liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Jesu Kristo gure Jaunaren dohaina eta Jainko gure Aitaren maitasuna eta Espirituak sortzen duen elkartasuna, beti zuekin!

 

Urtean zeharreko lehen igandeok Jesus nor den azaltzen ari zaizkigu pixkanaka. Beraren fama zabaltzen ari zela esango digu gaurko ebanjelio zatiak. Jesusen aurrean ezin daiteke lehen bezala geldi, jendeak parte hartzen zuen.

 

Une honetan gu Jesusekin topo egitera goaz, beraren hitza entzunez eta berak ematen digun maitasun azkenerainokoa jasoz. Ez al gaitu lehenean utziko topaketa honek. Elkartasuna sortuko al du gure bihotzean!

 

Garbi dezagun gure bihotza Jaunaren errukitan, berari harrera on egiteko.

– Jesus Jauna, zu zara Aitarenganako bidea.

– Jesus Jauna, zu zara argitzen gaituen argia.

– Jesus Jauna, zu zara berritzen gaituen bizia.

 

 

PREFAZIOA

Jesusek, bere hitzez eta egintzez, Aitaren gureganako maitasuna erakutsi digu. Jesusek gaixoekiko eta txikiekiko onginahia azaldu zuen beti. Berak bildu gaitu gu ere mahai honen inguruan, eta Aitaren maitasunera begiratzeko gonbita egiten digu. Eskerrak eman diezazkiogun gogotik.

 

 

GURE AITA

Jesusek irakatsiari jarrituz, anai-arreba bezala elkarturik, Aita beraren seme-alaba bezala, esan dezagun beldurrik gabe:

 

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1. Entzutera goazen Itun Zaharreko irakurgaiak, gero ebanjelioa entzuteko prestatzen gaitu: Jesus da Jainkoak agindutako profeta; bera da Jainkoaren hitza, bera Jainkoaren salbaziozko egia.

 

2. San Paulok Korintoarrei egindako lehen gutunetik irakurtzen dugu gaur ere bigarren irakurgaia. Bere bizi-esperientzian oinarriturik, San Paulok, Jauna zerbitzatzeko bizimolde onena zein iruditzen zaion esango digu. Baina ez dio bizimolde hori inori ezartzen.

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Senideok: jar dezagun gure bizia Aitaren eskuetan. Baita gure ingurukoena ere. Otoitz egin dezagun gehien sufritzen dutenen alde.

 

Elizaren alde: 

   Jesusek eskuetan utzi dion Jainkoaren Hitza, leialtasunez entzun eta adorez hots egin dezan. 

 

Gaitzaren eta injustiziaren menpe bizi diren guztien alde:

   Jesusen hurbiltasuna senti dezaten kristauon solidaritatean.

 

Mundu zuzenago bat egiteko ahaleginean saiatzen ari direnen alde:

   etsi gabe jarrai diezaioten beren lanari, zailtasunean atzera egin gabe.

 

Beren barrua lotuta sentitzen dutenen alde:

   Jesus askatzaile eta barne-poz aurki dezaten.

 

Hemen elkartu garen guztion alde, gure gaixoen alde:

   entzun dugun hitzaren arabera bizi gaitezen eguneroko lan eta eramanbeharretan.

 

Entzun, Aita, eskariok, eta argi ezazu beti gizadia zure Semearen hitzez, Jainko eta errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan.

 

 

 

 

HOMILIA

Senideok: Joan zen igandean ordua adierazten ikusi genuen Jesus huraxe da, gaur gaitza garaitzen ikusten duguna. Bera da nobedadearen profeta. Zaharrarenak egin du. Eta aro berrien atarian jarri gaitu gure Jainkoak.

 

Harriturik zeuzkan denak. Alferrik da. Inork ez bezalako hitzak dauzka. Inork ez bezalako agintez hitz egiten du, hitz egiten duena egintza bihurtzen baitu. Eta, jakina!, harridura sortzen du. Faszinatu egiten du, txunditu. Gaurko hizkeran esango litzatekeen bezala, aluzinatuta uzten gaitu. Ez du parekorik. Bakarra da. Inor ez bezalakoa.

 

Hala ere, eta hau ere harritzekoa, hain txundigarria izanik ere, ez dago urruti, ez dago aparte. Zeure sakonena ukitzen dizu, barrukoena. Zeure intimitate gordeenera eramaten zaitu bere agintez. Eta hortxe dago koska: hainbeste konprometituko ez balu!, hain barrura sartuko ez balitz!, hain gertukoa egingo ez balitzaizu! 

 

Kontraesana ematen du: hain inor ez bezalakoa izanik, nolatan ukitzen ditu hain gureak diren barru gordeak!? Barru gordeak... izan ere, barru gordeenean ez al dugu askatasuna, libre izatea, amesten? Ez al genuke gaitzaren gainetik bizi nahi? Ez al genuke gu geu izan nahi? Amets sakonen horretan aurkitzen gaitu, hortxe sintonizatzen du berak gurekin, hortxe harrapatzen gaitu.

 

Ez al dugu geure burua gaitzak hartua sentitzen askotan? Geure burua, eta gizarteko norabideak. Nahi ez genukeen zerbait nagusitzen zaigu. Bada zerbait guregan Jesus horri aurre egiten diona: «Zer nahi duzu gurekin?». Jakin, badakigu nor den. Jakin, badakigu gure barruak beraren beharra daukala. Askotan ustekabean bezala harrapatzen gaitu gure barruak askatasunaren aldeko garrasia jotzen! Baina, libre izan nahiaren garrasia jotzen dugunean, badakigu alferrikako garrasia dela. Ez daukagu zer eginik!

 

Horregatik, gaurko Ebanjelio zati honek zerbait berezia sumaratzen digu. Aurrean daukagun hau nor da? Gure barruak garrasika eskatzen diguna hori ote? Herriek egarri dutena, mundu berria egarri dutenean, hori ote? Geure burua kateatua sentitzen dugunean eta norbaitek aska gaitzala amets dugunean, hori ote? Berak ez ditu besteen hitz hutsak! Zerbait berezia badauka. Barruraino sartzen zaizun zerbait berezia. Bera da!

 

«Atera hortik!». Orain badakizu noren aurrean zauden! Orain badakizu zure bihotzak amets duen askatasun sakon eta harutzagokoa posible dela. Orain badakizu, beharbada betiko garrasiak joko dizula barrutik, baina badakizu badela norbait garrasi hori entzungo dizuna. Orain badakizu, askatasunezko hitza eta ordua esnatu zaiola mundu honi. Eta orain poztu zaitezke! Bai, poztu zaitez!

 

Baina... eta beldur bat adierazi nahi dizut, hitz hauek guztiek gure barruko egoerari erantzuten ote diote? Askotan hitzak ajatu egiten baitzaizkigu eskuartean, moteldu. Hainbestetan entzun ditugu hauek denak. Eta arrazoi duzu! Baina, ez al duzu ospaketa honetan zeure burua norbait bereziaren aurrean ikusten! Ba al daukazu egarririk? Erabat lehortu al zaizu ba barru hori? Begira iezaiozu, begira! Hau ez baita Testamentu Zaharrekoa bezalakoa: haiek ezin begiratu zioten Jainkoari aurpegira, hain urrutiko, hain bestelako, hain beldurgarri sumatzen nonbait! Baina, Jesusengan bestelako aurpegia hartu du gure Jainkoak: gerturatu egiten zaizu, hitz apartekoa esaten dizu, zuri zeuri hitzegiten dizu. Ez ezazu beldurrik izan, mesedez!

 

Nik ez daukat, ordea, horrelako lotura negargarri eta beltzik! Hori pentsatzen al duzu? Hori beste kontua da! Daukazunarekin konforme egote aldera, nik zer nahi duzu esatea? Ba, bale, adizu! Lotura askori askatasun deitzen hasi ote gara? Ezin askotara jarri egin ote gara, gehiagoren egarria itotzeraino? Geure bihotz gehiago-zaleari aski duela esan ote diogu menturaz? Txoriari hegoak ebaki ote dizkiogu? Ba, bale, adizu!

 

Baina, mesedez, hori ez da posible! Gure gizatasunak bale esaten duenean, gizatasun-giharra biguntzen zaio. Askatasunaren tirabirazko tentsio hori lasatzen uzten duenean, bere barrua hustu egiten zaio! Jesusek bestelako hitzak ditu, bestelakoak, ezberdinak, inork ez bezalakoak! Barru-barrura hitz egiten dizuten hitzak! Inork sekula ukitu ez dizun barruko barruena kilimatzen dizkizun hitzak ditu. Eta, beharbada, beldurra sentitzen duzu. Hori ote?

 

Beldurra... askatasunaren beldurra, gehiegiaren zorabioa, auskalo zer izango ote denaren kezka? Arrazoi duzu! Jesus honekin badakizu non hasten zaren, baina zenbateraino libratuko zaituen, zenbateraino zeu izanaraziko dizun, zenbateraino aurrera tiratuko dizun... hori auskalo! Horixe auskalo!

 

Baina ez duzu beldurrik izan behar! San Paulok ederki asko ulertu zuen dena erlatibizatu behar dela. Beste kezka guztiak ez direla baliozkoak, lotu egiten dutelako. Bihotza Jaunarentzat gordetzeak, askatasun handia daramala bere barnean. Hori ez ezazu, mesedez, ulertu ez ezkontzea ezkontzea baino hobea izango balitz bezala, edo munduan lan egitea otoitz egitea baino txarragoa izango balitz bezala... Ezta gutxiagorik ere! Hemen kontua badakizu zer den? Hainbestetan erabiltzen dudan hitza beste behin erabiltzen uzten badidazu, hemen pertenentziaren kontua da; alegia, zu norena zara? Nor duzu zure askatasun? Nork edo zerk lotzen eta askatzen zaitu? 

 

Eukaristia honetan aurrean daukagun honek askatasun ikusgarria dauka berekin. Zeuk ikusi zer nahi duzun: errenditu inork ez bezalakoak esaten eta egiten dituelako, ala zeure betiko zeurean jarraitu. Hori zeuk aukeratu. Nik libre izan nahi dut!

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.