liturgi lagungarriak

Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).

 

HOMILIA
Azkeneko hiru igandeotan, Jesusen misio-hitzaldia entzuten ari gara, Mateoren Ebanjeliotik, bere ikasleak Berri Ona zabaltzera bidali zituenekoa alegia. Berri Ona hots egitera bidaliak izan gara gu ere, uzta ugaria baita, eta uzta horren ardura denoi dagokigu; misio edo eginkizun hori zailtasun askoren artean ari dugu, fededun izateak ez baitizkigu gauzak errazten; baina, misio horrek badu bere saria, bere eskakizun sendoa baduen bezalaxe. Ez genuke zilegi izango, misioaren zailtasunak bakarrik ikustea, beste alderdiak ahaztuta. Ebanjelioa eginkizun izateaz gain eta eginkizun zail zenbaitetan, sari eder ere badugu, zorionez.

Berri Onak badu, bai, bere eskakizuna. Berri Onak pertsona osoa jokoan jartzea eskatzen dio ikasleari. Pertsonak duen guztia eta pertsona den guztia. Dena eman behar da Jesusen segizioan: gauzak, maitasunak, bizia, pertsona bera oso-osorik. Berri Onaren zerbitzuak ez du erdipurdiko ahaleginik ametitzen. Indar eta ahalmen guztiak zerbitzu horretan eman behar dira. Jainkoaren deiak eskakizun oso pertsonalak ditu, bakoitza izan gara deitua. Emakume sunamdarrari“etxe-gainean gela txiki bat” eskatu dio; Ebanjelioan ikasleei, berriz, “aita eta ama, semea eta alaba”;  Ebanjelioak“bizia Niregatik galtzea” ere eskatu digu; San Paulok bigarren irakurgaian esan duena gertatzen da Jesusen deiarekin: "Kristorekin hiltzea", "heriotzean Kristorekin hobiratuak izatea".

Eskakizun honek, eskakizun pertsonal honek, Jainkoaren erregetzaren lehentasun erabatekoa adierazten du. Jainkoa da lehenengoa. Eta, noski, den-dena Jainkoaren zerbitzuan jarri ahal izateko, Jainkoaren lehentasunaren esperientzia sumatu behar. Bestela, alferrik da! Legeak, aginduak, eginbeharrak, mandamentuak... horiek ez dute indarrik gizon-emakumeak horrelako osotasunean harrapatzeko. Berri Onaren edertasunak erakarrita bakarrik bizi daiteke era honetako osotasuna. Eta, esan dugu, horretarako Berri Ona edertasun bete bezala bizi behar.

Baina, eskakizun hauek fededun guztientzat dira ala erlijiosoentzat bakarrik? Fededun guztientzat, noski! Baina, eguneroko bizitzan nola ulertu? Era askotara, eta bakoitzak zehaztu behar du zer eskatzen dion honek. Esate baterako, argi dago ongizateak ezin gaitzakeela beste guztia ahaztera eraman. Ezin daiteke edozer gauza egin, seme-alabei ikasketa gorengoenak emateko; zerbait sakrifikatu beharko da beste balio batzuen alde. Etxekoek ezin dezakete fededun baten denbora eta ahalegin guztia irentsi; Jainkoaren Erreinua lantzeko denbora ere hartu beharko dute nolabait.  Jesusen bideak eskatzen duen eramanbeharra onartzeko prest ere egon beharko du fededunak, horrek sortzen dituen zailtasunekin. Eta adibide batzuk besterik ez dira hauek. Bakoitzak bere bizitzaren azterketa egin beharko du, ea Jesusen segizioak zer eskatzen dion aztertzeko une bakoitzean.

Berri Onak badu, ordea, bere saria ere. Ezin daiteke Berri Ona eskakizun eta zailtasun eta eramanbehar eta galera huts bezala azaldu. Hori ez da bidezkoa. Ebanjelioa bera da ikaslearen lehenengo saria. Ebanjelioaren ederra sumatzea, besterik gabe, sari eder askoa da. Baina, horrez gainera esan behar, Ebanjelioagatik emandakorik ezertxo ere ez dela galtzen. Ebanjelioa ez da negozio txarra. Gehiegizko ordaina edo konpentsazioa du Ebanjelioa zerbitzeak. Begira ditzagun gaurko irakurgaiak:    

“Datorren urtean, garai honetan, seme bat izango duzu besoetan" esan zaio emakume sunamdarrari, egin duenaren ordain; Jesusengatik gauzak galtzen dituenak,  "Ni hartzen nau" eta "Ni bidali nauena hartzen du", eta, gainera "profeta-saria izango du" eta "zintzo-saria izango du". "Ez du galduko bere saria" esan du Jesusek. "Gu ere biziera berri batean ibiliko gara". "Bizi ere berarekin biziko gera" esan digu Paulok. Jainkoagatik eta Ebanjelioagatik ematen ez dena eta irabazi ustez gordetzen dena, galdu egiten da. Egoismoak antzutu egiten baitu egiazko gizatasuna eta fedea.

Honek ere bere mailak ditu, noski: Eliseo gizon santu eta leialak maila bat erakusten du; emakume sunamdarrak, emakume xumeak, beste bat. Ebanjelioaren eskakizunak bere gordinean hartzen dituenak maila bat; baso bat ur ematen duenak, beste bat. Kontua ez da gauza haundiak egitea. Bakoitzari berea eskatzen zaio, askotan gauza hutsa. Zergatik joaten zaigu beti gure desioa gauza handien ametsetara? Zergatik itsutzen gaitu santu handien distirak? Ebanjelioaren radikaltasuna eta geure eguneroko errealitate txikia integratzen ikasi behar dugu nolahala.

Eta honen guztiaren azpian, Ebanjeliozko mentalitatea dago. Gaurko gizartean biltzea, pilatzea, edukitzea, gastatzea erakusten zaizkigu zorion-bide. Gizarte kontsumista honen lege gogorra sartu zaigu bihotzera. Emateak ez du, nonbait, arrakasta handirik. Eta, hala ere, Ebanjelioak arrazoi du: ematen duenak bizi dela erakusten du. Ematea barruko biziaren ezaugarri da. Ematen ez duenak gauzak behar ditu, barrutik hilda dagoelako. Ematearen zoriona, paregabeko zoriona da. Barru-barrutik bizia sortzen eta ugaltzen duen zorion ederra. Ematen duenak ez ditu gauzak pilatuko, baina bizia oparotu bai horratio!
Fedea eta fede-bizitza, bizilege gogor edo galtzaile direla? Esijentzia ez da mantsotu behar, fedeak bere zailtasunak baditu eta. Baina fededun izatea egiazko irabazia da: irabazi, gizatasun-maila sakonean irabazten da; irabazi, fede-mailan irabazten da. Jainkoaren beraren eta Berri Onaren esperientzia baita saririk eta irabazirik bikainena. Hori ordaintzeko dirurik ez dago inon.
Eukaristia dugu zerbitzu osora garamatzan dohain eta sari berdingabea. Ebanjelioak eskatzen eta eskaintzen digun aldaketa, graziaz egiten zaigun aldaketa da. Eukaristian hartzen den graziaren aldaketa.

FaLang translation system by Faboba

Utilizamos cookies propias y de terceros para fines analíticos y para mostrarle publicidad personalizada en base a un perfil elaborado a partir de sus hábitos de navegación (por ejemplo, páginas visitadas). Puede aceptar todas las cookies pulsando el botón "Aceptar" o configurarlas o rechazar su uso pulsando el botón "Configurar". Puede obtener más información o cambiar posteriormente los ajustes en nuestra Política de Cookies.