liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Jesu Kristo gure Jaun eta gure askatzailearen grazia, bakea eta maitasuna, zuekin!

 

Aspaldi, ia bi mila urte edo, jendearen kontzientzia asaldatzen zuen gizon bat agertu zen Palestinan, bihotza eta bizitza berritzeko deia egiten zuen gizon bat. Joan zuen izena eta Jordan ibaian bataiatzen zuen: Joan Bataiatzailea.

Gaur, bi mila urte geroago, oraindik ere dei bera entzuten dugu: Jaunaren bidea prestatu behar dugula. Guk, Joanen dei hori entzun nahi dugu. Gure bizitzak berritu eta mundua aldatu beharra daukagu, Jauna badator eta!

 

Isilean jar gaitezen Jaunaren aurrean. Zeruak urratu eta jaitsiko balitz. Eska diezazkiogun bere grazia, maitasuna eta barkazioa.

 

Jesus Jauna, munduaren argia, ilunpetan bizi direnak argitzen dituzuna. Erruki, Jauna.

Jesus Jauna, gizon-emakumeen gidaria, zure herria egi eta zuzentasun-bidetik gidatzen duzuna. Kristo, erruki.

Jesus Jauna, bizi-iturria, gure ahultasunaren zauriak sendatzen dizkiguzuna. Erruki, Jauna.

 

Haizeak bezala garamatzate gure erruek, Jauna. Baina Zu zara gure Aita. Gu buztina eta Zu eltzegilea. Zatoz, Jauna, erruki zaitez gutaz, barkatu gure bekatuak eta eraman gaitzazu betiko bizitzara.

 

 

PREFAZIOA 

Profetek eta Joan Bataiatzaileak adierazi zutena, tarteko egiten zaigu orain sakramentuan. Esker onezko ongi etorria egingo diogu, beraren etorrera onginahizko dohain bikaina baita.

 

 

GURE AITA

Jesu Kristok irakatsiari jarraituz, eska diezaiogun Aitari etor dadila guregana beraren erreinua.

 

 

HONA HEMEN

Hauxe da Jainkoaren Mesias, herriak askatzera datorrena. Zorionekoak beraren erreinuko mahaira gonbidatuok.

 

 

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1 - «Hona hemen zuen Jaungoikoa» esango zaigu. Jauna badator, baina bideak urratu behar dizkiogu.

 

2 - Itxaropenaren eskuetan bizi gara, ez amaitzera doazen grinen eskuetan. 

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

 

Itxaropenez beterik, eska dezagun Jaunaren etorrera geuretzat eta munduko gizon-emakume guztientzat. 

 

ZATOZ, JESUS JAUNA!

 

 Eliza atergabe berrituz bizi dadin. Dei egiogun Jaunari.

 

 Aita Santu, Gotzain, apaiz eta diakonoek, poza eta konfiantza sor ditzaten kristau-herriaren bihotzean. Dei egiogun Jaunari.

 

 Justizian eta maitasunean oinarritutako bakea eraiki dezagun ahaleginez eta etsi gabe. Dei egiogun Jaunari.

 

 Pobreek eta sufritzen dutenek, gurev gaixoek, bizitzeko poza eta esperantza berreskura ditzaten. Dei egiogun Jaunari.

 

 Eukaristia hau ospatzen dugunok, Jainkoaren erreinuaren etorrera behartsuei lagunduz presta dezagun. Dei egiogun Jaunari.

 

Zatoz, bai, Jesus Jauna. Zatoz eta entzun gure eskariak. Jainko eta Errege bizi baitzara gizaldi eta gizaldietan.

 

 

 

 

 

 

HOMILIA

«Poztu, poztu ezazue nire herria». Abendua hitz gozoa da, orohar, Jaunaren etorreraren mezua baitakar. «Kontsolamenduaren» ukitu gozoa sumatzen dio Abenduari fededunak. Bihotzera jalkitzen zaion hitz isila da, gure sinestu-ezinaren mendi gainetan jotzen den garrasia den bezalaxe. Jauna badator. «Hona hemen zuen Jaungoikoa!».

 

Kontsolagarria izan zen zinez Isaias profetaren ahotik entzun dugun deia. Israel herria sakabanatuta zegoen, atzerriratuta. Baina, Jaunaren askatasun-eskaintzak bide berria urratuko zion basamortuan. Eta hainbeste urtetan bere herritik kanpo usteldu zen herri hark, bere barnean itxaropena esnatzen sentitu zuen berriro ere, askatasunaren berri onari esker. Jaunaren pazientziak, herriaren zorra kittatzen du eta ondorioz zegokion lotura eteten du. Jainkoak bere herria kontsolatzen du.

 

Baina Israel herriak bere askatasun-helmugara bidean basamortua igaro beharko du, desertua. Hainbestetan bezala, basamortuan biziko du Jainkoarekin topo egitearen esperientzia. Han biziko dute Jainkoak  eta herriak itun-topaketa leihatsu eta latza. Basamortuan Israel herriaren bihotzak sakonera jo beharko du. Eta maitasuna zer den gordin-gordin ikasiko du. Basamortuan iritxiko da heldutasunera. Bakardadearen eskolan, Jainkoak bihotzera esaten dion hitz maitalea entzungo du Israel umeak. Han, esperientzia hezitzaile horretan, Jainkoaren presentziari bidea urratuko dio. Bere bekatuaren malkarrak berdinduko ditu, etsipenaren zuloak esperantzaz beteko ditu. Eta Jauna tarteko azalduko zaio. Eta horixe izango du askatasunaren berri on pozgarria.

 

Basamortuko bizitzaldi honek nolakoa izan behar duen, Joan bataiatzailearengan agertzen zaigu: pobre, latz, erosotasunik gabe, bihotz-berritu beharraren irudi bilutsa benetan! Adierazten duen bihotz-berritzeari dagokion biziera neurritsua bizi du. Basamortuko pobretasunean nabarmen entzuten den deia da. 

 

Guk ere, askatasunezko zerumuga argitsua nabari dugu bizitzaren abendu luzean. Guk ere erbestealdi luzea bizi dugu. Gure bihotza ez dugu bere onean. Sakabanatuak, etsita, urte luzeegiz zoriona aurkitu ezinik, gauzetara isuriak, balio nagusiak begi bistatik galduta, bizitzari barne-koherentzia tajuzkoa falta zaiola, sofrimenduari aurre egiteko adorerik gabe, norabide pizgarririk gabe... Hainbeste eratara eta hainbeste alderditatik zehaztu daiteke gure erbesteko egoera! Eta ez ote da inolako askatasunik? Betirakoa ote da egoera hau? Ez ote da guretzat berri onik?

 

Izango ez da ba! «Urra ezazue basamortuan bidea Jaunarentzat». Badator! Gure «morroi-aldiak» jo du bere azkena. «Indarrez jantzita dator». Gure egoera hau «ezereztu beharrekoa» da, esan digu San Pedrok ere. Baina noiz dator? «Ez dakigu egunik, ez ordurik» esaten zitzaigun joan zen igandean. Halaxe esaten zaigu gaur ere, lapurra etorri ohi den ordu ezezagunean etorriko da. Zer egin behar dugu orduan?

 

Basamortuko esperientzia berritzailea bizi. Jaunarekiko topaketa bideratu. Gure ezinaren basamortuan Jaunaren etorrerari bidea erraztu. Edo San Pedrok esan duen bezala, «Jaunaren egunaren etorrera aurrerarazi». Horrek, noski, baditu bere baldintzak, Joan bataitzailea testigu. Gure gezurrezko gain-jantziak kendu beharra daukagu. Pobre bihurtu behar dugu; ez dirutan bakarrik, pobre bihotzean, bizitzan, bizitzeko moldeetan. Geure barruko hutsunea estali nahirik asmatu ditugun «beharrak eta premiak» bilustu beharra daukagu. Bihotz-berritzeko borondatea eskatzen zaigu. Gure bekatua aitortzeko lain egi zaletasun nahi litzateke. Itxaropen eginkorra, saiatua, eskatzen zaigu, egonean egon ordez, bidea prestatzen dakienaren esperantza eginzalea.

 

Horrek guztiak oso zehaztasun garbiak ditu bakoitzaren bizieran. Gure erbesteak zer izen du? Gure basamortuko malkarrek eta zuloek zer izen dute? Hori zehaztera iristen ez bagara, ez daukagu Abenduko espiriturik. Zuzengabekeria, atseginkeria, axolagabekeria, zapalketa, agintekeria, pobreekiko ardurarik eza, tristura, norabiderik eza, gezurra, azalkeria, errazkeria edo erosokeria... Nola du gure erbesteak izena? Geure egoerari izena eman nahi ez badiogu, ez dugu aldatzeko borondate gehiegirik erakutsiko. Baina, bestaldetik, gure bizitzaren egoerari erdi-erditik heltzen badiogu, Jaunarekin topo egitearen esperientzia berritzailea bizi dezakegu. Eta horretarakoxe da Abendua. Jainkoarekin topo egiten baduzu, haren etorrera, bien arteko topaketa, askatasun betezko topaketa gertatuko da. Egun  berria gertatuko zaizu! Eguberri, Egun berria, izango da!

 

Goazen Eukaristia ospatzera. Basamortuko topaketa ederra bizi dezagun datorkigun Jaunarekin.

 
FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.