liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Jesu Kristo gure Jaunaren grazia eta Jainko Aitaren maitasuna eta Espiritu Santuaren batasuna, izan bedi zuekin.

Berriro ere elkarrekin gara. Zorionez! Igandearen deiak bata bestearengana ekarri gaitu. Bakoitzak dituen beste pertenentzia guztietatik, gure bihotzen nagusi den Jaunarengana gatoz. Izan ere, gauza askotan bagabiltza ere, eta ibili behar dugu, gu izan, Jaunarenak gara!
Gure batzar honek buru Jesus bera du. Gu guztiok haren hitza entzun eta, otoitzean eta kantuan, haren dohaina jaso nahi dugu. Jaunarekin eta geure artean oinarrizko elkartasuna berritu nahi dugu. Arrosarioko Andre Mariaren igandean, lehen fededuna ere lagun izango dugu ospakizunean.

Gure bilerari hasiera emateko, gure bihotzak hustu ditzagun egoismo eta itsukeria guztitik, Jaunaren hitzaz bete daitezen.
– Jesus Jauna, bihotz bera eta apala zarena. Erruki, Jauna.
– Jesus Jauna, gu gaitzetik askatzera etorria. Kristo, erruki.
– Jesus Jauna, zeure barkazioz bakea ematen diguzuna. Erruki, Jauna.


PREFAZIOA
Jainkoa gure artean salbatzaile dugula sutsu sinetsiz, eskerrak eman diezazkiogun gure Aitari. Eta eska diezaiogun Espiritu Santua gure biziera osoa berri diezagun.


GURE AITA
Ikasleek hala eskatzen zaioten Jesusi: «Indartu iezaguzu sinesmena». Eskari berbera egin behar diogu guk ere, Jesusek irakatsitako otoitza esatean.


HONA HEMEN
Hona hemen Jesu Kristo. Bera dugu egiazko askatasunera garamatzan Jauna! Berak elkartzen gaitu Aitarekin fedearen elkartasunaz. Zoriontsuak Jaunaren mahai honetara deituok!





B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1.    Profetaren hitzez, askok askotan egiten duten galdera egiten dugu: Jainkoak zergatik ametitzen du gaitza? Jainkoaren erantzuna entzungo dugu: sinesmena behar dugu eta Jainkoaren promesa itxaron.
2.    Timoteori ari zaio San Paulo: jaso duen dohaina bete-betean bizi eta ebanjelizatzaile izan behar du. Guretzat ere balio du mezu honek.





HERRI-OTOITZA
Kristorengan sinesteak ematen digun konfiantzaz, otoitz egin diezaiogun zeruko Aitari gizon-emakume guztien alde. Berak entzungo du pobreen deiadarra. (Kanta dezagun: ENTZUN, ARREN, JAUNA!)

•    Gotzain, apaiz, diakonu eta eliz zerbitzari guztien alde:  eskuen ezartzeaz hartu zuten grazia sutu eta areagotu dezaten.

•    Nahigabe eta sufrimenduen eraginez, beren fedea kolokan ikusten dutenen alde:  Jainkoaren agintzaria beti betetzen dela jabetuz, uste onenaz aurrera egin dezaten.  

•    Kristau militanteen alde: beren hitzez eta egintzez, Jesu Kristorengan duten fedea erakuts dezaten, eta haren Berri Onaren lekuko izan daitezen.

•    Beren eguneroko lana, duintasunik gabe eta inguru-giro gaiztoan ari dutenen alde:  borondate oneko gizon-emakumeengan babesa eta aurrera-indarra aurki ditzaten.  

•    Gure fedearen misteriorik nagusiena ospatzen dugunon alde:  fedea indartu dezagun, gure biziera eta jarduera osoaren sentidu eta argi gerta dakigun.

Jainko eta Aita gurea, onar zuk zeuk sortu dizkiguzun nahi hauek. Zure laguntzak eman diezagula fede handiagoa eta esperantza sendoagoa. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.



 

HOMILIA
Senideok: fededunak ez luke asmatuko iganderik gabe bizitzen. Jainkoaren Hitza, Eukaristia, elkarrengana biltzea... behar-beharrezko gauzak ditu bere fedeari aurrera-nahia eta argia opa dizkionak. Izan ere, eliz elkartera etortzen garenean, eguneroko bizitzatik etortzen gara: sufrimendutik, ezinetik, borrokatik, etsipenetik zenbaitetan, ahulalditik, gaitzaren bihotzetik... Eta igandearen mahaian Jaunaren presentziak indartu eta sendotuko ez bagintu, esadazu: nondik biziko ginateke pozik eta esperantzan!?

Igandero-igandero berresaten dugu gaurko ebanjeliokoan ikasleek Jesusi egiten zioten eskaria: «Indartu iezaguzu sinesmena». Eta Jaunak ematen digun indar berri horretan sutzen eta berritzen zaigu gure eguneroko esperantza eta argi hil-zorikoa.

Begira ezazu: Habakuk profetaren garaiko egoera hori eta jaurti dituen galdera horiek ez dira, halabeharrez, ordukoak bakarrik. Gaur ere, gure kristau herriak, eta kristau bakoitzak bakarka ere berdin, denok bizi dugu antzeko egoera. Badirudi gaitzaren poderio makurtu-ezinak betirako hankapean zapaldu gaituela. Badirudi, gaitzaren kontrako borroka alferrikakoa dela. Ez dela inolako irtenbiderik. Badirudi Jaunak berak ere ez digula presentzia nabarmenegirik eskaintzen gaitzaren kontrako aritze horretan. Gure inguruan ageri den gogorkeria, setakeria, itsukeria, gezur sistematikoa, manipulazioa... Hau ote dugu gure eguneroko maitasun-borrokari opa zaion emaitza eta fruitua?!

Hor dago Jaunaren erantzuna: «Bere garaian gertatuko da; ez du huts egingo; luzatuko balu, zaude zain, etorriko baita berandu gabe». Eta hementxe kokatzen da fede sendoak ematen digun konfiantza hautsiezina. Zailtasun eta estuasunetan ere, fedeak ez du etsitzen. Bere ahaleginaren neurriko fruituak sumatzen ez baditu ere, aurrera jarraitzen du lanean. Fededunak ondo asko daki, bere lanean ez dela bakarrik ari. Jauna ere tarteko dugula. Eta, azkenean, fededunaren lanari ez datorkio fruitua gure ahaleginetik, Jaunaren dohainetik baizik. Gure gizadiak sortu dituen bizigiro zuzengabeko ugarientzat, askatasunezko irtenbidea sortuko da. Esperantzak hala esaten digunez, aurrera egiten dugu eguneroko lan zailduan.

Ebanjelioan eman zaigun konparazio horrek ez al dizu argirik ematen? Bere gehiegikerian ere, argitsua gertatzen da: «Mostaza adinako sinesmena bazenute... egingo luke zuen esana». Eramaitzazu hitz horiek zure eguneroko jardueran inguratzen zaituen gaitz horretara. Fedearen indarrak ezinezkoak ere aukeran jartzen dizkigu, eskura jartzen dizkigu. Hori bai, gauzak ez dira guk nahi bezala gertatzen, baina Jauna ere gure eguneroko borrokan murgildua dabil. Gure borroka ez da ezinezkoen ametsetan egiten dugun lehia.

Esaten ari garen hau ez genuke inolaz ere ahaztu behar: gaitza garaitzea, ez da gure ahaleginaren neurriko fruitua. Ez da meritu edo irabazi handi batzuen kontua. «Egin behar genuena egin dugu». Eta kitto! Eskatzen  zaiguna ez da heroiak izatea, giza-mailaz gorako egintzak burutzea. Ez, ez. Jaunak zerbitzu apal batean jarri gaitu. Eta eman zaigun eguneroko zerbitzua apaltasunez eta esker onez betetzea da kontua. Askotan pentsatzen dugu, gaitzaren kontrako borroka, egintza handiak burutu ditzaketenen esku dagoela. Eta agintariei eta begiratzen diegu. Bakoitzak egin behar duena ongi egitea da kontua. Agintariak agintaritzan, elizgizonak bere jardueran, gaixoak bere ohe sufritu horretan, langileak lanean...

San Paulok Timoteori esan diona, bakoitzari esana dago: «Bizkor ezazu, nere esku-ezartzeaz zeuregan duzun Jainkoaren grazia». Espirituaren dohain berezia eman zaigu bakoitzari, eta dohain horren zerbitzua leialtasunez bizitzea da kontua. «Jainkoak ez digu beldurrezko espiritua eman». Ez dugu, beraz, gure fedearen lekukotasuna edo testigantza bizitzeko lotsarik eta beldurrik izan behar. Berri Onaren gordailu ederra jarri zaigu eskuetan eta hori zaintzea eta hori mundu-bizieran txertatzea da eginkizuna.

Fededun adiskide: eskerrak igandeko festa hau ematen zaigun! Eskerrak gure esperantza eta fedea indartzeko aukera hau ematen zaigun! Gure gizartera begira jarrita, zer ikusten duzu? Batek esaten du: oraintxe bertan alde batera utziko nuke politikari dagokion guztia, nazkatuta gaude! Beste batek esaten du: zertarako jardun on egiten, ostikadak eta jipoiak jasotzeko? Zuk akaso, gaixo horrek, behin baino gehiagotan pentsatu duzu: Zergatik ez dit Jaunak gaitza kentzen? Non arraio dabil Jauna!? Zertarako du nire gaixotasuna? Beste batek pentsatu du: Zergatik seme-alabak sortu mundu argi gabeko honetara? Beste batek: Zergatik ez bizi, beste asko bezala, atsegin hutsaren eta ongi bizitzearen bila? Zergatik bilatu justizia eta maitasuna eta eskubideen garapena eta? Zergatik?! Bakoitzak konpon dezala bere arazoa?!

Eskerrak igandeko Hitza eta Eukaristia dauzkagun! Horien bultzadaz eta argiaz, aurrera egin behar dugu. Badator Jaunaren eguna! Badator Jaunaren Erreinua! Badator Jaunak bere erregetzaren ederra bete-betean agertuko duen unea! Gu Erreinu horren langile apalak gara! Horixe dugu gure ohore eta gure edertasun!

Goazen Eukaristiaren mahaira. Goazen gure itxaropena eta gure fedea indartzen dizkigun janaria hartzera! Goazen elkarrekin, geroko borrokarako gai egingo gaituen Jaunaren presentzia sumatzera! Gure fedea aitor dezagun sutsu eta fede horren bidetik joka dezagun leialtasunez eta esperantzaz!

FaLang translation system by Faboba

Utilizamos cookies propias y de terceros para fines analíticos y para mostrarle publicidad personalizada en base a un perfil elaborado a partir de sus hábitos de navegación (por ejemplo, páginas visitadas). Puede aceptar todas las cookies pulsando el botón "Aceptar" o configurarlas o rechazar su uso pulsando el botón "Configurar". Puede obtener más información o cambiar posteriormente los ajustes en nuestra Política de Cookies.