liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Bere hitzez pozten eta indartzen gaituen Jauna, zuekin!

 

Beste behin, geure lanetik edo geure oporralditik, Jesusengana gatoz. Berari eman nahi diogu bihotzean dakargun guztia. Berari azaldu nahi dizkiogu gure senide gizon-emakumeen penak eta pozak.

Jesusengan aurkitzen baitugu atsedena, bakea, bizia. Berak eragiten digu aurrera; berak erakusten digu Aitaren begirada gozoa, beti maitasunez babesten gaituena. Berak berritzen digu gure itxaropena eta gure maitasuna.

 

Hasteko, isilunetxo bat egingo dugu, gure hutsegiteen barkazioa eskatzeko. Eska dezagun, baita ere, gure bihotza bera dezala, Hitzaren hazia egoki jasotzeko gero.

 

- Jesus Jauna, betiko biziaren hitza zarena. Erruki, Jauna.

- Jesus Jauna, gure bihotzetan ereindako hazia zarena. Kristo, erruki.

- Jesus Jauna, gure haragian mamitu zaren hitza. Erruki, Jauna.

 

PREFAZIOA

Jainko Aita eskertzera goaz. Berak emanik ditugu oparigai guztiak, bai oporretan eta bai lan-giroan. Eskertu dezagun, batez ere, nola ez, bere Seme maitearengatik.

 

GURE AITA

Jesusek irakatsiaren arabera, eska diezaiogun Aitari datorkigula, bai, beraren Erreinua.

 

JAUNARTZEKO

Hona hemen Jaungoikoaren Bildotsa, hona gure bihotzetan fruitu emateko ereindako Hitza. Zorionekoak mahai honetara gonbidatuok.

 

 

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOA

Gaur, Ebanjelioan, pasadizo oso ezagunak hasiko gara irakurtzen, erreinuko parabolen atala hain justu. Eguneroko bizitzatik hartutako errealitateak erabiliz, Erreinuko errealitateak adieraziko dizkigu Jesusek. Gaurko parabolaren esanahia jasotzeko hazia eta lurra jartzen dizkigu Jesusek. Hazia Jainkoaren hitza da eta lurra giza bihotza.

Lehenengo irakurgai honek ebanjelioa ulertzeko bidean jartzen gaitu.

 

 

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Eska diezaiogun guztion Aitari erein dezala bere Erreinuko hazia mundu guztian eta sor daitezela maitasun-fruitu berriak.

 

• Berri Ona zabaltzen ari diren guztien alde:

hazia pozik erein dezaten, eta fruituak Jainkoaren eskuetan utz ditzaten.

 

• Munduko gizon-emakume guztien alde:

beren bihotza zabal diezaioten Jainkoaren ekintzari, gizatasun berri baten fruituak emateko.

 

• Etsita eta itxita bizi direnen alde:

esperantzaz joka dezaten, inor behartu gabe eta jarrera guztiak errespetatuz.

 

• Sufritzen ari diren guztien alde:

Jainkoarengan sinetsiz, beren sufrimenduari aurrera-indarra atera diezaioten.

 

• Nekazari guztien alde:

Soroetan ereiten duten haziak, fruitu on eta mardulak eman ditzan.

 

Emaitza on guztien iturri zaren Aita ona, zabal itzazu gure bihotzak zure dohainak onartu eta eskertu ditzagun.  Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

 

HOMILIA

Fededun bezala dagokigun eginkizuna, eman zaigun misioa, alde batera utzi ohi dugu inoiz, ez dugulako ikusten egiten dugunaren fruiturik edo emaitza egokirik. Iruditzen zaigu, lortzen dugun fruituak ez duela hainbeste ahalegin merezi. Fruitua ez da kontrola daitekeen zerbait eta hortik etorri ohi zaizkigu arazoak. Kontrolatzea gustatzen zaigu inondik ere. Asko kostatzen zaigu Jainkoaren egintzan sinestea. Geure kontrolean sinesten dugu edo geure idealetan sinesten dugu, baina Jainkoaren egintzan nahiko lan! Errealistak baldin bagara, geure kontrolean sinesten dugu, fruitua kontrolatu ahal izatean. Eta idealistak baldin bagara, berriz, geure idealetan. Baina, Jainkoaren egintza eragin handikoa dela, bere fruitua beti ematen duela? Hori ezin dugu sinetsi! Erreinuko parabolak irakurtzen hasi gara gaur. Erreinuak beti du bere eragintasuna, gure moldekoa ez bada ere. Jainkoak ari du bere lana eta ematen du bere fruitua, guk nahi eta uste bezala ez bada ere.

 

Erreinua etorri zen Jesusekin, eta etortzen ari da Jesusen jarraitzaileekin. Baina, etorrera hori Jesusen erara gertatzen da, ez gure erara. Nola jokatzen du Jainkoak? Erein egiten du Erreinuaren hazia, eta zain geratzen da. Ez zaio inori inolaz ezartzen Erreinua. Erreinua eskaini egiten zaigu. Eta lurrak bere harrera ona egiten dion neurrian, Erreinuak bere fruitua ematen du. Erreinua giza askatasunarekin estu lotua dago. Gizakiak nahi ez badu, Jainkoak ez du indarrez inor derrigortzen. Askotan iruditzen zaigu Erreinua gehiegiz lotua dagoela giza askatasunarekin. Eta era horretan bere eragintasuna galdu egiten duela. Eta halaxe da, askatasuna errespetatuz jokatzen du Jainkoak, baita Jesusek ere.

 

Itxurak bestelakoak badira ere, Erreinua hazten ari da. Baina hori ikusteko, sinetsi egin behar da. Jainkoaren misio horretan sinesten duenak, badaki pazientzia izaten, badaki itxoiten, badaki gauzak bere horretan onartzen. Misioan sinesten ez duenak egoerak eta gauzak behartu egiten ditu, dena bere eskemetara tolestatu nahi izaten du. Baina, Ebanjelioaren misioan dabilenak giza bihotzarekin eta giza bihotzaren erreakzioekin kontatu behar du, eta beronen ahuldade eta gorabeherekin. Nor bakoitzak ongi daki bihotzean daukan Erreinua ez zaiola merezita eman, doan baizik. Eta, hori begiratuz, doakotasuna ikasten du besteekiko bere jokaeretan ere. Ondo ezagutzen dugu giza bihotzaren ahultasuna eta ezina. Eta Erreinua hortxe gertatzen da.

 

Baina, Jainkoaren Erreinua hazten ari dela esateak ez du esan nahi, haziak automatikoki jokatzen duenik, ez. Erreinuaren haziak lur ona eskatzen du. Eta hemen zerikusi handia dute gure barruko jarrerek. Jainkoak beti errespetatzen baitu gure jarrera. Gaurko Ebanjelioak jarrera batzuk aipatu dizkigu:

 

1) Ulertzen ez dutenen jarrera: ez daukate ezer aldatzeko interesik eta ez dute Ebanjelioaren eskakizunik berentzako hartzen. Gauzak ongi egiten dituzte, zintzoak dira eta ez dute ulertzen barruko jarreren aldaketa eskatzen zaiela. Erreinua ez baita gure zintzotasunean gertaten, bihotz berrituan baizik.

 

2) Bigarrenik, sendotasunik ez dutenak: badakite Erreinua zer den eta Erreinuaren alde daude eta ilusioz, baina beren bizitzari arazoak sortzen zaizkiola ikustean atzera egiten dute; ez dute beren bizitza konplikatu nahi, ez dute arazorik nahi. Ez daude Erreinuaren sufrimentua beren gain hartzeko prest.

 

3) Hirugarrenik, ondasunen atzaparretan harrapatuta daudenak: aberatsak, alde batetik; eta, bestetik, dena hobeto bizitzeko ahaleginetan biltzen dutenak. Ez dakite ezer sakrifikatzen Erreinuarengatik. Gauza hau eta bestea eta bestea... oso dira inportanteak. Eta munduko gauza bakoitzari inportantzia handia emanez, Erreinuari inportantzia kendu egiten diote. Erreinua, gehienez ere, beste gauza askoren artean gauza bat da!

Hiru lur hauetan ez du haziak atarramentu onik!

 

Jarrera horiekin identifikatuak sentitzen gara neurri handi batean, ez al da egia? Eta, hala ere, Erreinua aurrera doa. Jainkoak ez du huts egiten. Euriak lurra bustitzen duen bezala, Jainkoaren dohainak ere bere tokia aurkitzen du beti. Guk ez dugu geuretik kontrolatuko, ez dugu ikusiko. Baina, Jainkoak ongi daki zertan ari den. Erreinuaren haziera oso gordea da askotan, baina egiazkoa. Oso neurkaitza, baina nabarmena.

 

Gure bizitzara begira dezakegu, Erreinuaren haziera eta gure lanaren fruitua askotan gordea dela ohartzeko: seme-alaben heziera begira dezagun, esate baterako. Ez dugu emaitzarik ikusten. Ereilearen jakituria behar da: erein eta itxoiten jakin, bere orduan bere fruitua eman dezan. “Bere” orduan eta “bere” fruitua. Ez “gure” orduan eta “gure” fruitua. Bere ahalegin guztia jartzen du ereileak, baina askatasunaren misterio lotuezina errespetatu behar du. Landareak ez dira gehiago hazten hostoetatik tiraka. Haurrak hezitzeko, eguneroko ahalegin itxaropentsua behar da, ez egun bateko saio ezartzailea. Gaixoen zainketan, katekesian, elkarte baten arduran, pastoraltzan, taldeetako lanean..., denetan pazientzia behar da. Eta pazientzia edukitzeko, haziaren barne-indarrean sinestu behar!

 

Zergatik galtzen dugu hain erraz gure adorea? Ebanjelioko eragintasuna nola ulertzen dugu? Gure asmoen frakasoa integratuta al daukagu? Erreta al gabiltza? Gure fruitu-ametsak ez al du makurtu nahi barruko aldaketa sakonen esperoan? Egunero jarraitu behar dugu hazia ereiten. Sinesmen berriz, ilusio saiatuz, eskuartean daukagun misioan sinestuz, aurrerantzean ere hazia ereingo dugu! Jainkoak ongi daki zertan ari den!

 

Eta beste gauza bat: haziak beti ematen du fruitua, tokirik zailenean ere! Sekula ez al duzu ikusi, landare txiki bat harri artetik sortzen? Baldintzak zailak izaki, larri dator, ezinez. Baina hantxe sortzen da. Giza bihotzetan ere, sinesten ez dutenengan ere, gaiztotzat jotzen direnengan ere... sortuko da! Sortzen da! Gutxien uste dugun tokian ere sortzen da landaretxoa. Erreinuak indar handia baitu beregan!

 

Eukaristia ospa dezagun. Jainkoak bere Erreinuaren hazia ereiten du orain ere gure bihotzetan, eta gizon-emakume guztien bihotzetan. Utz diezaiogun Erreinuari hazten.

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.