Liturgi lagungarriak
A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Esperantzaren Jainkoa, Epiritu Santuaren bidez alaitzen eta baketzen gaituena, bego zuekin.
Jainkoak betiko biziaren otordura gonbidatzen gaitu: dohain horretan sustraitzen dugu geure esperantza urtean zeharreko azken igandeotan. Betetasun horretara bidean goaz. Badakigu horixe dugula zain gure ibilbidearen buruan.
Eukaristia honek etorkizunaren esperantza ereiten digu bihotzean eta, bide batez, Jainkoarekin elkartzen gaitu bizi-batasunean.
Isilean bildu, barrura sartu, uste on izan eta eska dezagun barkazioa, askotan esperantza galdu dugulako, askotan Erreinuari aurre egin diogulako.
– Jesus Jauna, dohain oroz bedeinkatzen gaituzuna. Erruki, Jauna.
– Jesus Jauna, Erreinua zerbitzera bidali gaituzuna. Kristo, erruki.
– Jesus Jauna, azken egunera arte gurekin zaituguna. Erruki, Jauna.
B) IRAKURGAIAK
1 - Emakume saiatu baten goralpen kantua dugu lehenengo irakurgaia. Emakume honengan miresten direnak, kristau bakoitzak behar dituenak dira: langilea, behartsuekin bihotz-zabal, bere ustea Jainkoarengan jarri. Ebanjelioko talentuen aurerrapena dakarkigu.
2 - Tesalonikako kristauak oso aztoratuak zebiltzan, azkena noiz izango ote zen kezkaturik. San Paulok lasaitasuna eta bakea eskatzen dizkie, eta azken egun horretarako gertaturik bizitzeko esaten die.
HERRI-OTOITZA
Senideok, Jesusen sentipen berberak ditugula, otoitz dagiogun zeruko Aita onari, Elizaren eta munduaren beharretara makur dadila eskatuz.
• Elizaren alde:
askatasunez hots egin dezan Ebanjelioa mundu guztian.
• Gure Elizbarrutiaren alde:
guztion laguntzaz bere ebanjelizazio-proiektua aurrera eramateko behar duena izan dezan.
• Kristau guztion alde:
Kristoren hitz askatzaileari erabat irekirik, Jainkoaren Erreinuaren zerbitzari leial izan gaitezen, dauzkagun dohain guztiekin.
• Behartsuen alde, lanik gabe daudenen alde, gaixoen alde; gerran ari diren herrien alde; ezbeharrek kaltetu dituztenen alde:
Jainkoaren maitasunak eta beste herrien solidaritateak duintasunera jaso ditzan.
• Gure hildakoen alde:
Aita errukiorrak bere Erreinuko otorduan onar ditzan eta biziaren sariz edertu ditzan.
Aita ona, bedeinka itzazu zure esku utzi ditugun gizon-emakumeak eta emaiezu zure hurbiltasunaren poza. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
HOMILIA
Adiskideok: Datorren igandean, Kristo Erregeren festaburua ospatuz, amaituko dugu aurtengo liturgi urtea. Eta abenduaren bidez, urte berri bati hasiera emango diogu. Hori horrela, azken igandeotan, geure azkenari eta munduaren azkenari begira jarrita gaude, azkeneko misterioari begira jarrita. Azkena, Jaunaren Etorrera izango da. Jauna etortzekoa da. Eta bera datorrenean, burutuko du bere askatasun-misterio osoa.
«Jaunaren eguna lapurra gauez bezala etorriko da» oroitarazi digu San Paulok. «Gauden erne eta izan gaitezen neurritsu». Arrazoizko jokalegea, nolanahi ere, zergatik ezen Jaunaren Etorrera izango baita jokabide eta balio guztien azken irizpidea eta neurria. Joan den igandean, ikusi genuen hamar neskatxen parabolan, zeintzuk diren Jaunarekin topo egiteko barne-postura jatorrak.
Gaurko parabolak, azken eguneko epaiaren aurrean jartzen gaitu: zer egin dugu Jaunak eman dizkigun baliabide eta dohain guztiekin? Lanari ekin diogu, Jaunaren egintza ugaldu eta zabaldu nahiz? Edota, Jauna estua ikusi dugulako, nagikeriari eta alferrari eman diogu? Bakoitzari bere trebetasunaren arabera ematen zaio parabolan. Eta batzuek zintzo azaldu diren bezala, bestea benetan nagia eta beldurtia agertu da. Bik, Jaunak emaniko eginkizuna ongi burutu zuten, hirugarrenak, lurpean gorde zituen Jaunaren ondasunak, Jaunari beldur ziolako. Ez zuen aski hirugarren honek, Jaunaren dohainak alferrik galtzea, horrez gainera, bere jokaera gaiztoa estaltzeko, Jauna bera estutzat eta zorrotz jotzen du, Jauna bera gaiztotzat alajaina!
Parabola honen haritik, adierazgarria da lehenengo irakurgaiko etxekoandrearen jokabide ereduzkoa ere. Familia aurrera ateratzen du, beragan uste on dutenen segurantza da, behartsuentzat esku-zabala, ez da liraintasunaz eta edertasunaz fio, bere lanaz eta saiatzeaz baizik. Ez ditu berak jasotako dohainak lotan eduki. Lanak ez dizkio eskuak erre.
Hitz hau garbi dago, nik uste, ulertzeari bagagozkio behinik behin. Baina ulertzeaz aparte, hitz hau galdera bihurtzen zaigu gure eskuetan. Galdera edo epaia, ez dakit! Zer egin dugu, zer egiten dugu Jaunak eman dizkigun dohainez? Jaunak eman dizkigun eginkizunak eta eginbideak, bere horretan gordeta eta utzita dauzkagu, edo Jaunak eman digun lanean jo eta ke ari gara?
Dohainak lurperatu, era askotara egin daiteke. Geure intereskeriaren eta irabazi hutsaren bila jokatzea, besteen zerbitzuaz arduratzeke, hori Jaunaren dohainekin arduragabe izatea izango litzateke. Edo guri komeni zaizkigunetan bakarrik saiatzea, edo lan errazak bakarrik burutzea, gure erantzukizunak zabarkeriaz betetzea... axolagabekeriazko jokabide guztiok gure kristautasunaren azalkeria agertzen dute.
Edo, beste kasura etorriz, gure fede-bizitza ohiturakeriazkoa denean, eta lege batzuk betetzeaz konformatzen garenean, edo gure barne-bizitzak ere hazi eta heldu egin behar duela kontutan hartzen ez dugunean, hori guztia parabolako alferraren zakuan sartzen da.
Gaurko gizarteari begira jarrita, fededunok galdera asko egin beharko genioke geure buruari. Kontua ez baita lantegiko arduradunak edo herriko alkateak edo etxeko norbaitek ikusten gaituen edo ez. Kontua da, benetan kontu erabakiorra gainera, Jaunak ikusten gaituela. Eta fededunak Jaunaren epaia du irizpide gorengoa. Eta irizpide gorengo horrek gure bizitzako maila guztiak hartzen ditu. Familia, lana, kulturgintza, politika, fede-bizitza, harremanak... Mundu honetako gauzak izanik ere, Jaunak eman dizkigun dohain eta talentu ditugu. Eta Jaunaren ondasun bezala zaindu beharrekoak.
Kontzilioak ederki esan zuen, eta ez da ahaztekoa: Gure eguneroko lanez, jatekoa irabazteaz batera eta gure familiak aurrera ateratzeaz batera, Kreatzailearen lana aurrera eramaten ari garela, anai-arreben mesedea zerbitzatzen eta Jainkoaren asmoei aurrera-bidea urratzen. Eta hori serioa da.
Azterketa eskatzen zaigu gaur, geure buruaren azterketa. Batzuek estu-estu hartzen dute beren burua, egiten dutenaz edo ez dutenaz antsietatez kezkaturik. Hori ez da ona. Beste batzuek, beren burua akastun eta gaizto ikusten saiatzen dira errudun-sentimendu minduz, horrela Jainkoaren errukiaz jabetzeko. Hori ere ez da ona. Beste batzuek, ekintzaren ekintzaz, ez dute beren buruari begiratzeko astirik hartu nahi. Azterketari ihes egitea ere ez da batere ona. Egunean eguneko azterketa bizitzea da egin beharrekoa. Egunean egunekoa bizitze hori serio hartzea. Antsietaterik gabe eta iheskeriarik gabe, Jainkoaren eskuetan egoteak ematen duen bake sendoz. Ez daukagu Jainkoa edo etorkizuna kontrolatu beharrik, hori Jainkoari dagokio. Baina, Jainkoaren Erreinuko lanetan ari garelako, erantzukizunez jokatzen dugu.
Egin beharreko galdera badakizu zein den? Hauxe: zer kalitate ematen diot nire eguneroko bizitzari? Gure esperantzak zer zabalero bizi du? Gure fedeak edertzen al du egunean bizi dugun errealitatea? Hitz batean hauxe da galdera: zer kalitate bizi dut bizitzan? Bizi al naiz?!
Gaurko Eukaristian errezatu dugun otoitza askotan errepikatu behar genuke Jaunaren aurrean: «Jainko gure Jauna, emaguzu Zuri beti pozik zerbitzu egitea; on guztien egile horren zerbitzuan bizitzea baita guretzat egiazko zorion betea». Pozik zerbitzu egin. Jaunaren dohainez zerbitzu pozgarria egin munduan. Zerbitzuan saiatu. Jaunak ez baitigu ezin dugun maila bateko betebeharra eskatzen. Saiatzea. Erreinuaren zabaleroa garatzen saiatzea. Jesu Kristoren Berri Ona lagun hurkoari zerbitzea. Eta hori pozik egin, Jainkoarentzat lanean ari garela jakiteak ematen duen pozez. Eta gainerakoa, Jainkoaren eskuetan utzi, esku onak dira eta!
Horrela biziko bagina, beren talentuak ugaldu dituzten parabolako morroiak izango ginateke. Jaunaren aurrera aurkeztuko ginateke, beraren dohainaren emaitzak esku betean ditugula. Eta dohain horiek maitasunez eta arduraz erabili ditugulako, betiko bizitzaren dohain paregabea jasoko genuke. Izan ere, adiskide, hasierakoa ez dugu ahaztu behar: Jauna etortzekoa da. Eta egiten dugun edo ez dugun guztiaren irizpide erabakiorra, Jauna izango da. Bakoitzak badugu zer aztertua eta zer berritua irizpide nagusi horren aurrean.
Goazen Eukaristia. Jauna datorkigu indar-emaile eta poz-emaile. Jaso dezagun bizitzarako leialtasuna.