liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Ongi etorriak igandeko ospaketa honetara. Senideok, Jesu Kristo gure Jaunaren grazia bego zuekin!

 

Udari hasiera emanik eta gutxi-asko opor giroan sarturik, berriro ere fededunok elkarte berean aurkitzen gara Eliza osatuz. Mundu guztiko kristauekin batasunean, Jaunaren Hitza entzun eta Eukaristia ospatu nahi dugu Jesusen profeta-egintzari gure bihotzak zabalduz.

Hasteko, utz diezaiogun Espirituari gure barrua argitzen. Jar gaitezen, bada, isilean, Jaunaren aurrean. Gure ahuleria aitortu eta berarengan dugun uste ona ager dezagun apaltasunez. Eska dezagun errukia.

 

- Jesus Jauna, zeure herriaz ahazten ez zarena. Erruki, Jauna.

- Jesus Jauna, Jainkoaren hitza esaten diguzun Profeta. Kristo, erruki.

- Jesus Jauna, zeure herrian zapuztua. Erruki, Jauna.

 

 

PREFAZIOA                                

Entzun dugu Jainkoaren Hitza eta gizon-emakume guztien alde otoitz egin dugu. Eta orain esker onezko otoitz gorena egitera goaz, gure batzarre honen une nagusian. Pozik gorets dezagun, gure erdian presente jartzen zaigun Jauna.

 

 

GURE AITA                                     

Aitaren maitasuna agertu digun Jesu Kristorekin bat eginik, denok batera esan dezagun.

 

HONA HEMEN                            

Hona hemen ogiaren irudi apalean guregana datorren Jaun askatzailea. Hona fedea pozten duen goi-dohaina. Zoriontsuak Jaunaren mahaira deituak.

 

 

 

 

 

 

  1. B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1) Gaur, geroxeago entzungo dugun Ebanjelio zatian, Jesusek bereen artean aurkitu zuen sinesmenik-eza aipatuko zaigu. Aurretik, lehenengo irakurgaiak, Jainkoaren Hitza onartzea beti dela zaila esaten digu.

 

2) Bigarren irakurgaian, San Pauloren fede-testigantza entzuten jarraitzen dugu. Jainkoak dohain ugari eman badio ere, bada zerbait San Pauloren bizitzan, gaixotasunen bat edo, bere ahultasuna indarrean sentiarazten diona.

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA   

Senideok, aurkez diezazkiogun Aitari gure eskariak eta gizon-emakume guztienak.

 

Munduko herri guztien artean bakea eta adiskidetasuna nagusi izan daitezen.

Gerraren edo gosearen menpe bizi diren herrietan jaiotzen diren haur guztien alde…

Sufrimenduaren pisu astunak zapalduta bizi direnen alde. Gogoan izan ditzagun istripuz bide-bazterrean hildako guztiak…

Udaldi hau adiskidetasun-harreman berriak egiteko bide izan dadin, gizon-emakume bakoitzarengan Jainkoaren aztarna  ikusiz.

Otoitz egin dezagun geure alde, hemen ospatzen dugun poza eguneroko jardunean bizitzeko gai izan gaitezen.

 

Entzun, Aita, usterik onenaz egin dizkizugun eskariok eta egizu beti gure artean zure presentziaren miraria. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

 

HOMILIA                                        

Senideok, zenbat kostatzen zaigun Jainkoaren Hitza sinestea! Zenbat kostatzen zaigun, batez ere, Jainkoaren hizkera, mintzaera, onartzea! Jainkoak hitz handitan, nabarmenkeriaz, hitz egingo balu sikira! Orduan sinets geniezaiokeen! Nik ez dakit zergatik, baina Jainkoaren apaltasuna beti gertatu zaio onartezina gizakiari.

 

Ez dakit zergatik, baina gure gizarte-bizitzan ere beti azaltzen gara handizale. Txikiari ez diogu erreparatzen. Harrokeriaren eta handinahikeriaren itsukeria benetan zitala da. Egunerokoaren berezitasuna, txikien handitasuna, ohikoaren ez-ohikotasuna...  horietaz jabetzeko zentzua eta argitasuna galdu dugu.

 

Horixe bera gertatu zitzaien Jesusen garaikoei. Mesias Jaunari buruz beren usteak finkatuak zeuzkaten. Bazekiten Mesiasek askatzaile behar zuela agertu. Etsaiak apurtu egin behar zituela. Mirari handiak burutuko zituela. Eta etxe oneko, eskola oneko, semea izango zela. Enbor oneko ezpala. 

 

Jesus, ordea, ez familia onekoa da, ez asko dakiena, ez da ezaguna... Eta herritarren eskema eta uste guztiak hankaz gora jartzen ditu. Eta hortxe sortzen da sinestezinaren arazo larria. Jainkoa ez da era honetako huskerian kabitzen. Jainko handia, Mesias, ezin daiteke hain zorro txikian sartu. Eta Jesus eztabaidagai eta arbuiagarri gertatzen zaie. Ezin dute onartu. Ikaragarria da Ebanjelioan agertu den esaldi hori: «Eta ezin sinestu zuten harengan».

 

Sinestezinaren arrazoiak asko eta era askotakoak gerta daitezke. Aski da Euskal Herriko fede-giroa eta gizarte-giroa gainetik aztertzea. Baina gaurko Ebanjelioak bi arrazoi ematen ditu:

1) Bata, Jesus oso xumea dela, oso gauza hutsa. Lehen aipatu dugun arrazoia da. Giza-handikeriarentzat tapateko handiegia da Jesusen pobrezia eta ezereza.

2) Bigarren arrazoia, berriz, Mesias hain haragizko agertzea. Nazareteko familia baten semea da. Beraren tartekoak denak ezagunak zaizkie. Nolabait esateko, Etortzekoa zen Mesias ezin zitekeen hain konkretua izan, hain haragizkoa.

 

Eta ez pentsa, entzule jator horrek, fedegabeziaren arrazoi hauek oso atzokoak direnik. Zoritxarrez, oso gaurkoak eta oso betikoak dira. Eta fededunok kontutan eduki beharko genituzke. Eta areago esango nuke, fededun bezala bizi nahi dugun neurrian, Eliza izateko modu berriak ikasi beharrean gaudela.

 

Lehenengo ikasi beharrekoa, zera da: eguneroko txikian Jainkoaren arrastoari antzematen ikasi behar dugu. Jainkoak ez digu hitz handi eta nabarmenetan hitz egingo. Eguneroko gauza txikiek ezkutatzen eta agertzen dute Profeta-Hitz paregabea. Eguneroko txikia esatean, bakoitzak ikusi beharko dugu zer den bakoitzarena. Adibide batzuk bahi badituzu argigarri, nik emango dizkizut: Jainkoaren Profeta-Hitza gordetzen duen eguneroko txikia, lehen mailan lagun hurkoa da. Eta, batez ere, lagun hurko txikia, baztergarria, balio gabekoa, pobrea. Jainkoaren Hitza daraman beste azala gaixotasuna bera izan daiteke. Eta hau diot, batik bat, gure ospaketa-lagun asko gaixoak zaretelako. Ez da erraza, badakit, gaixoaldian eta Jainkoari entzutea. Baina hortxe erakutsi behar da fedezko postura berria.

 

Begira iezaiozu bigarren irakurgaiko San Paulo horri. Badu zerbait eztena gertatzen zaiona. Badu zerbait bere ebanjelizatze-lana eragozten diona. Eta, hala ere, fededunak ulertu beharrekoa ulertu du: «Nahikoa duzu nire grazia; makalaldian iristen da bere betera nire indarra. Pozik harrotuko naiz, beraz, nire argaltasunez, Kristoren indarra nigan bizi dadin». Ikasgai ederra San Paulorena.

 

Bigarren ikasgai bat ere badugu: Jainkoaren lana eta Espirituaren eragina oso haragizkoak direla, horrela esaten uzten badidazu. Gu buelo handiko ideietara gaude ohituak, ideologia eta plangintza ikusgarrietara. Hitz handi eta borobilak. Amets bikainak. Baina, gero, eguneroko konkrezioak, ukitzen den haragiak, beldurra ematen ez digu ba! «Hau ez al da harotza, Mariaren semea, eta Santiago, Jose eta Simonen anaia?» Konkretatzeak gauzari balioa murriztuko balio bezala. Eta begira: fedea ez da pentsakera eta ideologia handietan mamitzen. Fedeak eguneroko haragia salbatzen eta argitzen du. Fedea ez da urrutiko amets lortu-ezinez oretzen. Fedeak eguneroko ukigarriz mamitzen du bere izatea.

 

Fededun adiskide, nik uste dut hau guztia ulertzeko aski litzatekeela 'Maria' hitza esatea. Maria, txikiaren kantaria. 'Nire ezereztasuna' esaten zuen berak. Eta berak bere fedeari izen propioa ematen zion beti: beharrean zegoen Isabel bere lehengusua, Kanako ezteietan ardorik gabe gelditu zirenak. Horra Maria, fededun txikia eta konkretuaren zerbitzaria.

 

Goazen Eukaristia ospatzera. Ogi eta ardo txiki horiek goiko Jaun askatzailea gordetzen dute. Hemen ere txikian handia sumatzen duen fedea eskatzen zaigu. Jaunak argi diezazkigula gure begiak fedez bizitzeko. Eta aurrera egin baino lehen, aitor dezagun sinesten dugunaren muina.

 
FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.