liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Familia bakar batean elkartzen gaituen Jesus Jauna zuekin!

 

Oraindik orain Jesusen jaiotza ospatu dugu pozik asko. Gaur, igandea, Nazareteko familiara luzatzen ditugu gure begiak, Eguberriko misterioaren barnean. Familia hartan jaio zen Jainkoaren Semea, han hazi zen, hantxe izan zen hezia, han ikasi zuen Jainkoa eta ingurukoak maitatzen.

 

Ez da une txarra gure familiak Jainkoaren aurrera ekartzeko.

 

Hasteko, hots egin dezagun pozez Jaunaren ospea. Belenen, Eguberri gauean Biziaren jaiotzea hots egin zuten aingeruek. Haien kantuarekin bat egin dezagun, Jainkoa gizon egin baitzaigu.

 

 

PREFAZIOA

Jainkoaren seme-alaben familia osoarekin bat eginda, eskerrak eman behar dizkiogu zeruko Aitari. Eskerrak, Jesu Kristok gure giza zoria beregain hartu duelako eta, horrela, jainkozko biziaren ateak ireki dizkigulako.

 

 

GURE AITA

Jesusek irakatsi zigun otoitzak ederki biltzen du gaur ospatzen duguna. Jesusen anai-arreba bezala eta Aita beraren seme-alaba bezala, esan dezagun gogotik.

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOA

Gn 15, 1-6; 104. salmoa; Hb 11, 8-12; Lk 2, 22-40 

 

Abraham dugu lehenengo bi irakurgeiatn protagonista. Konfiantza Jainkoarengan jartzen du Abarahamek, eta Jainkoak seme bat agintzen dio, Sara zaharra adin handikoa izanda ere. Eta fede horretatik sortuko da sinestedunen herria, Jesusen herria, guk osatzen dugun fededun-herria. Entzun ditzagun irakurgaiak.

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Familia bat bera osatzen duzu Elizan. Denok bat eginda, otoitz egin dezagun gure senideen beharren alde eta geure beharren alde. Kanta dezagun:

 

ENTZUN, JAUNA, GURE ESKARIAK.

 

•   Munduan sakabanatua bizi den giza familia osoaren alde: 

     elkarrizketaz eta elkarlaguntzaz batasuna sakondu dezan.

 

•   Euskal Herriaren alde:

    denon artean gizarte baketu eta anaikorra eraiki dezagun.

 

•   Eliz familiaren alde:

     bere barneko zatiketak gainditu ditzan, eta munduan maitasunaren testigantza eman.

 

•   Gure familia guztien alde; beharrean bizi direnen alde batik bat:

     elkartasuna sendotu eta maitasunezko solidaritatea bizi dezaten.

 

•  Geure alde: Eguberri jaiok lagun diezaguten Jainkoaren maitasunarekiko jarrera irekian bizitzen, gure bihotzetan hurkoei tokia eginez. 

 

Gure Jainko eta Aita, maitasunaren eta biziaren iturburua, entzun gure eskariak eta egin gaitzazu zure seme-alaba. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

HOMILIA

Eguberritan aurkitzen gara. Jainkoak bere maitasuna bete-betean eta samur-samur azaldu digun misterio eder eta gozoaren garai askatzailean. Ederra da dena. Pozgarria. Jainkoaren bihotz ona azaldu zaigu, eta Jainkoarekiko gure harremanak betetasun-maila ikusgarria jaso du. Eta, horrexegatik dario gure ospaketari eta gure fedeari tamaina honetako poza eta alaitasuna.

 

Eta Eguberri giroak alderdi asko eta aberatsak ditu, baldin eta aztertu nahi baditugu. Aztertu esan dut. Hobe nuen gozatu eta ospatu esan izan banu. Benetan misterio oparoegia da egun batean bere aberastasuna jasotzeko. Hori horrela izanik, Eguberri misterioaren alderdi horiek pixkanaka ahogozatzen eta ospatzen ditugu. Baina, hori bai, misterioa bat bera da. 

 

Gaur, esate baterako, Eguberriko misterioaren alderdi eder bezain oinarrizkoa ospatzen dugu. Familia santuaren jaiak, honako egia oinarrizko honen aurrean jartzen baikaitu: Jainkoa giza familiaren atal egin da, horrek berekin dituen ondorio guztiekin. Jainkoak ez dio ihes egin giza izateari. Eta giza izate hori bere-berean hartu du. Bere-berean eta bete-betean. Orain pozik asko esan dezakegu: Jainkoa senide egin zaigu, gure familiakide egin zaigu, tarteko, gertuko, odol bereko. Jainkoa esan dut, e?, ez nornahi!

 

Horren ondoan, bada beste egia bat azpimarratu beharrekoa. Giza familiako egin da, bere ondorio guztiekin. Gaurko Ebanjelio zatiak oso zaila dauka hori esan duen baino argiago esaten: Maria eta Jesus, beste edozein judu bezalaxe, legea betetzen ikusi ditugu. Gizatasuna serioago har ote daiteke? Edozein giza familiak izan ditzakeen gorabeherak eta ezinak bizi ditu. Jainkoak benetan hartu baitu giza zoria. Eguberri, Jainkoak esan digun giza hitza da. Maitasunezko hitza. Hurbiltasunezko hitza. Sufrimenduzko hitz maitatia. Jainkoak ez gaitu bakarrik utzi nahi izan gure ibilbide zail eta minduan. Horrek pozten al zaitu? 

 

Honen guztiaren oinarrian fedea dago. Abrahamen fede gihartsua. Fede arriskatzailea. Fede ustetsua. Giza uste burutsuenen ertzean bada ere, Jainkoari azken hitza uzten dion sinesmen sendoa. Jainkoak, gizaki egitean, sinesmen hori merezi izan du, inork ez bezala maitatu baikaitu; inork ez bezala sinesgarri erakutsi baitu bere inplikazioa. Jainkoak ez du alde batera utzi gizakion zoria. Erabat busti da gure zori erorian. 

 

Aski da Simeonen hitzak entzutea. Ez dira hitz gozo eta erosoak. Sufrimendua, «ezpata», agintzen duten hitzak dira. Eta gerora baieztuko ziren hitzak. 

 

Ikuspuntu honetatik begiratuta, azter dezakegu giza familiaz daukagun irudia eta eredua. Familiaz mintzo garenean, gehienetan familia eroso eta maila lasaikoa datorkigu burura, dena zorion, dena gozotasun. Baina errealitatea ez da horrela. Ume zapuztuez mintzo zaigu errealitatea, senide arteko gatazkez, gurasoen eztabaidez... Familiaren kristau-sena berreskuratu nahi izate aldera, ez genuke bigunkerian erori behar, gatazkatik babestuko gaituen habi beroaz baliatuz. Kontua da maitasunaren ariketa zail eta sakona egitea, gatazken bidez izanik ere, maitasuna ikusi eta ikastea.

 

Familiak maitasuna ulertzeko lehen esperientzia sakonak emango ote dizkie haurrei! Hartara, gerta daiteke, Ebanjelioak Jesusez esan duena: «Haurra hazten eta indartzen ari zen». Hori da kontua, familia hazbide bihurtzea. Gatazken erdian izanik ere, gizatasunaren bokazioa erakustea.

 

Giza familia horrela bideratzeko ez dela federik behar? Eta ondo ere eraman daitekeela famili bizitza? Jakina! Guk, hala ere, giza familiari beste buelo hori emateak zer dakarkion probatu dugunok, gutxitxo irizten diogu giza harreman hutsari. Bere ederrenean hartuta ere, gutxitxo, eskas antzeko. Dena, neurria non jartzen duzun, hortxe dago kakoa! Eta Eguberrik neurri handiegia eman digu orain gutxiagorekin konformatzeko. Ba al dakizu zer den pertsonen arteko harremanetan Jainkoarekiko harremana bizitzea? Pertsonen arteko harremanak beste kategoria hartzen du, zer nahi duzu?

 

Beharbada aprobetxagarria izan daiteke gure familiei begirada sakon eta berritzaile bat botatzea. Gure harremanak zein mailatan kokatu ditugun ikustea. Familiaren harremana ez baita han jaio garelako derrigor bizi beharreko harremana. Familia bereko izatea, dohain eta edertasun dugu dudarik gabe. Asmatuko bagenu geure familiei, Eguberritik datorren duintasuna ematen! Izan ere, Jainkoak neurri haundiak eman dizkigu. Guk zer nolako neurriak hartzen eta erabiltzen ditugu? Giza familiari Jainkoarekiko lotura hau kendu nahi zaiola? Beno, bakoitzak jakingo du zer egin nahi duen! Guk, fededunok, lotura horretan aurkitzen ditugu giza harremanen ahalmen ederrenak. Eta, jakina!, lotura hori ez daukagu merke saltzeko! Jainkoak maite gaitu eta guk horregatik maite dugu elkar. Eta gure maitasun gizatiarrean maitasun jainkozkoa bizitzeko aukera daukagu. 

 

Eukaristia ospatzera goaz, maitasun horren ezaugarri. Hona Eukaristiaren inguruan nolako familia ederra osa dezakegun! Ederra benetan!

FaLang translation system by Faboba

Utilizamos cookies propias y de terceros para fines analíticos y para mostrarle publicidad personalizada en base a un perfil elaborado a partir de sus hábitos de navegación (por ejemplo, páginas visitadas). Puede aceptar todas las cookies pulsando el botón "Aceptar" o configurarlas o rechazar su uso pulsando el botón "Configurar". Puede obtener más información o cambiar posteriormente los ajustes en nuestra Política de Cookies.