A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Arreba eta anaiok, Jauna zuekin!
Abuztuko oporraldia amaiturik, berriro ere elkarrekin gara elkartekide guztiok. Ongi etorriak! Pozgarria da berriro ere denok elkarrekin garela jakitea. Izan ere, «bi edo hiru nire izenean elkartzen diren tokian han nago ni». Hauxe da Jesusen promesa. Eta garrantzizkoa ez da kide asko edo gutxi izatea, elkar ezagutzea edo ez ezagutzea. Inportantea da, Jauna gurekin egotea. Eta berak elkartzen gaitu igandero-igandero anai-arreba bezala.
Jesu Kristok berak deiturik etorri gara. Elkartea osatu eta jo dezagun usterik onenaz Jaunaren errukitara.
– Jesus Jauna, gizakiak maitasunez zaintzen dituzuna. Erruki, Jauna.
– Jesus Jauna, maitasun- eta barkazio-iturri zarena. Kristo, erruki.
– Jesus Jauna, elkarren senide bezala elkartzen gaituzuna. Erruki, Jauna.
PREFAZIOA
Mezaren gailurrera heldu gara. Jesusekin batera eskerrak eman behar dizkiogu zeruko Aitari. Eta Aitak, dohainik preziatuena, bere Semea emango digu. Semea jasoko dugu dohain eta bizi-iturri.
GURE AITA
Jesusek utzi zigun otoitza eta Jesusek gurekin esaten duena, horixe dugu elkarteko otoitz une honetan. Kanta (esan) dezagun denok batera.
B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1 - Jainkoaren hitza entzutera jarri, eta Jainkoak profetari egiten dion deia entzun behar dugu. Senidearen erantzukizuna eman zion profetari, guri ematen digun bezalaxe.
2 - Aurreko igandekoaren harian, San Paulok, hartu dugun salbazioaren eskakizunak aurkezten dizkigu. Zeintzuk dira eskakizun horiek? Entzun dezagun!
HERRI-OTOITZA
Jesusek esan digu: «Bi edo hiru nire izenean elkartzen badira, eskatu ahala emango die zeruko nire Aitak». Horregatik, uste onez, maitasunez, egigun otoitz eliz elkartearen eta gizartearen alde.
• Eliza osoaren alde:
elkarte-bizitza eta -sena indartu eta bideratu ditzan, gauzak denen partehartzeaz eginez.
• Fededun guztien alde:
elkarri laguntzen eta bata besteaz arduratzen ikas dezaten, fede bera bizi dutenez.
• Pobreen alde:
gure ekonomi garapenak ez ditzan pobreenak ahaztu.
• Sufritzen duten guztien alde, gure gaixoen alde:
gure elkartasuna eta Arantzazuko Amaren babesa ez dakizkien falta beren sufrimenduan.
• Geure alde:
Jainko Aita maita dezagun eta otoitz-ariketa sakondu, gure bizitza adorez eta maitasunez betetzeko.
Bakearen eta maitasunaren Aita ona, emaguzu beharretik eskatu dizuguna. Arantzazuko Amaren otoitzez eta Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
HOMILIA
Senideok, oporraldiaren bueltan, begira zerekin egiten dugun topo. Jainkoaren hitzak elkarte-bizitzaren aurrez aurre jarri gaitu. Atsedenaldia hartu eta berriro geure elkartearekin topo egitean, honetaz ohartu behar dugu: elkartea ez dela jolasa, oso dela serioa elkarte-bizitza!
Seguru asko, elkarte-sena nahiko makaldua daukagula esanez abiatu beharko genuke. Bakoitzak bere gauzak ondo burutu behar zituela esan zitzaigun gehiago, elkarteaz arduratu behar genuela baino. Eta ondorioa, bakarkeria da. Eta, horretatik, igandearen egitekoa bera, Meza entzutea zela ikasi genuen, bakoitzak legearena ondo betetzea. Eta hori deskuido handiegia da, noski. Igandea, beste ezer baino lehen, batzar eguna da. Bai, elkartearen eguna. Senideekin topo egiteko eguna. Eta, denok bat eginik, Jaunaren egintza harrigarriak kantatu eta ospatzeko eguna.
Senideekin, esan dut. Bai, beste fededunak senideak ditugu. Hurbilekoak. Gure sinesmen berbera bizi dutenak. Eta, jakina, horrek esan nahi du, batak bestearen fedea zaindu behar dugula. Anaia edo arreba maitasunez zaindu behar dugula. Askotan esaten dugu denok: «Niri utzi diezadatela bakean, bakoitzak berea egin dezala». Nola utzi batek bere senidea, senidea ez balu bezala? Maitasunez elkar zaintzeko gaude bilduta. Senideen arazoak eta ezinak hurbiletik ezagutzeko gaude batzarrean. Ingurukoen beharrak ezagutzeko gara elkarte. Askotan galdetzen dut nik: Igandeko eginkizun nagusia meza entzutea baldin bada, mezak igoaltsu balio du edozein egunetan! Baina ez, meza entzuteko baino gehiago, igandea elkartzeko eguna da. Eta Jesus berpiztu zen egun berean, senideek elkarrengana biltzeko eguna dute!
Horretatik ederki ulertzen da Jesusek gaurko ebanjelio zatian esan diguna: anai-arreben bekatua zaindu egin behar dugu. Bekatua ere presente baitago elkartean. Eta guri dagokigu senideen barne-bizitza zaintzea. Ezin gaitezke lasai bizi, besteak nola dabiltzan jakin gabe. Ez da, noski, ingurukoek zer egiten duten zelatan eta bijilantzitan ibiltzea. Hori laguntzea baino gehiago, eragoztea da. Arduratzea. Senideen bizipozaz kezkatzea. Haien arazoak ezagutzea. Ez al zaizu tristea iruditzen, fede bera bizi dugunok igandean elkartu, eta elkarri zer gertatzen zaigun ez esatea, zer zailtasun dauzkagun ez komunikatzea, eta eliz elkartetik sartu bezala ateratzea? Bai, tristea da! Hori elkarrekin egon arren, bakarrik bizitzea da! Eta elkartean, hain justu, bakarrik ez bizitzeko gaude! Zerbait komunikagarria daukagulako gaude! Ingurukoen interesa daukagulako gaude!
Eta Jesusek esan duen bestea, ederra da, serioa bezainbat! «Bi edo hiru niren izenean biltzen badira...». Elkartearen kontu hau pentsa ezazu zein den serioa, elkarte-bizitza horren gorabeheran gertatzen da Jesusen presentzia. Elkar hartzea, bat egitea, hurbiltzea, elkarrekin ospatzea, elkartasuna bera arnastea... ezinbestekoak dira, Jesus gure artean dagoela jakiteko! Maitasunaren batasunak ekartzen du Jesus elkartera!
Jakina, honen guztiaren oinarritan, maitasuna dago. Ez odolezko harremanetatik sortzen den maitasuna, fede beretik sortzen dena baizik. San Paulok esan duena eskura datorkigu: «Ez eduki zorrik, elkar maite izatekoa besterik». Horra elkarte-bizitzaren oinarria. Eta maitasuna hurbiltasunez egiten da. Maitasuna arduraz egiten da. Maitasuna barkazioz egiten da. Maitasuna elkartasuna da, hitz batean.
Hemendik galdera asko sortzen da. Izan ere, gure elkarteak ez baititugu era honetan antolatuak ikusten. Igandean Mezetara joaten gara. Han egin beharrekoak egin eta esan beharrekoak esaten ditugu. Meza entzun dugu. Hitzaldia entzun ere bai. Jaunartu dugu. Eta berriro etxera. Baina... konturatu al zara, halako ez zegoela ondo? Konturatu al zara, beste hura fedean zailtasun handiak dituela dabilela aspalditxoan? Ez al zara konturatu beste hark zurekin hitz egin nahi zuela? Ez duzu ikusi han bazterrean zegoen zahar hark zure animo-hitza behar zuela? Edo etxeko bat gaixo daukan hark, gaixoa zer moduz dihoan galdetzea nahi zuela? Edo, gauzak gaizki atera zaizkiolako, beste hura etsipen punttu batek ikutua zegoela ez zara jabetu? Baina, baina...
Amets egitea libre eta debalde da. Eta ametsetan jarrita, gure elkarteak behar bezalakoak izango balira! Batak bestearen interesa biziko bagenu! Bata besteaz kezkatuko bagina! Elkar zainduko bagenu! Elkarren senide izango bagina! Eta igandeetako une nagusia, anai-arrebekin bat egitea dela pentsatuko bagenu! Asteguneko bakardadetik etorri eta senideekin elkartu! Haiekin batera, fedearen edertasuna ospatu. Fedearen aitorpena egin batak besteari! Elkarrekin kantatu. Elkarri arnasa eman! Elkar, elkarri, elkartu, elkarrekin... horra elkartea! Badaukagu zer egina! Legekeriaren arrastotik atera eta elkartasunaren arrastora etorri behar dugu. Apaizongandik hasi eta bada hemen zer berritua! Igandearen espiritua ikasi behar dugu!
Arantzazuko Amaren Bederatziurrenean ari gara bete-betean. Amaren festaburuaren hurbilean aurkitzen gara. Aurtengo Bederatziurrenean kristauen eta gizakien poz-beharrari begiratzen diogu. Senideak poztea dugu enkargu!
Eukaristia ospatzera goaz oraintxe bertan. Maria elkartekide dugula, denok fede berean bat eginez, horrelaxe ospatuko dugu Eukaristia. Eta jakizu: zuk ondo ospatu nahi baduzu, zure ondokoari lagun iezaiozu ondo ospatzen. Elkartearen legea da hori!a