liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

PROZESIOA

Pazkoa baino sei egun lehenago, Jauna Jerusalemera zihoala, haurrak erramu-adarrak hartu eta bidera atera zitzaizkion, alai oihu eginez: «Hosanna zeruetan! Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena!»

 

Senideok: Gu bere maitasunaren odoletan salbatzeko Jerusalemen sartzen den Jesus Jauna, zuekin!

 

Jerusalemgo haurrek bezala, guk ere oihu egiogun Jaunari, gure Errege eta Salbatzaileari, Aste Santuaren bide ederrari ekitean.

 

(Kristo gure errege edo beste kantu bat)

 

 

PREFAZIOA 

Jesusen maitasuna gure bizi bezala ikusten dugulako, maitasun horren egiak gezurra garaituko duela sinesten dugulako, Jaunaren maitasuna bizi nahi dugulako, alaitasunez hots egin dezagun gure esker ona.

 

GURE AITA

Jesu Kristorekin bat eginda, haren maitasunak berriturik, esan dezagun beldurrik gabe:

 

HONA HEMEN  

Hona hemen Jainkoaren Bildotsa, guri bizia ematearren gurutzean hila izan den Jainkoaren Semea. Zoriontsuak beraren erreinuko mahaira gonbidatuok!

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

Gaur ez dugu homiliarik eskaintzen, arrazoi batengatik, onena Nekaldia patxadan irakurtzea delako. Eta behin Nekaldia irakurrita, homilia egitea luzeegi gerta daiteke.

 

1 - Profetari eginkizun bat eman zaio, herri eroriari esperantzaren hitza eramatea. Herriaren erorialdia eta zailtasunak bizi ditu profetak bere misioan. Jesusengan beteko da lehenengo irakurgai hau bere osoan.

2 - Jainkoak gizakiaren maila hartu du, hori ikusten dugu Jesusen Nekaldian. Baina, nekaldi zena goraldi gertatuko da, Jainkoaren eskutik.

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Guregatik gurutzean hiltzen den Jesusengan sinetsiz, otoitz egin dezagun geure alde eta gizon-emakume guztien alde. Eska diezaiogun maitasuna eta errukia guztiontzat. [Eska dezagun:

 

KYRIE, ELEISON!]

 

* Gizon-emakume guztien bihotzetan hazi daitezen maitasunezko, barkaziozko eta onginahizko sentipenak. 

 

* Jesu Kristoren Nekaldiaren indarrak Eliza berri dezan, eta behartsuenen eta zokoratuen zerbitzari errukitsu egin dezan.

 

* Euskal Herrian bizi den kristau elkarteak, bere bihotz-berritzearen emaitza bezala, Gurutzeko Pazkoaren askatasuna jaso dezan.

 

* Ebanjelioaren argiak poztu eta esperantzaz bete ditzan gaixo, ezindu eta sufritzen duten guztiak eta, batez ere, gerran edo miserian gehien sufritzen ari direnak.

 

* Jaunaren Nekaldi eta Piztuera ospatzeak gure kristau izatea sakondu eta indartu diezagun.

 

Jaun ona, entzun zure herriaren otoitza eta salba ezazu Jesu Kristoren nekaldiaz. Bera bitarteko hartuta eskatzen dizugu, bera baita garaile bere maitasunaz gizaldi eta gizaldietan.

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.