liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Arreba eta anaia maiteok, Jesu Kristo gure Jaun berpiztuaren grazia eta bakea, Aitaren maitasuna eta Espiritu Santuaren adorea, zuekin!

 

Pazko-igande honen pozetan biltzen gara, Jesusekin bat eginez. Gaur, Pazkoko 5. igandean, Jesusek berekin bat egin nahi gaitu. Gure biziari barne-zuku berria eman nahi dio bere Piztueratik. Mahatsondoa den-dena bizi berriz gainezka dago. Aihenetara ere iritsiko da mahatsondoaren zuku bizigarria. 

 

Eta has gaitezen Jaunari errukia eskatuz, baina hori "aintza" kantatuz egingo dugu, Pazkoan gure bekatua garaitua izan dela gogoan izanez. Eutsi diezaiogun tirante, indarrean, gure Pazko-pozari.

(Aintza kantatua)

 

PREFAZIOA

Baarru-barrutik eta egiaz sinetsiz Jesu Kristo gure fedezko elkartean dagoela, berrizta dezagun gure esker ona maitasun berritzaile honengatik.

 

GURE AITA

Mahatsondo beretik bizi garen adarrak gara, bizi berean partaide. Bat eginez dei egin diezaiogun zeruko Aitari

 

HONA HEMEN

Hona hemen Jainkoaren Bildotsa, hona beregan bizitzera deitzen gaituen mahatsondoa, horrela fruitu oparoa eman dezagun. Zoriontsuak beraren mahaira deituok!

 

 

 

 

 

 

  1. B) IRAKURGAIEN MONIZIOA

Lehenengo irakurgaiak, Pazkoaldian, lehenengo kristau-elkartea begiratzera eramaten gaitu. Gaur Paulo apostoluaren irudia dakarkigu, artean Saulo zenaren irudia. Kristauen erasotzaile hura, Jesusen Berri Onaren predikatzaile sutsu egina dakusgu. Mahatsondoak mahats-adarretan ematen du, izan ere, bere bizi-fritua. Entzun ditzagun irakurgaiak arretaz!

 

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Senideok, Jesusek esan digu: «Niregan bazaudete eta nire hitzak zuengan badaude, eskatu nahi duzuen guztia, eta izango duzue». Hitz hauek ematen duten konfiantzaz egin diezaiogun otoitz zeruko Aitari.

 

- Eliza osoaren alde: 

elkartasuna eta begirunea, askatasuna eta leialtasuna, hazi daitezen gure harremanetan.

 

- Munduko herrien alde; gure herriaren alde:  bakea eta solidaritatea ugaldu daitezen eta guztien duintasuna bila dezagun.

 

- Gogoan izan ditzagun lanik eta etorkizunik gabe aurkitzen diren gure gazte asko: 

gizarteak esperantzarako bideak urra deizazkien, aurrera egiteko aukera emanez.

 

- Egun hauetan lehenengo aldiz Eukaristia bete-betean biziko duten haurren alde:  

fededun helduon laguntza eta ikasbideari esker, Kristorekin bat izatera iritsi daitezen.

 

- Eukaristia igandero ospatzen dugunon alde eta, batez ere, gure gaixoen alde: 

azalkerian erori gabe, Pazko-pozari sutsu eutsi diezaiogun, gure fedea indartua atera dadin.

 

Egizu, Aita ona, zure maitasunean bizi gaitezela beti, horrela guregana hurbiltzen direnek zu hobeto ezagutu eta gora zaitzaten. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

 

HOMILIA

Senideok: ederra benetan! Mardula eta bakea sortzeko modukoa entzun dugun hitz hau. Pazkoa komunioa da. Pazkoa batasuna da. Pazkoa bizi berria da, Aitaren ametsak gertarazi dituen festa da. Mahatsondoaren eta aihenen kontakizuna zinez aproposa dugu batasun honen barne-gozoa jasotzeko.

 

Israeldarrentzat ez zen hizkera arrotza, mahatsondoarena. Itun Zaharrari zenbat aldiz entzun zioten irudi honen hizkuntzatan, Jainkoaren maitasunaren historia. Israel herria, Jainkoak barnetik maite zuen mahastia zen. Jainkoaren ametsak eta ardurak eta kezkak eta, mahasti horretan kokatzen ziren. Harriak kendu, hesiaz babestu, ureztatu, aitzurtu, mahatsondo onak landatu... auskalo zenbat axola! Baina, Itun Zaharreko horrek, ez zuen Aitaren bihotza erabat betetzen. Aitak beste sakontasun berri bat sortu nahi zuen. Beste historia sakonagoa, elkartasun bikainagoa, bategite gozoagoa!

 

Eta nahi berri horren haritik uler daiteke gaurko Ebanjelioa. Aitaren ametsa gertatu da. Jesus bera da Aitak munduaren mahastian landatu duen mahatsondoa. Aitaren maitasunean bota ditu Jesusek bere sustraiak. Eta Jesus berpiztuari zuztar horretatik datorkio bizi-zukua oparo, mardul, bete-betean. Mahatsondoa ezin da berean kabitu, Piztuera duzu horren adierazle. Eta gu mahatsondo horretan txertatu gaitu. Mahatsondoari bat eginda gaude. Eta oinetik oparo datorren bizi-zuku aberatsak, dena biziaz eta mugatu ezineko fruituz bete gaitu. Hortxe bete da Aitaren ametsa. Hori da Pazkoa: Aitak munduari mahatsondo berria eman dioneko festa!

 

Orain, giro horretan, berriro entzun behar zenituzke honako esaldiok: «Ni naiz egiazko mahatsondoa, eta zuek aihenak. Nigan dagoenak, eta Ni harengan, fruitu asko ematen du; Ni gabe ezin baituzue ezer egin. Honek goresten du nire Aita: zuek fruitu ugaria emateak». A zer batasun berria eta a zer bizimodu berria! Ez da nolanahikoa gure bokazioa. Ez gara, ez, edozertara deituak izan. 

 

Hau guztia poesia, goi-mailako poesia dela pentsatu eta horretan gelditzea, gutxi izango litzateke, entzule. Mahatsondoaren historia hau gaur-gaurkoa da. Aurtengo Pazkoak ere lotu ezineko bihotza du. Eta gu Aitaren maitasunaren historia bezala ikusten gaitu. Aitak maite gaitu: askotan errepikatzeak indarra moteltzen ez dion egia pozgarria da hau. Aitak maite gaitu! Eta ni eta zu, bakoitza, banan-banan, kezka pertsonal bihurtu ez gatzaizkio ba! Eta kezka horretan bizi-maila berri batetatik bizitzeko aukeraz jantzi gaitu. Jesusengan, Berpiztuarengan txertatu, eta hari darion goi-zukutik bizi gaitezte.

 

Eta bizi gaitezkeela esatean, esan nahi dut bizi gaitezkeela Berpiztuaren bizitik, hortxe, eguneroko lanean, familiako harremanetan, herrigintzan, politikan, eguneroko sufrimendu beharrezko horretan, zure gaixotasunaren halabeharrean... hortxe! Eta badago koska ederra era batera edo bestera bizi! Zuk zein aukera hautatzen duzu: gauzak datozen bezala hartuz bizitze hutsarena edo Jainkoaren ametsak betez bizitzearena? Gu ez gara inor besteek nola bizi behar duten esateko, baina fedearen komunio berrian bizibide paregabea bizi dugula esateko bai. Halaxe data!

 

Honek guztiak beste alderdia ere badu, noski; zertan ukatu?! «Nigan fruiturik ematen ez duen aihena, moztu egiten du. Nigan ez dagoena, aihena bezala, kanpora botatzen dute eta ihartu egiten da». Egin kontu, entzule! Errazena mahatsondotik bereiztea baita. Eta iharturik erreta gelditzea!

 

Begira iezaiezu lehen-elkarteei. «Eliza, berriz, bakean bizi zen Judea osoan, Galilean eta Samarian; eraikitzen zihoan Jaunari gero eta leialago jarraituz, eta gero eta haundiagoa egiten ari zen, Espiritu Santuak eraginda». Garai bateko Saulo hura, gaur Elizaren mahasti berriari itsatsia ikusten dugu. Jainkoaren asmoa gertatzen ari dela erakusten duen argazkia da lehen-Elizarena. Eta, horrexegatik, bakea sumatzen  zaio Elizari. Hazten doa, edertzen, ugaltzen... barne-izerdia darion mahatsondoaren indarretik bizi baita. Ez da berehala ihartuko!

 

Pazko-eskaintza eta poz honek, poza emateaz gain, ardura berezia ere eskatzen digu. Begira: mahatsondo honi itsatsirik bizitzea, ez pentsatu berezkoa denik. Ezta gutxiagorik ere! Entzun: «Hauxe da haren agindua: bere Seme Jesu Kristoren izenean sinets dezagula, eta elkar maita». Eta hau ez da beti zerbait agindu beharraren kontua! Sinesmenaren eta maitasunaren ur gozoa eskatzen zaizkigu. Bestela mahatsondotik aldenduak, ebakiak, biziko ginateke. Eta hori ez da ez Aitaren ametsa, ez eta geure betetasun pozgarria! Bokazio ederragoa opa diogu geure buruari. Ez al da hala?

 

Onenean honek guztiak poz sakona emango dizu, hobe hala balitz! Baina, akaso, zeure buruari esaten ariko zara, honek guztiak bizitzarako ez duela gehiegi balio! Lanaren arazoa, gizarteko nahasketa, irtenbiderik ez ikustea, elkarrekiko harremanetan bizi dugun tranpa-giroa, famili giroak nozitu duen etena eta... Hori guztia kezkagarria ikusten duzu, halaxe da-eta! Hortxe, hain zuzen ere, fededunaren eginkizun ederra: Pazkoari darion poza bizitzea! Poz horren testigantza uka-ezina ematea eguneroko jardun saiatuan. Giza-lan askatzailea egitea. Eta bizitze pozgarriaz, oihukatzea salbazioaren bizibide berria! 

 

Orain Hitz honen mahaitik, Eukaristiaren mahaira pasatu behar dugu. Komunioa gertatzera doa beste behin. Mahatsondoarekin dugun batasuna berriztatzera goaz. Une ederra hauxe. Jaso dezagun aihenok mahatsondotik atertu-ezinean datorkigun bizi-zuku gozo bezain biziemailea. Eta poztu gaitezen bizipozez, Pazkoko batasunean aurkitzen baikara! Sinesten al duzu? Esazu baietz!

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.