Liturgi lagungarriak
A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Jauna zuekin.
Ongi etorriak igandeko Eukaristia ospatzera. Ahuldade eta ezintasun askotatik gatoz. Gaur Jesusek geure ahultasuna estimatzera eramango gaitu, landare txikiak eman dezakeen fruitua azalduz. Horregatik sinesten dugu gure ahulenean erakusten duela Jainkoak bere ahalmen askatzailea, nahiz eta askotan besterik iruditu. Komentzimendu horrekin gatoz Jaunarengana, beraren hitza entzun eta bere dohainetik jatera.
Isilean pranta gaitezen Jainkoaren aurrean eta eska dezagun geure bekatuentzako barkazioa.
– Jesus Jauna, Aitarengana garamatzan bidea. Erruki, Jauna.
– Jesus Jauna, herriak argitzen dituen argia. Kristo, erruki.
– Jesus Jauna, mundua berritzen duen bizia. Erruki, Jauna.
GURE AITA
Jesu Kristok irakatsi zigun bezala eta haren hitza aintzakotzat hartuz, esan dezagun beldurrik gabe: Gure Aita...
B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
- Gero ebanjelioan entzungo dugunaren atari bezala, profeta adar txiki batez mintzo zaigu. Adar txikia zuhaitz handi bihurtzen da, herri guztiak harritzeraino. Jainkoaren Erreinuaren adierazpena da.
- 2San Paulok gure bizitzaren helburu nagusia markatzen digu: Jaunaren ondoan bizitzea!
HERRI-OTOITZA
Bere erreinua guregan eta munduan haziarazten duen Jainkoarengana hurbil gaitezen konfiantza osoz, eta egiogun otoitz.
–Kristauok izan gaitezen gure gizartean kristau-esperantzaren eta konfiantzaren eredu.
–Herri guztien eta gure herriaren gobernariek lan egin dezaten ondasunak hobeto banatzen, denon arteko berdintasuna bilatuz.
–Gerraren zauria edo diktaduraren zigorra bizi duten herriek bakea eta askatasuna lor ditzaten.
–Gure gaixoek osasuna iritsi dezaten.
–Hemen gauden guztiok gero eta gehiago maita dezagun Jesu Kristo.
Entzun, Aita ona, gure eskariak eta bidal iezaguzu maitasunaren Espiritua. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
HOMILIA
Liturgiaren ibilbideari jarraitzen diogunok ondo dakigu orain arte nolabaiteko bide berezia egin dugula. Garizuman hasi, Pazkoan segi eta ondorengo festaburu handiek gure kristau-bizitzaren errealitate handiak gozarazi dizkigute. Gaur esan dezakegu bide normalera edo itzultzen garela. Badakit jendea udaren gertutasuna sentitzen hasita dagoela, eta horrek ere bere berzitasuna ekarri ohi digula. Baina, liturgiaren giroan normaltasuna eskuratzen dugu gaur, horrela esaterik badago behintzat.
San Markosen ebanjelioaren orriek berriro ere Jesu Kristoren misterioan sartzen gaituzte. Jainkoaren erreinuak ari duen hazkundea eta erakusten duen presentzia ditugu gogoetagai eta barnerako lan. Erreinuaren leialtasuna berritzeko igande egokia dugu gaurkoa. Izan ere, gerta liteke Erreinuaren gako txikiak ahaztea. Pazkoak, Igakundeak, Mendekostek, Hirutasun Santuak, Gorputz-Odolen festak errealitate ikusgarriak biziarazi dizkigute. Baina, zer gertatzen zaigu? Bizi ditugun gauzak ez direla ikusgarriak. Gure errealitatea txikia dela. Eta kosta egiten zaigula Erreinuaren barruko eragina sumatzea eta sinestea. Horregatik esaten nuen Erreinuarekiko leialtasuna berritu behar dugula.
Egunerokotasuna zaila egiten zaigu. Egunerokotasunean sinesmena indarrean mantentzea, zaila. Eguneroko lan eta sufrimenduetan Jesusen bidean ikasle izaten jarraitzea, zaila. Izan ere, hainbeste iluntasun, hainbeste ezintasun, krisia, langabezia, beldurra, gaixotasunak, heriotzak, bizitzaren muga estuak... eta nola mantendu kristau-ilusioa indarrean? Eta ondorizko galdera: Jauna gurekin al dago? Gurekin ari al da? Jaunak eskutik utzi ote gaitu?
Igandearen lezio handia horixe dugu: Jaunak ez gaituela sekula bakarrik uzten. Jauna gurekin ari dela Jainkoaren erregetza gizartean ereiten eta txertatzen. Hori bai, Jaunaren jokamoldeari antzematen ikasi behar dugula, hark ez baitu gure eskema eta moldeen arabera jokatzen. Gure kontrolatu nahia, Jainkoa beti eskura eduki nahia, Jaunaren eginkortasuna gure usteetatik neurtzea, ez dira bide onak. Jainkoak jokatzen du, bai, baina beti bere erara eta nahira.
Eta zein da Jainkoaren jokatzeko era? Jesusek, beste askotan bezala, parabola bidez erakusten digu gaur ere molde hori. Gure presa eta antsietateek ez gaituzte jarrera onean kokatuko. Haziaren loa bizitzen jakin behar da. Haziari bere martxan utzi behar zaio. Gure ordulariek ez dute Jainkoaren ordua markatzen. Uste on izatea besterik ez zaigu tokatzen. Hori bai, hazia erein, haziaren indarrak bere lana egingo duela sinetsiz. Eta pazientzia!
Sarri galdetu ohi dugu: Jainkoak zergatik ez ditu gauzak egiten eta bere erara moldeatzen? Zergatik uzten du sufrimendua bere indarrean? Zergatik ez ditu gauzak azkar eta bizkor aldatzen? Laborariaren pazientzia behar da. Haziari bere erritmoa errespetatu behar zaio. Eta etorriko da fruitua, fruitu ona, fruitu betea. Orduan sartuko diogu gure sega eta emaitza mardula bilduko dugu. Ez da gurea izango emaitza, Jainkoaren neurrikoa baizik. Bizi betearen testigu izango gara.
Berez fruitua sortzen duen haziaren parabolaren ondoan, beste bat ere ematen zaigu, ezagunagoa: mostaza haziarena. Hazi txikia da, txikiena. Baina txiki horretan hazkunde-indar ikaragarria dago. Hazi eta hazi, beste zuhaitzak baino handiagoa egiten da. Eta hegaztiek haren adarretan hartzen dute atseden.
Gure bizitzan ere askotan oso txiki ikusten dugu Jainkoaren egintza eta eragina. Baina, gure neurriek ez dute honetan balio. Jainkoaren Erreinua hazi egiten da, Jainkoaren neurrietaraino hazten da. Eta, uste gabean bada ere, egun batean zure bizitza osoa haren adarretan sendotua eta baketua aurkitzen duzu. Ez genuen berehala pentsatuko bizitzak halako oinarria har zezakeenik! Hain kaskarra ikusten genuen gure fedea! Hain estalia Jainkoaren egintza! Hain ezereza dena! Baina orain, fruituak ikustean, konturatzen zara Jainkoaren emaitza dela zure ahalegin txikiari egin zaion erregalua. Emaitza ez da zure egintzaren neurrikoa, Jainkoaren Erreinuari dagokiona baizik.
Giro horretan irakur dezakegu bigarren irakurgaia. Konfiantzaz bizi gara. Ez gure egintzek ematen diguten konfiantzaz, Jaunaren egintza ziurrak ematen digunaz baizik. Ahuldadearen esparruan bizi gara, baina sinesmenaren sendotasunez. Itsu, baina Jaunak gidatuak. Ezinaren atzerrian, baina Jaunaren eskuetan. Kontua da, sinesmenak argiturik, Jaunari atsegin ematea, haren nahia bilatzea.
Orain esan dezakegu, profetak esaten duen bezala, «Jaunak esan eta egin egiten duela». Orain badakigu gure txikian gauza handiekin gabiltzala. Gure ahuldadean, Jaunaren sendotasunak estaltzen gaituela. Gure miserian, Jaunaren dohainaren balioa eman zaigula. Orain badakigu gure eguneroko zerbitzu txikiak Jainkoaren Erreinu handia eraikitzen duela. Gure bizitza parabola bat da, Erreinua egiten, hazten eta erakusten duen parabola.
Gure egunerokotasunak igandearen argia behar du. Gure ezintasunak Hitzaren bultzada behar du. Gure itsutasunak Espirituaren argia behar du. Gure miseriak Jainkoaren ukitua behar du. Eukaristia dugu Erreinuaren presentzia ederra gure artean. Izan dezagun uste on. Izan dezagun itxaropen. Izan dezagun sinesmen! Ez dezagun ahaztu Jesusen bideak ematen diola kalitatea gure bizitza osoari.