liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Jaungoiko gure Aitaren eta Jesu Kristo gure Jaunaren grazia eta bakea zuekin.

 

Pertsona oso ezberdinak elkartzen gara Eukatristia honetan. Toki oso ezberdinetakoak izateaz gain, beste gauza asko ditugu diferenteak. Eta, hala ere, oinarrizko lokarri batek elkartzen gaitu: fedeak, esperantzak, bere maitasun handian entzuten  eta laguntzen gaituen Aitarengan dugun konfiantzak.

Eta igandero «komunio» hau ospatzera biltzen gara, Jainkoaren hitza entzunez eta berak ematen digun ogiaz janarituz, bera den ogiaz janarituz.

 

Isilean, jar gaitezen Jaunaren aurrean eta eska diezaiogun bete gaitzala bere onginahiez.

 

- Jesus Jauna, barkatzeko beti prest zaituguna. ERRUKI, JAUNA.

- Jesus Jauna, gure deietara zaudena. KRISTO, ERRUKI.

- Jesus Jauna, kemenez eta itxaropenez indartzen gaituzuna. ERRUKI, JAUNA.

 

 

PREFAZIOA 

Gure bihotzak Jainko Aitari zuzentzea dagokigu orain. Beraren hitza jaso dugu eta orain, eukaristi otoitz nagusia esanez, Jesu Kristo gure Jaunarekin bat egiteko prestatuko gara.

 

 

GURE AITA

Abrahamek Jaunarekiko zuen konfiantza gogoratuz, Jesusek Aitarekiko konfiantzaz esateko erakutsi zigun otoitza esatera goaz. Dei egiogun denok:

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1. Entzun dezagun lehenengo irakurgaian Testamentu Zaharreko pasadizo gozo eta fin bat. Abrahanek Sodoma eta Gomorra salbatu nahi ditu. Gero ebanjelioan esaten zaiguna ongi betetzen du Abrahanek: «Eska ezazue eta emango zaizue».

 

2. Bigarren irakurgiak, jaso dugun salbazioa gogorarazten digu. Eta salbazio hori nondik eta nola datorkigun adieraziko digu.

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Senideok: Jesu Kristo bitarteko dugula eta Jainkoaren Hitzak eskatu digun konfiantzaz egin dezagun gizon-emakume guztien aldeko otoitza. 

 

* Egigun otoitz Eliza osoaren alde. Otoitz, eliz artzainen alde. Munduko kristau elkarte guztiak izan ditzagun gogoan. Ez ditzagun ahaztu otoitz-eginkizuna bizi duten erlijioso-elkarteak... (Isil une adierazgarria).  

 

* Egigun otoitz munduko herri guztien alde. Otoitz, Euskal Herriaren alde. Eska dezagun herrien ardura daukaten gobernarien alde... 

 

* Dagigun otoitz sufritzen duten guztien alde. Gaixo edo hilzorian aurkitzen direnen alde. Gogoan izan ditzagun azken aldian ezbeharrez edo gogorkeriaz hildako eta zaurituak eta beren  familiak...

 

* Egin dezagun otoitz oporretan aurkitzen direnen alde. Lanean ari direnen alde. Otoitz, ez oporrik ez lanik ez daukatenen alde...

 

* Egigun otoitz geure alde. Otoitz, gure familia eta senitartekoen alde. Otoitz gure inguruan bizi direnen alde. Eska dezagun gure hildakoen alde ere... 

 

Entzun, Aita ona, gizon-emakume guztien alde egin dizugun otoitza. Betor mundu guztira zure erregetzaren poza eta askatasuna. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

HOMILIA

Otoitza. Jainkoarekiko elkarrizketa. Horixe dute gai gaurko irakurgaiek. Joan zen igandean, Jesusek Mariaren jarrera entzulea txalotu zuen, hark asmatu baitzuen bizitzaren muina zer zen: Jesusekin bat izatea, Jesusekiko elkartasun estua bizitzea! Sarri asko, sakabanatuta gabiltza. Hainbeste gauza dago egiteko! Eta egia da. Egin beharreko gauza askoren aitzakia oso eskura datorkigu otoitzaren arazoa ez planteatzeko. Baina, kontuz!, otoitza esatean ez dut errezoak egitea esan nahi. Jainkoarekin harremanetan bizitzea esan nahi dut.  Eta beharbada hortxe dago kakoa. Jainkoarekin konfiantzazko harremana bizi al dut? Jainkoarekin egoteko alto egiten ba al dakit? Esan al dezaket nire bizitzaren oinarria Jesus bera dudala?

 

Konfiantza! Konfiantza ikastea asko kostatzen zaigu gizakioi.. Amaren besoetara sortzen den haurtxo jaioberriak, maite dutenengan konfiantza izaten ikasten du aurren-aurrena; bere amarengan beste inorengan baino lehenago. Gerora, konfiantza helduak harremanaren esperientzia sendoa eskatzen du. Eta harreman guztietan, istiluaren bidez iristen gara konfiantzara. Istiluak erakusten digu nork maite gaituen baldintzarik gabe eta nork interesengatik, eta orduan ikasten dugu zer den konfiantza. Maitasunaren esperientzia sakon eta luzea dago konfiantzazko bizitzaren sustraitan. Horregatik beti konfiantza ikasten bizi behar dugu. Konfiantza da aurrena ikasten dena, esan dugu hori; eta konfiantza da azkena ikasten dena.

 

Jesusek otoitz egiten erakusten digu gaurko ebanjelio zatian. Baina, otoitza esaten baino gehiago, erakusten digu konfiantza izaten. Ez baitago egiazko otoitzik, konfiantzarik gabe. "Gure Aita, zeruetan zarena". Hala sentitzen al dut, Jainkoa Aita dudala? Jainkoa Aita sentitzearen konfiantzak eragiten digu otoitz egitera. Konfiantza hori falta dugunean, otoitza geure beharren neurriko zulo-estaltzaile bihurtuko dugu. Eta otoitz horrek oso gutxi iraungo du, otoitzak ez baitu inolako zulorik estaltzen. Otoitzak, bere sakonean, zer Jainko-irudi daukagun erakusten digu garbi asko.

 

Honengatik guztiagatik, otoitzaren arazo nagusia bihotzean dago. Zer nolako harremana bizi dugu gure Jainkoarekin? Zergatik ari zait horrenbeste kostatzen Jainkoarengan konfiantza izatea? Beldurragatik al da, Jainkoari beldur diodalako? Gaur egun ez da Jainkoaren irudi beldurgarria eskaintzen, gehienbat behintzat. Jainko askoz bigunagoa eta gozoagoa erakusten dugu. Baina biguntasunak eta gozotasunak ez dute berez konfiantza erakusten. Harremanaren istilua behar bezala elaboratzeak, eta istiluan bertan eta istiluaren gainetik maitasuna ikusteak sortzen du konfiantza. Bekatua, askatasuna galtzeko arriskua, bestearen maitasuna... Osagai inportanteak dira Jainkoarekiko harremanean. Horietan ere Jainkoak erakutsi baitigu maite gaituela eta gu maitatzeko ez duela berak begiratzen guk zer egin dugun edo ez dugun egin. Inolako kondiziorik gabe maite gaitu Jainkoak.

 

Arrazoin asko du fededunak otoitz egiteko: 

Otoitz egiten du, Jainkoaren erreinua Jainko beraren ekimena delako beti, eta ez gurea; otoitz egiten du, bere bizitza Aitaren borondatean oinarritua daukalako; Jainkoarekin harremana izatea dohain paregabea delako, eta ez derrigorrezko eginbeharra.

 

Konfiantzazko harremana zer den, lehenengo irakurgaitik ikus dezakegu. Abraham eta Jainkoa elkarrizketan. Bi adiskide bezala, tratuan. Konfiantzazko harremana dago oinarritan. Abrahamek badaki norekin ari den. Eta Jainkoaren bihotza, gizakiaren beharrera makurtzen den bihotz errukior ageri zaigu. Aztertzekoa da lehenengo irakurgai adierazgarria. Benetan ederra eta luze aztertzekoa hau dena.

 

Gaurko ebanjelio-zatian ikus ditzakegu, fededunaren otoitz-bizierak bere zuztarrean dauzkan ziurtasunak. Otoitzera garamatzan konfiantzak honako ziurtasun hauek dauzka, labur esanda: Aitak behar duguna emango digula, Aitak ez digula ez-entzuna egingo, deitutakoan entzungo gaituela, ez digula kalterako ezer emango,  ematen digun guztia ona dela alegia, Espiritu Santua emango digula. Ziurtasun hauetan baretzen da fededunaren bihotza. Otoitzean erabakiorra ez da zer egiten edo esaten dugun, Nori egiten diogun otoitz baizik. Erabakiorra ez da zenbat denbora ematen dugun otoitzean, harremanaren sakontasuna baino. Erabakiorra ez da otoitz egiteko metodoa edo modua, erakusten dugun konfiantza baizik.

 

Otoitz egiten al dugu? Zer da nire otoitza, nolakoa da? Zer harreman bizi dut Jesusen Jainkoarekin? Nire bihotza zabal irekia al daukat Jainkoaren aurrean eta lagun hurkoen aurrean? Otoitzerako denbora eta guneak ba al dauzkat, Jainkoarekiko harremana lantzeko eta sakontzeko? Otoitz egitea ez zaigu berez sortuko. Ez dugu otoitz egiteko gogorik sentituko. Hasieran otoitza eginbehar bezala egiten da, fededunak otoitz egin behar duelako. Behin baino gehiagotan otoitza gogoz kontra egin behar izaten da. Gerora, ordea, otoitza dohaina da, nahiz eta askotan zaila gertatu. Jainkoaren interesak neuretu, edo Jainkoarekin egon  besterik gabe. Hori ederra eta bizigarria gertatzen da. Eginkizun betea eta gizaegilea gertatzen da. Landu al dut otoitz-bizitza? 

 

Gure familietara begiratu beharko genuke, gauzak asko aldatu baldin badira ere. Gure familiak otoitz-eskola ote dira? Familietan otoitz egiten al dugu? Zeintzuk dira horretarako zailtasunak? Gure Elizak, otoitz egiten ikasteko eskolak ote dira? Apaizok otoitz-maisu al gara?

 

"Emaguzu egun honetako ogia", hauxe dugu gaur otoitz. Eta Jaunak Eukaristian bere ogia ematen digu. Otoitz ederrenean gaude, otoitz guztien oinarria ukitzen dugu ospakizun honetan. Konfiantza ikas dezagun.

FaLang translation system by Faboba

Utilizamos cookies propias y de terceros para fines analíticos y para mostrarle publicidad personalizada en base a un perfil elaborado a partir de sus hábitos de navegación (por ejemplo, páginas visitadas). Puede aceptar todas las cookies pulsando el botón "Aceptar" o configurarlas o rechazar su uso pulsando el botón "Configurar". Puede obtener más información o cambiar posteriormente los ajustes en nuestra Política de Cookies.