liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Anai-arreba maiteok: ongi etorriak. Jauna zuekin!

Eskola-urtea amaituta eta uda etorri zaigu, horrek berekin ekartzen dituen aldaketa guztiekin.

Baina, Jesus Jauna presente dago beti gure bizitzan, gaudenean gaudela eta edozer egiten dugula ere. Eta igandero-igandero bere Eukaristiara gonbidatzen gaitu.

Presta gaitezen gure esker ona agertzeko, beti gurekin dagoelako. Eman diezazkiogun eskerrak  eman dizkigun dohain guztiengatik.

 

Isilune sakon batean, jaso dezagun Jainkoaren errukia, bekatariak garela aitortuz.

 

Jesus Jauna, heriotza betiko garaitzen duzuna. Erruki, Jauna.

Jesus Jauna, guri bizia emateko gurutzean hil zinena. Kristo, erruki.

Jesus Jauna, pobreen zerbitzuan bizia ematera gonbidatzen gaituzuna. Erruki, Jauna.

 

 

PREFAZIOA

Eskerrak eman diezazkiogun gure Jaunari gauza guztiak onak egin dituelako, eta Jesu Kristoren piztueraz bizia berreskuratu digulako.

 

 

GURE AITA

Dagiogun otoitz bizi-iturri den Aitari, Jesus Jaunak irakatsi zigun otoitza esanez. Hots egin dezagun beldurrik gabe.

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

 

1. Jainkoak gauza guztiak onak egin ditu, heriotz pozoirik gabeak. Gaitza, heriotzea eta abar ez datoz Jainkoagandik.

 

2. Bigarren irakurgaian, San Paulo Jerusalemgo Elizarentzat diru-laguntzak eskatzen ari da Korintoko fededunen artean. Ondasunak banatzeako deiak  badu gaurkotasunik gure artean.

 

 

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

 

Senideok: Jainkoaren Hitz ederra entzunda, eska diezazkiogun gure Jainkoari biziaren dohainak gizon-emakume guztientzat.

 

Elizaren alde:

  Jesusen Berri Onak eman dion biziaz pozturik, pobreengana hurbildu dadin, bere laguntzaz eta solidaritatez biziaren mezua zabaltzera.

 

Sufritzen duten herrien alde:

  justizia eta bakea goza ditzaten, herrigintza zintzoan aurrera egiteko.

 

Gaixoen alde, hil-zorian daudenen alde:

  osasuna izan dezaten, behar duten laguntasuna eta hurbiltasuna goza ditzaten.

 

Piztueraren esperantzan hil direnen alde:

  Jainkoak bere altzoan jaso ditzan eta betirako bizi daitezen.

 

Aldare honen inguruan elkartu garenon alde:

  Eukaristiak gaitza zapaltzeko indarra eman diezagun.

 

Gure Jainko eta Aita ona, biziaren eta ontasunaren iturria: zuregandik dator on guztia. Emaguzu bizitzeko poza. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

 

 

 

 

HOMILIA

Senideok: Jaunak bere mahai ingurura biltzen gaituenean, biziaren eta askatasunaren mezua emateko biltzen gaitu. Igandero-igandero ikusten ari garen poza da hori. Azken igande hauetan, Jesusek Jainkoaren Erreinua, pixkanaka hazten ari den mundu askatuaren hazia bezala agertu digu. Agertu eta halaxe egin gainera. Gaur zortzi, ekaitza baretzen ikusten genuen. Eta gaur bertan, gaixotasunaren eta heriotzaren gainetik duen mesianitar indarra erakusten azaltzen zaigu, beti gaixo eta gaitzaren menpe daudenek agertzen duten fedearen arabera. Oso polita da, nola agertzen zaion Ebanjelioko emakumeari Jesusen pertsona.

 

Izan ere, gure bokazioa ez da gaitza eta heriotza. Gizakiok ezin etsi dugu gaitzaren menpean lotuta. Gure barrua altxatu egiten zaigu, gaitzaren aztarren guztietatik libre nahi duela erakutsiz. Eta, hala ere, gaixotasuna eta heriotza hortxe dauzkagu beti, azpiratu ezineko indar boteretsu, azkazalaren azpian sartutako arantza zital. Askotan eta era askotara nozitzen dugu gure giza izatearen moztadea, bai geuregan eta baita geure inguruan ere. Giza bizitza horraino iristen da. Eta, azkenean, heriotzak gure amets eta asmo guztiak husten dizkigu.

 

Ebanjelioko emakumearen esperientzia guztiok bizi dugu. Gaixotasunak, gure ahalmenen mugak garbi zehazten dizkigu. Eta hor, muga horretan, pertsonak bere izatearen ezina nabarmen sentitzen du. Osasuna galtzean, gogoa ere galtzen dugu. Eta erabat eroriak ere gerta gaitezke. Ezin! Eta esperientzia horren gailurrean, heriotzarena dago. Hil egin behar. Jairoren alabarena. Eta ez dago «irtenbiderik». Denok aurkitzen gara ahul hemen. Heriotzaren galdera, beti izango da erantzun gabeko galdera. Eta galdera latza benetan!

 

Hala ere, Jainkoak bere gizakien bizia nahi du. Jainkoaren proiektua, biziaren asmoa da. «Ez zuen Jaungoikoak egin heriotza, ez du atseginik bizien hondamendian». Jainkoak bizi gaitezen nahi du. Gaixotasun eta heriotzaren esperientziak, «berri onaz» poztu eta askatu nahi dizkigu. Erantzun-salmoan kantatu dugun bezala, poza eta dantza opa dizkigu gure Jainkoak.

 

Eta Jesus gaixoari edo hildakoari urreratzen zaio. Ez dizkigu gaixotasuna eta heriotza kendu. baina Jesus bizi-emaile hurbiltzen zaigu. Gure mundu zaurituari  urreratzen zaio. Eta gure izaera eta biziera zapaldua argitu egiten dizkigu. Pazkoko Jesus bera da. Gure gaitza bere gain hartu zuen Jesus berpiztua da hurbiltzen zaiguna. Heriotza nozituz, gure heriotz kateak eten zituen Jauna da. Beraz, Jesus hauxe dugu gure irtenbidea.

 

Eta Jesusek, hurbiltzen zaigunean, gauza bat bakarra eskatzen digu: fedea, sinesmena. Jesus «ukitzen» du emakumeak. Ukitzen duten askoren artean, batek «ukitzen» du. Eta ukitu horren «sinesmena» sendatzaile gertatzen zaio. «Zuk, sinetsi bakarrik» esaten dio hildakoaren aitari. Sinesmena izan ezik, hemen beste guztiek oso gutxi balio dute. Sinesmenean izan ezik, apenas «irtenbiderik» gelditzen zaigun.

 

Honetatik guztitik, entzule adiskide, ondorio pare bat atera behar dugu gure giza esperientzia mindua argitzeko.

•  Eta aurrenekoa hauxe da: gure bokazioa bizia dela. Jainkoak ez gaitu egin heriotzaren morrontzan bizitzeko. Badakit heriotzari ez dagoela ihes egiterik. Ez zuek eta ez nik. Baina, sinesmenean, heriotza bera ere beste argi batean ikusten da. Bizi-bokazioa argitzen zaigu. Heriotzak berak ere itzaltzen ez duen «berri ona» pizten da gure bizitzan. Eta «berri on» horren argitan, bizitza guztia «hiltzen ikasteko» aukera bihurtzen zaigu. «Hiltzen goaz» Jesusen jarraipidean eta anai-arreben zerbitzuan, baina heriotza bera ez da orduan hilgarri gertatzen. Heriotzaren beldurra kenduta, besteren zerbitzuan urtzen dakienak, bizia jasotzen du heriotzan ere. Harrigarria eta ederra.

 

•  Eta bada bigarren ondorio bat ere, kontuan hartu beharrekoa. Berri onak heriotzaren beldurretik askatzen gaituenean, eginkizun baten aurrean jartzen gaitu. Gure inguruko gaixotasuna eta heriotza argitu beharra dauzkagu. Gure hurbiltasuna, gure laguntza, gure hitza, gure isiltasun adierazgarria... argi askatzaile baten presentzia bihurtzea dugu eginkizun. Hemen ez gabiltza «egia» batzuen gora-beheran, teoria ederretan. Heriotzak edo gaixotasunak zauritzen dituen pertsonen aurrean gaude. Eta pertsonak bizia balio du. Gu izango ote gara «berri onezko» askatasunaren agerpide? Bizia nahi duen eta ematen duen Jainkoa agertuko ote dugu? Heriotzaren esperientzia ilun eta ugaria, berri onez gozatuko ote dugu? Ez dugu inondik inora etsi behar heriotzaren aurrean.

 

Eukaristian,  Jesus hil eta berpiztua ospatzen eta jaten dugu. Haren heriotza gure bizi gertatu da. Eta Eukaristia ospatzeak Jesus «ukitzera» garamatza, Ebanjelioko emakumea bezalaxe. Fedez «ukitzen» duenak jasoko du askatasuna. Izango du Jainkoaren bizi-erantzuna. Eta biziaren berri ona jasota, «jaikiko» gara eta herrira joango gara. Han biziaren mezua hots egingo dugu, heriotzaz zauritua dagoen gizon-emakumeentzat.

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.