liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

Aitaren eskuinaldean aintzatua izan den Jesu Kristo gure Jaunaren grazia eta bakea zuekin.

 

Pazko-igande honetan Jaunaren Igokundeak bi alderdi oroitarazten dizkigu: Jesusen aintzaldia batetik eta Jainkoaren salbamen-asmo sendoa, bestetik. Izan ere, Jesusengan dakusgun aintza, guztiontzat nahi du Jainkoak.

Otoitzean halaxe esango dugu: «Zure Seme Jesu Kristoren zerura igotzea garaipen gertatu da guretzat». Esperantza eder honek poztu diezagula gure ospaketa eta eman diezagula Jesusekin lan egiteko adorea. Bera gurekin dago eta.

Ez dezagun ahaztu gaur ere Pazko dela. Pazko festaburuaren gailurrera eramaten gaituela Jesusen Igokundeak. 

 

 

AINTZA

Ospaketa eder honi hasiera emateko, Aitaren eskuinaldean eserita dagoen Jesu Kristori kanta diezaiogun poz betean.

 

 

PREFAZIOA

Jesu Kristo bizi delako eta Aitaren eskuinaldean ikusten dugulako pozik, eskerrak demaizkiogun zeruko Aitari. Jainkoak maite gaitu eta helmuga berbera opa digu. Badugu esker onerako arrazoirik.

 

 

GURE AITA

Jaunaren zai gauden bitartean, eska diezaiogun beraren nahia egiteko bihotza.

 

 

HONA HEMEN

Hona hemen Jainkoaren Bildotsa, «munduaren azkeneraino gurekin» dagoena. Zoriontsuak mahai honetara deituak.

 

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIETARAKO MONIZIOA

Gaurko irakurgaiek, apostoluek Jaunaren Piztuera nola ikusi zuten adierazten digute: guztiaren eta guztien gainetik dago orain Jesus; eta, bide batez, berak bidaltzen digun Espirituari esker, gure artean jarraitzen du, Erreinua gure artean ezarriz. Entzun dezagun bizia ematen duen Hitz hau, gure bihotzak argi ditzan eta indartu itxaropenean eta maitasunean.

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Aitaren aurrean bitarteko dugun Jesusekin bat eginik, otoitz egin dezagun gizadi osoaren, Elizaren eta gutako bakoitzaren alde.

 

Elizaren alde, Aita Santu eta Gotzainen alde, kristau bakoitzaren alde. (Isilunea) Eska diezaiogun Jaunari.

 

Munduko bakearen alde, herrien arteko harremanen alde, munduko behartsu guztien alde. (...) 

 

Komunikabideetan lanean diharduten gizon-emakumeen alde, egiaren aldeko lehian ari direnen alde, mundu zuzenago bat bilatzen dutenen alde. (...) 

 

Sufritzen ari diren guztien alde. Ezbeharren batean hildako eta zaurituen alde. Gure gaixoen alde. (...) 

 

Jaun berpiztuaren inguruan bildu garenon alde, gure senide eta adiskideen alde. (...) 

 

Entzun, Aita, gure eskariak. Entzun, gure haragiko den eta zure eskuinaldean betirako bizi den Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

 

HOMILIA

Hona, fededun alai, Pazkoaren gailurra erakusten duen festaburu mardula. Jesus heriotzetik berpiztu eta Aitarengana igo da. Eta Piztueraren poza sentitu eta ospatu genuenok, poz bera sentitzen eta ospatzen dugu gaur. Gure fedeak, nolabait esateko, bapo egiten du, Pazkoaren mahai oparotik atergabe janda. Ederra izan da Pazkoa, eta ederra Pazkoa bere edertasun betean azaltzen digun gaurko ospaketa. Ederra!

 

Horrelako festak gozatu eta kantatzeko izan ohi dira, argitasun luzeak emateko baino, eta horregatik utz iezadazu labur-labur bi edo hiru egia azpimarratzen zure poza sustatu eta areagotu asmoz.

 

San Markosen Ebanjelio-zati honetan gehien nabarmentzen dena, misioa da seguru asko. Ikasleak bidaliak dira. Nagusi eta indartsu entzuten da Jesusen hitza: «Zoazte mundu guztira, eta hots egin berri ona gizaki guztiei». Hori da Elizari eman zaion egitekoa. Mundura joan eta han pazko-poza biziz, Berri Ona hots egin. Ez egia batzuk irakatsi, ez. Berri Ona hots egin, bizitzeko modu eta maila berriaren notizia eman. Bizitzeko beste arrazoia azaldu. Bizitzaren beste alderdi beti ederragoa ezagutzera eman. Hori dugu Berri Onaren enkargu bikain bezain arduratsua.

 

Horrek, noski, eta bigarren pausoa nahi dizut azpimarratu, kristau bizi-pozaren esperientzia sakona eskatzen du. Pazkoko esperientzia bizi ahala bakarrik hots egin daiteke Pazkoaren poz neurrigabea. San Paulok bigarren irakurgaian hain ikusgarri adierazi digun bokazio horren barne-ezaupidea da bizi behar dena. Jesusen Igokundean zer esperantza eman zaigu, zer mundu berri, zer askatasun, zer goi-maila, zer bizi-poz, zer askatasun, zer nagusitasun, zer eginbide, zer... Ez genuke sekula santan ahaztu behar Kristo zerura igoa, gure, geure, buru dugula. Eta hari egokieraz eman zaiona, guri grazieraz emango zaigula. 

 

Eta orduan zer? Zer nahi duzu esatea! Orduan zer? Bizi, gizona! Bizi, emakumea! Eta bizi nahi baduzu, zeure buruari bizitzea opa badiozu, Pazkoaren esperientziaz jabetu! Nola? «Sinesten duena eta bataiatzen dena, salbatuko da». Sinetsi! Ez dago beste biderik. Eta sinesmenari misio-grina ez ito! Alegia, ez eduki sinesmena hesi estu batzuen mugetan lotua. Sinesmenari irteten utzi. «Zertan zaudete hor, zerura begira?». Sinesmenak barrura ez, kanpora hazi behar du. Baina, noski, barrura hazten ez bada, ez da kanpora ere haziko. Bai, baina, kanpora irteteko mina falta baldin bazaio, ez da barrura ere haziko.

 

Zinez sinesteak on egiten du. Horregatik gaurko ebanjelioaren azpimarka nabarmena: sinesmena eta sinesmenaren ezaugarriak elkarrekin uztartuak doaz. Sinesmena ez da ideia soila, ez da sentimendu soila. Sinesmenak barrua sendatu egiten du. Pertsona askatu egiten du. Sinesmenak sendatu egiten du. Sinesmena ez da sekula hitz hutsetan gelditzen. Sinesmenaren arrazoibide nagusia, sortzen duen barne-osasuna da. Eta ideietan, sinesmena eztabaidan jar daiteke. Ideologi mailan, sinesmenari eraso dakioke. Baina sinesmenak egiten duen ona eta mesedea, isildu bai, baina ukatu nekez egin daiteke. Sinesmenak ondorio osasungarriak eta onak baititu beti berekin.

 

Jesus Aitarengana igo da. Orain eliz elkartea geratzen da hemen. Gu geratzen gara. Gizon-emakumeei on egitea dugu enkargu. Sinesmenaren ondorio onak azaltzea. Kontua ez da elizak betetzea. Enkargua ez da kristau-elkartea asko ugaltzea. Kontua ez da apaiz eta erlijiosotarako bokazio asko aurkitzea. Kontua da gizon-emakume bakoitzari on egitea. Hori da fededun guztion misioa eta eginkizuna. Horretarako dira apaiz eta erlijiosoak. Horretarako fededunen elkartea. Horretarako Ebanjelioa. Horretarako Jesus bera. Baina on egin nahi baldin badugu, aurrena geuk, fededunok, bizi beharko dugu sinesmenaren ona eta mesedea. Biziz eta ez bestela, erakutsiko dugu sinesteak on egiten duela. Sinesteak on egiten baitu!

 

Baina, galdetzen ariko zara agian, gaurko munduan zaila dela hori guztia bizitzea! Nik zer esatea nahi duzu? Behin eta berriz entzun beharko ditugu ebanjelioko hitzak: «Sinesten dutenek mirari hauek egingo dituzte: nire izenean etsaiak bota, hizkuntza berrietan mintzatu, sugeak eskutan hartu; eta hilgarriren bat edanda ere, ez die kalterik egingo». Hori Jesusek esandakoa da. Eta atsedena sortzeko hitzak dira dudarik gabe.

 

Goazen, fededun, Eukaristia ospatzera. Goazen festa egitera. Igokundea ulertu nahi baduzu, begira iezaiozu Eukaristia honetan Gorputz-Odol eginik ematen zaigunari. Eta begira iezaiezu zure fedelagun dituzun fededun alaiei. Jauna gurekin eta guregan dago. Poztu gaitezen!

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.