liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriuak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Zinez maite gaituen eta bihotz-berritzeko deia egiten digun Jesu Kristoren grazia eta bakea, zuekin!

 

Garizumari erdia jan diogu dagoeneko. Pazkoa hurbil dugu. Aste hauetan gogorik onenaz dihardugu gure bihotzak berritzen eta gure bizitzak Ebanjelioaren pozetara ekarri nahiz. Eta horretan jarraituko dugu aurrerantzean ere; izan ere, merezi du maitasunaz betetzea, argiz asetzea, Jesusek eskaintzen digun biziaz gozatzea. Garizumaren barne-borroka ederrean ez dugu etsiko. Ez horixe!

 

Geure barrua gero eta sakonagotik eraman nahi dugu Jesu Kristorekin topo egitera eta, horregatik, errukia eskatuz ekiten diogu gure ospakizunari.  Barru-barrutik eska dezagun Aitaren onginahiaren besarkada. 

 

(Penitentzi-kantua edo Aitortzen diot)

 

 

PREFAZIOA

Hain maite izan du Jainkoak mundua! Eta zer egin dezakegu, eskertu besterik? Gurutzera begiak jaso eta handik datorren maitasunaren besoetan hustu dezagun gure bihotza, esker ona kantatuz.

 

 

GURE AITA

Hain maite izan du Jainkoak mundua! Jainkoa Aita dugu, maite gaituen Aita ona. Hori gogoan dugula esan dezagun gure bizitza pozten duen otoitz ederra.

 

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1 – Testamentu Zaharreko historiaren pauso nagusiak ari gara gogora ekartzen Garizumako igandeotan. Gaur une edo pauso tristea gogoratzen dugu, etenaren unea. Herri baten ezaugarriak deseginak ikusten ditugu. Ez dugu ahaztu behar Ebanjeliorako prestatzen gaituela irakurgai honek.

 

2 – Zer egin du Jainkoak? Zer irabazi digu Jesu Kristok? Pazkorako prestatuz entzun dezagun San Paulok egiten digun salbamen-iragarpena.

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Jainkoaren onginahian jarri gure uste ona eta otoitz egin dezagun geuretzat eta munduko behartsu guztientzat; eska dezagun gizon-emakume guztiontzat, askatzen gaituen errukia.

 

-  Garizuma honetan bere berrikuntzan saiatzen ari den Eliza osoaren alde:

   Jainkoaren maitasunak elkar-maitasunean indartu dezan.

 

-  Gure gizartea bake-bidean jarri nahi duten herri-gidari guztien alde:

   ez dezaten etsi, justizia eta berdintasun gehiagoko gizartea bideratzeko ahaleginean.

 

-   Gerra sufritzen eta gerra egiten dutenen alde:

  gerra guztiak amaiturik, bake-bidea elkarrizketan oinarritzen eta gozatzen ikas dezaten.

 

-   Sufritzen ari diren pertsona eta herrien alde; batez ere, gaixoen eta ezinduen alde:

  Jainkoaren maitasunak eta gure solidaritateak bizi-duintasunera jaso ditzan.

 

-   Mahai honen inguruan bildu garen guztion alde:

  Garizuma hau Jesu Kristoren bidean aurrera egiteko adore gerta dakigun.

 

Entzun,  Jauna, eta izan erruki; izan mundu guztiaren erruki. Berri gaitzazu zure maitasun azkengabekoz. Zu baitzara gure maitasun bete gizaldi eta gizaldietan.

 

 

 

 

HOMILIA

Senideok, «errukian aberatsa den Jainkoak maitasun handiz maite izan gaitu» esan digu San Paulok. Eta esaldi horrexek biltzen du beharbada gaurko sentimendu sakon eta gailena. Maitasun handi horren inguruan biltzen baita dena: salbamen pozgarria, alde batetik eta gure bekatu galgarria, bestetik. Maitasunaren inguruan jokatzen da gure zoria, fededun izan edo ez. Maitasunaren gora-beheran jokatzen du gizaki bakoitzak bere galera edo bere mesedea. Hori horrela da!

 

Hortxe dago Israelen historia lehenengo irakurgaian. Erbesteko esperientzia beltzak herriaren jokabide galdua erakusten digu. Israel herriak ez du asmatu bere historia libre zaintzen. Jainkoaren bideak baztertu ditu eta galera nagusitu zaio. Jesusek esan duen argiaren kontrako jarrera da azpian dagoena: «Etorri da argia lurrera eta gizakiek maiteago izan dute iluna, argia baino». Eta Jainkoarekiko harremana eteten denean, giza historia eta herriaren historia sakonetik iluntzen dira.

 

Baina hori guztia ez da batere harrigarria. Bide onak galtzea oso geurea baitugu. Oso emanak gaude okerreko aukerari. Hori ez da harrigarria. Harrigarria da, Jainkoak gure bekatuaren aurrean erakusten duen jokaera. San Paulori hartu diogun esaldi horrek biltzen du ederki: «errukian aberatsa den Jainkoak maitasun handiz maite izan gaituelako, geure hutsegiteengatik hilda geundenok, Kristorekin batera biziarazi gintuen –onginahi hutsez salbatuak zaudete–; Kristorekin batean berpiztu gaitu». Hau da harritzekoa: Jainkoak gure bekatua erabili duela bere onginahi neurrigabea erakusteko. Eta, gure galbideak merezi ez bazuen ere, salbatuak gaudela, Jainkoa ona izan delako gurekin. 

 

Ilunaren eta argiaren arteko borroka, argiak irabazten du beti. Eta horregatik gaude salbatuak: Jainkoak bere maitasunaren argia piztu duelako gure bekatuaren ilunpetan. Argi hori Ziro izan zen Israelen kasuan. Harrigarria hau ere, Ziro atzerritarra baitzen, persiarra, paganoa. Baina Jainkoak atzerritar bat erabili zuen bere herria askatzeko. Eta Jesusen gurutzea gure kasuan, tresna gizakontrakoa berez, arrotza. Baina Jainkoak sufrimenduaren tresna erabili nahi izan du bere maitasun askatzailea erakusteko eta gu askatzeko. Azkenean ez baita tresnaren kontua, Jainkoak tresna horietan erakusten duen maitasunaren kontua baino. 

 

Eta galdera: non ikusten da maitasun handiagoa Jesusen gurutzean baino? Non ikusten da maitasun ederragoa, guregatik bizia eman duen harengan baino? Garizumako laugarren igande honek Jesusen gurutzeari begira jartzen gaitu. Gainean dugun Pazko-hiruurreneko jarrera erakusten digu: Jesusen gurutzeari barru-barrutik fedez begiratu. Jainkoak Jesusen gurutze horretan idatzi baitu maitasun ederrenaren historia. Beharbada ez dugu asko ulertzen, zergatik aukeratu duen gurutzea eta sufrimendua maitasuna erakusteko! Zergatik izango da ba? Ez dago maitasunik beregan sufrimendua ez duenik. Maite duenak heriotzarainoko maitasunez maite du. Eta maitasunak beti sufritzen du, maitasunaren sufrimendu libre eta edertzailez. Horregatik gelditu da betiko ezaugarritzat Jesusen gurutzea, Jainkoaren maitasunaren neurria ematen duen sufrimendu argizkoa. Hainbesteko maitasunak edertu duen sufrimendua erakusten du Jesusen gurutzeak. «Hain maite izan du Jainkoak mundua!».

 

Hau guztia gogoematean, zer sortzen zaizu bihotzean? Gaurko liturgiak gonbita oso erraza egiten digu: hartzazu eskuetan Jesusen gurutzea eta begira iezaiozu! Begiratu luze eta sakon. Irakurri ezazu gurutze horretan Jainkoak zuretzat bizi duen maitasun hondogabea. Eta maitasun horretatik begira iezaiozu zeure barruari. Ez al daukazu barrua maitasunaren beharrean? Izan ere, gaurko gure mundu honetan, hainbeste dei eta proposamen liluragarriren artean, askotan hutsik sentitzen dugu bihotza. Hutsik eta sentidurik gabe. Hutsik eta gizatasun-bideak galduta. Barrua sakabanatuta. Gaurko irakurgaien irudia erabiliz, iluna argiari gainetik jarriko balitzaio bezala, horrela sentitzen dugu barrua. 

 

Eta barru ilun horretatik Jesusen gurutzeari begiratzen badiozu, badakizu zer gertatuko zaizun? Zeure barruan sumatuko duzula argia. Eta argiak zeure sentimendu ilunenak ere argitu egingo dizkizu. Zure hutsunea argiz beteko da. Eta zeure barruko egia aurkitu eta ezagutuko duzu. Ikusiko duzu ez daukazula zertan izan beldurrik zeure barruko argiari. Izan ere, argiak erakusten duen egia, maitasun azkengabeko baten historia librea baita. Zeure barruan ikusiko duzu ez zarela izan ilunpetarako egina. Jainkoak egina zarela. Maitasun hutsez egina. Eta Jainkoarentzat egina zarela. Orduan ulertuko duzu, Jainkoarentzat izatea dela gizakiari gerta dakiokeen historiarik ederrena eta libreena. Zein ederra den nork bere barruan bere giza bokazio sakona ezagutzea! Jainkoak eginak gara eta harengan daukagu geure historia onena!

 

Adiskide, esanak esan, badakizu zer? Denok maitasuna behar dugula! Eta maitasunarekin topo egitea da edozein pertsonari gertatzen zaigun esperientziarik askatzaileena! Eta maitasuna nahi duenak, ez dauka begiak Jesusengana jaso besterik! Jesusen gurutzean idatzi da maitasunaren parabolarik ederren eta bikainena. Jesusen gurutzean esan zaigu maitasun-hitzik pozgarriena! Eta  ezerk eman badiezaguke barruko askatasun ederra, gurutzeko maitasun horrek eman diezaguke. Gaitzak gaina hartzen digunean, tristurak barrua ondoezik uzten digunean, lanari eta sufrimenduari sentidurik aurkitu ezin diogunean, hitz batean ilunpea nagusitzen zaigula sentitzen dugunean, egizu gurutzearen seinalea, jaso itzazu begiak gurutzeko maitasunera, eta barrua sendatuko zaizu. Ez da magiaren kontua, ez; maitasunaren kontua da!

 

Garizumako azken aste hauek maitasunari begira eman behar ditugu. Parrokia eta elkarte bakoitzean bada ekintza franko, senide-elkartasuna hausnartuz, maitasunaren historia aztertzeko. Parte har dezagun Garizumako ekintza hauetan. Azken batean, geure barruaren eta geure elkartearen norabideak argitzeko aukera jartzen zaigu eskura! Eukaristia hau ere, ezer baldin bada, maitasunaren historia da! Zuretzat Jainkoak egin duen maitasun-historia! Goza ezazu, adiskidea!

FaLang translation system by Faboba

Utilizamos cookies propias y de terceros para fines analíticos y para mostrarle publicidad personalizada en base a un perfil elaborado a partir de sus hábitos de navegación (por ejemplo, páginas visitadas). Puede aceptar todas las cookies pulsando el botón "Aceptar" o configurarlas o rechazar su uso pulsando el botón "Configurar". Puede obtener más información o cambiar posteriormente los ajustes en nuestra Política de Cookies.