liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Jesu Kristo gure Jaunaren grazia, Aitaren maitasuna eta Espiritu Santuaren elkartasuna, zuekin!

 

Ongi etorriak iganderoko ospaketara. Arantzazuko Amaren festaburua gainean dugula, hementxe biltzen gaitu gure Jaunak, gure Amaren oinetan. Gure fedearen ospakizuna egitera biltzen gara Jaunaren ondora. Berak ematen digun askatasun osoa nahi dugu jaso. Mundu berri baten dohaina eskaintzen zaigu hemen. Igandero, izan ere, Aitak Pazkoan ematen diguna gogoratzen baitugu.

 

Guk, behin baino gehiagotan, trabak jartzen dizkiogu Jainkoaren ekintza askatzaileari. Horregatik, ospakizunaren atarian eta Jaunaren oroigarria egiten hasi aurretik, barkazioa eskatzen diogu, errukitzen dakienari.

 

- Jesus Jauna, zure Espirituz janzten gaituzuna. Erruki, Jauna.

- Jesus Jauna, gure bizilagun egin zarena. Kristo, erruki.

- Jesus Jauna, Aitaren eskuinetik maite gaituzuna. Erruki, Jauna.

 

PREFAZIOA

Gizon-emakumeon artean ipini nahi izan du bere etxola gure Jainkoak, gu salbatzeko, ez bestetarako. Presta gaitezen, ba, eukaristi otoitz nagusia Aitari zuzentzeko.

 

GURE AITA

Jesusek berak irakatsi zigun Aitari zer eta nola eskatu. Hari otoitz egiteko askatu zigun mihia. Beldurrik gabe, esan diezaiogun denok batean.

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1) Isaias profetaren ahoz esperantzazko mezu eder bat hots egiten zaio herri lotuari. Jainkoa askatasuna erregalatzera datorkio. Lehortean ura emango dio. Ez du, beraz, beldurrik izan behar.

2)  Santiagok gordintasun guztiaz adierazten digu zer den benetako fedea eta nola jokatzen duen. Ez dago argitasun berezien beharrik, gauzak ulertzeko.

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Jainkoaren herri garenez, gizon-emakume guztien ordezko gara Jainkoaren aurrean. Haien beharrak ager diezazkiogun gure Jainko askatzaileari.

 

Otoitz egin dezagun gaixo guztien alde, gor, mutu, erren, ezindu guztien alde: Jaunaren hurbiltasunaz jabeturik, duintasunez bizi daitezen, barrutik askaturik.

 

Fededun guztien alde: bizi diren tokietan sinesmen biziagoa biziz, askatasunaren Berri Ona adieraz dezaten.

 

Munduko pobreenen alde: pertsona bakoitzaren duintasuna estimatua eta zaindua izan dadin.

 

Gure familien alde: eguneroko bizitzaren zailtasunetan, elkarri lagunduz bizi daitezen.

 

Gure elkarte honen alde: bizi garen tokietan, Jesusen hitz berria hots egin dezagun, lotuta daudenen askatasunerako.

 

Aita ona, zuk askatzen gaituzu Erreinuaren poza bizitzeko. Eskerrak ematen dizkizugu arduraz zaintzen gaituzulako. Lagun iezaguzu beti pozik eta besteak pozten bizitzeko. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

HOMILIA

Adiskideok, hementxe gaude Jainkoaren Hitza entzuten. Bederatziurren eder batean barruan, Arantzazuko gure Ama honen festaburuaren zain jarrita giro ederrean. Bederatzi egunez ahalegin jatorra egiten ari gara, errukiaren mezu ederra nola barneratuko. Eta errukiaren ukitu gozoan kokatzen da gaurko ebanjelioko ‘effeta’ askatzailea. Askatasun oparituan, ederra da fededun izan eta hala bizitzea.

 

Gizon-emakumeontzat oso zaila da libre izatea. Zaila barrutik lotuak gaudelako, aurrena. Joan zen igandean ikusi genuen, legezaletasunez jantzitako barne- lotura asko daukagula. Baina, badira bestelako loturak ere. Era askotako morrontzek tristetzen gaituzte. Zorionaren arnasa itotzen digun gaitz-indar asko daukagu inguruan: gaixotasuna, injustizia, gezurra, sufrimendua, geuretik atera ezina...

 

Eta Jesusek interes bizia dauka, gizakia gaitz guztietatik askatua izan dadin. Jainkoak ez gaitu loturarako egin. Kreaziotik askatasuna dugu utziezinezko bokazio. Eta bokazio hori desegiten digun guztia borrokatzea nahi du Jesusek. Eta borrokatu beharreko horretan, gaitz guztiak sartu behar ditugu, era guztietako gaitzak. Ebanjelioaren aurrean jartzen garenean, askotan gaitza «espiritualizatzera» jotzen dugu. Bestelako gaitzek halako garrantzi handirik ez balute bezala. Baina Jainkoak argi erakutsi du: gaixoak sendatzea nahi du, pobreei duintasuna ematea, zapalduei justizia egitea, makurtuak zutiaraztea...

 

Lehen irakurgaiak eta Erantzun-salmoak oso argi erakusten digute Jainkoaren asmoa zein den: gizakia askatzea. Irudi askoren bidez, Jainkoak gizakiari eskaintzen dion askatasuna kantatzen da. Gizaki berria sortzen dela da kontua. Basamortuan ustekabeko urak. Herrenak lehen ezin zuen saltoa egiten du. Eta hori guztia, Jainkoa leiala delako. Pobreak eta gatibuak askatzea maite duelako. Gure Jainkoa horrelakoxea delako. Guk bizi ote dugu Jainkoaren asmoaren poza? Zenbateraino saiatzen ote gara Jainkoaren asmo hori gizartean gertarazten? Jainkoaren proiektuaren ilusioa bizi ote dugu?

 

Jesusek Ebanjelioan esaten duen «Ireki zaitez» hori, benetan adierazgarria da fededunaren bizitzarako. Jesusek gizaki berria egin nahi du. Gizaki irekia. Berri Ona jaso eta emateko kapaz dena. Beldurra kendu zaion gizakia. Irekitze eta askatze hori prozesu baten bidez gertatzen da. Gaurko Ebanjelioan detaile guztiak ematen zaizkigu, prozesu horren erakusle. Gerta daitezke berehalako askatze ustekabekoak, graziak bai baitu horrenbeste indar. Baina, normalean, prozesu baten ondorio izaten da gizakiaren askatze hori. Prozesu hori bideratzea da kontua. 

 

Barrutik eta kanpotik oso lotuak gaude, sarri asko ohargabean bada ere. Era askotako loturak: sikologikoak, harremanetarako blokeoak, geuretik ezin irten, beldurra, bizitza geure erara manejatu nahia, kalkuloak... Eta hor, une batean, hariari punta bilatzen zaio: argi bat, sufrimendua, ezusteren bat, lagunen bat... Segurantziak hankaz gora dihoazkigula sentitzen dugu. Aurreko segurantzia haiek berreskuratu nahi izango lituzke batek. Aurrera egiten badu, barrua askatzen hasi zaiola sentituko du. Jesusen «Ireki zaitez» hark barrutik ukitu duela sentituko du. Jainkoa askatzaile ikusten hasten zara. Eta orduan konturatzen zara Jainkoaren askatasun-proiektua egiazkoa dela, ez dela teoria. Konfiantzaz bizitzen hasten zara. Barrutik askatua izan zarenean, gaitzaren kontra borrokatzeko prest aurkitzen duzu zeure burua.

 

Eta gaitzaren kontrako borroka honetan eta askatasun egiazkoaren adierazle, pobreekiko jokalegea dago. Gure gizarteak sortzen dituen pobreekin nola jokatzen dugu? Gure batzarrean, gure elkartean, gure harremanetan, ba al dute toki berezirik pobreek? Ala, Santiagok esan digun bezala, bazter batera uzten ote ditugu? Fededun askatuak, pobreen aldeko eginahalean azaltzen du batez ere bere fedearen indarra eta edertasuna.

 

Arantzazuko Amaren itzalak asko daki askatasun-prozesuaz. Zenbat jende ez ote da Eliza honetan, barrutik askatu? Zenbat pertsonak ez ote du «ireki zaitez» entzun Basilika honetan? Zenbat gaixok hartu ote du poza, Mariaren bidez Jaunak emanda? Gure fedeak berritualdi handi eta sakonak hartu ditu hemen, euskaldunon eliza eder honetan eta Mariaren oin maitagarrietan! 

 

Zuk ez al duzu libre izan nahi? Oraintxe bertan, ikasturte berri bati ekiteko unean aurkitzen gara. Ez ote litzateke une egokia, fededun bakoitzak bere prozesuaren galdera egiteko? Zuk zer-nolako ibilbidea behar duzu, zeure bizitza askatzeko? Nola bidera dezakezu prozesu edo ibilbide hori, benetan gizon edo emakume askatua izaten hasteko? Ezin dezakegu gure kristautasuna nolahala bizi gaur. Mundu hau, Ebanjeliotik urrutiratu zaigunean, fede sendoago eta oinarrituago eta libreago baten eskean ari zaigu. Eta hori ez da bere kasa sortzen. Zuk zer behar duzu gaur, libre izan eta hala bizitzeko? 

 

Ospatzen ari garen Eukaristiak, askatasun-bide nahi du izan. Jesusek hemen ere «Ireki zaitez» indartsua esaten digu. Geure barrua irekiko ote diogu, gero inguruak askatasunez edertu ahal izateko? Horra erronka!

FaLang translation system by Faboba

Utilizamos cookies propias y de terceros para fines analíticos y para mostrarle publicidad personalizada en base a un perfil elaborado a partir de sus hábitos de navegación (por ejemplo, páginas visitadas). Puede aceptar todas las cookies pulsando el botón "Aceptar" o configurarlas o rechazar su uso pulsando el botón "Configurar". Puede obtener más información o cambiar posteriormente los ajustes en nuestra Política de Cookies.