egiazko iturburu eta egiazko oinarrira.

Eukaristia ospatzen ari gara. Santutasunaren iturrian gaude. Fedearen mahaian. Hemen berriztatzen eta gaztetzen zaizkigu fedearen egiazko irizpide jatorrak. Hemen atxikitzen zaio gure bihotza Jaunari. Gero bizitza guztia atxikimendu horren dirdai izan dadin. Halaxe izan dadila!

FaLang translation system by Faboba