A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Gure artean bere bizilekua jarri duen Jauna izan bedi zuekin.
Letrango Basilikaren sagaratzearen urtemuga ospatzen dugu gaur. Eta guk, igandero elizan elkartzen garenok eta Eliza izatearen poza bizi dugunok, dohain asko jaso dugu Jaunagandik Aita Santuaren egoitza den etxetik. Besterik ez balitz ere, igandero ospatzen dugun Eukaristia. Beraz, bidezkoa da, igandeko martxa arrunta alde batera utzi eta Eliza honetan Jaunak bizi duen presentzia santua ospatzea. Jauna gurekin dago, adiskideok.
Eta Jaunaren presentzia ospatu behar badugu, prestatu egin behar dugu. Elizan bere errukia agertzen digun Jaunari eska diezaiogun bihotz garbia.
- Jesus Jauna, gure artean Salbatzaile bizi zarena. Erruki, Jauna.
- Jesus Jauna, Elizan zure dohainez aberasten gaituzuna. Kristo, erruki.
- Jesus Jauna, Espirituan gorputz bat egiten gaituzuna. Erruki, Jauna.
Prefazioa
Jauna bizi da eta, berpizturik, gure artean bizi da. Eta presentzia hori ospatu eta eskertu behar dugu orain gogotik. Jauna gurekin dagoelako, senideok, Jauna zuekin...
Gure Aita
Eliza osatzen dugunok Aita bat bera dugu. Eta elkarren senide gara. Jaunartu aurretik, elkartasun hori aitortu eta eskatu egiten dugu, denok batera kantatuz...
Jaunartze
Hona Jainkoaren Bildotsa. Hona Jauna gure artean. Hona Jainkoa gurekin. Zoriontsuak Jaunaren mahai gozora deituok.
B) IRAKURGAIAK
1. Ezekiel profetak garai berriak iragartzen dizkio Jerusalemgo Tenpluari; bertatik bizi berriaren urak jarioko dira, dena garbitu eta berrituz.
2. San Paulok gogorarazten digu, Jesu Kristorengan eraikiak izan direnak, Jainkoaren tenplu direla munduan.
HERRI-OTOITZA
Senideok: Jaunaren etxean, eskatzen duenak hartzen du. Dagigun, beraz, otoitz usterik handienaz, Elizaren eta munduaren beharrak gogoan izanez.
• Eliza osoaren alde, Aita Santuaren alde:
herri guztien erdian Jaunaren salbamena zabal dezan, gizon-emakume guztientzat ateak zabalik edukiz.
• Munduko herri guztien alde eta, batez ere, gure herriaren alde:
Jaunaren presentziak herritarren harremanak goza ditzan, guztiak bihotz batean bilduz.
• Elizan Jaunaren dohainak jaso dituzten gaixo eta gainerako guztientzat:
Eliza beti bedeinkapen oparoa gerta dakien beren eraman-beharretan.
• Jaunaren hurbiltasuna sumatzen ez dutenen alde:
Eliztarren testigantzak fedearen edertasuna sumatzera eraman ditzan, salbazioaren edertasuna jasoz.
• Jaunaren toki santura bildu garenon alde:
Jaunak maite gaituela jakinik, salbamenaren aldarrikatzaile bihur gaitezen.
Begira, Jauna, zure salbazioa eskertzen dizun herri honi. Bedeinka ezazu zure hurbiltasunaz, beti zu goretsiz eta Eliza osatuz bizi dadin. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
HOMILIA
Letrango Basilikaren sagaratzeak bere urtemuga ospatzen du gaur. Eta entzun dugun Jainkoaren Hitzaren eskutik, Eliza honek gordetzen duen Jainkoaren egintza handi-zabala ari gara gozatzen eta ospatzen. Izan ere, eta hau esan behar dugu aurren-aurrena, Erroman aurkitzen den harrizko etxe eder hau, bihotzez eta fedez osaturiko historia baten iduria besterik ez baita. Fedeak harriz harri jaso zuen Eliza honek, pausoz pauso oreturiko misterio ederra gordetzen du: munduko kristau guztien fedearen misterio eta dohain paregabea.
Eliza gara, adiskideok, Eliza! Ez Elizaren antolakuntzan eta zerrendan gaudelako. Eliza gara, Jainkoak bere egintzaren pozetan elkartu gaituelako. Eliza izatearen oinarria Jainkoak eratu digun maitasunezko garbialdia da. Ura zetorren hibaika Jainkoaren bihotzeko tenplu santutik. Eta ur horrek harrapatu gaitu eta ur horretan bizi berri baten ernamuinak sortzen hasi gara, biziera berriaren poz-emaitzak. Maitasunaren hibai handiak bere ertzetan bizia sortu du, eta bizi horren poza bizi dugunok Elizarako deia jaso dugu. Bataioko ur berritzaileen seme-alaba gara. Oparotasunez berritu gaitu gure Jainkoak. Letrango eliza eder honetatik pozezko eta onberatasunezko hibai luze eta zabala dihoa munduko txoko guztietara.
Baina berritasun emankor hau ez da sortu berez. Bihotz garbituen historia dago barnean kokatuta. Jesu Kristoren Pazko-misterioak edertu du giza bihotza bere presentzia-leku bihurtzeko. Jerusalemgo Tenplua garbitu zuen bezala, Jesusek, bere Pazko misterioaz, gure bihotzak garbitu ditu, gure bihotzok Aitaren etxe izan daitezen. Jaunak bere bizitoki izateko aukeratu gaitu. Eta hori, aukera hori, Jesus Jainkoaren etxearekiko maiteminak jaten duelako. Ez al da gozoa eta pozgarria pentsatzea Jainkoaren maiteminaren eraikuntza garela Eliza osatzen dugunok? Jainkoak gu aukeratu gaituela bere maiteminaren helmuga bezala. Gehiegizkoa ere?!
Azkenean badakizu zer?! San Paulok esan diguna: «Zuek Jainkoaren etxe zarete». Jesu Kristoren salbazio-misterioa eman zaigu oinarri eta Espiritua bizi-lagun eta bizi-indar. Eta ez dago beste oinarririk. Jainkoaren etxea santua den bezala, santuak izatea dagokigu. Jainkoaren etxea gu baikara!
Benetan arrazoiz kantatu dugu oraintxe «Zure etxea zein gozoa, zeruetako Jaungoikoa». Ederki esana, lurreko elizek, Arantzazukoak ere bai, beste etxe baten ametsetan jartzen baikaituzte: Jainkoaren etxea, betiko bizilekua, dugu amets eta grina! «Nire barrua dago hiltzen Jainko-etxea irrikatzen». Ederra!
Hauxe dugu, bada, gaur festa! Zenbat edertasun gordetzen duen Eliza izatearen eta osatzearen misterioak. Gaur, Eliza antolakuntza eta organizazio huts bezala ikusiz, Elizaren barne-arnasa galtzeko arrisku handia dugu. Gaurko festaburu honek lagunduko ahal digu Elizaren, Eliza izatearen, barne-poza berriztatu eta sakontzen. Hiru sentimendu nagusi uste dut eskatzen zaizkigula gaur:
Lehenengoa, esker ona. Zuk zerorrek, gaixo edo nolanahiko entzule horrek, zenbat dohain eder jaso duzun Elizatik. Iganderoko Eukaristia hau bera! Ez ote da guztiz eskergarria Jainkoak bere Eliza sagaratuan egiten digun hainbat dohain: zenbat barkazio, zenbat poz, zenbat baketze... Zenbat bihotz atera den Eliza honetatik berriturik eta esperantza berri bat eskuan zuela... Zenbat!
Bigarren sentimendua, barkazioa eskatzea dela uste dut. Jainkoaren etxea gara, baina ez dugu elkar era horretan hartzen, Jainkoaren etxe bezala alegia. Zenbat gorroto, zenbat zapalketa, zenbat injustizia, zenbat gezur... Elizak bihotzak garbitzea eskatzen digu, eta daukagun dintasunaren maila ederrean elkar hartzea! Elkarren errespetura eramango gaituen bihotz garbia eskatu behar dugu gaur, batak bestea errespetatzea Jainkoa bera errespetatzea baita!
Eta, hirugarrenik, Jainkoaren etxearen alde otoitz egin behar dugu, Elizaren alde otoitz. Gure fedeak, euskal Elizak, Tenpluko harrien sendotasuna eta edertasuna izango balitu! Jainkoak poztu eta sakontasun berrian edertu dezala euskal eliztarron elkartea!
Eta goazen, besterik gabe, Eukaristia ospatzera. Horixe baita eliza honetan egiten den egintzarik ederrena eta Elizarentzat oinarrizkoena. Bil gaitezen Eliza bezala, eta egin diezaiogun Jaunari toki gure bihotzetan!