liturgi lagungarriak

hgdgfhdh

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA HASIERA

Senideok: Jesu Kristo gure Jaunaren grazia, Jainko Aitaren maitasuna eta Espiritu Santuaren batasuna, izan bedi zuekin.

 

Iganderoko batzarrera biltzen gara, eusten digun ospakizun ederra burutzera. Gure festa oinarrizkoa ospatuko dugu: Jesusek maite gaituela, guregatik hil eta berpiztu dela, bere mahaiaren inguruan bildu eta hitzaz eta biziaz janaritzen gaituela.

Igandero hementxe biltzen gara Jesusen jarraitzaileok, gure nahigabe eta pozekin, gure kezka eta ezinekin.

Guretzat Jesus nor den, hori izango dugu gaurko ospakizunean konprometituko gaituen galdera. Ez gaurko ospakizunean bakarrik, baita bizitza osoan ere.

 

Isilean presta gaitezen ospakizun honetarako.

– Jesus Jauna, Espiritua emanez, berritzen gaituzuna. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, zeure bidea egitera deitu gaituzuna. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, Aitaren seme-alaba egiten gaituzuna. Erruki, Jauna.

 

 

PREFAZIOA

Orain Eukaristi otoitzari ekin behar diogu. Eskertu dezagun gure Aitaren bihotz ona, bere maitasuna erakutsi baitigu, eta gurekin baitoa beti. Eskertu dezagun batik bat Jesu Kristo eman digulako, gure bidea eta bizia.

 

 

GURE AITA

Salbatzaileak irakatsi bezala, eta hark agindu bezala, esan dezagun beldurrik gabe.

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1 - Irakurgai labur bat entzutera goaz. Aspaldiko pasadizo honek Jesusen sufrimenduak eta heriotza adierazten dizkigu. Gero Ebanjelioan entzungo duguna argitzeko ondo dator irakurgai hau arduraz entzutea.

 

2 - Datozen igandeotako bigarren irakurgaia San Paulok Galaziarrei egindako gutunetik hartuko ditugu. Gaur entzungo dugun zati laburrak mezu oso garrantzizkoa dakar gure bizitzetarako.

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Senideok: Kristo apaiz nagusia bitarteko dugula, eska diezaiogun zeruko Aitari gizon-emakume guztientzat bere salbamenaren dohaina eta askatasuna.

 

• Gure elizbarrutien alde: beren zerbitzu eta ahaleginez, gizartea zerbitza dezaten, Kristoren jarraitzaile zintzo izanez eta handikeriarik gabe.  

 

•  Gure herriaren alde: Jainkoaren dohainak baketu dezan, eta egiazko askatasuna eta errespetua ikas ditzan. Eska dezagun sufritzen duten kaltetu guztien alde.

 

•  Beren eguneroko gurutzea ezinez eta atsekabez daramatenen alde; gure gaixoen alde: Jesu Kristoren nekaldiak adorez eta aurrera-nahiez bete ditzan, esperantza ez galtzeko. 

 

•  Federik eta inolako goi-esperantzarik gabe bizi direnen alde: kontura daitezen atseginkeriazko bideek ez dutela ezer baliozkorik eskaintzen, eta benetako giza-bideak  landu ditzaten. 

 

•  Hemen bildu garen fededun guztion alde: Gurutzetuari begiratuz, eguneroko zerbitzuaren gurutzea behar bezalako sendotasunez eraman dezagun, besteak geure buruaren aurretik jarriz.  

 

Entzun, Aita, gure eskariak. Emaguzu zu eta lagun hurkoa zerbitzatzeko behar dugun indarra eta adorea, betiko Pazkoaren pozetara iritsi gaitezen. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

HOMILIA

Lukasen Ebanjelioko atal nagusi baten atarian jarri gaitu gaurko ebanjelio-zatiak. Ikasleak jarraitzaile izaten ikasi behar du. Eta hori, Jesusekin bat eginez, identifikatuz, ikasten da, Jesusen misioa beretuz. Datozen igandeotan, beraz, Jesusen Jerusalemerako bidea egin beharko dugu. Bera aurretik dugula, beraren zerbitzua eta azkenerainoko maitasuna ikasiko ditugu, Jesusen jarraitzaile izan nahi dugu eta. Erraza ez dela?, badakigu. Errazkeriek, erosokeriek ez digute Jesusen bidea  onartu nahi, baina guk badakigu dagoeneko zertan gabiltzan.

 

Jesusen egiazko ikaslea sakon-sakonean bat dator segizioa azaltzen diguten testu nagusi hauekin. Badaki oso urruti dabilela Jesusen bide horretatik, hori badaki. Baina, bide batez, oso ongi daki hori duela bere bidea. Erdipurdika dabilenak, berriz, kristau txepelak, beldurra sentitzen du, izua. Baina ez du bere beldurra aitortzen. Bere burua justifikatu egin nahi izaten du, esanez bide hau gutxi batzuentzat dela, gauzak ez direla hain serio hartu behar, gauzak bere neurrira ekarri behar direla... Beste batzuk arnasestu jartzen dira. Bideari heldu nahi liokete, baina errudun sentitzen dira, desanimatu egiten dira, urruti ikusten dituzte bide hauek.

 

Gaurko ebanjelio-zatiak hiru maila dauzka: Pedroren aitorpena, nekaldiaren adierazpena eta ikasleen jarraipidea. Hirurak ongi josiak bata bestearekin. Jesus Mesias da egiaz. Pedrok ongi esan du. Eta aitorpen hori benetan sakona da, Mesiastasuna aitortzeak ondorio neurtezinak baititu. Mesias, askatzailea, espero zena, Jauna, agintzarien betetasuna. Ez da profeta soila. Ez da Joan bataiatzailea. Haiek hau adierazten zuten beren eginkizunetan. Haiek adierazi zuten guztia betetzen da Jesusengan. Aitorpen handia, nolanahi ere.

 

Pedroren aitorpen hau, Jesusek onartu bai, baina Zerbitzariaren klabeaz ulertarazten du. Mesias da, baina nekaldiaren bidetik. Pedrok ezingo du ulertu. Baina Jesusek badaki bere mesiastasuna gurutze-bidean burutu behar duela. "Beharrezkoa da". Aitaren borondatearen bidea ondo zehaztua dago. Pazko-bidearen nondik norakoak ongi markatuak dauzka Jesusek. Eta bide horiek ez diote bere mesiastasuna ukatuko, bete-betean azaldu eta osatu baizik. Ebanjelioko giro honi lotua dator lehenengo irakurgaia ere. "Begiak jasoko dituzte Niregana, zulatu ninduten honengana". Saminaren ikuspegi salbatzailea. Itun Zaharreko profezia hau Jesusengan betea ikusi du Itun Berriak. Bakar baten sufrimenduak salbatuko du gizadia. 

 

Eta honen argitan, Jesusen jarraitzaile izan nahi duenari ere ez zaio beste biderik geratzen. "Uko egin biezaio bere buruari". Pedrok eta ikasleek espero zuten mesiastasuna beste era batekoa zen, seguru asko. Garaipen politikotik begiratzen zuten mesiastasunaren ibilbidea. Jainkoak gizadiarekin egin nahi duen elkargoa, ordea, gurutze-bidetik doa. Eta ikaslearen bideak toki beretik jo behar du. Kristorekin bat egin. "Kristogan bataiatuak zareten guztiok Kristo duzue soineko", esan digu Paulok. Eta guztien aldeko haren entrega betea guk geure bizitzan eta geure neurrian bizi behar dugu. Hark egin zuen bere buruaren ukazioa, guk ere agertu behar dugu. Ez dauka fedeak beste biderik. Bada ebanjelioan detaile bat, aipatu gabe uzti nahi ez dudana. Ikasleak egunero hartu behar du bere gurutzea, hala esan digu Jesusek. Jarripide hau, segizio hau, egunero egiten baita, eguneroko biziera sinplean. Egun bakoitza bizi behar dugu Jainkoak egiten digun dohaina, etorkizun ametsezkoak eraiki gabe, etorkizunari beldurrik izan gabe, eguneroko fede txikiaren esperantza sendoan oinarriturik.

 

Askok eta askok bide hau bide iluna ikusten du. Zergatik ote da? Jesusen segizioak argirik eta pozik ez balu bezala. Eta hori ez da horrela. Egiazko askatasunaz hitz egiten ari gara hemen. Baina, jakina!, askatasun hori ez dugu aurkituko gure kapritxoen bidean. Askatasun bete hori ez dago gure jokaera indarkeriazkoetan, gure borondatea besteei ezartzean. Egia da, zaila dela eguneroko gurutze hori bizkarrean eramatea, egia da. Oraintxe bertan gure gizartearen bide zailak edertu daitezkeela sinestea ez da erraza. Bizi dugun krisian solidaritate-jarrera sendo eta zerbitzaria erakutsi behar dugu Jesusen jarraitzaileok.

 

Jesusen segizioak jakinduria eskatzen digu. Eta jakinduria horrek bi puntu hauek gogoan izan behar ditu:

– Bata, Zulatuari begiratzea. Gure indarrak neurtu eta sentitzen dugun beldurrari begiratzen badiogu, ez dugu sekula santan Jesusen bidea onartuko eta biziko. Gurutzetuaren maitasunaz blai egin, eta bideaz identifikatu pixkanaka, eta Jesusekiko gure maitasunak egingo du gainontzekoa. Maitasuna indartsua da, inolako dudarik gabe.

– Bigarren puntua, egunean-egunekoa bizitzea. Ez ditzagun ametsezko etorkizunak jaso. Jaunak emango dizkigu eguneroko indarrak. Etorkizuna kontrolatu nahiak, ez digu atsekabea eta ansietatea besterik sortuko. Txikiek egunean egunekoa bizi dute, beren konfiantzaren ahalegin txikiez. Ez daukagu radikaltasun berezietan pentsatzen ibili beharrik. Eguneroko bizitzak eramango gaitu maitasunaren radikaltasun egiazkora. Beste guztia segizioa handikeria bihurtu nahia besterik ez da.

 

Eukaristia, gure alde "entregatutakoaren" ospaketa dugu. Odola isuria, Gorputza zatikatua. Horra mesianismoa. Horra bidea.

Liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Gure bekatuak barkatu eta bere mahaira biltzen gaituen Jesus Jauna, zuekin!

 

Gaur ez dugu festa berezirik ospagai, igandea bera izan ezik. Eta igandean, gure kristau-bizitza osoari eragiten dion misterioa ospatzen dugu, Jainkoaren Hitza entzunez eta maitasunaren ogia janez. Jaunak berak deituta gaude gaur hemen.

Esker onez eta bihotzeko pozez ekin diezaiogun ospakizunari.

 

Hasteko, barrua isildu eta utzi dezagun bizitza errukiaren besoetan.

 

– Jesus Jauna, bihotz hautsiak sendatzeko etorria. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, bekatariak poztera etorria. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, Aitaren eskuin aldetik zaintzen gaituzuna. Erruki, Jauna.

 

PREFAZIOA

Jainkoak bere maitasunean sendatzen gaitu. Eskertu dezagun gizaki berri egiten gaituen Jainkoaren maitasuna.

 

GURE AITA

Jesu Kristok irakatsi zigun bezala, jaunartu aurretik, bat egin dezagun Aita beraren babesean, eta dei egin diezaiogun uste onenaz.

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1) Dabid errege handiak bekatu egin zuen Urias hil eta haren emaztearen jabe eginez. Jainkoak Natan profeta bidaltzen dio Dabidi, bere bekatua aitortu eta damutu dadin. Entzun dezagun!

 

2) Paulok esango digu mundu hau salbatua izan dela, ez gizon-emakumeok bete beharreko legeak bete ditugulako, baizik Jainkoak gurutzean guregatik bizia eman nahi izan duelako. Maitasunaren zorakeria itxuragabea!

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Senideok: bere onginahia erakutsi digun zeruko Aitari egiogun otoitz gizon-emakume guztien alde. Eska ditzagun guztientzat errukiaren dohainak.  

 

* Elizaren alde eta, bereziki, eliz artzainen alde: beren jarrera eta jokaeraz, Jainkoaren maitasuna eta bihotz handia adieraz ditzaten gizon-emakume guztien aurrean. 

 

* Munduko herri guztien alde (Siria, Irak, Afrika,…): gorrotoak eta zatiketak alde batera utziz, bakea eta adiskidetasuna nagusi daitezen, gizon-emakume guztiok senitarte bat osatzearen poza goza dezagun. 

 

* Jainkoaren irudi gogorra dutelako eliz bizieratik urrutiratu direnen alde: egiazko Jainko errukitsua ezagutuz, berarekin topo egiteko esperientzia bizi dezaten. 

 

* Gaixoaldian, bakardadean, kartzelan, erasopean, era batera edo bestera sufritzen ari direnen alde: fededunen laguntzak eta Jainkoaren onginahiak esperantzaz eta ilusioz bete ditzan. 

 

* Eukaristia honetan elkarrekin biltzeko poza izan dugunon alde: gure bekatuak aitortuz, Jaunaren errukia jaso eta erruki horren berri emaile izan gaitezen eguneroko bizitzan. 

 

Jainko errukior eta barkatzailea, ager zaitez errukior zuregana jotzen duen herri honekin. Erakuts iezaiozu beste behin zure bihotz handi eta gozoa. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

HOMILIA

Argi dago Lukasek zer nolako irudia eman nahi digun Jesu Kristori buruz. Gaixoalditik askatzen du, heriotzetik askatzen du eta bekatutik askatzen du. Kristo salbatzaile da, eta bere salbazioaz giza-izatearen alderdi guztiak harrapatzen ditu. Gorputzeko gaitza kentzen badu, arimakoa ere, barnekoa ere, uxatzen du. Eta hori guztia, beraren errukian eta barkazioan oinarritzen da, Aitaren maitasunaren ezaugarri bezala etorri baitzaigu gureganaino. Lukasek sakon eta ugari azpimarratzen du Aitaren errukia bere ebanjelioan (hamaika parabola badu horretaz emana).

 

Hortxe dauzkagu, bada, bi errealitateak aurrez-aurre: gure aldetik, bekatua; Jainkoaren aldetik, barkazioa. Gizon-emakumeok beti geure bekatuzko eta ahuldadezko esperientzia atergabeko horrekin. Jainkoaren erantzuna, berriz, Kristorengan azaldu zaiguna: maitasuna eta barkamena gailentzen zaizkio gure bekatuari. Badirudi ez dugula aspaldian geure bekatuaz, ezta Jaunaren errukiaz ere hitz egin nahi. Nahiko gustuz kontrakoak gertatzen zaizkigu biak. Eta, hala ere, esan behar da, Ebanjelioaren muin-muinekoak  direla biak. Bekatuaren eta errukiaren kontzientzia galdu duen elkarteak nekez jasoko du Berri Ona.

 

Hor daukagu Dabiden bekatua. Badirudi, gaizki egindakoa baino gehiago dela bekatu egindako horretan agertu duen esker txarra. «Gantzutu zintudan, Saulen eskutik atera, etxea eman, emazteak altzoan ipini...». «Zergatik gutxietsi duzu?». Hurkoari egin dion kalteaz gain, Jainkoaren beraren kontrako bekatua egin du. Hor dago ebanjelioko emakume bekataria ere. Denek dakite bekataria dela. Dabidek eta emakume bekatariak, biek jarrera berdina hartzen dute: «Bekatu egin dut» dio Dabidek. Eta emakumeak ere Jesusen oinetan bere jarrera makurtua erakusten du. Ez da bere burua zuritzen aitzakiatan hasten. Oinetara makurtze horretan damu sakona ikusten da.

 

Jainkoak bihotz barkatzailea du. Jainkoak barkatu egiten du. «Barkatu dizu Jaunak». Ebanjelioan, berriz, fariseuaren jarrera eta Jesusena elkarren kontrakoak dira. Jainkoak ez ditu gauzak eta, batez ere, pertsonak, lege hotz eta soiletik neurtzen, farisearrek egiten duten bezala. «Barkatuak dituzu bekatuak». Jainkoak bere salbatu-nahiari zintzo eta leial eusten dio. Ez du gizon-emakumeon bekatuaren aurrean ere atzera egingo. Gizakiok eta Jainkoak bihotz oso ezberdina daukagu: ikusi, bestela, bigarren irakurgaia. Guk legetik jokatu eta neurtu nahi izaten ditugu gauzak. Jainkoak, ordea, maitasunetik. «Bere bizia niretzat emateraino maitatu nau».

 

Aukera aproposa izan daiteke gaurkoa Jainkoaren errukizko irudia azpimarratzeko. Askotan askok esan izan duenaren arabera, oraindik ere jendeak Jainkoaren irudi gogor eta estua dauka. Eta horren errua, gurea da, oso legezale eta estuak izan baikara. Ez da lasaikeria eta zabarkeria tontolo batean erortzearen kontua. Jainkoaren egiazko irudia azaldu behar dugu: errukizkoa, maitasunezkoa, barkaziozkoa, bihozberatasunezko irudi salbatzaile eta askatzailea. Jainkoak, zorionez, ez du guk bezala jokatzen.

 

Honek guztiak erakusten dituen ondorioak asko eta handiak dira:

-  Aurrena, bekatu-kontzientzia. Eta, ondorioz, apaltasuna. Bai bakarka eta bai elkarte bezala ere, bekatariak gara. Jesu Kristoren jarrerak eta jokalegeak ez ditugu onartu eta geureganatu.

- Gainera, Jainkoaren errukiaren kontzientzia barneratu behar dugu. Jesu Kristoren garaipenean errukia eman zaigu bete-betean.

- Erruki hori barkazioaren sakramentuan ematen zaigu batipat; Elizan. Eliza dugu barkazioaren emaile. Gaurko Elizak eta eliz elkarte bakoitzak ahalegin handi bezain serioa burutu beharko genuke aitortza sakramentua bere onenean berreskuratzeko.

- Horren ondorioz, guk ere barkatzen ikasi behar dugu. Fariseuen bihotz kaxkarraren ordez, Jesusen bihotz handiaz jantzi behar dugu. Gure herriak ere barkatzen ikasi behar du. Une honetan, beste behin, gure herrian beldurra eta mehatxua gailendu zaizkigu. Berriro ere gorrotoa eta gogorkeria nagusitzen ari zaizkigu. Fededunok eraman beharko genuke gizartera barkazioaren eta harreman adiskidetuaren mezu berria.

- Eta azkenik beste puntu bat azpimarratzekoa: emakumearen duintasuna. Gaurko ebanjelioaren azkenean, emakumeak Jesusen ikasle eta jarraitzaile eginak ikusten ditugu, ohikoa zenaren kontra. Jesusek mezu berria eman zuen emakumearekiko harremanean ere. Gaurko gizarteak, eta gehiago gaurko Elkizak, badute emakumearekiko harremanean zer aldatua eta zer egina. Ez genuke puntu hau balio gutxikotzat hartu behar. Noiz lortuko du emakumeak zor zaion duintasuna eta erabakiak hartzeko lekua?

 

Goazen Eukaristia ospatzera. Ebanjelioko emakumeak bezala, Jesusen mahaian apaldurik jaso dezagun jainkoaren maitasun-dohain betea.

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Anai-arreba maiteok: Jaungoiko gure Aitaren grazia eta maitasuna, eta Jesu Kristoren Espiritu elkartzailea, izan bitez zuekin! 

Igandero biltzen gara Jesu Kristoren ondoan, beraren Hitza jasotzeko eta beraren Gorputz-Odolen bazkaz azkartzeko. Horrela gure biziak, aste bakoitzean, berritu on bat hartzen du.

Gaurko festaburu eder hau, Ostegun Santuaren oihartzun ozen bat dela esan genezake. Han, Jesus gure Jauna zerbitzuz isuria ikusten genuen, bere Gorputz-Odolak gure esku uzterainoxe. Gaur, beraren presentzia sakon eta betikoari erreparatzen diogu bereziki, sakramentu santuan luzatu eta finkatu nahi izan duen presentziari. 

 

Jesu Kristorekin begiz-begi pranta gaitezen, eta beraren maitasun neurrigabearen aurrean, eska diezaiogun errukia. (Isilunea)

 

- Jesus Jauna, Aitaren amodioa erakutsiz maite gaituzuna, ERRUKI, JAUNA.

- Jesus Jauna, gure fedearen ogi bizia zarena, KRISTO, ERRUKI.

- Jesus Jauna, mundua askatzeko zeure Odola isuri duzuna, ERRUKI, JAUNA.

 

 

PREFAZIOA

Jesu Kristoren heriotz-piztueren oroipen-ospakizuna egitera goaz oraintxe. Haren Gorputz-Odolak ditugu gure bizitzako janari eta euskarri. Koka gaitezen esker onean eta piztu dezagun komunio-gosea.

 

 

GURE AITA

Eguneroko ogia eskatzen erakutsi zigun Jesusek. Eska diezaiogun Aitari bere Semearen bazka bizi emailea.

 

 

HONA HEMEN

Hona hemen Jaungoikoaren Bildotsa, bere mahaira deitzen gaituena. Zorionekoak gu, Haren erreinuko mahaikide garenok!

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1) Melkisedek apaizak eskainitako ogi-ardo horiek, Elizarentzat Eukaristiaren seinale argi dira. Aspaldiko pasarte hori entzun eta bere muina jaso dezagun arretaz.

 

2) Ostegun santuan irakurri genuen pasarte bera da gaurko hau. Paulok azken afarikoa ekartzen digu gogora: Jesusek bere oroigarri egiteko gomendatu ziguna juxtu.

 

 

 

 

JAINKO-HERRIAREN OTOITZA

Jesus Jaunak bere bizia eman zuen guregatik, guztiongatik. Maitasun berean elkartu gaitu. Egigun otoitz munduko gure senideen alde.

 

Mundu guztian zabaldurik bizi den Jesu Kristoren Eliza, Jaunarekiko elkartasunean hazi dadin, gizaki guztiak maitasunez zerbitzatuz.

 

Gaur ospatzen dugun maitasun handia, lagun hurkoarekiko maitasun bihur dezagun, batez ere behartsuekiko maitasun. Jaunak bedeinka ditzan Caritas erakundean lanean ari diren guztiak.

 

Sufritzen ari diren guztien alde eta, batik bat, inolako irtenbiderik gabe sufritzen duten Hirugarren munduko pobreenen alde:

Bide zuzenak egin eta gure laguntza eta solidaritatea izan dezaten.

 

Gaur lehenengo Jaunartzea egiten duten haurrek, Eukaristiaren maitasun-mezua jaso dezaten eta egiazko maitasunera hazi daitezen giro eder batean.

 

Geure alde: 

Eukaristia ospatzeko zoriona daukagunok, Jesus entregatuaren maitasun-bideak ikas ditzagun.

 

Onar, Jauna, gure eskari hauek. Maitasunean bat eginda bizi gaitezela zurekin eta gizon-emakumeekin. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

HOMILIA

Jaunaren Gorputz-Odolen festaburua ospatzen ari gara. Jesus Eukaristiari begira jarrita, jai egiten dugu. Gorpuzti festaburuak gure Jainkoaren dohainik ederrena ospatzera ekarri gaitu. Eta Jainkoaren Hitza entzunez, poza du gure bihotzak.

 

Fededunok igandero-igandero biltzen gara Meza santua ospatzera, Eukaristia ospatzera. Iganderoko ohitura eder bihurtu zaigu ekintza hau! Eta igandero egiten dugun hau ohitura huts bihur ez dakigun, urtean behin sakon eta luze begiratu nahi izaten diogu igandero ematen zaigun poz horri. Eta urtean behineko hori Gorpuzti eguna izaten da. 

Eukaristia! Jesusen Pazkoko bihotzera garamatzan misterio ederra! Izan ere, Eukaristia hain aberatsa izaki, alderdi asko azter daiteke. San Paulok, bigarren irakurgaian, Pazkoko Jesusen Gorputz-Odoletara ekarri gaitu. «Hau nire Gorputza da», «Kaliza hau itun berria da nire odoletan». Pentsatzen jarrita, ikusgarria da: Melkisedek apaizak Abahami eman zion bedeinkapen ederra, guri Jesusen Odoletan ematen zaigu. Eta bedeinkazio hori, Pazko-misterio betearen dohain atergabeko bihurtzen da guretzat.

 

Itun Berriaren bihotzean gaude, bete-betean: Jesusek bere odola ematen digu edaten. Eta odol horretan Pazko-gertaera dago bildua, Pazko-maitasuna. Jainkoak odoletaraino maitatu gaitu. Horrenbesteraino irrikatu du gurekiko elkartasuna. Jainkoarekin sakon eta estu lotuak gaude, odolaren korapiloz. Maitasun-hitz paregabea esan du Jainkoak bere Semearen odoletan. Eta gizon-emakumeok edan egin dugu, eta Jainkoarekin batasunean gertatu gara. Komunioaren misterioa gertatu zaigu.

Eta horrek gure bizitzari beste izanbideak urratu dizkio. Fededun garen aldetik, gu ere, ebanjelioko jende-taldea bezala, Jesusen segizioan goaz. Eta segizio horrek leku bakarti eta baztertuetara eramaten gaitu, gizartearen aldetik begiratuta. Eta hori gogorra gertatzen zaigu sarri. Baina, bide batez, Jesusek Eukaristian ematen digun dohaina dastatzeko aukera gertatzen zaigu. Jesusek dohain ugaldua ematen digu. Segizio-biderako janari indartzailea. Eta orain badakigu egin dezakegula eguneroko bidea. Segizioan ematen duguna asko irudituko zaigu; baina jasotzen duguna askoz gehiago da. Eukaristia dohain betea da!

 

Horregatik eta bidezkoa denez, igandero-igandero ospatzen dugun misterio ikusgarri hau, gaur festaz eta harriturik begiratzen dugu. Gauzak zenbat balio duten ikusteko, batzuetan ona izaten da, gauza hori faltatuko balitzaigu zer gertatuko litzaigukeen pentsatzea. Zer izango litzateke gure bizitza Eukaristiarik gabe? Mundura joan, lanera joan, eguneroko borrokan buru-belarri sartu, gizarteko joera eta ibilbide guztien erdian munduko gizon-emakume... eta nola bizi esperantzan?, nola bizi maitasunean?, nola poztu gure erorialdiak?, nola bizi batak besteari lagunduz, intereskeriarik gabe?, nola bizi, dena begi txikiez begiratu gabe?, nola barkatu?, nola pertsonaren duintasuna eta balioa aitortu?, nola…?

 

Eskerrak Eukaristia daukagun! Eskerrak, gure bihotza askotan Eukaristiako maitasun horretara eraman dezakegun! Eskerrak Eukaristian Jainkoaren barkazioa hartzen dugun! Eskerrak Eukaristian Jainkoaren bidea egiteko indarra ematen zaigun! Bestela, auskalo! Hain gara ahulak, hain erraz makurtzen gara bide hutsaletara, hain bizkor tristetzen gara, hain ustekabean galtzen ditugu gizatasunaren bideak! Eukaristia daukagu! Eskerrak Jainkoak horrenbesteraino maitatu gaituen! Ez genuke asmatuko ezaugarri hori gabe bizitzen!

 

Esan dugun hau guztia ondo dago eta hori horrela da! Baina, pixka bat aurrerago ere begiratu behar dugu. Izan ere, Jainko Semearen Odola eman zaigunetik, odolak asko balio du! Eta ez da batere txokatzekoa gaur Caritasen eguna ospatzea, Karidadearen eguna. Gizon-emakume bakoitzaren odolak asko balio du. Pobreen odolak asko balio du. Gure lagun hurkoaren duintasunak asko balio du! Eta ezin ulertua da, Eukaristian Odola edan eta gero giza odola zikintzea. Eukaristian sinetsi eta gero gizon-emakumeen balioa ez aitortzea. Eukaristiako odolagatik errespeta dezagun lagun hurkoen odola! Zaindu ditzagun pobreak! Maita ditzagun gizartearen aukerak bazterrera bota dituenak! Onar ditzagun beharrean aurkitzen diren guztiak. Eukaristiak besoak zabaltzen erakutsi digu. Odoletan maitatuak izan garenok, bizi dezagun odolaren elkartasuna!

 

Hau guztia horrela izanik, Eukaristia estimatzen ikasi behar dugu. Ez dugu ohiturakerian erori behar. Ohiturakerian ez dugu erori behar, ez Eukaristia ospatzean, ez eta ere Eukaristiaren erara bizitzean. Eukaristiari ez diogu kendu behar bere festa eta alaitasuna, eta ez diogu kendu behar pobreen aldeko bere garrasia. Eukaristiari ez diogu kendu behar odola! Jainkoak gurekin odoletan ituna egin duenez gero, bizi dezagun itunaren elkartasuna Jainkoarekin eta senideekin! Eta esan dezagun kalean, fabrikan, nonahi eta noiznahi, ez dela baliogabean zapaldu behar inoren odolik! Odola baliotsua baita!

 

Ospa dezagun Jainkoaren maitasuna, Eukaristia honetako ogi eta ardotan, Jesusen Odoletan!

Liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN MONIZIOAK


AGURRA ETA SARRERA
Jauna zuekin.
Pazkoaldia amaitu, Jaunaren festaburu handiak ospatu eta berriro ere urtean zeharreko ibilbidera biltzen gara. Ez dugu jai berezirik ospatzen, igandeko misterio oinarrizkoa izan ezik.
Igande hauetan San Lukasen Ebanjelioak eramango gaitu eskutik. Gaur Jesus Naingo plazan ikusten dugu, ama alargunaren ondoan, bizia eta poza sortzen. Jesusen Jainkoak errukia eta gupida erakusten baititu, beste ezeren gainetik. Jesusen Jainkoak bizia maite du eta bizia sortzen du. Gu bizitzea nahi du.
Isilean eta bihotzean esker ona gainezka dugula, presta gaitezen Eukaristia ospatzeko, gure bekatua Jaunaren eskuetan utziz.
- Jesus Jauna, zu zara gure itxaropena, ERRUKI, JAUNA.
- Jesus Jauna, zu zara gure bizi-argia, KRISTO, ERRUKI.
- Jesus Jauna, zu zara gure piztuera eta betiko bizia, ERRUKI, JAUNA.


PREFAZIOA
Bizia eman digun Jainkoa eskertzeko unea dugu hau. Barru-barrutik bat egin dezagun Elizaren Eukaristi otoitz ederrarekin.


GURE AITA
Jainkoaren seme-alaba bezala, bat egin dezagun elkarrekin, Jesusek irakatsitako otoitza esateko.



B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1) Entzun dezagun, Ebanjelioa entzuteko prestatzen gaituen Itun Zaharreko pasadizo hau: Elias profetak Jainkoaren salbamena dakar, heriotzak samindutako sukalde batera.
2) Igande batzuetan, San Paulok Galaziarrei idatzitako gutunetik irakurriko dugu. Entzun dezagun nola egin zuen Paulok topo Jesus berpiztuarekin.



JAINKO-HERRIAREN OTOITZA
Senideok: gure Jainkoa bizia maite duen eta ematen duen Jainkoa dugu. Egin diezaiogun gogotik otoitz, gizon-emakume guztientzat biziaren poza eskatuz.

•    Egin dezagun otoitz Eliza osoaren alde: Aita santuaren alde, gure Gotzain eta beste Gotzain guztien alde, munduan sakabanaturik bizi diren kristau-elkarte guztien alde... (Isilunea). Eska diezaiogun Jaunari.

•    Egin dezagun otoitz munduko herri guztien alde. Otoitz gure Euskal Herriaren alde. Eska dezagun herrietako agintari guztien alde eta herrietako aurrera-bidea beren esku dutenen alde... (Isilunea). Eska diezaiogun Jaunari.

•    Egigun otoitz sufritzen duten guztien alde. Gaixoak, hil zorian daudenak, erietxeetako guztiak izan ditzagun gogoan. Bakardadean eta triste bizi direnak ere ez ditzagun ahaztu... (Isilunea).  Eska diezaiogun Jaunari.

•    Une honetan gogora ekar ditzagun bakoitzaren asmoak... (Isilune luzeagoa). Eska diezaiogun Jaunari.

•    Egigun otoitz, azkenik, hemen bildu garenon alde. Otoitz gure senide eta adiskide guztien alde. Eska dezagun gure inguruan bizi diren guztien alde... (Isilunea). Eska diezaiogun Jaunari.

Begira, Jauna, beharrean aurkitzen den herri honi. Naingo alargunarekin erakutsi zenuen bihotz handia erakuts iezaguzu guri ere. Emaguzu bizi-poza. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.




HOMILIA
Jesus, gaitzetik eta gaixotasunetik askatzen duen Askatzaile bezala ikusten dugu fededunok, askatasun hori gizon-emakume guztientzat dela ikusteaz batera. Jainkoaren erregetza iritsi zaio munduari. Eta erregetza horren seinaleak dakartza Jesusek datorren toki bakoitzera. Gaur Jesusen egintzak, Jainkoaren erregetza horren alderdi nabarmenetako batzuk erakutsiko dizkigu: Jesus sufritzen dutenengana hurbiltzen da, emakumeengana (garai hartako gizarteak baztertuak!) hurbiltzen da eta, batez ere, biziaren mezua dakar Jesusek. Alderdi hauetako edozein goza dezakegu hausnarrean. Onenean, gizon-emakumeon bizi-helburuaz hitz egitea izango litzateke egokiena.

Ebanjelioko gertaera honek detaile dezente ditu. Lehenengoa, Jesus sufritzen ari den gizadiaren bidera ateratzen da. Amaren atsekabeak bihotza ukitzen dio. Jesusengan, zinez, Jainkoak bisitaldia egin dio bere herriari. Giza zoriaren ezinari gertuko egin zaio. Ez, ordea, bere horretan uzteko. Konponbidea emateko baizik. Askotan gaitzaren kontra ikusten genuen Jesus, gaur gaitzik gaitzenaren kontra, heriotzaren kontra. Eta, era horretan, heriotzaren kontrako garaipen honek Jesusen mesiastasuna erakutsiko du.

Jesusen hitza, hitz giza mailakoa baldin bada ere ("ez  negarrik egin"), goi-mailako indarrez jantzia dator ("Mutil, zuri diozut: jaiki zaitez"). Hitz eraginkorra eta egilea. Biziaren muina daraman hitza da, Jesus berak garaitu baitu heriotza gurutzean hilez. Naingo bizi hau, beste bizi baten ezaugarria dugu, noski. Jesusek ez gaitu amaitzen den bizira piztu nahi, amaitzen ez den betiko bizira baizik. Jesus betiko biziaren emaile bihurtu zaigu. Bera ez da gehiago hilko, harengan sinesten duena hilko ez den bezalaxe. Hemen errepika genezake Paulok bigarren irakurgaian esan duena: "Berri on hau ez da gizonena".

Lehenengo irakurgaiak ere honen guztiaren sintonian jartzen gaitu, paralelismo argigarri batean. Emakumea, alarguna, seme bakarra... Jainkoak pobrearen garrasia ez du erantzunik gabe uzten. «Jauna, ene Jaungoikoa, betorkio haur honi berriro arnasa».

Honek guztiak aukera paregabea ematen digu Jainkoa, biziaren Jainko eta maitasunaren Jainko bezala ikusteko. Aukera aproposa gizon-emakumeon bizi-zoriaz jabetzeko. Nola erantzuten dio Jainkoak gure ahultasun eta ezinari? Jainkoak prestatu digun geroa, biziarena da. Gure bizi-helburuaz hiletetan hitz egiten dugu, heriotzaren gertaerak gauzak bere onean ulertzen uzten ez digunean. Gaur ez da aukera txarra geure bizi bokazioaz jabetu gaitezen. Bataioaz geroztik, biziaren uretan murgilduak izan gara eta bizia dugu bokazio. Heriotzaren gertaera horren gainetik dagoen bizia. Betiko bizia. Guk, horregatik, fedearen argitan Jesusen esku uzten dugu heriotzaren misterioa, Bera baitugu aterabide bakarra eta zoriontsua.

Oraindik ez dugu amaitu zaharra Pazko-garaia. Eta Pazko-argiaren bizi-bokazioa gogora ekar dezakegu. Pazkoa izan da Jesusek gizadi sufritzaileari gainera esan dion hitza! Gizadia ez dago derrigorrez heriotzeko zulora destinatua. Bizia dugu helburu. Eta biziaren esperantzak argitzen digu gure eguneroko ibilbidea. Gaixoaldian, sufrimenduan, gauzak okertzen zaizkigunean, erorialdietan, krisialdian... Jesus, Pazkoko biziemailea, gertuan daukagu.

Errukiaren Jubileu Urtea ospatzen ari garenez, gure fedearen oinarriak ukitzen ari gara Jesusi begira, errukiaren argazki horri begira. Gure erruki-beharrak hori du maite: Jesus bizi-emaile ikustea. Gaur Naingo pasadizuan bakoitza hil-kutxan senti gintezke, geure ezinean etzanda, eta handik Jesusen hitza entzun: «Jaiki zaitez». Jesusengan benetan gertuan dugu Jainko on eta gupidatsua.

Eta gertutasun horren ezaugarri, Eukaristia! Eukaristiak bizia ematen du, Joanen ebanjelioak azpimarratzen duen bezala. «Nire haragia jaten duena, betirako biziko da».  Jesus biziemailea tarteko egiten zaigu Eukaristian, bere hitzean egin zaigun bezalaxe. Gure fedea berrituz, utz diezaiogun Jesusi gure bihotzetan bere bizi-mezua itsasten. Eta bizi gaitezen, heriotzaren beldurrik gabe!

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Jesu Kristo gure Jaunaren grazia, Jainko Aitaren maitasuna eta Espiritu Santuaren batasuna, izan bitez zuekin! 

 

Amaitua dugu Pazko-garai osoa, gaur zortzi ospatutako Mendekoste egun handiarekin. Jainko Jaunaren neurrigabeko maitasuna gozatuz jarraitzen dugu gaur ere, Hirutasun Santuaren misterioan murgildurik. Iganderoko misterioaren bihotza dugu Hirutasun maitasunezkoaren mami eta muina. 

Alabantza posturan jarri gaitezen, Jainko Aitaren bihotz ona goraipatzeko, Jesu Kristorengan demaigun bizi berria eskertzeko prest, eta bat senti gaitezen Espirituaren arnasa berritan.

 

Isilunetxo bat hartu eta pranta gaitezen Jaunaren aurrez aurre, eta eska dezagun errukia eta barkazioa. (Isilunea)

- Jesus Jauna, Aitaren maitasun betea, ERRUKI, JAUNA.

- Jesus Jauna, guretzako egia bakarra, KRISTO, ERRUKI.

- Jesus Jauna, gure bizi berria, ERRUKI, JAUNA.

PREFAZIOA

Gure Eukaristi otoitza beti eskerrak emateko da, Jesu Kristoren heriotz-piztueren oroigarri egina, eta Espiritu Santuarentzako eskari zehatza. Bihotza estutu gabe, bat egin dezagun esker onezko otoitz miresgarri honetan. 

GURE AITA

Jesu Kristok erakutsia gogoan, eta Espirituaz beterik, eska diezaiogun Aitari...

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1) Israel herrian, aspalditik, bertako jakintsuek Jaunaren eginari eta emanari igerri zioten: Jakinduria omen zuen Jaunak bere aldamenean, horrenbestekoak sortzeko eta egiteko. Pertsonatzat jo zuten jakinduria. Guk, iada, Jakinduria hori Jesukristoren iruditzat hartzen dugu. Begira nola aurkezten digun Testamentu Zaharreko liburuak.

2) Itun Zaharrean iruditan eman zitzaiguna, begira zeinen dotore aldarrikatzen digun Paulok. Hara hemen salbazioaren kantika.

 

 

 

 

JAINKO-HERRIAREN OTOITZA

Senideok: Espirituak eraginda eta Jesu Kristorekin bat eginik, aurkez diezaiogun Jainko Aitari gure otoitz ustetsua. 

 

Eliza babes-leku eta kontsolamendu izan dadin gure munduko zokoratu guztientzat. 

 

Gerran eta bizi-ezinean larri dabiltzan herri eta pertsonek benetako duintasunaren bideak aurki ditzaten.

 

Kristau erasotuek Jainkoaren indarra senti dezaten eta Berri OInaren lanari eutsi diezaioten.

 

Kontenplazio-biziera bizi duten monja eta monjeek, beren otoitz-ariketaz, Elizaren biziera zaila bultza dezaten, etsi gabe. 

 

Jainkoaren errukia ezagutzeko poza izan dugunok geue inguruan zabal dezagun Jainko onaren aukera paregabea. 

 

Aita onginahiez betea, zure maitasunez zeure Semea eman zeniguna, jaso gure eskariak eta Espiritu Santuak zure poza sentieraz diezagula. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. 

 

 

 

HOMILIA

Pazko-festak buruturik eta Urtean zeharreko igandeen martxa hastean, Hirutasun guztiz Santuaren festaburua ematen digu Elizak. Eta pozarren ari gara festaburu hau ospatzen hemen elkarturik. Esan dezakegu, Pazko-jaiak ospatzean, Jesu Kristoren misterio osoa ospatua gelditu zaigula: mundura etorri zitzaigun, Salbatzaile agertuz; Aitaren maitasuna erakutsi zigun, hitzez eta batez ere bere burua gure alde emanez. Eta Aitaren maitasunaren garaipena ikusi eta gozatu dugu Piztuera eta Aitaren eskuinaldera igotzea ospatu dugunean. Aitaren maitasunaren agerpena izan da Jesusen misterioa.

Gaurko festaburuak, berriz, badirudi Jesu Kristorengan agertu zaigun maitasunezko gertaera hori bere osoan bildu eta eskaini nahi digula. Jesu Kristoren mundura etortzean, heriotze eta Piztueran ezagutu dugun Jainkoa nolakoa izan da? Zer Jainko-mota sinesten dugu guk? Nolakoa da gure biziaren iturburu eta helburu aitortzen dugun Jainkoa? Zer Jainko eman digu Jesusek ezagutzera? Eta, esaldi batean bildu behar bagenu, hauxe esango genuke: Jainkoaren edertasuna ospatzen dugula gaur. Eder eta maitagarri agertu zaigun Jainkoaren festa dugula gaurkoa.

Nor da Jainko Aita? Dena eder eta dena gure onerako egin duen Jainkoa! Lehenengo irakurgaia ez dugu berriz irakurriko, baina Jainkoak dena bere menpean hartu du. Eta Jainko horrek «gizakiekin zituen bere atseginak». Jainko Aita guregana etorri da Jesusengan. Gertuko egin zaigu. Hobeto esanda: Aita egin zaigu. Jainkoak gaitza eta heriotza desegin ditu Jesusengan, guri salbaziozko mundu berria eskaini nahiz.  Jainko Aitak, Jesusen bidez, berekin baketu gaitu. Eta betiko biziaren itxaropen zoriontsua eman digu.

Nor da Jainko Semea? Aitak bidalia, guregana etorri eta Aitaren maitasunaren neurririk eza erakutsi diguna. Gure gaitza beregan hartu eta gure ordez heriotzaren ur kaltegarriak hondoraino edan dituena. Beregan Aitaren eskuinaldeko salbaziozko aintzatara jaso gaituena. Jainkoa Aita dugula erakutsiz bere anai-arreba egin gaituen Jainko Seme gertukoa. Munduaren azkeneraino gurekin, Elizarekin biziko dela agindu ziguna. Jesus Jainkoa, Elizaren maitea!

Nor da Jainko Espiritua? Jesusek azaldu digun Aitaren maitasunaren edertasuna atergabe gure bihotzetan aletzen duen indar biziemalea. Egunero eta unero, Jainkoaren erreinuko arnasa berrira altxatzen eta esnatzen gaituen barneko argia. Eliza, mundu behetik Erreinuko gainera jasotzen duen ahalmen erakargarria. Elizaren goi-biziera eragiten duen Jainkozko indarra. Espiritua, Elizaren bihotza, gure fedearen eragilea, gure maitasunaren sua.

Eta Jainko Aita, Jainko Semea eta Jainko Espiritua horrelakoak izanik, zer edo nor gara gu, Jainko horrengan sinesten dugunok? Zer-nolako duintasuna eta goitasuna eman zaigu guri, Jainko hori ezagutzera eman zaigunean? Salmo-kantarekin galde genezake guk ere: «Zer da gizakia, Zu hartaz oroi zaitezen? Edo-ta giza-semea, Zu hartaz axola zaitezen?». «Ospez eta aintzaz koroatu duzu. Zure esku-lan guztien buru ipini duzu, guztia oinperatu diozu». Hauxe dugu gure edertasun, hauxe gure nagusitasun! 

Honetatik galdera larri bat behintzat sortzen da. Zer gertatzen zaio gaurko gizon-emakumeari Jainkoa baztertzeko, Jainkoa zapuzteko? Edo, onenean, beste hau galdetu beharko genuke: zer-nolako Jainkoa azaldu dugu fededunok, gaurko gizakiak Jainko hori arbuiagarri ikus dezan? Galdera larria! Zenbaitek Jainkoarengan gizon-emakumeon etsaia sumatzen du. Zenbaitek Jainkoagan sinesteari ez dio inolako etekinik ikusten. Zenbaitentzat igoal-igoal bizitzen da sinetsi edo ez sinetsi. Eta horretatik galdetzen dugu: ez al dugu askotan Jainko gogorra, epailea, azaldu? Ez al dugu askotan Jainkoa, lege eta betebehar huts bihurtu? Ez al dugu askotan Jainkoa, gizon-emakumeon askatzaile azaldu ordez, gizon-emakumea lotzen duen soka lodi bezala azaldu? Hortxe legoke, beharbada, gakoa!

Gaur, halere, aitorpen pozgarria egin nahi dugu fededunok: sinesten dugu Jainkoagan! Sinesten dugu haren maitasunean! Maite dugu Jainkoa! Sinesten dugu gure gizatasunari zabalera eta buelo berria ematen diola Jesusen Jainkoak! Maite dugu, nonahi eta noiznahi gaitzaren eta heriotzaren tristuratik askatu eta askatzen gaituen Jainkoa! Ez gaude Jainko hau merke-merke saltzeko! Maitatu gaituen Jainkoa maite dugu. Baina, aitorpen hau egitearekin ez litzateke nahikoa izango: eguneroko bizieraz erakutsi beharko dugu Jainkoagan sinesten dugula eta hura maite dugula. Libreak izanez, lagun hurkoak libre eginez, pobre azalduz eta pobreak askatuz, baldintza gabeko zerbitzu pozgarriaz, gizarte zuzenago baten oinarriak bilatuz, gure gizarteko ahulenen alde jokatuz... erakutsiko dugu Jainko askatzailea dela guk sinesten eta maite dugun Jainkoa. 

Ederra da gure Jainkoa! Ederra da Jesusengan, merezi gabe, ezagutzera eman zaigun Jainkoa! Esan dezakegu, onenaren eskuetan bizi garela! Eta, hori horrela izanik, sinesmen hori eta maitasun hori sakontzen, gaurkotzen eta ederragotzen, inolaz ahal dugun saiorik saiatuena egin behar dugu! 

Goazen Eukaristia ospatzera. Hauxe da, Jainkoa ezagutzeko biderik egokienetakoa! Jesus  jateko eman digun Jainkoarekin topo egin dezagun ospaketa festatsu eta fedezko honetan. Eta, aurrena, Jainko honengan sinesten dugula aitor dezagun «Sinesten dut» kantatuz!

FaLang translation system by Faboba