Liturgi lagungarriak
A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Jesus Jauna, bere hitzez Erreinua hots egin eta bere ahalmenez gaixoak sendatzen zituena, bego zuekin.
Ongi etorriak gure ospakizun honetara. Hasierako agurrak gogorarazi digu Jesusek zer egiten zuen: «Berri ona hots egiten zuen eta gaixoak sendatzen zituen».
Erreinura gatoz, Ebanjelioko sendabidera. Gu ere gaixorik gaude. Eta, gainera, Jesusek gaixoak sendatzen zituela ohartzean, ez dugu ahaztu nahi, gure adiskideetako asko eta asko gaixoak zaretela. Gogoan izango zaituztegu. Zuentzat ere eskatuko dugu osasun betea.
Presta gaitezen, isilean, Eukaristiaren ospakizunari ekiteko. Jo dezagun, Ebanjelioko gaixoek bezala, Jesusen errukizko osasunera, jo dezagun Jainkoaren maitasunera.
– Jesus Jauna, giza izatea zeuregan hartu zenuena. Erruki, Jauna.
– Jesus Jauna, Aitak guregana bidalia. Kristo, erruki.
– Jesus Jauna, gaixoak sendatzen dituzuna. Erruki, Jauna.
PREFAZIOA
Gure ospakizunaren gailurrera etorri gara. Eukaristi otoitz honetan, Jesusek pobre eta gaixoekin zuen ardura berezia gogoratuko dugu. Pozik eta esker onez gogoratu ere.
GURE AITA
Gure artean dagoen Jesusekin batera eta berak irakatsi zigun bezala, esan dezagun beldurrik gabe.
B) IRAKURGAIEN MONIZIOA
1) Zer da bizitza? Merezi al du? Sarri erabat atsekabetuak, bidegalduak sentitzen gara. Atsekabearen esperientzia oso geurea dugu, izan ere. Entzun ditzagun Itun Zaharreko gizon honen sentipenak, gero Jesu Kristori ikusiko diogunaren atariko.
2) San Paulok bere bihotza ireki digu, Ebanjelioaren bizikizuna azaltzeko. Esker onez eta pozez bizi da Paulo.
HERRI-OTOITZA
Jesusek gaixo asko sendatzen zituen era guztietako gaitzetatik. Egin dezagun otoitz beharrean aurkitzen diren guztien alde eta, bereziki, gure gaixoen alde.
- Munduko eliz elkarte guztien alde:
Berri Onaren dohainez bizi-sentiduaren arnasa berria zabal dezaten.
- Gosez eta premiazkoenaren faltaz sufritzen duten guztien alde:
Jesusen Berri Ona eraman diezaiegun haien beharretan solidario izanez.
- Inolako sendabiderik ez duten gaixoen alde; gaixo guztien alde:
Jesusen hurbiltasunak eta gure laguntzak poztu ditzan.
- Pobre eta gaixoen onerako lanean diharduten guztien alde:
maitasun handiz eta bihotz zabalez Jainkoaren eskua luza diezaieten gaixo eta pobreei.
- Eukaristia honetan bilduta gauden guztion alde:
geure bizipozez eta zerbitzuz, Berri onaren osasuna bizi eta goza dezagun.
Entzun, Aita ona, gure otoitza eta egin gaitzazu zure Semearen misioaren jarraitzaile gure gizartean. Berak bezala zabal diezaiegula Berri ona pobreei eta gaixoei. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
HOMILIA
Senideok: Elizak, gizon-emakumeak geure eguneroko izanbide mindu eta gogorrean ikusten gaitu. Eta, engainurik gabe, inolako sasiameskeriarik gabe, geure egia larri eta odoltsu horretan sendatu nahi gaitu. Joben liburuko hitzez egin du gaurkoan Elizak gure argazkia. Eta bakoitzak aitortu behar dugu egiazkoa dela gutaz egin den argazki hori: gaixorik gaude, morrontza astun eta ikaragarrien menpe bizi gara, gozo-ametsak ditugu, eder-grinak ... baina, negarrari negarra dario. Etzanik, jaiki-gogoz; jaikirik, etzan-gogoz. Batetik bestera inolako sentidurik gabeko ibilian. Zorion-amets handiekin bai, baina zorion-errealitate oso txikiarekin. Askotan horrela, gehiegitan...
Etsipena deitzen zaio gaur egoera horri, bizi-ezina, hutsunea, gose-egarria, ilunpea, tristura... Zorigaitza! Eta hau guztia, geure giro hurbileko honetan begiratu eta aztertu behar dugu. Geure izatearen ondoezaz eta geure munduaren bake-faltaz zauri ospel eta mingarria bizi dugu. Gaixorik gaude.
Hala ere, Joben liburutik irakurri dugun zati honek badu itxaropenezko eskaria, azken-azkenean: «Oroi zaitez, nire bizia arnasa bat dela eta nire begiok zorionik ez dutela berriz ikusiko». Jaunari egiten zaion otoitza da.
Eta Jesus, Aitaren erregetza zabalduz, gizaki mindu eta gaixo honi urreratzen zaio. Zer du, Jainkoak maite duen gizon edo emakumeak? Gaixorik dago, ezinaren sukarrez erreta, ez du zorionik, etzanda dago bere etsipenean, ez da ezer onetarako gauza...
Eta hona harrigarria: Jesusek eskutik heldu eta sendatu egiten du. Erreminezko sukarra baretzen dio. Bizi berri baten edertasuna ematen dio. Jainkoak eskua luzatu baitio gizakiari. «Hurbil da Jainkoaren Erregetza». Gaitza desegiten duen Erregetza. Maitasuna ezartzen duen Erregetza. Gizakia askatzen duen Erregetza. Gaixo asko dakarzkiote Jesusi, eta Jesusek denak sendatu.
Jesusek ematen duen sendabidea ez da, noski, gorputzekoa bakarrik. Gorputzeko osasuna ematen badu Ebanjelioan, barruko beste sendabidea aditzera emateko ematen du. Inguruan zituen gaixo haiek guztiek uste zuten, Jesus sendalaria zela, gorputzeko sendalaria. Eta Jesusek pertsona osoa sendatu nahi du, ez gorputza bakarrik. Gorputza sendatzea ezaugarria da. Jesusek esperantza sendatu nahi dio gizon-emakumeari, zoriona eman nahi dio, bere giza izatearen bokazioa berriro eskuratu nahi dio, ez du lehengo galbidean etzanda utzi nahi. Jainkoak gizakiari emandako bokazioa berriro ere gizakiak eskuratu behar du, benetako giza maila jatorrean bizi dadin.
Izan ere, gizakiok baditugu sendagileek eta psikologoek senda ezin ditzaketen gaitzak. Gorputza eta burua gaitzak harrapa baditzake, espiritua ere harrapatzen digu. Eta espiritua gaixotzen zaigunean, dena gaixotzen zaigu. Nondik datozkigu gure bizi-ezinak eta gure barruko atsekebeak eta gure kabitu-ezinak eta gure maitau-ezinak eta? Espiritua daukagu gaixorik. Eta badira gorputza sendatzen dakitenak. Jesusek bihotza sendatzen du, espiritua sendatzen du. Barrura begiratzen du Jesusen hitzak.
Baina, hemen beste zera izan behar dugu gogoan. Nola sendatzen du Jesusek gizaki gaixoa? Ez kanpotik eta ez urrutitik. Bere gain gizakiaren gaitza eta galbidea hartuz. Gure etsipena berak edango du hondo-hondoraino. Eta era horretan libre egingo gaitu. Gaitza Jesusengan hustu da, gizon-emakumeok gaitzaren beldurrik ez dezagun izan. Hauxe da, hauxe notizia: Jainkoaren Erregetzak aske egin du gizon eta emakume bakoitza. Jainkoaren Erregetza etorri da.
Zertarako egiten gaitu libre? Zerbitzatzeko. Pedroren amagiarreba zerbitzatzen hasi zitzaien. Paulo, sendaturik, Ebanjelioa zerbitzatzen ikusten dugu. Maitasunerako libre, Jainkoaren Erregetza zerbitzatzeko libre. Izan ere, egia da: gaitzari gehienbat maitasun-faltan antzematen zaio. Eta, beraz, sendaketari, maitasunerako gaitasunean antzematen zaio. Eta, San Paulok dioenez, Ebanjelioa bera da Ebanjelioa zerbitzatzen duenaren saria. Ebanjelioa zerbitzatzeko sendatua izatea, horixe da saririk ederrena. Sendatuak ez daki, bestalde, geldirik egoten, zerbitzatu egiten du.
Hau dena, entzule, ez da guregandik sortzen. Kontuz! Jende sendatu hark, Pedrok, Santiagok eta besteek, Jesus han ondoan ikusi nahi dute jendea sendatzen. Baina Jesus Aitarengana biltzen da otoitzera. Aitarengandik bizi da Jesus, gizaki sendatua ere Aita Jainkoarengandik bizi da. Hori ahazten bada, eginbeharraren morrontzak gizakia gaixotu eta erre egiten du. Jainkoaren Erregetza zabaltzeko jardunak ezin lezake ahaztu Jainkoagandik datorkiola benetako salbamena.
Hau dena, fededun, gure egoerari lotu behar diogu. Mundu zabalean indarrean dagoen injustizia gogoratu behar dugu. Gure munduko biziezinak, morrontzak, gure munduko etsipenak duen izena, injustizia da. Jesusek gaitzetik askatu eta sendatu gaitu. Libre egin gaitu. Zerbitzurako libre, maitatzeko libre. Guk Ebanjelioaren indarrez eta eraginez gaitzaren kontra borrokatu behar dugu: injustiziaren eta gosearen kontrako kanpaina azkengabean saiatu behar dugu. Ez da limosna baten arazoa. Jainkoa Errege agertzearen arazoa da. Jainkoaren Erregetza zabaldu behar dugu. Eta hori gaitza deseginez, gizon-emakumeak gaitzaren morrontzatik askatuz, egiten da.
Nola egin borroka hori? Lehenengo, Jesus otoitzera bezala, gu Eukaristiara biltzen gara. Eraman eta zabaldu behar dugun askatasuna eta sendabidea jasotzera. Eta gero zabaldu, eraman. Nola? Zer jana emanez, diruz, gehiegikeriak utziz, alferrikako beharretan ez eroriz. Eta daukaguna denena dela jakinez. Goazen Jesusengana. Berak sendatuko gaitu gure bekatutik, gure ezinetik, gure etsipenetik. Berak jantziko gaitu goi-ondasunez. Eta gero, gure bizi-giroan, Berri Onaren poza zabaldu ahal izango dugu.