liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Anai-arreba maiteok, Aitaren grazia eta maitasuna eta Jesus gure Jaunaren elkartasuna, zuekin!

 

Gaur Jaunaren Gorputz-Odolen eguna ospatzen dugu, festaburu benetan maitea gure artean.

Gaurko kristauontzat mezu eta dohain ederra! Ohartuko ote gara zer daukagun igandero eskuetan: Eukaristia. Ohartu, Jesu Kristo gure tarteko daukagula, benetan tarteko. Eta Jesusen presentzia hori konpromiso bihurtzen zaigu. Jesusek maitatu bezala maitatu behar dugu. 

 

Zabal diezaiogun gure bihotza Jainkoaren maitasunari, maitasun horrekin beti leial ez dugula jokatu aitortuz.

 

- Jesus Jauna, bekatariak maite dituzuna. ERRUKI, JAUNA.

- Jesus Jauna, behartsuen artean presente egiten zarena. KRISTO, ERRUKI.

- Jesus Jauna, gizakiongatik bizia ematen duzuna. ERRUKI, JAUNA.

 

Erruki dakigula maite gaituen Jainko ahalguztiduna...

 

PREFAZIOA

Gorpuzti egunean, Jesu Kristoren heriotz eta piztueraren oroigarria ospatzen dugu. Bera egin zaigu bizi-biderako janari. Eman ditzagun eskerrak, elkartasun eder horrengatik.

 

GURE AITA 

Jesusek irakatsi zigun bezala, eska dezagun eguneroko ogia, besteekin banatu behar dugun ogia.

 

HONA HEMEN 

Hona hemen Jesu Kristo, mundua salbatzeko zatitua izan den ogia. Berarengan Jainkoa gurekin daukagu. Zoriontsuak mahai honetara gonbidatuak!

 

 

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1) Moisesek basamortuan eraiki zuen aldareak eta oparien odolez zipriztindua izan zen herriak, Itun Berriko aldarea eta herria adierazten dituzte: Jesukristo bera da alda-rea eta eskaini den oparia. Bere Odola isurtzen du gizadi osoaren salbamenerako.

 

2)  Jesu Kristok Aitarenganako gurtza berriari hasiera ematen dio: bere burua eskain-tzen du opari. Kristauak Jainkoari eman behar dion gurtza ere honetan biltzen da: Kristorekin bat eginik, bere burua senideen zerbitzu-opari eskaintzean.

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Jesus Jaunak bere bizia eman zuen guregatik, guztiongatik. Maitasun berean elkartu gaitu. Egigun otoitz munduko gure senideen alde.

 

Mundu guztian zabaldurik bizi den Jesu Kristoren Eliza, Jaunarekiko elkartasunean hazi dadin, gizaki guztiak maitasunez zerbitzatuz.

 

Gaur ospatzen dugun maitasun handia, lagun hurkoarekiko maitasun bihur dezagun, batez ere behartsuekiko maitasun. Jaunak bedeinka ditzan Caritas erakundean lanean ari diren guztiak.

 

Sufritzen ari diren guztien alde eta, batik bat, inolako irtenbiderik gabe sufritzen duten munduko pobreenen alde. Bide zuzenak egin eta gure laguntza eta solidaritatea izan ditzaten.

 

Gaur lehenengo Jaunartzea egiten duten haurrek, Eukaristiaren maitasun-mezua jaso dezaten eta egiazko maitasunera hazi daitezen giro ederrean.

 

Geure alde: Eukaristia ospatzeko zoriona daukagunok, Jesus entregatuaren maitasun-bideak ikas ditzagun.

 

Onar, Jauna, gure eskari hauek. Maitasunean bat eginda bizi gaitezela zurekin eta gizon-emakumeekin. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

 

HOMILIA

Senideok: Jaunaren Gorputz-Odolen festaburua ospatzen ari gara. Jesus Eukaristiari begira jarrita, jai egiten dugu. Gorpuzti festaburuak gure Jainkoaren dohainik ederrena ospatzera ekarri gaitu. Eta Jainkoaren Hitza entzunez, poza du gure bihotzak.

 

Igandero-igandero biltzen gara Meza santua ospatzera, Eukaristia ospatzera. Ia iganderoko ohitura eder bihurtu zaigu, hortxe nonbait! Eta igandero egiten dugun hau ohitura huts bihur ez dakigun, urtean behin sakon eta luze begiratu nahi izaten diogu igandero ematen zaigun poz horri. Eta urtean behineko hori Gorpuzti eguna izaten da. 

 

Eukaristia! Jesusen Pazkoko bihotzera garamatzan misterio ederra! Izan ere, Eukaristia hain aberatsa izaki, alderdi asko azter daiteke. Baina, aurtengo Jainkoaren Hitzak, Pazkoko Jesusen odoletara ekarri gaitu. «Hau da nire itunaren odola». Pentsatzen jarrita, ikusgarria da, adizu!: Moisesek abereen odola hartu eta biak bustitzen ditu, altarea eta herria. Altarea, Jainkoaren irudia da. Jainkoa eta herria odol berean bustiak. Elkartasun sakona, odola sakona baita. Odoletan sortzen den elkartasunak lotura hauskaitzean korapilatzen ditu. Odolaren batasunarekin ez dago jolasean ibiltzerik. Odola, odola da. Odola gauza sakratua da. 

 

Moisesek itun zaharrean egin zuena, are eta bikainagoa bihurtzen zaigu itun berrian: Jesusek bere odola ematen digu edaten. Eta odol horretan Pazko gertaera dago bildua, pazko-maitasuna. Jainkoak odoletaraino maitatu gaitu. Horrenbesteraino irrikatu du gurekiko elkartasuna. Jainkoarekin sakon eta estu lotuak gaude, odolaren korapiloz. Maitasun-hitz paregabea esan du Jainkoak bere Semearen odoletan. «Hartzazue eta edan, hau nire odola da». Eta gizon-emakumeok edan egin dugu, eta Jainkoarekin batasunean gertatu gara. Komunioaren misterioa gertatu zaigu.

 

Igandero-igandero ospatzen dugun misterio ikusgarri hau, gaur festaz eta harriturik begiratzen dugu. Gauzak zenbat balio duten ikusteko, batzuetan ona izaten da, gauza hori faltatuko balitzaigu zer gertatuko litzaigukeen pentsatzea. Esaidazu: zer izango litzateke gure bizitza Eukaristiarik gabe? Mundura joan, lanera joan, eguneroko borrokan buru-belarri sartu, gizarteko joera eta ibilbide guztien erdian munduko gizon-emakume... eta nola bizi esperantzan?, nola bizi maitasunean?, nola poztu gure erorialdiak?, nola bizi batak besteari lagunduz, intereskeriarik gabe?, nola bizi, dena begi txikiez begiratu gabe?, nola barkatu?, nola pertsonaren duintasuna eta balioa aitortu?, nola...?

 

Eskerrak Eukaristia daukagun! Eskerrak, zure bihotza askotan Eukaristiako maitasun horretara eraman dezakezun! Eskerrak Eukaristian Jainkoaren barkazioa hartzen duzun! Eskerrak Eukaristian Jainkoaren bidea egiteko indarra ematen zaizun! Bestela, auskalo! Hain gara ahulak, hain erraz makurtzen gara bide hutsaletara, hain bizkor tristetzen gara, hain ustekabean galtzen ditugu gizatasunaren bideak! Eukaristia, eskerrak Jainkoak horrenbesteraino maitatu gaituen! Ez genuke asmatuko ezaugarri hori gabe bizitzen!

 

Esan dugun hau guztia ondo dago eta hori horrela da! Baina, pixka bat aurrerago ere begiratu behar dugu. Izan ere, Jainko Semearen Odola eman zaigunetik, odolak asko balio du! Eta ez da batere txokatzekoa gaur Caritasen eguna ospatzea, Karidadearen eguna. Gizon-emakume bakoitzaren odolak asko balio du. Pobreen odolak asko balio du. Gure lagun hurkoaren duintasunak asko balio du! Eta ezin ulertua da, Eukaristian Odola edan eta gero giza odola zikintzea. Eukaristian sinestu eta gero gizon-emakumeak zakurrak bezala odolustu!?  Eta ez dakit gure euskal gizartean, nahiago nuke oker banengo, ez dakit ez ote zaigun aspalditxoan odola balio-hustu! Jesusen Odolagatik errespeta dezagun lagun hurkoen odola! Zaindu ditzagun pobreak! Maita ditzagun gizartearen aukerak bazterrera bota dituenak! Onar ditzagun beharrean aurkitzen diren guztiak. Eukaristiak besoak zabaltzen erakutsi digu. Odoletan maitatuak izan garenok, bizi dezagun odolaren elkartasuna!

 

Hau guztia horrela izanik, mezakide adiskide, Eukaristia estimatzen ikasi behar dugu. Ez dugu ohiturakerian erori behar. Ohiturakerian ez dugu erori behar, ez Eukaristia ospatzerakoan, ez eta ere Eukaristiaren erara bizitzerakoan. Eukaristiari ez diogu kendu behar bere festa eta alaitasuna, eta ez diogu kendu behar pobreen aldeko bere garrasia. Eukaristiari ez diogu kendu behar odola! Jainkoak gurekin odoletan ituna egin duenez gero, bizi dezagun itunaren elkartasuna Jainkoarekin eta senideekin! Eta esan dezagun kalean, fabrikan, nonahi eta noiznahi, ez dela baliogabean zapaldu behar inoren odolik! Odola baliotsua baita!

 

Ospa dezagun Jainkoaren maitasuna, Eukaristia honetako ogi eta ardotan, Jesusen Odoletan!

FaLang translation system by Faboba

Utilizamos cookies propias y de terceros para fines analíticos y para mostrarle publicidad personalizada en base a un perfil elaborado a partir de sus hábitos de navegación (por ejemplo, páginas visitadas). Puede aceptar todas las cookies pulsando el botón "Aceptar" o configurarlas o rechazar su uso pulsando el botón "Configurar". Puede obtener más información o cambiar posteriormente los ajustes en nuestra Política de Cookies.