liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Biziaren Jainkoa, bere Seme Jesu Kristo hilen artetik bezpiztu duen Aita ona, bego zuekin!

 

Jauna piztu da, eta gu ere bai berarekin. Hauxe atergabe entzuten den garrasia. Hauxe Eukaristia honetan pozik berritzen dugun garrasia. 

Jaunak heriotza garaitu du, hura sortzen duen bekatua zapalduz. Eta guri Erreinu pozgarri horren esperantza piztu digu bihotzean. Gu ere iritsiko gara heriotzarik eta bekaturik eta loturarik eta izango ez den Erreinura. Dena maitasun huts bihurtuko den Erreinu berria etorriko da guretzat ere. Piztueraren seme-alaba baikara.

 

Esperantza horren poza kantatu behar dugu ospakizun honen hasieran.

(aintza)

 

 

PREFAZIOA

Kristo, betidanik eta betirako bizi dena, Aitaren aurrean gure alde otoitzean ari da beti. Eskerrak eman diezazkiogun eta ospa dezagun pozik Eukaristia.

 

 

GURE AITA

Aitaren nahia, guk Jesus berpiztuaren bizia bizitzea da. Bizi-ogia jan aurretik, esan dezagun Jesusek irakatsi zigun senide-otoitza.

 

 

HONA HEMEN

Hone hemen Jainkoaren Bildotsa, Kristo Jesus, heriotza garaitu duena, bizirako janaritzat ematen zaiguna. Zorionekoak Jaunaren pazko-mahaira gonbidatuok!

 

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1) Berri Onak munduaren bekatua bistan jartzen du. Baina konbertsiorako eta biziberritzeko deia da, pozetarako deia. Berri On hori entzungo diogu Pedrori.

 

2) Entzutera goazen San Joanen hitzak, Jesu Kristoren segizioan aurrera egiteko deia ditugu, Haren aginduak gordetzeko deia.

 

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Otoitz egin diezaiogun Jaunari, piztueraz izadi osoarentzako bizi-ateak ireki dituenari. Eska diezaiogun biziaren poza denontzat.

 

Eliza amaren eta Kristorengan bataiatuak dauden guztien alde:

askatasunezko Ebanjelioa beti pozik bizi eta adieraz dezaten.

 

Jaun berpiztuaren presentziari antzematen ez dakiten guztien alde: 

Pazkoaren argi berezia jaso dezaten.

 

Kristau sarbiderako sakramentuak hartzeko prestatzen ari diren guztien alde:

Jesusekin topo egin dezaten.

 

Saminetan eta ezinez bizi diren guztien alde; gure gaixoen alde:

Pazko-piztuera topa dezaten beren bizitza latzean.

 

Gure senide hildakoek betiko biziaren poza aurki dezaten Pazko betearen Erreinuan.

 

Entzun, Jauna, gure eskariak eta berri gaitzazu gure bihotz-barruraino. Guregatik hil eta guretzat bizi den Jesu Kristo Jaun berpiztuaren bitartez.

 

 

 

 

 

HOMILIA

Adiskideok: bizi da! Kisto bizi da! Hauxe du gure fedeak poz eta kantagai. Berri on horren inguruan elkartutako herria gara. Eta poz horren indarrak eragiten digu elkar maitasunera eta Pazko-testigantzara. Azken igandeotako mezua, ikasleengan espantua eta harridura sortzen duen mezua da: Piztu da! Hiltzen ikusi zutena, joan zitzaiena, bizi da! Batzuek hilobiaren ondoan, besteek Jerusalemen, besteek Emausera bidean, baina denek espantu eta ezuste bat bera bizi dute. 

 

Gaurko Ebanjelio-zatiak ere badu ahaleginik, berpizturik ikusten dutena Jesus bera dela erakusteko. Eta lehen-lehenengo datua: «Bakea zuekin». «Neroni naiz. Begira nire esku-oinak. Uki nazazue eta ikus».  Ikusten ari direna ez da mamu bat. Ez da irudimenaren ametsezko sorkaria. Ez da beren beldurrak eta sentiera minduak asmatu duen indargarri bat. Ez! Bizi da!

 

Hala ere, ukitzeak eta ikusteak ez die fedea aurreratzen. Piztueraren edertasun askatzaile hau sinetsi egin behar da. Eta sinesmen hori sendotu nahirik, Jesusek bereekin jaten du. Jesus berpiztuaren inguruan elkartea sortzen da. Eta Jesusen ondoan, dena logika batean kateatzen da: Jesusek hil eta piztu beharra zeukan, Profetetan hala esana baitzegoen. Ez da, beraz, ustegabekorik gertatu. 

 

Juduek ezjakinez egin dute burutu duten guztia, baina orain sinesmenaren begiak garbitu beharra daukate. Ezin daitezke gehiago itsututa beren ukapenean geldi. Hori itsukeria zitalegia izango litzateke. Fedeak Berpiztuarengana ireki behar dizkiete beren begiak. Eta sinetsi! 

 

Eta Pazko-poz honek testigantzaren sua sortzen du barnean. «Gu gara horren testigu». «Zuek zarete hauen guztien testigu». Eta Pazko-oihu handiak bere hegoak munduz mundu zabalduko ditu eta hegoetan esperantzaren su berria eramango du gizon-emakumeen bihotzetara. Eta Eliza sortuko da, Berpiztuaren poza eta aginduak bizi dituztenen elkartea sortuko da.

 

Entzule adiskide, Pazko-entzule: hitzaldi hau hasterakoan ez dizut esan, Jesus bizi zela!, bizi dela baizik. Eta esaldi horren intentzioa ulertzen duzu zuk. Gaur bizi da! Gaur ere gure elkarteari aurrean jartzen zaio Jesus. «Neu naiz. Bakea zuekin». Eta bere egitazko izaeraren ezaugarriak ematen dizkigu: Bera bizi da eta egiazkoa da. Ez da amets bat. Gaur ematen du, kristau asko beldurrez eta larri bizi dela: askok fede-bideak zapuztu dituzte, fedearen gauzok egiazkoak izango ez balira bezala, ametsetan ari ote garen edo, ez ote den hobe gehienek daramaten bideari itsastea edo...

 

Jesus gaur bizi da! Eta Pazko-pozak indar berri baten adorea ezarri beharra dauka gure bihotz beldurtuetan. Jainkoak bere asmoak bete ditu. Eta Jesusen heriotz-piztuera gizon-emakumeon salbamen-aukera bihurtu da. Eta gaur ere piztuera horren testigu izateko gaude bilduak. Eta bildurik Pazko-ikasgai batzuk jaso behar genituzke:

  • Aurrena hau: ez dugu itsukerian ilunduta geratu behar. Honen guztiaren arrazoia ez du ez ematen ez kentzen munduan esaten edo egiten denak. Geure ilunpeak argitzeko bidea fedearena dugu. Jainkoarekiko elkartasun gozo baten testigu izan behar dugu gaur. Ahulak gara, ez daukagu zertan ukaturik. Baina gure fedeak, Piztuerako bakez, beldurraren hormak hautsi behar ditu.
  • Bigarrenik, Jesus «ukitu» beharra daukagu guk ere. Bizi da, bai! Fedeak ikustarazten digun Jesusen izate berpiztua ukitu, hartu. Jesus gure artean presente sentitu. Otoitzean, bakardadean, elkar-laguntzan, hainbeste bihotz oneko egintzetan... Jesus «ukituz» bizitzen ikasiko balu gure fedeak!
  • Eta hirugarrenik, «honen guztiaren testigu» izan behar dugu. Eta, onenean, aurrena galdetu beharko dugu geure artean zer duen gure testigantzak lehenengo egin beharrekoa. Jesusek bere bizitza eta jarduna gizakiaren zerbitzura jarri zituen. Gaur Jesus bizi dela ikusi eta erakutsi nahi badugu, hortxe dugu bidea: ekin diezaiogun gizagintzari. Gaur bertan langabezian, inolako irtenbiderik gabe aurkitzen direnei lagun diezaiekegu. Berpiztuarengan sinesten dugula erakusteko ez litzateke bide txarra, gure gizarteari bihotza ematen hastea. Bihotza duen gizartea eraikitzea.

 

Eta goazen, Pazko-adiskide, Eukaristia ospatzera. Hitz argitzaile honek Berpiztuaren esperientziara garamatza bete-betean. Jesus bizi da. Oraintxe ukituko eta presente sentituko dugu gure artean.  Eta, hartarako bidean, aitor ditzagun gure fedearen bizikizun nagusiak.

FaLang translation system by Faboba

Utilizamos cookies propias y de terceros para fines analíticos y para mostrarle publicidad personalizada en base a un perfil elaborado a partir de sus hábitos de navegación (por ejemplo, páginas visitadas). Puede aceptar todas las cookies pulsando el botón "Aceptar" o configurarlas o rechazar su uso pulsando el botón "Configurar". Puede obtener más información o cambiar posteriormente los ajustes en nuestra Política de Cookies.