Massimo FusarelliFrantziskotarren Erregela onartu zeneko VIII. mendeurrena dela eta, Joxe Mari Arregik Arantzazuko probintzialak Massimo Fusarelli —Frantziskotarren Ministro Generala— eta Cesare Vaiani —Italia, Albania, Espainia eta Portugaleko konferentzietarako Definidore Generala— Arantzazura gonbidatu zituen.

Azaroaren 24ean probintziako 66 anai bildu ziren (probintziako 13 anaiditan 88 anai bizi dira, egun). Probintzian anaion adina, bataz beste, 78 urtetakoa da. Frantziskotarren karismarekin eta misioaren bat egiten duen jristu taldeko 7 lagun laiko ere etorri ziren Arantzazura Massimo eta Cesare entzutera eta eguna guztiok elkarrekin pasatzera.

Goizean Ministro Generalak hitzaldi bat eman zuen probintziak bizi dituen garai zail hauei aurre nola egin guztion artean hausnartzeko. Hamabietan berak eta Definidore Generalak koruan ospatu zen meza presiditu zuten. Asis Topagunean bazkaldu genuen guztiok eta arratsaldean Cesarek hartu zuen hitza ordenaren egoeraren berri emanez.

 Jarraian anai Massimo Fusarelliren hitzak ekarriko ditugu euskarara.

Bake eta On guztioi! Arantzazura natorren bigarren aldia da. Pozik nago Erromako beroa utzi dudalako eta tenperatura normalagoak aurkitu ditudalako hemen. Pozik, halaber, zuekin guztiekin topo egiteagatik. Eskerrik asko gonbidapenagatik, Joxemari. Hemen nago, Cesarerekin batera, bizitzen ari garen garaiei buruzko hausnarketa elkarrekin partekatzeko.

Garaien adierazgarri zeintzuk diren bereizten, diszernitzen, jakingo al dugu? Izan bedi hori gaurko leloa. Egunotan ospatzen ari den Sinodotik hasiko naiz. Denbora sinodala entzumenaren gaian zentratzen da, eta hori funtsezkoa da guretzat gaur egun. Hain zuzen ere, san Frantziskoren eguna aitzaki hartuta, Definitorio Generalak entzumena ardatz zuen gutun bat idatzi zuen. Metodologia sinodalak bi fase izan ditu. Lehen fasean eliza partikular guztien narratibak entzuteko fasea izan da. Bigarren fasea, diszernimenduaren fasea da. Gure historian eta errealitatean ondo kontatzea garrantzitsua da. Joxemarik probintziako kontakizun txiki bat egin digu. [....]

Ni ez nago hemen gauza berriak esateko. Hemen nago garai honetan Espirituaren presentzia elkarrekin entzuten laguntzeko.

Lehenengo fasea: entzutea

Lehen urratsa da. Erlijio-bizitza eta ordena etengabe aldatzen ari dira. Inork ez du bermatuta betirako irautea. Izaki mugatuak gara, ez gara Sortzailea. Hainbat aldiz gertatu da Elizaren historian, baina ez hain modu orokorrean. Joan Paulo II.ak 1994an aurreratu zuen: "Kontsakratutako bizimodu partikular batek ez du betiko iraupenaren ziurtasunik. Komunitate erlijioso bakoitza desager daiteke. Historikoki, batzuk existitzeari utzi diotela egiazta daiteke, eliza partikular batzuk desagertu diren bezala. [...] Dagoeneko bere garaira egokitzen ez diren edo bokaziorik ez duten institutuak ixtera edo beste batzuekin bat egitera behartuta egon daitezke" horiek, aita santuaren hitzak. Elizari bere osotasunean eman zaion munduaren amaierarainoko betiereko iraupen-bermea, ez zaie nahitaez agindu institutu erlijiosoei." Aita santuaren mezua argia da, onartzea besterik ez dago.

Gure adinagatik, sekularizazioagatik (gertakari erlijiosoaren aurka) eta post-sekularizazioagatik (gertakari erlijiosoarekiko axolagabe) mundu honetan kokatzea zaila egiten zaigula ikusten dugu, eta horrek gizarte honek sentitzen duen horrekiko haustura eragiten du. Europan hau guztia iragankorra dela esaten didaten anai-arrebak entzuten ditut. Nik ezetz esaten diet. Ez dakigu zer gertatuko den, baina seguru ez garela iraganeko garaietara itzuliko. Ez dago itzuli beharreko iraganik, eraiki beharreko etorkizuna besterik ez.

Akabera baino, unean uneko indarguneak bilatzen eta burutzen saiatzeko garaia da. Gure artean ondo zabalduta dagoen gogogabetasunari ez zaio amore eman behar. Nire bisitetan, motibaziorik gabeko anai-arrebekin topo egiten dut, deprimituta... badirudi munduaren erdigunean ez bagaude jada ez garela ezer. [...] Zentrorik gabeko gizarte batean, guk erdigunean egon nahi dugu, baina, zeren erdian?

Hau guztia onartu beharra dugu, Jaunak, Espirituaren bidez, egoera hau bizitzea eskatzen baitigu. Gure Eliza maitean kontserbadore tradizionalistak daude, horietako asko gazteak, 50-60 urte atzera egin nahi dutenak. Hori ezinezkoa da. Eta iragan mitologikoa erreproduzitzen ari dira. Iragana iragana da. Orainaldian kokatu behar gara.

Zuzenbide kanonikoan hezita dagoen Pier Luigi Nava aitaren hitzetan —Bizitza Kontsakratuko Institutuetarako Dicasterioko idazkariordea da bera—: "Denboraren poderioz erakunde batek apurka-apurka sentitzen du ez dela gai sortze-karisma delakotik eratorritako eliz itxaropena betetzeko. "—dramarik egin gabe, bera ere bere kongregaziori buruz dihardu eta— "Aldi berean, Elizan bere zeregina bete duela jabetzen da. Fede-esperientziaren horizontean, eta galeraren logika paulinoaren baitan, pixkanakako askatze prozesu eskuzabal batean ematen da betetasunaren pertzepzioa. Eta horrela, Jainkoaren dohainarekiko leialtasunaren Grazian berdeskubritzen dugu geure burua. Grazia hori aurretikakoa da eta bidelagun dugu, baita gure muga eta ezinetan ere".

Galtzean lortzen den betetasuna. Ez da Pazkoaren logika, pazko-logika baizik. Egia da, halaber, batzuetan bokazioren sua itzaltzen dela gugan. Zentzua galtzen da. Oso gauza serioa da. [...] Mundu bat desagertu da, eta ondoren datorrena, jaiotzen ari dena, argi ikusteko borrokatzen gara.
[...] Egoera horren aurrean, dolua egiten ikasi behar da. Horrekin ez dut esan nahi gainbehera pasiboki onartu behar dugunik. Gutako askorengan ideala iraganeko eredutan oinarritzen da. Errealitatea ordea, bestelakoa da, ez da ideia bat. Errealitateari aurre egin behar diogu. Denboren zeinuak, garaien adierazgarriak.

Espirituak historian zehar hitz egiten du. Jainkoak ez du zuzenean hitz egiten. Jainkoak historiaren bidez egiten du hitz, errealitatearen bidez. Gaur egun ere hitz egiten ari da, ozen. Entzuten badakigu? [...]

Bigarren fasea: diszernimendua

[...] Bibliako literaturan diszernimenduaren funtsezko bi ezaugarri aurki ditzakegu: diszernimendu profetikoa eta sapientziala edo jakituriazkoa.

Badakigu mundu biblikoan profetak etorkizuna iragarri baino oraina arakatzen duela badakigu. Izan ere, oraina da etorkizunerako benetako leiho bakarra. Geure burua konbentzitu behar dugu bizi dugun orainaldi hau etorkizunaren leiho dela. Ez da erraza. Orainak lur jota uzten bagaitu ere, etorkizunerako leiho da. Horretarako Jainkoaren begietatik begiratu behar dugu oraina, ikuspegi horrek markatzen baitu benetako desberdintasuna. Profeta elkarbanatutako fedearen kontzientzia kritikoa da. Profetak erregearen, apaizen eta herriaren —politikaren, erlijioaren eta gizartearen— erresumina jasotzen dute bizkar gainean. Horrek profeta biktima predestinatuaren posizioan jartzen du. Jeremias da honen guztiaren adibide.

Ez da erraza. Diszernimendu profetikoak errealitatea eta Jainkoaren errebelazioa aurrez aurre jartzen ditu, lehena bigarrenaren arabera neurtuz, eta horrenbestez, errealitatea bera edozein murrizketa politiko, erlijioso edo sozial baino handiagoa den gertakari bati lotuz. Halako profeziak behar ditugu. Jainkoak mundu honi zor dion maitasuna, mundu honetako pertsona konkretuei zor dien maitasuna, Haren presentzia... Diszernimendu profetikoak murriztu ezina den errealitate handiago hori, errebelazioa, ikusten laguntzen digu. Horrek, ordea, konbertsiorako prestutasuna eskatzen du.

Kontua ez da ukiezintzat jotzen denari eustea. Batzuetan anaiek gure karismaren ukiezintasunaz hitz egitea eskatzen didate. Ez dago horrelakorik. Espiritua lanean ari da, beti. Gure karismaren esentzia berritasunak bakarrik duen arintasunarekin adierazteko askatasuna landu beharra daukagu. Gure muga eta ezinekin, Espirituari eta haren askatasunari heldu. Horrela bakarrik ernalduko da berritasuna gure artean.

San Frantziskok esango lukeen bezala, Espirituaren eragiketa santuarengan sinisten eta hura hautematen duenean, orduan da errealista kristaua. Izan ere, san Frantziskok Erregelan misioaz hitz egiten du, baina Espirituaren eragiketak gure baitan duen eragina jartzen du erdigunean. Zer da hori? Presentzia hori entzutea gugan, anaiengan, munduan. Espiritua beti dabil, etengabe.

Bibliaren munduan bada beste diszernimendu mota bat: jakituriazko diszernimendua. Israelek lehen diaspora bizi izan zuen, gero tenpluaren suntsipena eta gero, garai helenistikoan, benetako lehen globalizazio kulturala. Garai helenistikoaren kultur gune ireki eta erraldoi horretan, tradizio biblikoak jakituriaren begiradarekin egiten du topo. Bertan, jada ez dira entzuten exodoaren oihartzunak (aliantza, legea, sakrifizioa... zuzenbide kanonikoa, teologia ortodoxoa, gure nortasuna markatzea...), orain giza egoera arruntaren mailan kokatzen da. Hori da jakinduria. Izan ere, juduak greziarren eta jentilen artean bizi izan ziren, eta aliantzari leial izatea zen haien erronka nagusia. Hori da galdera sapientziala, maitasunaren, minaren, heriotzaren, tragediaren eta, oro har, errealaren esperientziaren enigmaren aurrean eta pobrezia areagotzen duen kultura baten, injustiziaren, gerraren eta polarizazio politiko eta sozial hain indartsuen kultura baten erdian nola eutsi aliantzari? Nola eutsi aliantzari modu sortzailean, hemen eta orain?

Diszernimendu profetikoak errebelazioaren, legearen, aliantzaren, Jainkoaren agerkundearen izenean jarduten du... Jakituriazko diszernimenduak historian posible den hori konfiguratzen du, pazientziaz beteta. Jakituriaren ahotsak galdera honi erantzuten dio: Jainkoari buruz ezerk hitz egiten ez duenean, sinets al dezaket hemen eta orain?

San Frantziskoren garaian dena zen Jainkoaren ahots, gaur egun ez.

Bibliako diszernimendu profetikoaren eta sapientzialaren ezaugarri horiek osagarriak dira, jakina. Jakituriazko jarrerarik gabeko diszernimendu profetikoak fundamentalismoaren arriskua du. Asmo profetikorik ez duen jakituriazko diszernimenduak ordea, errealitatera modu pasiboan egokitzeko arriskua du. Jakinduriarik gabeko profeziak intransigentziaren arriskua du; profeziarik gabeko jakinduriak, indiferentismoarena.

Bizi garen garai honetan, funtsezkoa da jakituriaren ufada berraurkitzea. Batzuetan axolagabekeriaz jokatzeak profezia bizitzarako inspirazio-iturri ez izatea ekarri du. Oinarrizko nukleo karismatikoei gogor heldu diegu: anaiarteko bizitza, otoitzari emandako bizitza, pobreekiko konpromisoa. Baina nola bizi hori egunerokotasunean? Azterketa hori egitea falta izan zaigu, errealitatea irakurri ahal izateko. Lotura hori falta izan da, printzipio handiak geratu dira, baina nola bizi horiek gaur egun, gure errealitate zehatz honetan? Galdera honi adi ez bagaude, izatera deituak garen horren profezia ezerezean gera daiteke.

Jesusek Erreinuaren berritasuna profeten doinuarekin iragartzen du. Jakinduriaz betetako profeta handia da Jesus. Jainkoari buruz hitz egiten digunean parez pare ari zaigu hitz egiten gizakitik gizakira. Baina aldi berean, Jaungoikoaren absolutua aurkezten digu, bizitzaren egunerokotasunaren konkretuan erakusten digu Jainkoaren betetasuna. Hor, bizitzaren muga eta ezin konkretuetan iragartzen eta aurkezten da Jainkoaren absolutua. Bizi ditugun garai zail hauetan, Jaungoikoaren betetasuna eta Haren presentzia deskubritzea fedearen elikagaia da.
Frantziskoren Erregelak transmititzen digun ebanjelioaren profeziaren etengabeko berritasuna behar dugu, eta aldi berean, baita eguneroko bizitzako egoerarik konkretuenetan ebanjelioa bizitzeko jakituria ere. Erregelan Frantziskok absolutua aurkezten du: "Anaia txikien Erregela eta bizimodua hauxe da: Jesu Kristo gure Jaunaren Ebanjelio santua betetzea, obedientzian, berenik gabe eta kastitatean biziz". Hau baino absolutuagoa zer dago? 800 urte dituen Erregelak 800 urtetan ebanjelioa adierazi baino ez du egin.

Frantziskok (eta Klarak modu erradikalagoan) absolutu hori aurkezten du. Gero gehitzen du zapatarik ez eramatearen kontua, baina esaten du ere eguraldia dela eta, hotza, beroa... ez dala beharrezkoa. Lehenik absolutua eta gero baina horiek... Horrek, egokitzapena ez ezik, Jainkoaren absolutua, ebanjelioarena, eguneroko bizitzan bizitzea esan nahi du. Hori da gure Erregelaren harmonia eta oreka. Honek, gure baitan, borroka ideologiko eta ez ebanjeliko ugariez gain, gatazkak eta liskarrak ekarri ditu gure artean, ez baita erraza Jainkoaren absolutua egunerokotasunean bizitzea. Zer esan nahi du frantziskotarren bizitza errotik bizitzeak? galdetzen genion nobiziotzan gure maestroari. 70 urteko agure gozo hark zera erantzuten zigun: zuek guztiok bihar goizeko seietan koruan puntual eta esna egotea esan nahi du. Has gaitezen erradikaltasuna konkretutasunetik eta egunerokotasunetik bizitzen. Landu dezagun egunerokotasuna.

Nola mantendu bizirik profeziaren sua, ebanjelioaren absolutua, daukagun murrizketa-errealitatean eta gure bizimoduak gaur egungo kulturetan duen zentzu-galeraren erdian? Ez dut erantzunik. Elkarrekin bilatu behar dugu.

Bukatzeko

Hitz eman genuen hori eta gure bizitzari zentzua eta zapore eman zion hori elkarrekin bizitzen jarraitzeaz ez nekatzea. Jarrai dezagun gure bokazioa bizitzen. Azkenak izan arren, eta hori posible da, merezi du. Bizitzaren bizipena egitura fisiko eta mentalen biziraupena baino garrantzitsuagoa dela uste al dut?

Gutxienez lehentasun bat edo bi identifikatzea proposatzen dizuet. Lehentasun horietan profeziak (Jainkoaren eta Ebanjelioaren absolutua) eta jakituriak bat egin behar dute. Ezin dugu dena egin. Aukeratu egin behar dugu eta egiten dugun horri bizia eta argia eman. Aukera ditzagun lehentasun bat edo bi. Gutxi gara, txikiak, zaharrak... Guztia bizitzea ezinezkoa da. Nola enfokatu profezia eta jakituria integratzen dituen zerbaitetan?

Gainbeheraren eta norberaren heriotzaren garaia ausardiaz eta benetako jakituriaz bizitzea, Jainkoarekin harremanetan eta gaurko jendearekin harremanetan egoteko indarra aurkituz. Hori fede esperientzia modura bizi. Gure erakundearen eta bizitzaren amaieran bizitzen ari garen aldaketa hain erradikal hauetan Jaungoikoa oso gauza sakona esaten ari zaigula ohartzea.

Orain bila ditzagun guztion artean eta etorkizunerako leihoa irekita dugula, bizitzen ari garen orainerako jakituria- eta profezia-elementuak.

Massimo Fusarelli,
Frantziskotarren Ministro Generala

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.